2017a izan liteke (edo ez) NBEk arma atomikoak debekatuko dituen urtea

  • Abendu honetan erabaki historikoa har dezake Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiak: berresten badu Armagabetze eta Segurtasun batzordeak urriaren 27an gehiengoz onartutakoa, 2017an hasiko dira negoziatzen mundu osoan arma atomikoak debekatzeko ituna. Kontra bozkatu duten potentziek –euskaldunok ordezkatzen gaituzten Espainiak eta Frantziak barne– lortuko ote dute zapuztea?

ICAN erakundeak zabaldutako argazkian, Hiroshimako superbibienteak Nazio Batuen Erakundearen New Yorkeko egoitzaren aurrean joan den urriaren 21ean. Banderolak dio ingelesez eta japonieraz: “Arma nuklearrak debekatu oraintxe!”. ICANen kontuetan, 15.350 bo

Frantziako legebiltzarreko 82 diputatu eta 19 senatarik sinatu dute –orain artean– arma atomikoen debekuaz herritarren iritzia erreferendum bidez galdetzeko eskaria.  Erreferenduma gauzatu dadin 185 diputatu eta senatariren sinadura bildu beharko dituzte 2017ko uda aurretik. Ekimenarekin behartu nahi dute Frantziako estatuak Nazio Batuen Erakundean arma atomikoen alde beti ematen duen botoa.

Urte luzetako lanen ostean, urriaren 27an NBEren Armagabetze eta Segurtasun batzordeak bozkatu zuenean gerra nuklearraren debekua itun bihurtzea, 123 estatuk eman zuten baietza eta ezezkoan tematu ziren potentzia nuklearrak. Tartean, bonba atomikoa aspalditik daukan Frantziak eta NATOen kide izateagatik arma nuklearren erabileran esku hartzen duen Espainiak, NBEan euskaldunak ere ordezkatzen dituztenak.

Hedabide nagusietan oraingoan kasik aipatu ez den arren, abenduan eztabaidak ikuskizun handiagoa piztuko du. NBEren Batzar Nagusian bozkatuko da orain gaia eta proposamena onartuz gero 2017ko udaberrian hasiko dira itun berriaren negoziaketak. Xehetasun garrantzitsua: Segurtasun Batzordean gertatzen denaren oso bestela, Batzar Nagusian potentzia handiek ez daukate beto eskubiderik. Bai daukate, prefosta, herrialde ahulagoak presionatzeko bestelako tresna ugari.

1968an onartutako Ez Ugaritze Itunaren gainean (NPT Non-Proliferation Treaty) oinarrituta, orain mahai gainean jarri da lehenbiziko aldiz gaiari bere osotasunean heltzeko eztabaida, esan nahi baita, arma nuklearrak erabili, kokatu, ekoiztu, garraiatu, pilatu eta finantzatzeko jarduerak oro debekatzea.

NPTk armak ez ugaltzea baldin bazuen helburu, 1968ko hura paper hutsean utzi dute horretarako gai izan diren herrialdeek. Famatua da Israelen kasua, mundu guztiak daki ia ziento bat buru nuklearren jabe dela, lasai ederrean NPTri izkin eginez, baina gainera NPT sinatu zutenek ere jarraitu dute arma berriak ekoizten eta zaharrak eten gabe modernizatzen. Itun berria egia bihurtzen baldin bada, bai NPT sinatu dutenek eta bai sinatu ez dutenek, denek edukiko dute ez bakarrik arma berriak sortzeko debekua baizik eta dauzkatenak desegiteko behar legal argia.

Urriko bozketa historikora iristeko sei urtez lana beltz egin behar izan dute mugimendu bakezaleek eta gerra atomikoaren kontra mobilizatzen diren militante eta pertsonalitate ezagunek. Rebecca Johnson ekintzaile pazifista eta berdeak Open Democracy gunean azaldu duenez, 98 herrialdetako 440 gizarte erakunde aritu dira gaia astintzen ICAN Arma Nuklearrak Debekatzeko Nazioarteko Kanpainarekin batean, 15 Nobel saridunek sustatuta.

Horiek lortu dute asmoarekin bat egitea arma nuklearrik ez daukaten zenbait estatuk: Austria, Brasil, Irlanda, Mexiko, Nigeria eta Hegoafrikak sustatu dute NBEren batzordearen erabakia, 57 gehiagoren babesez. 38 herrialdek eman zuten kontrako botoa eta 16 gehiago abstenitu ziren.

Bozketaren aurreko asteetan Norvegia, Herbehereetako eta Belgikako parlamentuek beren gobernuei eskatu zieten negoziaketen aurka ez jokatzea, baina soilik herbehereetarrek lortu zuten beren gobernua gutxienez abstenitzea. Europako Legebiltzarrean ere negoziaketen aldeko botoak irabazi zuen, baina NATOeko gobernuek kontrako botoa eman zuten blokean. Ez da albiste handirik iritsi Iruñea, Gasteiz eta Madrilgo parlamentuetatik.

Apokalipsi nuklearra saihestu

Arma nuklearrak debekatu eta desegitea mundu mailako lehentasunetako bat da. NBEren batzar nagusiak gu horretara hurbiltzeko aukera handia dauka eta ez digu huts egin behar”. Horrela idatzi dute tribuna publiko batean Gerra Nuklearra Ekiditeko Nazioarteko Medikuak, Medikuen Munduko Elkarteak, Erizainen Nazioarteko Kontseiluak eta Osasun Publikoako Elkarteen Munduko Federazioko ordezkari nagusiek.

Agirian irakur daiteke: “Arma atomikoek dakartzaten arriskuak onartezinak dira, pentsaezinezko katastrofe bat saihesteko modu ziur bakarra da armok osoki desegitea. Arma nuklear bakar batek suntsitu dezake hiri oso bat bere biztanle gehienak hil eta bizirik ateratakoei laguntzea ezinezko eginez. Gerra nuklear batek ordu bakar batean jende gehiago hil lezake II. Mundu Gerra osoan hil zutena baino”.

Adituok oroitarazi dute hirietan lehertuz gero, bonba nuklearrek sekulako suteak eragingo lituzketela, luzaz iraungo luketen ingurumen kalte estremoekin, Lurreko klima eta nekazaritzaren emankortasuna hondatuz. Gaur munduak dauzkan arma atomikoen %1 bakarra leherrarazteak 2.000 milioi pertsona utziko lituzke gosetearen mende.

Potentzia handiek 15.000 arma nuklear baino gehiago dauzkatenez pilaturik, horiek gerra batean Lurra negu nuklearrean murgilduko lukete, bizirautea lortutako herritarrak utziz irradiazioek eragindako belaunaldiz belaunaldi luzatuko diren kalteen mende, gerra ostean giza bizitza berreraikitzeko azpiegiturak oro suntsituz, ekosistema osoak mehatxatuz eta gizadia amaitze arriskuan jarriz.

Gerra nuklearren irudi apokaliptikook egia da ez direla asko aipatzen aspaldian. Eta hala ere, gaur askoz ugariago eta bortitzagoak dira potentzia handiek dauzkaten arma atomikoak NPT Ez Ugaritze Ituna sinatu zen 1968 hartan zeuzkatenak baino. Arma kimiko eta biologikoak debekatu badira, zendako ez nuklearrak?

Bonba atomikoen jabe diren bederatzi estatuez gain, beren aliatuek ere debeku proposamenaren kontra bozkatu dute. Errusiak eta NATOko potentzia nagusiek esan zuten proposamenak alderantzizko eragina ekarriko lukeela, armen ez ugaltzeko ituna ahultzea.

Kontrakoen artean asko aipatu da Australiako gobernu eskuindarrak ezezkoak biltzen egindako azpi-lana. Bere argudioa, proposamena ez dutenez ontzat hartzen benetan bonbak dauzkaten estatuek, hori aldatu artean australiarrek behar duela AEBetako arma nuklearren babesa.

Errusia, AEBak, Txina, Israel, Erresuma Batua, Frantzia... urteotan saiatu dira lehenbizi debeku proposamenei ezikusia egiten eta gero urrats guztiak boikotatzen. Zer egingo ote dute 2017an debekua lege bihurtzeko kinkan? Ñabardura bezala, eskandalu handiz kontrako botoa eman duen Japoniak –atomoaren sua Hiroshima eta Nagasakin nozitu zuenak– gutxienez agindu du NBEren Batzar Nagusiak azkenean proposamena onartzen badu, berak ere parte hartuko duela negoziaketetan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arma nuklearrak
2024-03-25 | Jakoba Errekondo
Ginkgoaren irrimurrika eta barre ttikia

Burua dardaratu eta ikaratu zigun ginkgoak (Ginkgo biloba). Lizar-makila denboran ginkgoa aspaldi galdutako zuhaitz espezietzat jotzen zen. Bere hostoen fosilak ezagutzen ziren, beste arrastorik ez.


2023-06-13 | Ilargi Manzanares
Arma nuklearretan estatuek egindako gastua, hirugarren urtez jarraian, gora

Arma nuklearrak dituzten bederatzi herrialdeek 82.900 milioi dolar gastatu zituzten iaz arma horietan, 2021ean baino %3 gehiago. Arma Nuklearren Indargabetzerako Nazioarteko Kanpainak (ICAN) argitaratutako txosteneko datuak dira. Minutuko 157.000 dolar baino gehiago.


Bielorrusian arma nuklearrak zabaltzeko asmoak tentsioa areagotu du

Vladimir Putinek iragarri du prest daudela jada hamar hegazkin armak Bielorrusian zabaltzeko. Europak mehatxu egin dio Bielorrusiari, eta planarekin aurrera jarraitu ezkero "zigor gehiagorekin" erantzungo diola adierazi du.


Eguneraketa berriak daude