Hainbat alor jorratu baditu ere, margolaritzat du bere burua Susana Talayerok (Bilbo, 1961). Bilboko Arte Ederren Museoak atzera begirakoa eskaini zion ekainean: orain arte halakorik egin duen lehen emakumea da, eta artistarik gazteena. Erakusketa amaitu aurreko egunetan hitz egin genuen berarekin.
Nola sortu zen erakusketa egiteko ideia?
Atzera begirako erakusketa egiteko eskatu zidaten. Hasiera batean, gehiegizkoa iruditu zitzaidan, ez baitauzkat 97 urte, lanean ari naiz oraindik! Hala ere, atzera begirakoa bestela egiteko aukera ematen zidan, ez zedila izan hilkutxa moduko bat, baizik eta lanaren berrikusketa.
Denbora asko izan dut erakusketa prestatzeko, urte eta erdi inguru. Ondo etorri zait, ez baita aise erabakitzen halako erakusketa batean zer sartu eta zer utzi kanpoan. Gainera, espazioa ondo dago, baina murritza da, batez ere nire obrarentzat, formatu handikoa baita. Aise osa nezakeen erakusketa formatu handiko 10-12 lanekin. Hala ere, ez nuen hautatze-prozesu fin-fin bat egin nahi, aitzitik, espazioak gainezka egitea nahi nuen. Nire lana erakutsi dut, jakina, baina esperimentatzeko baliatu dut museoa.
“Kronologia bati helduko bainion, hasieratik hasi nintzen. Nik nahi nuen, erakusketara hurbildu ahala, jendeak prozesuak ikus zitzala, eta ez emaitzak”
Argi zeneukan hori, hasieratik.
Argi neukan, Valcárcel Medina artistak esan bezala, neure buruari galdetu behar niola ea museoak, normalean, zer ez duen egiten, eta ea nik neuk zer ez dudan aurrez probatu, eta horixe egin. Niretzat erronka bat da erakusketa hau, erakusteko espazioarekin esperimentatu nahi nuen, inongo lotsarik gabe. Jakina, erakusketa-espazioa museo bat da, eta, hortaz, pisuzko konnotazioak ditu hainbat arlotan, baina, nire iritziz, artista bazara eta espazio horretan sartzen bazara, eskubidea daukazu, eta baita betebeharra ere, zer edo zer ausartagoa egiteko. Ez soilik zure lanak erakutsi, baizik eta jauzi egin.
Nola joan da muntaketa-lana?
Kronologia bati helduko bainion, hasieratik hasi nintzen. Nik nahi nuen, erakusketara hurbildu ahala, jendeak prozesuak ikus zitzala, eta ez emaitzak. Alegia, dinamika bat sortu nahi nuen, eta ikusarazi artista ez dela ateraldiak okurritzen zaizkion norbait; aitzitik, askoz lan konplexuagoa eta etengabea dela. Batzuetan burutazioen kontu hori azaltzen dute komunikabideetan: topiko bat da, eta sekulako kaltea egiten dio arteari.
Hiru gune sortu nituen, elkarri oso lotuak: lehenengoa Erroma da. 1986-96 bitarteko lanek osatzen dute, garai hartan bizi izan bainintzen Erroman. Ondoren, 2000ko hamarkada dator, Lorategia, eta gero Buruhandiak eta La Murata bideoa, lanik berrienak.
“Erroma ez dago hain urruti ere. Lagunen bidez eutsi diot harremanari, eta, gero, apurka-apurka, lan-harremana ere egin dut. Lasai nago, Erroma eta biona ez da sekula amaituko”
Noiz eta zergatik joan zinen Erromara?
Bilbo hiri gogorra eta grisa iruditzen zitzaidan, eta, hainbat arrazoi tarteko, ihes egin nuen bertatik, inongo bekarik gabe. Arte Ederretako fakultatekoa amaitu eta ziztuan egin nuen ospa.
Hamar urte egin nituen Erroman. Hasieran esperimentu bat zen: hilabete batzuk igaro eta ea zer gertatzen zen ikusi, ez baineukan halako hiri batean bizitzeko baliabide ekonomikorik. Azkenerako, hiriak harrapatzen zaitu, eta han osatzen duzu zure bizitza. Erromako instituzio espainiarretatik urrun ibili naiz beti, ez bekarik ez akademiarik ez ezer, eta ez dut harroxko esaten. Hango giroan egin nuen bizimodua, giro oso lokalean. Edonola ere, mundu lokal hori atzerritarrez lepo dago, bertan bizi edo pasadan baitaude beti. Halakoxea da hiriaren historia bera, hainbat geruza eta estrata ditu, eta oso interesgarria da hori.
Zer ekarri zizun?
Bada, funtsean, burua ireki zidan, aizkorakada. Bestelako jendearekin elkartzea, bestelako gauzak ikustea, gauzak ikuspegi askotatik ikustea... Zabaldu egiten zara. Gero, bizitzan, asko dira uzkurtzeko uneak. Iruditzen zait bizi-kontua dela alde egitea, gero itzultzen bazara ere. Nire kasuan Erroma izan zen, eta beste batentzat, ordea, beste hiri bat izango da.
“Loreak organoen parekoak dira, ez dira elementu begetal bat, bitxilore bat, adibidez. Nire ikuspegitik, loreek gorputza dakarte gogora, presentzia gogorra eta trinkoa dute eta zuloz eginda daude”
Zer-nolako harremana daukazu orain hiriarekin?
Gogorra egin zitzaidan Bilbora itzultzea, eremu arrotza zen niretzat. Hasieran, nostalgiaz bizi nintzen, eta hori are okerragoa da, zeren, hasteko eta behin, ez baitzara orainean bizi, bukle batean sartzen zara, etengabe galerarekin lotuta, eta horren ondorioz, biktimismoan erortzen zara, biktimismoaren zingiran, nire adiskide batek esaten duen moduan. Galerak eta biktimismoak barrenak jaten dizkizute, eta bizitzea eragozten. Beraz, bestelako zerbait egin behar nuela iruditu zitzaidan: hasteko, hiriarekin harremanetan jarraitu behar nuen: zergatik eten lotura? Gainera, Erroma ez dago hain urruti ere. Lagunen bidez eutsi diot harremanari, eta, gero, apurka-apurka, lan-harremana ere egin dut. Lasai nago, Erroma eta biona ez da sekula amaituko.
Erreparatu diezaiogun erakusketaren bigarren parteari. Arreta pizten du Lorategi horrek.
Lorategi instalazioa hainbat marrazkik eta margok osatzen dute. Pieza bakoitza autonomoa da, baina museoan bestelako zerbait egitea erabaki dut, aurrez sekula egin gabea: pieza bakar bat osatu, pieza askorekin. Pilaketa-instalazio bat da, pieza-komunitate bat: elkar hartu eta pieza bakarra osatzen dute. Aretoaren pareta bat hartzen du, ia osorik, eta baita zoruaren puska bat ere.
Lorategi deitu diot, izan ere, 2000ko hamarkadan egiten nituen piezak bildu ditut: loreak, zurtoinak, organoak... Niretzat, loreak organoen parekoak dira, ez dira elementu begetal bat, bitxilore bat, adibidez. Nire ikuspegitik, loreek gorputza dakarte gogora, presentzia gogorra eta trinkoa dute eta zuloz eginda daude.
Pieza guztiak ikusten dituzu, eta, aldi berean, bat bera ere ez.
Sormen-lan orotan, eta bizitzan ere, erabakiak hartu behar dira, eta pena handia ematen dizun arren, beti uzten duzu zerbait kanpoan. Bistan denez, halako pilaketa batean, ez dituzu piezak ikusten. Baina ez nituen pieza pila bat ipini nahi ahalik eta lan gehien erakusteko, aitzitik, hainbat planoren bidez, batasuna sortu nahi nuen.
Gainera, lorategiaren metaforarekin jarraituz gero –ez baita lorategi versallestar, ordenatu eta arrazional bat–, lorategi batean zaudenean bide bat hartzen dizu lehenik, hura ikusi, gero beste gauza bat agertzen zaizu... Miatzeko toki bat da, lan artistikoa bezalaxe, eta zerbait topatzen duzunean, atzean utzia duzu beste zerbait. Begiradarekin lotuta dago: zeuk eraikitzen dituzu zeure kontakizun txikiak. Pieza hau zehatz-mehatz antolatu dut, hala ere; hala maila formalean nola kronologikoan. Ez da ausazko lorategi bat, inondik ere. Beste tokiren batean, akaso aldatuko da, baina hemen halakoa da, eta kito.
Erakusketa zeuretu duzula iruditzen zaizu?
Bai, hein handi batean. Nahiago nuke katalogoa ere aretoan egon balitz. Lan asko egin dugu bestelako katalogo bat egite aldera. Liburu bat izan zedin nahi nuen, lanaren inguruko giroa ere bil zezan. Orokorrean, halako katalogoetan obren zerrenda agertzen da, eta, gero, amaieran, kronologia bat eta artistaren argazki bat. Ez nuen hori nahi. Zaharkituta dago. Bestelako irudi batzuk ipini nahi nituen, piezak ibilbide baten barruan kokatu, irudi-gidoi baten bidez, lanaren parte baitira. Iruditzen zitzaidan aberatsagoa behar zuela izan, konplexuagoa. Hasieratik pentsatu nuen oso lotuta egon behar zuela erakusketarekin, eta horretan tematu ginen. Gogor lan egin ezean, ez duzu lortzen.
Zer-nolakoak dira zure lanegunak?
Lan artistikoa metodikoa da. Bazter utzi behar ditugu inspirazioaren kontua eta halako topikoak. Nik, batez ere, estudioan egiten dut lan. Artista denak ez dira hala aritzen, jakina, baina ni, zentzu horretan, tradizionala naiz. Ezer ez neukan garaietan ere, estudio bat neukan, dohainik. Niretzat garrantzitsuagoa zen estudioa etxea bera baino.
Nire ikuspegitik, estudioa da gela bat norberarena. Beste norbaitekin ere konpartitu dezakezu, noski, baina pentsatzeko eta artea egiteko toki bat da. Ez da bolizko dorre bat; estudioan gertatzen dena ez da han geratzen, atera egiten da, eta estudioan gertatzen dena, azken batean, kanpoan gertatzen direnekin dago lotuta. Niretzat, estudioko paretak mintzen modukoak dira, ez da leku itxi eta isolatu bat, toki mitiko hori non artista giltzapetzen baita eta artelanak sortzen baititu. Guztiz kontrara, niretzat estudioa toki ireki, irazkor eta porotsua da. Barruaren eta kanpoaren artean dago, baina, aldi berean, leku intimoa eta pertsonala da.
Eta... hemendik aurrera zer?
Erakusketari esker ikusi dut badaudela loturak nire obraren barruan, eta baita aldeak ere. Ez dut esaten aurrera edo atzera egin dudanik, baizik eta, soilik, badaudela loturak eta etenak. Era berean, ohartu nahiz, zenbait kasutan, gauza berari bueltaka ari garela etengabe, nahiz eta gauza hori zer den zehatz-mehatz jakin ez... Batzuetan, horixe da lan artistikoa, helmuga jakinik gabe lan egitea: ikertzeko beste modu bat. Eta jabetu naiz, berriro ere, izugarri gustatzen zaidala nire lana.
Adinari buruzko mito hori dago, X adinera iritsita jada amaitu dela dena. Baina sormen-lanean, zuk zeuk erabakitzen duzu noraino segi, eta nola. Are gehiago, zenbait gauzatan behintzat, indartsuagoa naiz orain 20 urte nituenean baino.
Guztiok entzun nahi dugu musika: asko, merke, euskaraz eta gaizki sentitu gabe. Baina Spotify utziko badugu Israelen konplize izateagatik, agian beste enpresa eta tresnen inguruan ere hausnartu beharko dugu. Edo gure morala kontratatzen ditugun zerbitzuen arabera neurtzen hasiko... [+]
Esnatu ala hil. Euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan (Elkar) liburua argitaratu dute Garikoitz Goikoetxeak eta Iñaki Iurrebasok. Egileen helburua da gaur egun euskarak bizi duen egoera ulertzeko tresna bat eskaintzea, “ezinbestekoa delako aurrera... [+]
Labaren itzulera ospatzeko festa antolatu dute egun osoan zehar. Broken Brothers Brass Band-en kalejirak Alde Zaharreko kaleak zeharkatu ditu Estafetaraino, ondoren lehiotik kantua izan da Amets Aranguren, Julen Goldarazena Flako, Idoia Tapia eta Oier Zuñigaren eskutik; eta... [+]
Xak eta Ekiza
Non: Ondargain txiringitoan (Deba)
Noiz: abuztuaren 27an.
-------------------------------------------------------
Euri langarraren eta lanbro-lainoen artean pasatu dugu Gipuzkoako muga, kostaldean zehar doan errepidetik itsaso zakarrari beha. Bandera... [+]
24 bertsolarirekin ekingo dio bideari Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Auritzen izango da, urriaren 4an; eta, lehen aldiz, Nafarroa Arenan izango da finala, azaroaren 29an. Saio guztietarako sarrerak salgai daude dagoeneko, Bertso Sarrerak atarian.
Euskarazko ekoizpenek presentzia nabaria izango dute aurtengo edizioan. Bestelakoen artean, espektatiba handiko lan eta gonbidatuak izango dira Donostian: George Clooney protagonista duen Jay Kelly pelikula; Angelina Jolie ere ikusiko dugu Couture-rekin; Julliete Binoche... [+]
Sail Ofizialean erakutsiko dira hiru: Maspalomas, Karmele eta Zeru ahoak. Lehia nagusitik kanpo, zuzendari onenaren saria irabazten ahaleginduko da Irati Gorostidi Aro berria pelikularekin. Beste zenbait lan ere aurkitu ahalko dira.
Zinemaldiaren atariko orokorra beste [+]
Astelehenean jakinaraziko dituzte ordutegiak, eta hilaren 14an, igandean, jarriko dituzte salgai lehen egunetako sarrerak. 254 film egongo dira ikusgai, 56 herrialdetakoak.
Emakumeak dantzara atera eta gizonezko dantzariek oztopatu egin dituzte, bultza egin diete eta haien dantza eragozten saiatu dira. Beste batzuetan musikariak geldiarazi dituzte eta ikusleetako batzuk bizkarra eman diete emakume dantzariei. Ez da Baztan, ez Hondarribia edo Irun;... [+]
Zinemagile iruindarrak, ibilbide labur baina baliotsua egin zuen zinemagintzan 1970eko eta 1980ko hamarkadetan, zuzendari lanetan emakumerik apenas zebilenean. Irrintzi lanarekin garai hartako errepresioa islatu nahi izan zuen, eta Ikuska proiektuan euskal emakumeak erretratatu... [+]
Sara Fantova zinemagile bilbotarraren Jone, batzuetan filma zinema aretoetara helduko da irailaren 12an. Pelikula komunitarioa sortu du Kaskagorri eta Kranba konpartsekin, Bilboko Aste Nagusian girotuta baitago amodioa, jaia, gaixotasuna eta zaintza ardatz dituen istorioa.
Usaiako "süjetik" gabea, esku andana batek idatzia, errejent multzo batek zuzendua, gertakizun askoren kontari, gisa guzietara kolektiboa da.
Les Concert des nations, La Capella nacional de Catalunya orkestra sinfonikoa
Zuzendaria: Jordi Savall
Abesbatzen prestaketa: Lluís vilamajó
Egitaraua: Mendelssohnen lanak
Non: Kursaal auditorioan (Donostiako Musika Hamabostaldia)
Noiz: abuztuaren... [+]
Anatomia bertikalak
Lierni Azkargorta
Balea Zuria, 2025
------------------------------------------------------------------
Lierni Azkargortak Anatomia Bertikalak liburuaren aurkezpen saioan esan eta Berria egunkariak jaso moduan irakurri ditut poema gehienak: ozen, ahoz... [+]