Berdintasunaren bidean, oinarri sendorik gabe

  • Emakumeek 2008an jokatu zuten lehendabiziko aldiz Kontxako Bandera. Orduko hartan, iraileko bigarren igandearen bezperan jokatutako sailkapen estropada baten bidez erabaki zuten zeintzuk izango ziren lehen urratsa emango zuten lau ontziak: Rias Baixas, Astillero, Getaria-Zumaia eta Hondarribia. Gerora iritsi zen bi igandetan jokatzeko hautua. Aurten ere hala izango da, baina berrikuntza batekin: zortzi traineruk eskuratu dute txartela, lehendabiziko aldiz.

San Juan izan zen iazko Kontxako Banderako irabazlea. Harrera beroa egin zieten arrosa kolorez jantzitako zaleek.
San Juan izan zen iazko Kontxako Banderako irabazlea. Harrera beroa egin zieten arrosa kolorez jantzitako zaleek.Juan Carlos Ruiz/Argazki Press

Kontxako Banderaren antolatzaile Donostia Kulturak pasa den ekainean egin zuen ofizial ordura arte guztien ahotan zebilena. Emakumezkoen arrauna bultzatzeko “beste urrats bat eman nahian”, iraileko lehen bi igandeetan Donostiako badian lehiatzen diren emakumezkoen ontzi kopurua lautik zortzira igotzea erabaki zuen. Antolatzaileen asmoa aurrez ezaguna izanagatik, zeresana eman zuen erabakiak, baita arraunlarien artean ere. Orioko traineruan egiten du arraun Miren Iriondok (Deba, 1994), eta bere esanetan, azkarregi hartu da erabakia: “Gaur-gaurkoz alde handia dago ontzien artean. Zortzi sailkatuta, lehiakortasuna murriztu egiten da. San Juan eta Hibaika, esaterako, sailkapen estropadan erlaxatu daitezke, badakitelako oso gaizki eginda ere atzetik bi utziko dituztela”.

Miren Iriondo, Orioko arraunlaria:
“Gaur-gaurkoz alde handia dago ontzien artean. Zortzi sailkatuta, lehiakortasuna murriztu egiten da”

Donostia Arraun Lagunak elkarteko Edurne Morenok (Donostia, 1991) ere badaki aldea dagoela ontzien mailari dagokionez, baina positibotzat du erabakia: “Jakinda ikusle gehien biltzen dituen estropada dela Kontxako Bandera, iruditzen zait neurriak ikusgarritasuna eman diezaiokeela emakumezkoen arraunari. Batez ere, Euskotren Ligan jokatzen duten lau ontziez gain gehiago ere bagaudela jakiteko”. Gizonezkoetan Kaiarriba-Donostiarra Arraun Elkartearekin gertatzen den bezala, aurrez sailkatuta daude Moreno eta bere tostakideak, alegia Donostiako Lugañene trainerua. Datozen edizioetan traineru horretaz gain hiriko beste ontzirik balego, bien arteko sailkapen estropada jokatuko litzateke, gizonezkoetan Ur Kirolakek eta Arraun Lagunakek urte luzez egin bezala.

Iriondorekin bat dator Irati Iñarra (Pasai Donibane, 1993): “Onuragarria izan daiteke batzuentzat, baina besteei kaltea soilik egin diezaieke, oso atzera geratzen den traineruko kideak arraunarekiko ilusioa galdu baitezake. Hori arriskutsua da”. Badaki zertaz ari den Iñarra: azken bi urteetan Kontxako Bandera irabazi du Batelerak ontzian arraun eginda, baina arraunean oro har “garaipenak baino, porrot gehiago” jasan dituela zehaztu du. Izan ere, lehen bost edizioetan Galiziako ontziak nagusitu ziren Donostiako badian. Zumaiak irabazi zuen 2013an, eta azken bi urteetan, Iñarra kide duen Pasai Donibaneko traineruak. Aurten hirugarrena irabazi nahi dute.

Traineru bakoitzak bere helburuak
Traineru kopurua gehitu arren, Iriondok eta Morenok ez dute uste sailkapenaren buruan aldaketarik izango denik. “Azken bi urteetako txapelduna da San Juan, eta Euskotren Liga irabazi dute. Faborito nagusiak dira”. Alabaina, ez dago erlaxatzeko aukera askorik, “udan zehar ikusi den bezala Hibaika gainera joaten baitzaie ohartzerako”, dio Iriondok. Nabarmendu du eurak ere aurrean ibiltzeko asmotan direla, baina ez du uste bi ontzien parera iristeko gai izango direnik: “Urrun ikusten dugu bandera, egia esan”.

Edurne Moreno
Donostia Arraun Lagunakeko arraunlaria:
“Jakinda ikusle gehien biltzen duen estropada dela Kontxako Bandera, neurriak ikusgarritasuna eman diezaioke emakumezkoen arraunari. Batez ere, Euskotren Ligan jokatzen duten lau ontziez gain gehiago ere bagaudela jakiteko”

Iriondok azaldu duenez, azken asteetan arraunketa gehiago bateratzen saiatu dira, eta trainerua aldatu dute: Iñaki Lasa ingeniariak emakumezkoen ezaugarriak aintzat hartuta eraikitako ontzia erabili dute orain artean, proba gisa. Azken asteetan, baina, alboratu egin dute: “Santi Zabaleta entrenatzailea ohartu zen aurretik elkartean genuen Txiki ontziarekin diferentzia askorik ez duela, eta hura hartu dugu berriz”. Orain, Hibaikak hartu du Branka probatzeko ardura, eta badirudi ez doakiola batere gaizki: hura erabilitako lehen estropadan, Colindresen (Kantabria, Espainia), bigarrenari 15 segundo sartuta lortu zuen bandera irabaztea.

Morenok aitortu du Euskotren Ligan aritu diren ontziekin alderatuta (San Juan, Hibaika, Orio eta Cabo) maila baxuagoa dutela, eta bestelako asmoak dituzte Kontxako Banderan: “Donostiako emakumezkoen arraunari bultzada eman nahi diogu, ahal bada, ohorezko txandan sartuta”. Zehaztu du urtez urte gora joatea dela xedea. Izan ere, Arraun Lagunaken

ontziak bi urte baino ez daramatza itsasoan.

Aurten Gipuzkoako Ligan soilik aritu dira –ez zuten lortu Euskotren Ligarako sailkatzea–, baina nabaritu dute iaztik honako hobekuntza. Ez alferrik, uztailaren 16an lortu baitzuten historiako lehen bandera Donostiako emakumezkoen traineruarentzat, Orion jokatutako erlojupekoan: “Euskotren Ligako ontzirik ez egonda zabaldu egiten zaizkigu aukerak, eta Getaria-Zarautz eta gure artean lehia polita sortzen da. Guk irabazi genuen Orion, eta haiek Zumaian”.

Ontzi askotako aldea daramate gizonezkoek
Maila bakoitzean lehiatuko den traineru kopurua berdindu bada ere, sarien bidez banatzen den diru kantitateak ezberdina izaten jarraituko du. Emakumezkoetan, irabazleak 12.000 euro jasoko ditu, eta kopurua murriztuz joango da sailkapenaren arabera; zortzigarren postuan geratzen denak 3.000  jasoko ditu. Zerikusirik ez gizonezkoek jasotzen dutenarekin: 24.000tik 5.000 eurora bitarteko sariak banatuko dituzte. Horri gehitu behar zaio ADEGI Gipuzkoako enpresarien elkarteak aurten emango duen sari berezia: bi jardunaldiak kontuan hartuta denbora onena lortzen duen traineru gipuzkoarrari 5.000 euro emango dizkio, bai emakumeetan, bai gizonezkoetan.

Irati Iñarra
San Juango arraunlaria:
“Oraindik gauza asko dago finkatzeko emakumeen arraunean. Aldaketa asko daude egiteko, eta urteen poderioz egin behar da hori, soseguz eztabaidatuta. Gauzak kolpetik erabakitzeak luzera ez du ezertarako balio”

Iñarraren aburuz “oraindik gauza asko dago finkatzeko” emakumeen arraunean, eta hau horren adibide bat gehiago da: “Unean uneko erabakiekin zaila da behar besteko indarra lortzea. Pentsa, lehen 8.000 euro jasotzen zituen irabazleak, eta 12.000ra igo zuten iaz. Ongi etorria da, baina ez dakit zein irizpide erabiltzen duten aldaketa horiek egiteko”. San Juango arraunlariaren esanetan, eurek 2.778 metroko estropada jokatzeak –gizonezkoek bikoitza egiten dute– zerikusia du sarien tamainarekin: “Aztertu beharko da hori ere. Aldaketa asko daude egiteko, eta urteen poderioz egin behar da hori, soseguz eztabaidatuta. Gauzak kolpetik erabakitzeak luzera ez du ezertarako balio”.

Morenok ere aldaketaren beharra ikusten du, baita sariei dagokienez ere: “Guri ematen diguten argudioa da lehiatzeko aukera ematen digutela bidea erraztuz, baina diruarena beste kontu bat dela”. Lugañeneko tostakidearen ustetan egoera “lotsagarria da, baina gizartea oker dagoen bitartean ez pentsa arrauna aldatuko denik. Batzuok ordaindu egin behar izaten dugu arraun egiteko, beste batzuek diru kopuru handiak jasotzen dituzten bitartean”. Bien arteko tartea gero eta murritzagoa den arren, gizonezkoen traineruek ontzi askotako aldea daramate oraindik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arrauna
2023-11-12 | Leire Artola Arin
Emakumeen arrauna
Pisuaren presioak uzten duen ubera luzea

2023ko denboraldia irailean bukatuta, ipurdiko eta esku ahurretako zauriak sendatzeko denbora justua izan dute arraunlariek. Haragi bizia lehortu eta orbain bihurtu zaie askori. Baina zauriak erabat itxi gabe hasi dira gehienak berriro ergometroari tiraka, negu luze eta... [+]


2023-11-07 | ARGIA
Emakume arraunlariek argaltzeko duten presioari buruzko ikerketa ezagutaraziko dute astearteko hitzaldian

Donostiako Deustuko Unibertsitateko campusean emango dute informazio saioa, 19:00etan, Beñat Larrinaga eta Ane Arbillaga arraunlari ohi eta ikerketaren egileek. Emakumeen arrauneko komunitate osoari bertaratzera dei egin diote, azterlanaren emaitzak baliatu nahi... [+]


"Txikitatik genuen ametsa lortu dugu"

Ane Sanchez anoetarrak, Maider Zumeta ibartarrak eta Xubane Uribarrena lizartzarrak Euskotren Liga irabazi berri dute Donostia Arraun Lagunak klubarekin.


Bere borondatearen aurka adierazpenak gaztelaniaz egitera derrigortu nahi izan du arraunlari bat TKE-k

Euskal Herrian Euskarazek salatu duenez, euskara hutsean mintzatu nahi zuen arraunlari bat derrigortu nahi izan dute adierazpenak gaztelaniaz egitera Eusko Label Ligaren ACT TVn. Joan den uztailaren 25ean izan zen, Lekeition jokatutako estropaden amaieran.


2019-08-07 | ARGIA
Kontxako Banderan emakumeak ezin dira gizonezkoekin batera aritu

Getariako Izaro Lestayo gizonezkoen arraun ligetan aritzen den lehen emakumezko patroia da. Donostia Kulturak adierazi du Kontxako estropadan ezin izango duela parte hartu.


Eguneraketa berriak daude