"Irlandan politika herritarrengandik urruti dagoela sentitzen dute gazteek, elite batzuen kontrolpean"

  • Grian Ni Dhaimhin Strabanen (Ipar Irlanda) jaiotako gaztea da. Belfasteko Queens unibertsitatean historia ikasten du. Ikasle mugimenduan, Fosil Free erregai fosilen ustiategien aurkako mugimenduan eta gaelikoaren aldeko hainbat kanpainatan parte hartzen du besteak beste. Sinn Feineko gazte erakunde Sinn Fein Republican Youth taldeko kide izan da, nahiz eta bere “formakuntza sozialista behar bezala aurrera eraman ezin izanagatik” taldea uztea erabaki zuen. Bere aita IRAko militantea izateagatik hamabi urtez izan zen espetxean. Ipar Irlandako gazteriaren egoeraz eta problematikaz, feminismoaz eta gazteen egoera prekarioa iraultzeko alternatibez mintzatu gara berarekin Dublinen.

Martin Mendizabal Garai @mendigarai
2016ko uztailaren 24a
Grian Ni Dhaimhin independentzia aldarrikapenaren mendeurren oroitarriaren ondoan.
Grian Ni Dhaimhin independentzia aldarrikapenaren mendeurren oroitarriaren ondoan.

Zein da gazteen egoera Irlandan?

Nire perspektiba landa gunekoa da. Ipar Irlandan lan eta baliabide nahikorik ez dagoenez gazteek alde egin behar dute hirietara. Gazteen langabezi tasa oso altua da eta dauden lan eskasak oso prekarioak dira. Kasu batzuetan, ordea, gazteen kualifikazio altua ere arazoa izaten da. Gazteek politikarekiko oso sentsazio ezkorra daukate eta horrek apatia sorrarazten die. Politika herritarrengandik urruti dagoela sentitzen dute, elite batzuen kontrolpean. Egun ez da politika herritarrik sustatzen. Gazteek ez dakite nola hasi antolatzen aldaketa bat aurrera eramateko.

Erlijioa traba al da?

Bai, Irlanda herrialde oso katolikoa da. Union of Students of Ireland ikasle sindikatuak abortuaren aldeko kanpaina handia egin zuen eta herritarrengan eragin handia eduki zuen. Hala ere, nahiz eta gazteen artean erlijioak garrantzi handirik ez duen, erlijioa posizio aurrerakoiak gelditzeko mekanismo bat da oraindik, freno antzeko bat.

Zeintzuk dira gazteriaren arazo nagusiak?

Alde batetik, unibertsitateko tasak ezin ordaindua. Ipar Irlandako unibertsitate publikoko matrikulak urtero 4.500 euro balio ditu. Ikasleak zorpetu egin behar dira gastuei aurre egiteko. Honez gain, Belfastera ikastera doazen gazte asko ez dira bertan etxebizitza ordaintzeko gai. Horregatik horietako batzuk beraien lagunen sofatan lo egitera behartuta daude. Beste alde batetik, azken urteetan osasun mentalarekin zerikusia duten gaixotasunak asko igo dira. Beren buruaz beste egiten dutenen tasa oso handia da. Ostiral Santuko akordioak sinatu ziren 1998tik gaur egun arte suizidatu diren pertsonen kopurua, Irlandako gatazka armatuan bizitza galdu zutenena baino handiagoa da. Horrez gain, gazteen oinarrizko eskubide asko ez daude onartuak: etxebizitza eskubidea, gay eta lesbianen eskubideak…

“Mugimendu errepublikarrak ez dauka independentziarako bideorririk”

Zer nolako indarra dauka mugimendu feministak Irlandan?

Irlanda oso herri tradizionala izanda “gure gorputzak gure eskubideak” diskurtsoa lantzen ari gara. Emakumea eta sukaldearen binomioarekin puskatu nahi dugu. Mugimendu errepublikarreko omenaldietan emakumeak dira kafeak eta teak zerbitzatzen dituztenak. Emakumeari ez zaio lidergorik ematen, ez baita beraren ahalduntzerik bilatzen. Mentalitate maskulinizatu eta matxista dago Ipar Irlandan. Futbol gaelikoan jokatzen dut. Gure herrian neska eta mutilen taldeak daude. Gizonezkoen kasuan ez bezala, gure taldeak ez du inolako laguntza ekonomikorik jasotzen.

Ba al dago egoera iraultzeko alternatibarik?

Apirilaren 26an, Irlandako independentziaren mendeurrenean, milaka lagun bildu ziren Dublineko kaleetan. Poztu nintzen ospakizunetan mugimendu errepublikarretik at aldarrikapen sozial ugari ere ikusi nituelako. Herriaren boterea izango da aldaketa eragingo duen indarra. Ezer lortu nahi baldin bada indar hori gabe ezinezkoa izango da. Sinn Fein izango bada botere sozial hori kanalizatuko duen indar politikoa, horretan oinarrituta egon beharko den estrategia martxan jarri beharko du. Sinn Feinetik harago begiratu behar da eta prestutasuna eduki. Garrantzitsua da herri sektore horiekin guztiekin aliantzak egitea, beraiek baitira aldaketa eragin dezaketenak.

Zein da alderdi errepublikarraren independentzia plana?

Arazoa da Sinn Feinek ez duela independentzia plan bat, hau da, ez dago argi Irlandako 32 konderrien independentziarengatik borrokatzen den edo Ipar Irlandako probintziak Hegoaldekoei lotuko zaizkien. Ipar Irlandan oraindik publikoak diren zerbitzuak (ura, oinarrizko hezkuntza, osasuna) ordaintzen hasiko gara? Zer esan nahi du Irlandaren batasunak eta nola egingo dugu? Egun ez dago hori lantzen hasteko planik. Ipar eta hegoaldearen arteko adostasuna behar da. Perspektiba ezin da izan komunitate unionista zapaltzera joatea; aitzitik, konbentzitu behar ditugu Irlandaren batasunak guztioi mesede egingo digula. Horretarako alderdi errepublikarrek Ipar eta Hego Irlandako exekutiboetan gehiengoa lortu beharko lukete. Proposamena egin behar zaie loialistei proiektu horretan parte har dezaten. Garrantzitsuena da buruan daukagun utopia paperera eramatea, ikerketa ekonomiko, politiko eta soziologiko sakon bat eginez.

“1998tik Irlandan bere buruaz beste egin dutenen kopurua
gatazka armatuan bizitza galdu zutenena baino altuagoa da”

Hego Irlandan uraren pribatizazioaren aurka sortutako Right2Change mugimendua bide horretatik al doa?

Helburu horiek lortu nahi baditugu alderdietako politiketatik harago joan behar gara. Right2Change oso adibide ona da hori erakusten duelako. Hainbat alderdi eta sentsibilitatetako pertsonak batu dira uraren pribatizazioaren aurka protesta egiteko. Eskoziako mugimendu independentista SNP Eskoziako alderdi independentista baina harago joan zen: emakume, sindikatu eta ikasle mugimenduaren bidez aktibatu egin ziren.

Nork egin beharko du jendea aktibatzeko lan hori?

Edonor izan daiteke. Erica Flemingek, apirilean Dublinen egin zen Sinn Feinen kongresuan diskurtso antologikoa eman zuen. 30 urteko gazte horrek urtebetetik gora eman du bederatzi urteko alabarekin etxegabe, etxerik alokatzeko diru nahikorik ez duelako. Adibide eredugarria da Flemingen kasua, bere egoera pertsonaletik mugimendu bat sortzea lortu baitu. Gaur egun emakume hori etxebizitza eskubidearen aldeko ikur bihurtu izanak erakusten du aldaketarako abangoardiak ez duela zertan antolakunde edo alderdi politiko bat izan.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Irlanda  |  Gaeliko irlandarra

Irlanda kanaletik interesatuko zaizu...
2018-09-12 | Uztarria
Harold Good apaiz protestantea bake prozesuez mintzatuko da ostegunean Azpeitian

90eko hamarkadan IRAren armagabetze prozesuan parte hartu zuen Goodek egiaztatzaile moduan. Euskal Herriko gatazka politikoa ere gertutik ezagutzen du, eta Bakearen artisauekin aritu zen lanean ETAren armagabetze prozesuan. 


Gerry Adamsen etxeari lehergailu bat botatzeagatik gizon bat atxilotu dute

35 urteko gizon bat atxilotu dute Sinn Féineko buru zenaren etxera lehergailu bat botatzeagatik.


'Magdalenak', neska bekatariak zigortzeko makinaren biktimak

1996an itxi zuten Irlandako azken Magdalenen garbitegia, ustez bide okerretik abiatutako emakumeak moja katolikoen agindupean zerratuta  lan derrigortuan edukitzen zituen komentu-lantegia. Ingelesekiko gatazka armatuaz bezala apaiz katolikoek haurren kontra erabilitako bortxaz, oroimen historikoan bide luzea egina du Irlandak azken urteotan, baina justizia egin ezinik dabil mende luze batez elizak estatu independentearen laguntzaz emakumeei eginiko zanpaketaz.


2018-07-09 | Zero Zabor
Belfasteko erraustegi proiektua bertan behera utzi dute epaileek

Ipar Irlandako Apelazio Auzitegiak behin betiko erabakia eman du: legearen kontrakoa da Mallusken eraiki nahi duten erraustegiari emandako baimena. Goi funtzionario batek baimen hori eman izana Ostiral Santuko akordioen kontrakotzat jo dute epaileek eta balio gabe utzi. Beren poza adierazi dute proiektuaren kontra No-Arc21 elkartean borrokatu diren herritarrek.


2018-05-28 | ARGIA
Abortua despenalizatu dute Irlandan

Irlandako Errepublikako Gobernuak abortu legearen gaineko araudia aldatzeari buruz galdetu die herritarrei ostiralean egindako erreferendumean. Abortatu eskubidearen aldeko aldarria nabarmenki gainjarri zaio kontrakoari.


2018-05-25 | Amaia Lekunberri
Abortatzeko eskubidea eztabaidagai Irlandan

Erreferenduma egingo dute gaur Irlandako Errepublikan, abortua despenalizatu ala ez erabakitzeko.


2018-04-12 | Jon Torner Zabala
Sexu erasoak: egunkariko iragarki-orrietara egin du salto eztabaidak

2016ko ekainean emakume bat bortxatu izanaz akusatu (eta absolbitu) dituzten Ulster Rugby taldeko bi jokalarien auziak hautsak harrotu ditu Irlandan. Egunkariek tarte handia eskaini diote kasuari, ez soilik kronika edota iritzi sailetan, baita iragarkientzat gordetako orrialdeetan ere. Horrek eman digu atentzioa bereziki.


2018-03-13 | ARGIA
Abian da Irlandan gaelikoaren aldeko 'Rith' Korrika

Martxoaren 11n hasi dute gaeliko irlandarraren aldeko Rith ekimena. Irlandako osoa goitik behera zeharkatuko du astebetez; Belfastetik Kerryra. Guztira, 500 kilometro baino gehiagoko ibilbidea antolatu dute bosgarren ediziorako. Rith hitzak “korrika egin” esan nahi du eta Korrikan egiten den bezala, lekuko bat daramate ibilbide guztian zehar eta barruan daraman mezua ekitaldi amaieran irakurtzen da.


2018-02-02 | ARGIA
Ipar Irlandan gaelikoarentzat lege babesa eskatu dute ehunka herritarrek

Gaeliko hiztunen eskubideak babesteko araudia eskatzen dute. Manifestazioa otsailaren 1ean egin zen.


Irlandarrek abortua debekatzen duen lege zurrunenetako bat iraultzeko aukera izango dute

Abortuaren inguruko erreferenduma egingo dute Irlandan maiatzaren bukaeran, Leo Varadkar herrialdeko lehen ministroak jakinarazi duenez


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude