Eskolek itzuli diete emakumeei tradizioak isildutako ahotsa

  • Uztailaren 11tik 16ra inprobisatzaileen Kulturarteko Topaketak egin dira bigarrenez Euskal Herrian, lehen aldi hartatik 13 urtera. Mintzolak antolatu ditu, Donostia2016 Kultur Hiriburutzaren babesean. Transmisioa, hizkuntza gutxituak eta genero ikuspegia ardatz hartuta, goizean jardunaldi akademikoak egin dira eta arratsaldez emanaldiak.
    Herri bakoitza mundu bat izanik ere, emakumeak urratzen ari diren bidea bera dela ondorioztatu dezakegu Kuba, Huasteca, Gales, Mallorca eta bertako inprobisatzaileen bizipenak entzunda.

Yunet López repentista kubatarra, atzean Dana Sofua Limón huastecarra duela. (Argazkia: Dani Blanco)
Yunet López repentista kubatarra, atzean Dana Sofua Limón huastecarra duela. (Argazkia: Dani Blanco)

Yunet Lópezek sehaskatik jaso zituen laute instrumentua eta dezima. Bere sehaska Kubako etxe oso berezian tokatu: birraitona zuen Rigoberto Rizo Maldonado repentista handia. 1940ko hamarkadan edo “repentismoaren urrezko aroan” nagusi ziren inprobisatzaileak etxean ezagutu zituen. Lópezek, uztailaren 12an emandako hitzaldian, umore handiz kontatu zuen etxekoek bere dohaina nola deskubritu zuten: “Inork ez zekien nik inprobisatu nezakeenik, eta oso berandu jakin zuten. Zergatik? Neskatoa nintzelako. Gure etxeko arreta guztia nire lehengusuarengan jarria zegoen: mutikoak 10 urte bete zituenerako egin zioten bere dezima, ikasi zezan…”. Bere ikastetxean lehen saio bat egin zuten repentismo tailerrerako ikasleak erakartzeko, baina berak ez joatea erabaki zuen, “nahiago izan nuen film bat ikusi”. Gelara itzuli zenean, ordea, erraz asko osatu zuen dezima: “Niri inork ez zidan erakutsi behar neurririk, ezta zerk zerekin errimatu behar zuen ere. Etxetik, entzunaren entzunez, barneratuta nuen”.

Repentismo tailerrean Alexis Díaz Pimienta izan zuen irakasle, Kubako inprobisazioaren ikas metodoaren sortzaile eta repentista handia. Jarraian, berak ere repentista tailerrean irakasteari ekin zion: “Hazten joan ahala, lehengusu hura musikari bihurtu da eta inprobisatzaile ni. Birraitonarekin behin bakarrik kantatu nuen: repentismo tailerreko ikasturte bukaerako nire oparia izan zen ikasle bakoitzarekin gure etxean dezima bat kantatzea, eta bukaeran birraitonak esan zuen berak ere kantatuko zuela. Berak egin zidan niri oparirik handiena”.

Lehengo tradiziotik gaurko tailerra

Lópezen esperientziak ongi islatu dezake munduko txoko bakoitzeko emakumeek jendaurreko inprobisazioan egiten diharduten bidea: etxean belaunaldiz belaunaldi transmititu den tradizio maskulinoan zirrikitu bat zabaltzea, tailerrek edo eskolak sortzen dituzten testuinguru parekideagoak baliatuta. Halaxe kontatuko zuen Arantzazu Loidik uztailaren 12ko hitzaldian, Almeneko bertso eskolaz, alegia, lehen bertso eskolen esperientziaz ari zirela: “Gure irakasleek bat gehiago izan nendin zaindu zuten. Taldearen babesa ere niretzat oso garrantzitsua izan zen, kantu-lagunak lehendik nituen lagun min. Txapelketara joaten hasi ginenean, han bai, arduratu ziren ni neska nintzela oroitarazten”. Loidik eta Jon Sarasuak bertso eskola haietatik irakasleen pasioa azpimarratu zuten, “eurei hainbeste gustatzen zitzaiena guri erakutsi nahi ziguten. Teknikaz ezagutza handirik izan gabe”.

Antzeko iruditu dakiguke Rebeca Limón, Dana Sofua Limón eta Diana Lauraren ikasketa prozesua: Mexiko DFkoak izanik, egun batean huapango tailerrerako pausoak eman zituzten. “Huapangoa musika indigena eta flamenkoaren arteko nahasketa da” azaldu zuten, hauek ere, uztailaren 12an. Hitz eta musika finkoak ditu, baina batzuetan son huasteco deritzaion bat-bateko estrofak kantatzen dituzte. “Huapangoa belaunaldiz belaunaldi transmititzen da, baina gu hirikoak gara eta gure gurasoek ez zuten musika hau ezagutzen. Kasualitatez topo egin genuen gure irakaslearekin. Eskolatu gabea da, baina oso jakintsua, bizitzaz asko dakielako. Eta gure kulturarekiko maitasuna helarazi digu. Entsegu bakoitzean kontatzen zigun bere esperientziaren bat, esaterako, bere garaian oinez bide luzea egin behar izaten zuela emanaldietara joateko eta horregatik saiatzen zela joandako lekuan ahalik eta gehien ikasten. Ez digu teknikarik irakatsi, ‘jarri hatza hemen, jarri hatza han’ soilik esaten zigun, eta guk jo, soinu ona atera arte”.

Tailerrak inprobisazioaren biziraupenerako gako direla argi dute: “Gazte askok huapangoa jotzen dugu, baina oso arraroa da trobatzen, inprobisatzen ikustea. Inprobisadoreak zaharrak dira eta hiltzen ari dira. Horretaz jabetuta, tailerrak ireki dituzte, eta guk ere hor ikasi dugu. Baina inprobisadore askok nahiago du ez besteei irakastea, ‘niri ikastea hainbeste kosta bazait zuri ere kostako zaizu!’ pentsatzen dute”. Tailerrek zabaldu dietela emakumeei oholtzarako atea kontatu zuten: “Lehen gizonena zen huapangoa, emakumeek dantza egiten zuten oholtzapean. Tailerrek hori aldatu dute, orain emakumeen ahotsa ere entzuten da, eta egun tailerretan emakume gehiago dago gizonak baino”.

Tailerretan hamalau, oholtzaratu eta lau

Maria Isabel Serverak umore handiz kontatu zuen uztailaren 13ko mahai-inguruan Mallorcako glosadore emakumeek ez dutela kontzientzia kolektiborik garatu oraindik, “bi bakarrik garelako”. Etorkizunean du esperantza, ordea: “Tailerretan parte-hartzea orekatuago dago, erdi eta erdi izango gara”. Zergatik diren bi bakarrik? Azalpena ezagun egingo zaio irakurleari: “Glosaren testuingurua oso maskulinoa zen, gauez eta tabernetan kantatzen zen, eta hor emakumeek ez zuten sarbiderik. Tradizioek gauza on eta txarrak ematen dizkigute, eta hau da horietako bat. Katalunian egoera ezberdina da: transmisio naturala eten egin da, eta kantari zaharrak erreferentzia hartu arren, berrasmatu egin dute. Horren ondorioa da aurten egin duten sariketako parte hartzea: 8tik 5 emakumeak izan dira”.

Kuban ere bere tailerrean gehiengoa neskatilak direla kontatu zuen mahai-inguru berean Lópezek, “baina oholtzarako pausoa ematerakoan, zenbakiak irauli egiten dira”. Miren Amurizak horrela azaldu zuen atzerakoa: “Iristen da adin bat bertsolaritza jolasa baino zerbait serioago bilakatzen dena eta nerabezaroarekin gurutzatzen da. Etapa kritikoa izaten da eta neska askok atzera egiten dute. Zer gertatzen da une horretan? Bakoitzak bere beldur eta mugak dauzkagula. Muga hori gainditu dugunok, urteekin beste inprobisatzaile emakumeekin hitz egitean jabetzen gara norberaren beldurrak ez zirela norberarenak, denek bizi izan ditugula. Horregatik da garrantzitsua inprobisatzaile emakumeak elkarrekin biltzea eta gauza hauez hitz egitea. Horrela, atzetik datozenei ere bidea errazteko aukera daukagu. Bi bideak egin behar dira, kolektiboa eta bakoitzak berea”.

“Garai interesgarrian”

Inprobisazio emanaldi bateko emakume bakarra izateak dakartzan ondorioez aritu ziren. Nagusia: emakumeen bozgorailu bihurtzen dela inprobisatzaile hori, emakume arketipikoa irudikatzen duela, “emakumea” (bat eta bakarra bailitzan). Eta horrek oso bide estua uzten duela norberaren ahotsa garatzeko. Maialen Lujanbiok pozik azaldu zuen Euskal Herrian panorama aldatzen ikusten duela: “Emakume bertsolari kopurua zabalduz doa eta oso emakume desberdinak dauzkagu plazan: duela 40 urte onargarri izango ez lirakeen perfilak ere bai, gainera. Emakume ezberdinak izateak dakar diskurtso, iritzi, kantakera desberdinak plazaratzea. Horregatik, emakumeen arketipo izan den emakume bertsolari hori erlaxatu daiteke, mezu hori emakume gehiagok emango dutelako, eta has gaitezke emakumeen ñabardurak lantzen, ez beti korrekto agertzen, alde itsusiagoak taularatzen… Sortzaile bezala sekulako lasaitasuna ematen du, eta sormenerako abaniko kreatiboa zabaltzen”.

Poesiak ez du generorik, baina...

Karen Owen da Galesen jendaurrean poesia inprobisatua deklamatzen duen emakume bakanetakoa. Generoa gainditzearen alde mintzatu zen: “Poema irakurtzean inoiz ez dut galdetzen gizon edo emakumeak egina den. Batzuetan, tradizio maskulinoaren barruan, poesiei darien matxismo eta testosteronaren erdian, galdetzen dut, non geratu da sentiberatasuna? Ez du zerikusirik generoarekin, poetarekin du zerikusia. Poesiak zer sentimendu eragiten dizkidan, hori da begiratzen dudana. Izan ere, metrika eta errimaz gain, ez dugu ahaztu behar bihotza, bihotzak helarazten gaitu publikoarengana. Baina poemak ez du generorik”. Azken esaldi honekin bat egin zuten munduko beste txokoetako inprobisatzaileek, baina Lujanbiok afera konplexuagoa dela zehaztu zuen: “Ados, bertsoak ez dauka generorik, inporta duena bertso ona da. Baina esaldi horretan testuingurua falta da. Bertso ona bada inporta duena, gakoa litzateke zer den bertso ona, eta hor hasiko ginateke testuinguruarekin talkan eta galderak sortuko lirateke. Berdin entzuten diren ahots guztiak, bertsoa ematerakoan konfiantza eta sinesmen bera duten denek, ez baldin bada, nondik datorren heziketa hori… Bat-batekotasuna ezin da testuingurutik kanpo aztertu. Emakumeak emakume bezala dituen zailtasunak testuinguruari lotuta daude. Obra da inporta duena, baina norbaitek sortzen du, eta hargatik era batera jasotzen edo entzuten da”.

Uztailaren 13ko mahai-inguruan, munduko emakume inprobisatzaileek bizipenak partekatu ostean, arratsaldean, oholtza partekatu zuten. Tabakalerako saio hura ere bizipenetatik hobe aditu zitekeen, hitz hutsetatik baino.

 

Goiko eta erdiko argazkietan Tabakaleran egindako saioaren irudiak. Beheko argazkian uztailaren 13ko mahai-ingurua: Ainhoa Agirreazaldegi, Karen Owen, Maria Isabel Servera, Rebeca Limón, Yunet López, Maialen Lujanbio eta Miren Amuriza.

Zer gertatzen da bertsolaria emakumea denean?

Jone Miren Hernandezek uztailaren 13an eman zuen hitzaldia. 2008tik ari da bertsolaritza genero ikuspegitik aztertzen, eta argitaratzear du bere ikerlana. 1990eko hamarkadan hasi ziren bertsolaritza ikuspuntu horretatik aztertzen duten ikerketak agertzen, eta Hernandezek azaldu zuen denetan badela elementu komun bat: “Translazio bat egiten dutela, gizarteko genero sistemak bertsolaritzan nola islatu diren aztertzen dute”. Berak, berriz, Carmen Larrañagak 1994an egin zuen bezala, bertsolaritzaren barruko ikuspegitik aztertu ditu genero elementuak. Bertsoa abiapuntu hartuta, hiru eremu hauek seinalatu zituen:

Bertsoa marko komunikatibo gisa.

Joseba Zulaikaren kontzeptua hartu du Hernandezek oinarri: “Zulaikak aipatzen du bertsoak eremu berezi bat sortzen duela, beste marko komunikatibo bat, eta marko horretan, normalean esaten ez direnak esaten direla. Batzuetan oso jakintzat ditugun gauzak ez ditugu egunerokoan esaten, euskaldunak garela eta abar. Bertsotan bai. Gainera, bertsolariak aukera du komunitateari hitz egiteko eta komunitatearen izenean hitz egiteko (‘herriaren ahotsa’ izateko). Bertsolaria hitzaren, boterearen, kudeatzaile da marko honetan”. Jarraian, generoari lotutako galderak pausatu zituen: “Emakumeak begiratuak izateko eta begira egoteko dira sozializatuak, eta ez euren begiradaren jabe izateko. Hori arazo da kudeatzaile izateko. Bestalde, zergatik ezin du eremu komunikatibo ezohiko horrek emakume/gizon dikotomia ezabatu? Posible da bertsotan bizikleta eta behi izatea, baina generoari buruzko gauza batzuk gainditzea ez. Zergatik?”.

Bertsoa eta talde identitatea.

Marko komunikatibo berezi horretan, bertsolariak elipsiak kudeatzen dituela azaldu zuen (jakinak diren kontu horiek aipatu gabe utziz). Publikoak paper aktiboa duela gogorarazi zuen, hari dagokiola bertsolariak elipsian utzitakoa betetzea. Baina, “publikoak zer du hutsune horiek betetzeko? Tradizioa. Eta gure tradizioan emakumeak ez du hitzik izan”.

Bertsoa ikur moduan, gizarte lotura moduan.

“Bertsoa hitzen trukea da. Hitzak boterea irabazi dezan, publikoaren kontsentsua edo adostasuna lortu behar du. Zer gertatzen da bertsotan genero ikuspegia azaleratzen denean? Zer gertatzen da partekatuak ez diren emozio edo nahiak mahai-gainean jartzen direnean? Halakoetan, emakume bertsolaria sortzen diren deserosotasunen kudeatzaile da”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Emakume bertsolariak
2024-06-07 | Estitxu Eizagirre
"Emakumeen haria" ekitaldia Villabonan, ekainaren 7an
Testigantzak, murala eta bertso saioa, oihal fabriketako emakumeen lana eta bertsoarekiko lotura ezagutzeko

Oihal fabriketako emakume langileak eta bertsoa josi ditu Emakumeen haria ekimenak. Ekainaren 7an izango da Villabonan. Bertaratzen denak ezagutuko du egun Bertsozale Elkartearen egoitza den Subijana etxea iraganean oihal fabrika izan zela; entzun ahalko ditu bertan lan egin... [+]


Bertso saioetan parte hartzen duten gizon eta emakumeen proportzioa parekatzen ari da

Bertsozale Elkarteak bertso plazen eta saioen inguruan txostena argitaratu du. Bertsolari emakume eta gizonen arteko desoreka eta belaunaldiartekotasuna aztertu ditu, besteak beste.


Nerea Ibarzabal
“Bertso plaza aldatu egin da azken urteetan eta arriskua ikusten nuen finala plazako iruditik urrun geratzeko”

Irundik estomagoan zuen lantza kendu zuen Baionan markinarrak, saio borobila osatuz eta lehen postua erdietsiz.


2022-06-02 | ARGIA
Señora Sariketaren finala ekainaren 4an izango da Leitzan

Ekainaren 4an jokatuko da II. Señora Sariketako finala, Leitzan. Hauek dira kantuan arituko direnak: Amaia Iturriotz, Ane Labaka, Aner Euzkitze eta Sarai Robles sailkatu dira Hendaia eta Laudioko kanporaketetatik, eta Erika Lagoma eta Uxue Fernandez dira bigarren edizioko... [+]


2022-05-24 | ARGIA
Bizkaiko bertso munduko emakumeen* lehenengo topaketa egin dute Markina-Xemeinen

Maiatzaren 22an bertso munduko eremu eta belaunaldi ezberdinetako 60 emakume* elkartu dira Markina-Xemeinen. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak antolatu du ekimena, "elkar ezagutu, saretu eta gozatzeko" asmoz.


Eguneraketa berriak daude