Ongi etorri munduko industria kutsatzaileenetako batera: zinema

  • 1922 urtean Robert Flaherty-k Nanook of the North dokumentala estreinatu zuenean, gizakia eta ingurune naturalen arteko erlazio zaila islatu zuen, zazpigarren arteari zinema etnografikoaren ateak irekiz. Geroztik, eta azken urteetan batik bat, ohikoak dira naturaren gaia eta batez ere, gizakiak ingurumen horri egindako kaltea tratatzen dituzten ikus-entzunezkoak. Baina, zenbaterainokoa da kontzientzia ekologikoa zineman?

Jeremy Irons ‘Trashed’ filmean. Kontzientzia ekologikoa zabaltzeaz gain, filmak ekoiztean ere geroz eta garrantzitsuagoa da ingurumena zaintzea.
Jeremy Irons ‘Trashed’ filmean. Kontzientzia ekologikoa zabaltzeaz gain, filmak ekoiztean ere geroz eta garrantzitsuagoa da ingurumena zaintzea.
Pantaila aurrean

Pixar faktoriaren Wall-e film zoragarrian bi robot protagonistez gain, zeharkako hirugarren pertsonaia bat loratzen dela ohartuko zineten: zaborra. Gizakiak sorturiko kutsadurak eta zakarrak lurrean bizitzea ezinezko bihurtu duenez, planeta utzi eta hasierako egoera berreskuratzeko intentzioz, garbiketa robot batailoi bat uzten dute. Erabili, bota eta beste norbaitek gure “arazoa” konpon dezan itxaron. Ez pentsa, aurkezpen komertzialak dioen bezala, “maitasun zibernetiko bati buruzko kontakizun” sinple bat denik. Zaila iruditzen zait “umeentzat” katalogatua dagoen film bat hau baino “helduagoa” izatea.

Askoz ere tratamendu zorrotzagoa erabiliz, logikoa den bezala, dokumental ugaritan ere ikusi dugu gaia: Agnès Vardak zuzenduriko Les glaneurs et la glaneuse dokumentalean adibidez, zabor artean bilatzea prozesu zehatz kontsideratzen duten talde bat ezagutu genuen. Vardak Frantziako hiri eta landa eremuetatik bidaiatu zuen, ikusten zuen guztia kamerarekin grabatzen, bilketa horretatik bizi ziren pertsonak ezagutzeko aukera eskainiz. 2009. urteko Plastic Planet dokumentalean aldiz, mende bat baino gutxiagoko bizitzarekin, unibertsala eta ezinbestekoa bihurtu den materialaren kalteak ezagutu genituen: plastikoa. 2012an, Jeremy Irons aktore ezaguna munduko hondakin guztien efektua eta garrantzia azaltzen saiatu zen Trashed lanean. Mundu osoan barrena bidaiatu zuen, toki zoragarri baina era berean kutsatuak erakutsiz. Eta agian ezagunetarikoa: 2007. urteko An Inconvenient Truth dokumentalean, berotze globalaren arriskuen eta horren eragile nagusien berri eman zuten. Klima aldaketarena egia deserosoa omen da zenbait agintarirentzat, hortik filmaren izenburua.

Momentuz oso urrunetik ukitu duen arren, pantaila txikiak ere jorratu du gai hau. Azken urteetan Europa iparraldeko telesailetan loratzen ari den fenomeno txiki bat izan liteke horren froga: eko-telesailak. Energia berriztagarriak ardatz dituen Bedrag telesail danimarkarra adibidez. Edo Okkupert norvegiarra, orain urte batzuk zientzia fikziozko gidoi bat izan zitekeena, baina geroz eta gertuago ikusten dugun errealitatea islatzen duena. Klima aldaketaren ondorioz eta baliabide natural eskasak direla eta, norvegiarrek petrolio eta gas gehiago ez produzitzea erabaki dute. Hori dela eta, Errusiak Norvegia inbaditzen duen gertuko etorkizun batean kokatzen gaitu istorioak. Ekintza honekin, herrialdeko ustiapen osoaren kontrola eskuratu nahi dute.

Eta azkenik, sinbolismoz jositako Jordskott telesailean, etengabe ikusten ditugu Suediako kokaleku naturaletako zuhaitzak, tramaren ezinbesteko elementu bihurtuta.

Pantaila atzean

Luze hitz egin daiteke pantaila aurrean ingurumenaren gaia nola tratatu den aztertu nahi izanez gero. Baina zer gertatzen da kamera atzean? Mundu osoan eta batez ere Hollywooden egunero izaten diren milaka errodajeetan sortzen den zaborra nola kudeatzen da? Jasangarriak al dira gaur egungo grabaketak? Ze tarte okupatzen du birziklapenak?

Efektu berezietarako sortzen diren eztandak, argiztapen ikaragarriak, eraikitzen diren dekoratu eta agertoki erraldoiak… Kaliforniako UCLA unibertsitateak 2006an argitaratutako ikerketa baten arabera, bertako ingurumenean Hollywoodeko zinema eta telebista industriek, hotel, ehungintza, automobil edo aeronautika sektoreek baino eragin kaltegarriagoa dute. Petrolio industriak soilik gainditzen ditu. Urteko 140.000 tona partikula kutsakor baino gehiago sortzen ditu eta Los Angeles hirian azaltzen den smogaren arduradunen artean daude ikus-entzunezko industriak.

Aurre eta postprodukzio faseak kontuan izan gabe, edozein errodajetako ohitura txarren Top-5 bat egin dugu:

1) Diesel argi instalazio bat behar izaten dute grabaketa set guztiak argiztatzeko. Egunean 18-20 ordu egon daiteke piztuta, astean 6 egun, 5-10 astez edo gehiago.
2) Kamioi eta furgoneta ugari erabiltzen da grabaketa ekipo guztia garraiatzeko baita errodaje batean lanean dabiltzan ehunka pertsonak ere.
3) Cateringetan plastikozko ehunka edalontzi eta plater erabiltzen dira. Ur botila ugari botatzen dituzte eta horrekin batera, alferrik galtzen den ura, jendeak ez duelako errodaje guztian botila gainean alde batetik bestera ibili nahi.
4) Arte alorrean erabiltzen den material gehiena bota egiten da. Apenas dagoen berrerabilpenaren kulturarik.
5) Aro digitalean gauden arren, eta kalte hau pixkanaka murrizten ari den arren, egunero hainbat paper pakete erabiltzen da oraindik, gidoi edo sekuentzia konkretuen testuak inprimatzeko.

Adibide jasangarriak

Talde ugari mobilizatu da azken urteotan konpromiso ekologista baten alde. AEBetako elkarte zinematografikoak bultzaturiko jardunbide egokien gida edo Hollywood Goes Green ekimena sortu dira, adibidez, estudioek ingurumenarekin modu arduratsuan lan egiteko konpromisoa sendotu dezaten: hondakin guztien %65 birziklatzea, erregaiak biodieselarekin ordezkatzea, kontsumo baxuko bonbillak erabiltzea, mezu elektronikoak paperezkoengatik ordezkatzea, paper birziklatua ahalik eta gehien erabiltzea, zinema izarren hegazkin pribatuak kendu eta hegaldi konbentzionalak lehenestea, set guztiak material birziklatuekin eraikitzea…

Baina ahalegin horrez gain, benetako konpromisoa sustatu beharko lukete eta adostasun orokor bat lortu. Are gehiago mezu ekologikoa duten filmek. 2004. urteko The Day After Tomorrowekin egin zuten bezala adibidez: gehiegizko gertaera katastrofiko bat irudikatu zuten, berotze globalak lurra glaziazio egoerara bultzatuko zuela erakutsiz; eta ia 700 milioi dolarreko irabaziak izan ondoren, ekoizleek 200 milioi inguru zuhaitzak landatzeko eta beste hainbat ekintza jasangarri bultzatzeko erabili zituzten. Hori bai, errodajean sorturiko 10.000 tona karbono dioxidok eragin zituen kalteak euren kontzientzian sorturiko zurrunbiloa baretzeko neurria baino ez zen izan. Ez da horrelako zalaparta eta handikeriarik behar, txikitik eta egunerokotasunetik egin beharreko aldaketak baizik.

Askoz interesgarriagoa da 2009an Sam Mendesek zuzendu zuen Away We Go filmaren filosofia. Bizi diren herria abandonatu eta haurrarentzat leku egoki baten bila joko duen bikote baten istorioa kontatzeko asmoz errodatu zuten filma. Baina batez ere, zinema ekologikoki jasangarria eta arduratsua egin daitekeela frogatzeko. Esfortzua nahiko handia izan zen, ia mende batez zinema modu bakarrean egin baita: kutsatzen. Green Media Solutions aholkulari taldearekin batera, argiztapen guztiarentzat biodiesela erabili zuten; lan-taldea eta material guztia alde batetik bestera mugitzeko kotxe hibridoak eta bizikletak; plastikozko botilak guztiz debekatuta zeuden, aluminiozko termo berrerabilgarriak erabili zituzten horien ordez; ontziteria guztia biodegradagarria zen; dekoratuek sorturiko hondakinen %51 berrerabili eta gainerako %49 birziklatu zuten; eta materia organiko gehiena konposta egiteko erabili zuten.

Beste ekoizpen batzuetan ere esfortzu txikiak antzematen dira: HBOren Boardwalk empire telesail bikainean, adibidez, jantzi guztiak bigarren eskukoak dira eta ibilgailu guztien herena hibridoak. Meryl Streep protagonista zuen It’s Complicated filmean sobratu zen fruta eta janari guztia banatu egin zuten. Matrix errodatzen amaitu zutenean dekoratu guztiari bigarren erabilpena bilatu zioten: Mexikon bizi ziren errekurtsorik gabeko familientzat etxeak eraikitzeko erabili zituzten.

Argi dago zinema arma izan daitekeela, bozgorailua, lupa, klase sozial desberdinetako pertsonen hausnarketa bultza dezakeen komunikabide oso eraginkorra. Adibide hauek ordea, salbuespena dira eta ez araua. Tamalez, oraindik, zinemaren industria munduko kutsatzaileenetakoa dela esan behar dugu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
Laburbira hasiko da ostiralean: euskarazko zortzi film labur, 35 herritan

Apirilaren 12an egingo dute XXI. edizioaren estreinako emanaldia, Bergaran. Maiatzaren 12ra bitartean, 35 herri bisitatuko ditu euskarazko film laburren ekimenak. Berrikuntza gisara, ikusleek film labur onena hautatzeko aukera izango dute.


Ecozine jaialdiak ingurumenaren inguruko filmak ekarriko ditu datorren astean Iruñeko Golem zinemetara

Apirilaren 8tik 11ra bitartean laburmetrai eta dokumental sorta emanen da, tartean Oskar Alegriaren 'Zinzindurrunkarratz' eta Goya sariaren irabazle 'To bird or not to bird'.


Palestinari, osasun mentalari eta transexualitateari buruzko filmak ikusi ahalko dira Giza Eskubideen Zinemaldian, besteak beste

Hilaren 12tik 19ra egingo dute 21. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia, eta askotariko filmak proiektatuko dituzte: osasun mentala, Palestinaren egoera, migrazioak, lanaren etorkizuna, Ukrainako haurrak eta transexualen eskubideak izango dira zinemaldiko film eta... [+]


2024-04-05 | Euskal Irratiak
Iparraldean ere, euskararen aukera ahalbidetu du Netflixek

Martxotik Frantziako Netflix plataforman euskarazko audio eta azpitituluetako filmak ikusgai dira.


2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


Eguneraketa berriak daude