Beste lau urte korapilatsu datoz

ElEstrecho.es

Espainiako estatuko  urdin zabal horrek beltz utzi du etorkizuna, hori da hauteskunde orokor hauetatik atera daitekeen ondorio nagusia. Beltzak izan dira PPren azken lau urteak ikuspegi sozial eta aurrerakoi batetik begiratuta, eta joera bera nabarmenduko da datozen lau urteetan. Gobernu eraketarako zenbakiak korapilatsuak dira oraingoan ere Madrilen, baina bigarren itzuli honek argiago utzi ditu kontuak eta, matematikoki posible bada ere, oso gaitza da irudikatzea PPren gobernu alternatiborik.

Koalizio handiaren gobernuak ere indarra galdu du PSOEk beherantz eta PPk gorantz jarraitzen duten honetan. Emaitza logikoena da PSOE abstenitzea eta PPri Moncloako giltza uztea, honek gutxiengoan gobernatu dezan. Gehiengo osoarekin baino gaitzagoa izango zaio orain kaioari eta gai sozial askotan akaso ez da aurreko legealdian bezain basatia izango, baina oinarrizko gaietan –ekonomia, lurralde antolaketa, Europar Batasuna…– behar adinako sostengua izango du Ciudadanosen eta PSOEren aldetik.

Espainia beltz horretan bi puntu nabarmentzen dira berriz ere, Katalunia eta Hego Euskal Herria, baina hauek ere ez ohiko moduan. Nabarmentze hori beti ikuspegi abertzalekoa izan bada, oraingoan Elkarrekin Ahal Dugu (EAD) nagusitu da bietan, bihotzean Estatuaren logika daraman indar politikoa. Euskal politikaren betaurreko zaharrak ateratzen dituenak, esaterako, esango du “boto espainolista” gailendu dela; betaurreko berriek azpimarratuko dute, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen aldeko indarra dela.

Edozein modutan, Madrilen euskal ahots nagusia Elkarrekin Ahal Dugurena da, eta hori sinbolikoki kolpe esanguratsua da ahots hori bereganatu ohi duen EAJrentzat. Iragan abenduan dugu iltzatua begirada, baina ikuspegi historikotik emaitza itzela da EADrena, hain alderdi berria izanik Hego Euskal Herrian horren emaitza ikusgarriak lortzea fenomeno erabat ezohikoa baita; ezin uka, dena den, Espainian indar berriak lortutako emaitzak hemengo arrakasta iluntzen duela, logika estatalista duen indar batean normala den moduan. Eta hala ere, garaipenak erraldoia izaten jarraitzen du: EAEn lehen indarra bototan eta eserlekutan, –Bizkaian EAJren aurretik!– eta Nafarroan bigarren indarra, UPNtik gertu. 2011n inork ezingo zukeen halakorik irudikatu.

Nafarroako aldaketaren gobernua eratu ahal izateko Ahal Dugu giltzarri izan zen, eta orain bera da honen sostengu garrantzitsuena. Hala ere, aldaketaren perspektibatik, emaitzek irudi gogorrak utzi dituzte Nafarroan: abenduko emaitza berdintsuak dituzte UPN-PP, PSN eta C’s-ek (2.000 boto gehiago orain), baina aldaketaren gobernua sostengatzen duten indarrak baino 40.000 boto gehiago.

EH Bilduk ez du asko galdu erresuma zaharrean, baina eserleku bat buruan duenarentzat 3.000 boto gutxiago erdiestea etsigarria da. Zeresanik ez botoen erdia galdu duen Geroa Bairentzat; argi da ez direla hauek filosofietarako garaiak. Ados, ezin dira hauteskunde motak konparatu, baina zenbakiak hor dira, nahi diren irakurketak egiteko. Aldaketaren Gobernuari irudi latza geratu zaio: Uxue Barkos lehendakariaren alderdiak botoen %4,28 du. Ez da erraza izango bere alderdiak adinako sostengu txikia duen gobernu lehendakaririk aurkitzea.

Ezpal ugari atera daitezke hauteskunde hauetatik, baina merezi du arreta jartzea EH Bildurengan berak jarraitzen duelako izaten galtzailerik handiena. Bazuen iragan abenduko ataka larritik ateratzen hasteko esperantzarik, baina ez da halakorik izan. Ez enfoke sozial handiagoak, ez hautagai aldaketek, ez Abianek, ez Arnaldo Otegik, ezerk ez du eragotzi zulo beltzak gehiago irenstea: ostera ere 35.000 boto galdu ditu (2011n 333.000 eskuratu zituen, abenduan 219.000 eta orain 184.000). Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako botoak bestelako joera izaten du, baina ezin uka EH Bildurena moduko joera oso arriskutsua dela edozein alderdiren etorkizunarentzat.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Espainiako hauteskunde orokorrak 2016
Atutxak ukatu egin du Rajoyren inbestiduraren truke PPk Urkullu babestuko duenik

EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidenteak uste du Urkulluk “babes ezberdinekin gobernua osatzeko behar den lidergoa” lortuko duela irailaren 25eko hauteskundeetan.


PPren mehatxua: Rajoy presidente ala hirugarrenez hauteskundeak Eguberrietan

Ciudadanosek Espainiako Estatuko Kongresuan dituen 32 diputatuen babesa jasoko du Rajoyk inbestidura saioan eta aurreikusten da Coalición Canariako diputatu bakarrarena ere izango duela. Lehenengo itzulian presidente izendatzeko gehiengo osoa behar du, eta hortaz, beste... [+]


Urkulluren iritziz hirugarrenez hauteskundeak izango dira Espainiako Estatuan

EAJk Rajoyri ezetz esango diola errepikatu du lehendakariak Radio Euskadin eginiko elkarrizketan.


2016-07-10 | Igor Estankona
Liburua
Barrutik

Askatasunak leku bat hartzen dizunean egunerokoan, haren alde egin behar duzunean halabeharrez, beharrizan bihurtu dizutenean flotatzea, orduan berdin zaizu ze kartzelatan zauden, kartzela propioetan ez erortzea da garrantzitsuena: “Ez galdetu non nagoen, berriz ere./ Hemen... [+]


Diskoa
Bi kantu zirraragarri

Bi kantu entzun daitezke Joseba Irazoki eta Lagunak taldeak Madrilgo Acuarela diskoetxearekin kaleratu duen binilozko singlean. Biak oso onak, zirraragarriak.

Rock, folk, blues eta psikodelia aireak suma daitezke kantuetan, doinu iradokitzaileak. Moldaketak eta apainketak oso... [+]


Eguneraketa berriak daude