Emakumeak borrokan

1 + 1 ez da beti bi

  • Bigarren parteak ez dira oso maitatuak izaten ez zineman, ezta politikan ere. Marmotaren Egunean bezala, sarri bizi izandako egoera eskasak sortzen duen gogaitasun giroan, amaiera dramatikoa errepikatu da Espainiako Estatuan: ozenak ei ziren aldaketa ahotsak oihartzun baino ez dira ohiko diskurtsoen azpitik.

Axier Lopez @axierL
2016ko ekainaren 27a

Batzuen ilusioak eta askoren inkesta okerrek aldatu nahi zuten errealitatea gordin azaldu da: bipartidismoa indartsu dago. PP eta PSOE, biak ala biak beren langa historikoetatik askoz beherago egonik ere, ordezkatzeko alternatibarik oraindik ez da, ez eskuinetik ezta ezkerretik ere. Podemos + IU batuketa matematikoak, gehitu beharrean, beren jaitsiera apaltzeko besterik ez du lagundu.

Are kezkagarriagoa da igandean 8.000.000 lagunek gobernuburu egokiena Mariano Rajoy aukeratu izana. Murrizketa, etxegabetzeak, bankuen erreskateak, Mozal legeak, mendeku espetxe politika, LOMCE, Melillako hesiak, erabakitzeko eskubidearen ukazioa, ustelkeria orokortua, Troikarekiko mendekotasuna… PPk “lortutakoen” zerrenda luzea izanik ere, Pernandoren egia berretsi dute hauteskundeetako emaitzek: egoera gero eta okerragoa izateak izorratuago gaudela baino ez du adierazten, eta ez beste ezer. Sorpassozaleek zartakoa jaso dute.

Salbuespenen ligan, beste behin, Euskal Herria eta Katalunia buru dira. Madrilen egositako hauteskundeetarako formulak “periferian” baino ez du garaipena ezagutu. Hegoaldeko kataluniarrek eta euskal herritarrek desberdin bozkatzen dutela argi utzi dute eta bi herrietan Podemosen inguruan sortutako koalizioak –Katalunian Ada Colauk gorpuzten duen En Comú Podem– lortu ditu boz gehien. Independentismoak ezkerrerantz egiten jarraitzen du; JxSí koalizioaren itzalak honezkero ezin du hori ezkutatu eta ERCk berriz gora egin izanak agerian utzi du Artur Masen alderdia egun ez dela independentismoaren erreferentzia nagusia. Esanguratsua da Ciudadanosek bere sorterrian babes handia galdu izana, noren eta Fernandez Diaz barne ministroaren alderdiaren mesedetan, filtrazioek katalanen interesen aurka jukutrian harrapatu arren.

Gainerako lurralde guztietan urdina da jaun eta gabe. Horren erakusgarri Valentzia eta Galizia. Abenduko hauteskundeetan ilusio berezia piztu zuten PPren gotorlekurik gotorrenetan ezkerreko indarren batuketak lortutako emaitzek. Baina ustelkeria kasuek jositako Rita Barberaren alderdiak ia 80.000 boz irabazi ditu Valentzian; eta Galizian gora egin duten bakarrak popularrak izan dira. Andaluzian, sozialisten “kortijo pribatuan” ere irabazle atera dira popularrak.

Gobernu berria osatzeko panorama atzo bezain korapilatsua da gaur, baina aldaketa ahotsei ura sudur azpira igoarazi die marea urdinak. Mariano Rajoyri Moncloan bizitzen jarraitzea baimenduko liokeen PSOEren abstentzioak, “Espainiako egonkortasunaren izenean”, txartel asko eskuratu baititu.

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Espainiako hauteskunde orokorrak 2016 kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude