Artista baten galderak mitin baten erdian

  • Honezkero zaila zaigu artistarik gabeko ekitaldi politikorik irudikatzen. Ohiko mitinetatik ihesi, azken urte luzeetan klase guztietako artistei deitu zaie mezu politikoren baten aldeko edo aurkako jaialdietan beren ekarpena egin dezaten, publikoaren emozioa jomugan. Baina nolako testuingurua da ekitaldi bat jardun artistikorako? Ze arrisku ditu entzulearen emozioa aldez aurretik bilatzeak? Zer da artista konprometitu bat? Gai horiez eta beste batzuez aritu gara Ines Osinagarekin eta Hedoi Etxarterekin.

Hainbat artistak parte hartu zuen aurtengo martxoan Elgoibarren Arnaldo Otegiren ongi etorrian. Euskal Herrian ohikoa da sortzaileek ekitaldi politikoetan parte hartzea baina, formatuak ez al du birpentsatzea eskatzen?
Hainbat artistak parte hartu zuen aurtengo martxoan Elgoibarren Arnaldo Otegiren ongi etorrian. Euskal Herrian ohikoa da sortzaileek ekitaldi politikoetan parte hartzea baina, formatuak ez al du birpentsatzea eskatzen?Argazkia: Dani Blanco

“Ekitaldi politikoek igandetako meza nagusiaren antza handiegia izaten dute askotan”. Ines Osinagak dio hori, ez behin eta ez bitan halakoetan parte hartu izan duenak. Zentzuzko konparazioa, pentsatzen du batek, biak dira, gutxi asko, komunitate baten uste eta sinesmenak indartzeko tokiak. Erraz irudika daiteke: fededunak pulpitura adi, handik datozen kantu, espitx eta argibideak jarraituz. Jo txalo orain, kantatu orain, oihu egin orain, emozionatu orain, eta amaitzean, denak altxa eta etxera, irribarretsu, halako arindu sentsazio batekin, bagara zer, bagara nor, ahaztuxea geneukan hona sartu aurretik baina hartu dugu nahikoa autoestima dosi beste puska batean burua tente ibiltzeko. Oraindik ere, inguru hauetan, ezer izatekotan, identitate autoafirmaziorako tokiak baitira ekitaldi politiko gehienak. Eta hala behar dute agian. Espektakuluaren garaiotan, boteprontoan, mezu politikoekin gehiengoak konbentzitzeko aproposagoak dirudite beste bide batzuek –sare sozialek edota telebistako debateek adibidez–. Gertatzen da, ordea, ekitaldietan “zeureentzat” ari zarela jakitun bertan goxo jarduten baduzu, deus birpentsatu gabe, betiko iruditeria erreproduzituz, arriskua daukazula honezkero fededuntzat zeneuzkan batzuk galtzen hasteko.

Ematen du azken aldi luzean badela formula bat antolatzaileei sistematikoki bururatzen zaiena, izan baliabide gutxiko ekitaldietarako, izan azpiegitura erraldoiekin egiten direnetarako: klase guztietako artistak gonbidatzea, bertsolariak eta musikariak nagusiki, baina baita poetak, idazleak edota dantzariak ere. Orduan sortzen dira galderak: zein toki dute artistok ekitaldi politikoetan? Beren kabuz aritzeko askatasun osoa daukate, edo aurrez ezarritako funtzio bat betetzera mugatzen dira? Itxura batean, behintzat, aipatu testuinguruak ez du aproposena ematen deus artistikoki interesgarririk sortzeko, baldin eta artea ulertzen bada printzipio, balio edota usteak zalantzan jarraraziko dizkizun ekintza bezala. Beraz, zertarako deitzen zaie artistei? Zer bilatzen da haiengan?

Ines Osinaga:
“Fronte gehiegi dauzkagu irekita eta horien alde aurpegia emateak balioa izango badu,
ezin gara erre”


Bada pentsatzen duenik sobera gogoetatu gabeko galderak direla, eta, besterik gabe, inertzia nagusitu dela. Halako zerbait aipatzen zuen Asier Azpiroz bertsolariak Bertso marionetak izeneko artikulu batean: zenbait ekitalditan kantatzerakoan soberan sentitu izan dela, eta bera ez balego berdintsu edo are hobe litzatekeela. “(Ekitaldiaren) mezuarekin bat egin arren, talde baten doinu eta errimadun mezu panfletarioa botatzeak, halako hozkirri bat eragin zidan bizkarrezurrean behera”, zioen Azpirozek, aldi berean galdetuz: “Beharrezkoa al da toki guztietan bertsoa egotea? Bertsoari berari ez al dio kalte latza egiten?”. Ekitaldien antolatzaileei minutu batez gaiaz gogoetatzeko eskatzen zien artikuluan. Musikariekin antzerako zerbait gertatzen dela uste du Osinagak: “Herri honetan txanpinoi bat jartzen badugu herriko plazan, kantu bat egiten diogu. Badirudi sinetsita gaudela kantuek badutela halako mobilizazio gaitasun bat defendatu nahi dugun kausa hori mundu osora zabaltzeko, jende guztiak izango duela haren berri… Eta susmoa daukat alderantziz ez ote den”.

Igaro dira bi urte Azpirozen artikulu hartatik, ekitaldigintzak aurrera darrai eta oraindik ere masiboki deitzen zaie artistei, betiko mitin zurrunei kolore pixka bat eman diezaioten, mikrofonoko arrazoi zurrunak aski ez eta publikoa modu irrazionalago batean beregana dezaten; funtsean, entzulearen enpatia bilatuko duen osagaia jartzeko: emozioa. Ez da kontu berria. Hedoi Etxartek gogoratzen du XX. mendeko arte ekoizpen kritikoaren eztabaiden ardatzetako bat izan zela emozioarena. Stanislavski versus Brecht. “Jendea iritziz aldatuko dugu enpatiaren bidez ala arrazoiaren bidez? Ze gutasun sortzen da batean eta ze gutasun bestean? Ez badugu norbaitekiko enpatia ez delako gure antzekoa ez dugu bere alde borroka egin behar?”.

“Ekitaldi politikoetan aritzeari baiezkoa emateak gehiago du konpromiso politikotik artistikotik baino”

Baina emozioa aldez aurretik bilatzea oso arriskutsua izan daiteke artistikoki, oholtzan nagusitu ohi den jardunak zerikusi handiagoa izaten baitu museoko kulturarekin sorkuntzarekin baino. Azken batean, komunitate oso bat emozionatu nahi duenak derrigor jo behar du komunitate horrek elkarbanatzen dituen erreferentzietara, ondare hori erabili behar du eraginkorra izango den modu batean, eta bukatzen du egiten egin litekeen akatsik larrienetako bat: politikoki eraldatzailea den mezu bati laguntzeko artistikoki oso kontserbadorea den artefaktu bat sortzea.  

Artista eta pertsona

Zer igarotzen da artistaren burutik ekitaldi politiko batean parte hartzeko gonbita jasotzen duenean? Etxartek, Leninen eskolaren jarraitzaile deklaratuak, artista iraultzarako torloju eta gurpiltxo gisara ulertzen du, eta, halakoetan, bere buruari galdetzen dio: “Ze ekarpen egin dezaket jada mobilizazio horretan ari direnek egin ez dutena baina bertan behar duena? Nola izan ahalik eta ulergarriena? Bada lekua formatu horretan egoten ez den berrikuntza estetikorik sartzeko protagonismorik bilatu gabe?”. Osinagak, ostera, bi plano desberdinetan ulertzen ditu pertsona eta artista. Eta, beraz, bereizi egiten ditu pertsonalki babesten dituen kausak eta artistikoki babesten dituenak. “Bada denbora bat erabaki nuela publikoki gai batzuen alde agertzea, eta beste batzuen alde ez. Ez alde ez nagoelako, alde agertu nahi ez dudalako baizik. Herri honetan kolore askotako kamisetak jantzi ditugu: laranja, berdea, urdina, morea… Fronte desberdin gehiegi dauzkagu irekita. Eta horien alde aurpegia ematean, aurpegi horrek balioa izango badu, ezin dugu erre”.

Hedoi Etxarte:
“Badago eszena zombie bat punk-rockari eta skari lotutakoa: erreakzionarioa da forma musikaletan, hitzetan eta erritualetan”

Presoen eskubideak eta feminismoa. Horra Osinagak ia sekula ezezkorik ematen ez dien bi gai. Bada denbora bat erabaki zuela gai horien alde bustitzea, eta beste batzuen alde ez. “Horrelakotan, baiezkoa emateak gehiago du konpromiso politikotik artistikotik baino. Gertatzen dena da eskaparatean jartzen duguna gure ni artistiko hori dela, eta askotan ni artistiko horrek bukatzen duela egiten inoiz egingo ez lituzkeenak, ni politiko horren izenean”. Gainera, gehienetan, kantatzea ez beste edozertarako deitu izan diotela gogoratu du: bideo bat grabatzeko, testu bat irakurtzeko, ezer esan gabe prentsaurrekoko argazkian ateratzeko, kontzertuan kamiseta janzteko, kontzertuaren erdian mikrofonotik hitz batzuk esateko… gero, tartean behin, ekitaldietan kanturen bat jotzeko, eta, azkenik, kasurik onenetan, bere kantu bat talde osoarekin batera jotzeko. “Beti esan izan dut mikrofonoa dela gure arma gauzak kontatzeko eta aldatzen saiatzeko. Baina horrelakoetan behin eta berriz, zera sentitzen dut: nik musikari izan nahi nuen!”. Kontraesan handiz bizi du musikariaren eta pertsonaren arteko talka. “Pentsatu izan dut artistikoki garesti ordaindu dudala horrelako ekitaldietan gehiegitan parte hartu izana, baina barruak hala eskatu izan didalako egin dut. Musikari izatea gauza bat delako, eta musikari izatea Euskal Herrian beste bat. Eta are gehiago: emakume musikari izatea Euskal Herrian beste zerbait diferentea”.

Konpromisoaren ertzak

Esaera berriak dio: “Hasten da artista konprometitu bat ekitaldi politikoz ekitaldi politiko, eta amaitzen du ez artista eta ez konprometitu izaten”. Ez da, noski, baieztapen serio bat, baina balio dezake uste batzuk auzitan jartzeko. Esaterako, zergatik den hain atzerakoia, salbuespenak salbuespen, egun ekitaldi politiko nagusien inguruan mugitzen den musika eszena. Etxartek aipatzen du joera bat: “Badago eszena zombie bat punk-rockari eta skari lotutakoa, revivalean bizi dena, eta ez dena soilik kontserbadorea, zuzenean erreakzionarioa da: forma musikaletan, hitzetan eta erritualean”. Izan daiteke, agian, konpromisoa ulertzen delako oso modu hertsian, batez ere ekitaldietan parte hartzeari edota lelo esplizituak kantatzeari lotua. Bururatzen zaizkio, hala ere, beste modu batera beren jardunean politika zuztarretaraino daramaten artista batzuk: Maialen Lujanbio Euskadi Irratian edo Unai Iturriaga Jakinen, adibidez. Edo haien jardun musikala zentzu sakoneko politikaz bete dutenak: Broken Brothers Brass Band taldeak kasu, “komunitatea inplikatuz, erritmo eta harmonia sofistikatuekin, letra garratzekin”. Badira, orobat, haren ustez, ekoizpen bideak politizatu dituztenak “Bidehutsekoek edo Kerobiak bezala: lizentzien eta banaketen bidez”. Edo soinu banda eta Think Tank izan direnak, “Negu Gorriak eta Fermin Muguruza edo La Polla Records bezala”.

“Jendea iritziz aldatuko dugu enpatiaren bidez ala arrazoiaren bidez? Ze gutasun sortzen da batean eta ze gutasun bestean?”

Ekitaldigintza inguruko eszena kontserbadore hori azalduko lukeen beste arrazoi posible bat: hainbat artistak ikusgarritasuna bilatzeko erabiltzen dituztela toki horiek. Neurri batean, hor agertzeak balio diela beren burua plazan kokatzeko, “hemen nago” oihukatzeko, eta, bide batez, urtean zehar plaza gehiago ziurtatzeko. Ez da paradoxa berria: kausa kolektiboen aldeko ekitaldietan parte hartuz egitea norberaren interesen alde. Osinagak sarritan pentsatu izan du gaiaz: “Urtean egiten ditugun kontzertuetatik zenbat dira atzean inongo pankartarik ez dutenak? Eta zenbaterainoko mobilizazio gaitasuna daukate? Musikariok zenbat jenderaino hel gaitezke inongo testuinguru militanterik gabe?”. Eta, azken bat: “Ekitaldi politikoek behar dituzte artistak ala Euskal Herriko eszenak behar du atzean pankarta?”.

Martxa eta borroka ezin dira bereizi garai berriotan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Politika kulturalak
Bizkaiko Diputazioak abiatu du Urdaibaiko Guggenheimarentzat lursailak erosteko prozesua

Muruetan 32.000 metro karratu erosteko asmo dauka Bizkaiko Diputazioak, besteak beste Urdaibain Guggenheim museoa eraikitzeko.


2024-02-28 | ARGIA
Urdaibaiko Guggenheim proiektuaren aurkako ekimenak ez dira eten

Urdaibaiko Guggenheimen proiektua bi urtez etengo dutela iragarri zuten urtarrilean Lakuak eta Bizkaiko Aldundiak, baina museoa eraiki ez dadin borrokan jarraitzen dute ekintzaileek. Futuro Vegetal aktibista klimatikoen azken ekintza eta Guernica Gernikara taldeak antolatu duen... [+]


Ogi-apurrak Afrika espoliatuarentzat

Ghana, 1823. Ashanti Inperioaren eta britainiarren arteko lehen gerra hasi zen. Guztira lau gerra izan ziren bien artean, eta gatazka 1901 arte luzatu zen. Lehenago, europarrek herrialdeko Urrezko Kosta kontrolatzen zuten. Baina 1807ko esklabotzaren abolizioaren ondorioz,... [+]


Donostiaren Kontenedora
Sorkuntzari trabak, kultur hirian

Donostiako Amara auzoan dagoen Kontenedora sorkuntza espazioak ez du estreinako urterik onena izan: bederatzi hilabetez itxita egon da, burokraziaren katramiletan harrapatuta. Udalak ezarritako trabak azaldu dituzte. Abokatu eta arkitekto artean aritu ostean, baina, badirudi... [+]


Eguneraketa berriak daude