Kubako Pinar del Río probintziako Viñales herrian Ventana al Valle proiektu soziokultural komunitarioa jarri zuten abian 2010ean, bertako kultura adierazpen jatorrei duintasuna eta bultzada emateko xedez. Proiektuak lagun ugari ditu gurean; horiek antolatu dute Ireki Leihoa Kubari jaialdia Gernikako Astran, ekainaren 10 eta 11n, Ventana al Valle ezagutzera emateko eta laguntza biltzeko asmoz.
Viñaleseko harana Gizateriaren Kultura Paisaia izendatu zuen UNESCOk 1999an. Paisaia horren ezaugarririk behinena harana inguratzen duten mogote izeneko kareharrizko muino biribilduak dira. Baina geologiaz harago, bertan bizi direnek garatutako kultura da kultura paisaia, ingurunearen eta gizakiaren arteko elkarrekintza. Adibidez, jendeen eta lurraren arteko harremanetatik sortu zen tabakoaren kultura Kuban, eta azken 200 urteotan garatu da Viñalesen, munduko tabakorik onenetakoa ematen duen Vueltabajo eskualdean. Hori bezala kolonizaziotik aurrera garatutako beste hainbat adierazpen sinkretiko eta jator aurkituko ditugu Viñalesen: yoruba eta kreole dantzak, dezimismoa eta repentismoa, ahozko literatura eta beste asko, kubania esaten dioten izaera ukiezin hori osatzen dutenak.
2010ean aurkeztu zuten Ventana al Valle proiektua, eskualdeko eta Kubako kultura nortasunaren ezaugarririk behinenak sustatzeko helburuz
Viñaleseko gizarte txikian aldaketa handiak izan dira azken urteotan, irla osoan bezala, baina bertan berriagoak dira eta azkarrago ari dira gertatzen aldaketok. Duela gutxi arte, erabat nekazaritzari emana zen Kubako mendebaldeko herri hau, guajiroa, hangoen izendapena hartuta. Turismoak, berriz, goraldia ekarri dio herriko ekonomiari, baina nagusiki ostatatzearen inguruan eta zerbitzuen arloan dihardutenei eman dizkie dibisak, eta biztanleen arteko ezberdintasun ekonomikoak areagotu dira. Kulturari dagokionez, Ventana al Valle proiektuko kide Miguel Angel Díaz Catalá idazlearen esanetan, “zenbait kultura-kontsumo ohitura arrotz nagusitu dira, herriko kultura tradizional eta herritarrarekin zerikusirik ez dutenak, eta nagusiki turismoaren bidez sartzen ari dira”.
Bestalde, AEBekiko harremanak normaltzearen eta irlan egon diren lege aldaketen ondorioz, turismoaren igoera handia aurreikusten da datozen urteotarako: “Kuba gero eta sartuago dago mundu globalizatuan, eta turismoak gero eta leku handiagoa du Viñaleseko bizitza sozial eta ekonomikoan”, uste du Díaz Catalák.
Kubaren nortasuna sustatzeko leihoa
Eragin horiez kezkatutako kultura eragile batzuk biltzen hasi ziren, horien artean Díaz bera, Daysee Amador irakaslea eta Ricardo Alvarez historialaria, eta 2010ean Ventana al Valle proiektu komunitarioa aurkeztu zuten, eskualdeko eta Kubako kultura nortasunaren ezaugarririk behinenak zaintzeko eta sustatzeko helburuz, belaunaldi berrietarako transmisioan arreta handia jarrita. Proiektuak harrera ona izan du herrian, eta jende asko ari da esku hartzen. Dantza eta antzerki taldeak antolatu dituzte, baita musika, repentismoa, historia eta pintura lantegiak ere. Emanaldi ugari egin dute inguruetan Arison eta Arichiqui dantza taldeekin eta hainbat sari jaso dituzte, azkenetakoa Kuba osoko Iraultzaren Defentsarako Batzordeek (CDR) emana. “Auzoko gauak” izeneko emanaldi ugari egin ohi dute eta horien berri ematen dute ventanaalvalle.org webgunean eta Facebooken.
Baina proiektuak hazi egin nahi du, eta orain kulturgune bat eraiki nahian ari dira, beharrezkotzat baitute sortzaileek euren lanak agertuko duten ranchón edo antzoki modukoa. Duela urtebete hasi ziren lanak, hainbat oztopo burokratiko gaindituta. Agertokia, aldagelak, grabaketa estudioa eta beste azpiegitura batzuk izango dituen eraikina altxatzen ari dira, baina sarri lanak gelditu egiten dira, material edo diru faltagatik. “Tokiko administrazioak, egun, hezkuntza, osasuna eta etxebizitza lehentasunezkoak izanik, ezin dio proiektuari dirurik eman, baina beste laguntza mota batzuk ematen dizkigu eta haren onarpena dugu”, azaldu du Díaz Catalák.
Turismoak goraldia ekarri dio Viñaleseko ekonomiari, baina nagusiki zerbitzuen arloan dihardutenei eman dizkie dibisak, eta biztanleen arteko arteko ezberdintasun ekonomikoak areagotu egin dira
Beren burua finantzatzeko asmoz, gela bat prestatu dute turistak hartzeko. Etxe pribatu baimenduetan egiten da ostatatzearen zati handi bat Kuban, eta horrek, turistei herritarrak hobeto ezagutzeko aukera emateaz gain, irabaziak sozializatzen ditu hein batean. Ventana al Valleren kasuan, turismoaren ondorio txarra –ezberdintasunak sortzea– kendu eta komunitatearentzako onura bihurtzen da. Bigarren gela bat gaitzeko lanean dabiltza eta udarako prest izango dute. Hala ere, hori eraikuntza ordaintzeko nahikoa ez eta Euskal Herriko lagun batzuk antolatu egin dira proiektuari elkartasuna bideratzeko, irlan bizi diren zenbait euskaldunen laguntzarekin.
Euskal Herriarekin lotura
Kanpoko bisitari ugari igaro da azken urteotan Ventana al Valle proiektutik, horietako asko euskaldunak. Euskal Herrian bizitzen egona da Díaz Catalá, eta hortik etorri zitzaion hastapenetako harremana euskaldunekin. Gerora proiektuaren berri ematen aritu da eta urtero euskaldun ugarik bisitatzen du. Izan ere, kubania-ren funts jator, ukiezin eta batzuetan zehaztugabe horien bila hurbiltzen dira bisitarietako batzuk Viñalesera, eta proiektuan aurkitzen dute Kuba osoan gero eta atzematen zailagoa den espiritua, sorkuntza giro irekian.
Euskaldunek konplizitate berezia sumatzen dute hasieratik Ventana al Vallen, irlako beste leku askotan ez bezala, han jendeak Euskal Herriaren berri baitu. “Familia giroa da, beharrizan kulturalak oso antzekoak dira munduko bazter guztietan, baina han oso inplikatuta ikusi dugu jende asko. Leku fisikoa oraindik lortu gabe ere, proiektua hain bizirik egoteak harritu ninduen”, dio iaz han egondako Naroa Idoiaga gernikarrak. “Beste asko bezala, bizpahiru egun emateko asmoz hurbildu ginen Viñalesera, eta proiektua ezagututa astebete baino gehiago geratu ginen”.
‘Kubania’-ren funts ukiezin horien bila hurbiltzen dira bisitari batzuk Viñalesera, eta Ventana al Vallen aurkitzen dute Kuba osoan gero eta atzematen zailagoa den espiritua
Euskal kudeaketa taldeak hainbat ekintza antolatu ditu egitasmoa ezagutarazi eta harentzako laguntza biltzeko: erakusketak, hitzaldiak, azoketan materiala saltzea… Amparo Loizaga da talde horretako arima, eta pasioz mintzo da proiektuaren inguruan: “Maitemindu ninduen jende hauek beren identitatea bertokoen zein bisitarien artean aldarrikatu eta zabaltzeko duten grinak; Euskal Herriak ere, desberdintasunak gorabehera, horrelako aldarrikapena egin du eta harro gaude gure kulturaz”, dio Loizagak. Bertakoek bertakoentzat egindako proiektua da Viñalesekoa, baina kulturen arteko topagunea ere bada, Loizagak dioenez: “Txalapartari edo bertsolariak badoaz, bertan aritu behar dute, hangoekin batera, hartu eta emateko lekua baita”.
Iragan urtean Gernikako Astra kultura fabrikako lagun batzuk izan ziren Ventana al Vallen, eta hortik sortu zen Ireki Leihoa Kubari jaialdiaren bigarren edizioa bertan egiteko ideia. Aurrekoa Abadiñoko gaztetxean egin zen 2014ko azaroan.
Astrako jaialdia ekainaren 10 eta 11n egingo da. Lehenbiziko egunean elikadura burujabetzaz jardungo dute EHNE Bizkaiako eta Allende Salazar ikastetxeko kideek. Ondoren, Andoni Egañak, Xabi Payak eta Jon Martinek repentismoa izango dute hizpide –eta bertsotarako gai–, Josu Goikoetxea gai jartzaile lanetan dela.
Ekainaren 11ko egitaraua Euskadi-Kuba elkarteak antolatutako Zer ari da gertatzen Kuban? hitzaldiarekin hasiko da. Arratsaldean, berriz, Ventana al Valle proiektua aurkeztuko dute, eta bien tartean elkartasun bazkaria egingo da. Horrez gain, dantza eta musikari lotutako hainbat ekitaldi izango dira bi egunetan zehar.
Bestalde, ekainaren 18ra arte Kubari eta Ventana al Valleri buruzko erakusketa izango da zabalik Astrako lehenengo solairuan.
Bilbok berriro ere zinema konprometituaren epizentro bihurtuko da urriaren 16tik 23ra, Film Sozialak Zinema Ikusezina Nazioarteko Jaialdiaren 17. edizioarekin.
Bosgarren edizioa ospatuko dute ostiral eta larunbat honetan. Gaur eskolen eta profesionalen eguna izanen da eta publiko zabalagoari irekiko dizkiete ateak bihar. Euskara hutsezko azoka horren baitan, hamahiru euskal argitaletxe eta 60 bat animazio topatuko ditu bertaratzen den... [+]
Ahanzturaren leizea
Paco Roca eta Rodrigo Terrasa
Itzultzailea: Bego Montorio
Astiberri, 2024
------------------------------------
Zer gertatzen da Ahanzturaren leizea Txiki eta Otaegiri buruzko polemika betean irakurtzen denean? Guri iruditu zaigu ez dagoela momentu... [+]
Lohi Ensemble
Non: Montehermoso Kulturunean
Noiz: Irailaren 28an
-------------------------------
Igande arrats goibel eta hotz batez izan nuen, lehen aldiz, Lohi Ensembleren berri. Arabako musika eszena autogestionatuaz hitz egiteko Larraitzek jende jator pila bat... [+]
Bidasoako erraldoi eta buruhandien kalejira eta dantza ostean aurkeztuko dute Adur Larrea eta Gorka Bereziartuak Abentura erraldoia. Hegan liburua Irunen, urriaren 18an (larunbata), 17:30ean.
Naxker, Fermin Muguruza eta Bloñ musika taldeek, besteak beste, bat egin dute Musikariak Palestinarekin plataformak abiatutako Spotify-ren aurkako ekimenarekin. Hain justu, musika erreproduzitzeko aplikazio erraldoiaren jabe nagusiari, Daniel Ek-eik, egozten zaio Israelek... [+]
Gaua egiten denean, eraikin asko ipurtargi bilakatzen dira hormigoizko basoan. Egunez ezkutuan gorde duten barnealdea eszena pusketetan voyeaur begibistara agertzen dira, argiztapen artifizialaren magia bitarteko. Gaueko auto zein oinezko paseoetan lurraldea eta eraikinak... [+]
Eskoziako Highlandseko Eilean Donan gazteluan, XIII. mendeko orrazi bat aurkitu dute, ilea zehaztasunez banatu eta orrazkera elaboratuak egiteko erabiltzen zuten gravoir bat.
Baina aurkikuntzaren garrantzia ez datza piezaren funtzioan, dekorazioan baizik: kirtenean emakume... [+]
Elkarrekin esnatzeko ordua (Susa, 2016) Kirmen Uriberen nobelan oinarrituta, Karmele pelikula zine aretoetan estreinatzear da Asier Altuna (Bergara, 1969). Lehen lurreratzea Donostiako Zinemaldian izan du, eta bertako ateak ireki orduko eman dio elkarrizketa ARGIAri, goizean... [+]
Neskenegun arratsan Lurdes Iriondo pastorala Sohüta Hokin aurkezturik izan da herritarrei. Herriko gela gainezka zen eta kargudun ezberdinen hitz hartzeen ondotik herritar bakotxak bere izena eman du izan arizale ala laguntzaile izaiteko.
Emakumeak plazak hartzen hasi direnean herri askotan mutilak desagertzen hasi dira. 10-15 urteren buruan gizonek bakarrik dantzatzen zituzten dantzak ia emakumeek soilik osatutako dantzari taldearen esku gelditu dira. Badirudi gizonezkoei plaza emakumeekin konpartitzea ez zaiela... [+]
Azaroaren 1ean Agoitzen jokatuko den finalaurrekorako txartel zuzena eskuratu du Etxarri Aranatzeko bertsolariak. 120 bat bertsozale bildu dira Aurizko Kultur Etxean, txapelketako lehen saioa bertatik bertara jarraitzeko.