Ezpatak zorrotz, oasi bat eraikitzeko

Leire Ikaran

2025eko abenduaren 12an - 13:18
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Elkartasun jaialdia
Taldeak: Olaia Inziarte, Zaaf eta Tatxers.
Non: Orioko Etxeluze Gaztetxean.
Noiz: Azaroaren 29an.

-----------------------------------------------------

Honela dio Tatxersen kantu batek: “Merezi duzuna/ oasi bat hiri erdian/ Merezi duzuna lore etxea/ oasi bat lore etxea”. Nork ez du nahi etxe bat, lorez eta landarez beteta, eguzki izpiak sartzen diren horietakoa. Baina zein zaila den horrelako babesleku bat gaur egun, are gehiago hiri baten erdian. Zaila da, sinpleki, lotarako aterpe bat izatea. Egun gutxi dira Martuteneko (Donostia) Agustindarren Institutua izandakotik ehun pertsonatik gora kaleratu dituela Espainiako Poliziak, atxiloketak tarteko, nola ez. Etxebizitzaren problematikaren eta instituzioen utzikeriaren aurrean, auzolanetik eragiten diharduten hainbat talde eta ekimen daude. Tartean dago Saretxe Etxebizitza Sindikatua, eta gaur, Orion, Elkartasun jaialdia antolatu dute.  

Iritsi garenerako Olaia Inziarteren kontzertua hasia zegoen. Azken ilaratik entzun dugu, zeren ikusi, ez dugu ezer ikusi. Laurehun bat lagun izango ginen begira, eta segur aski erdiak aho batez abesten aritu dira kanta guztiak. Bakarrik egonda ere, eszenatokia betetzeko duen gaitasunak harritu nau. Bere presentzia hutsa nahikoa da intentsitatearen zurrunbiloan sartzeko.

Azelerazio dosia gehitu zaio gauari Zaaf-en txanda heldu denean. Herriko taldearen bigarren kontzertua bada ere, nabari da taldekideak eroso ari direla publiko aurrean. Gitarren distortsioak eta oihu zakarrek hartu dute gaztetxea, kontzertuak iraun duen ordu erdian. Kaleratu berri duten Ihesaldiko Bakarrizketak (2025) diskoa osorik jo, eta Lysistrataren Asylum abestia ekarri dute eurenera. Gitarrista baten faltan, kontzertu txukuna jo dute oriotarrek. 

Tatxersen txanda iritsi da, eta hirukoa oholtzaratu aurretik, lehen ilarak beteak daude, nabari da jendea honen zain zegoela. Audio luze bat kantuarekin hastea nahikoa izan da publikoa mugimenduan jartzeko. Ostean etorri da Bihotz Motel. Entzun genuen lehen alditik lau urte pasatu diren arren, ez dugu letra ahaztu. Izan ere, Tatxersekoek oso ondo egiten duten gauza bat bada himnoak sortu eta melodia itsaskorrekin batzea. Azken diskoan, gainera, soinuan beste salto bat egin dutela iruditzen zait: Oi! musikatik aldendu dira, sintetizadoreek lekua hartzeko. Aukera baduzue, entzun diskoa hasieratik amaierara, musikatik harago, fantasiaz betetako mundu batean barneratu nahi baikaitutaldeak: ezpatak, munstroak, gudak, erorketak eta sekretuak. 

Oasi bat jo ostean etorri dira Goizean Oskorri eta Etsaiak Agurtzen. Hala, hasi diren maneran bukatu dute kontzertua, himno bat bestearen atzetik, guztiok, guda dantza batean bezala, hau abesten amaitzeko: “Tiro egin didaten horien bala denak gordeta dauzkat/ Ez legoke gaizki denak urtzea ezpata bat egiteko/ Ezpata zorrotz bat/ Edozein bala bitan ebakiko luke.” Agian, hitz horiek hartuta, gogoan hartu dezakegu gaurkoa ez dela festa hutsa eta putre forma hartzen duten munstro handi horien aurrean ezpatak zorrotz izan behar ditugula. Etsaiak ez diolako inoiz utzi irabazteari, baina besteok ere ez antolatzeari; eta ezpatak goian ditugula agurtuko dugu etsaia, hemen jarraitzen dugula erakusteko.


Eguneraketa berriak daude