Fermin Muguruzak 40 urteko musika ibilbidea ospatu du urte osoko nazioarteko birarekin. Orotara 49 kontzertu eman ditu, erraz esaten da, Euskal Herrian –aipamen berezia merezi du bete zuen Donostiako Anoetak– eta nazioartean. Orain, lana borobiltzeko, Madrilen otsailaren 15ean eman zuen kontzertuaren zuzenekoa argitaratu du binilo hirukoitzean, CD bikoitzean eta formatu digitalean: Akelarre antifaxista (Talka Records & Films / Elkar, 2025). 39 kantuko lan mardula da, bere kontzertuetan sortu duen giro indartsua ederki islatzen duena, kasu honetan “piztiaren bihotzean” 15.000 pertsonaren aurrean emandako kontzertu beroa.
Honela aurkeztu du diskoa Muguruzak: “Hainbeste urtez zentsura, jazarpena eta ate itxiak jasan ondoren, beharrezkoa zen Madrilera itzuli eta kontzertu hau grabatzea, zirkulu bat ixteko modu bat izan da. Espazio hori bera askatasunaren, musikaren eta duintasunaren akelarre bihurtzea justizia poetikoaren, ekintza eta kulturaren iraunkortasunaren sinbolo izan zen. Maitasun eta erresistentzia oihua da disko hau. Madril, maite zaitut, eta barrikadan elkar ikusiko dugu 03:00etan”.
Muguruzak hamarkadetan landu duen komunitate artistikoaren aniztasuna jasota geratu da Akelarre Antifaxista lanean. Gau hartan oholtzara igo ziren ondorengo lagunak: 2003an eta 2004an bere birako kidea izandako Begoña Bang-Matu madrildar-ginearra Down to the river to pray eta Black is Beltza abestietan, Tremenda Jauría taldea Nicaragua Sandinista abestian, Non Servium taldeko Karlitos Animal Zu Atrapatu Arte abestian, Itziar Ituño Sarri Sarri-n, Kuma eta Kristel Radio Rahim abestian eta Watani Dabke group talde palestinarra Yallah yallah Ramalah abestian. Jon Maiak gaztelaniaz bota zuen bertsoa ere entzun daiteke.
Kortatu eta Negu Gorriak taldeekin hasi, bakarka gero, zineman egindako sartu-irtenekin segi eta nazioarteko birarekin bukatu, Muguruzak etengabe erakusten du arma, aterpe eta festa izan daitekeela musika. Intsumisioaren eta alaitasunaren lau hamarkadako soinu-banda da album hau, bide batez esateko, ez dagoena Spotify plataforman, sionisten konplize izateagatik plataforma honi deitutako boikot kanpainarekin bat egin duelako Muguruzak. Bandcampen entzun daiteke, besteren artean.
Kortaturenak: Hay algo aquí que va mal, La Línea del Frente, Desmond Tutu, A la calle, La Familia Iskariote, Nicaragua Sandinista, After-Boltxebike, Etxerat, Zu atrapatu arte, El último ska (CD eta formatu digitalean soilik), Sarri, Sarri.
Negu Gorriakenak: Bizitza zein laburra den, Aiako Txikito, Hiri Gerrilaren Dantza, Lehenbiziko bala (Anoetan grabatua), BSO (CD eta formatu digitalean soilik), Itxoiten, Kolore Bizia, Radio Rahim, Gora Herria.
Fermin Muguruza eta Dut: Bidasoa Fundamentalista.
Fermin Muguruza eta The Suicide of Western Culture: Ulrike Meinhof (CD eta formatu digitalean soilik).
Fermin Muguruzarenak bakarka: Maputxe, Urrun, Eguraldi Lainotsua Hiriburuan, Balazalak, In-komunikazioa, Newroz, Big Beñat (CD eta formatu digitalean soilik), Azoka eguna, Euskal Herria Jamaika Clash, Black is Beltza, Dub Manifest eta Yalah, yalah, Ramallah.