Agendak aginduta ezezkoak eman behar dituen horietakoa da Eneko Sagardoy –besteak beste– aktore durangarra. Antzerkian buru-belarri dabilen bitartean, Altzoko Handiaren azalean jartzeko lanetan ari da orain, Aitor Arregi eta Jon Garañoren zuzendaritzapean. Aitzakia bikaina 2017an estreinatuko duten filmaz eta beste makina bat gaiez galderak erantzuten jartzeko.
Zenbat aldiz galdetu dizute harrituta: 94koa zara?
Askotan, bai. Batzuetan esaten didate: “Joder, ze zortea duzun, hain gazte eta hainbeste lan”, kasualitatea izango balitz bezala. Tarteka amorratzen nau, badakidalako atzean zenbat lan dagoen. Baina badakit esaten didanak harritzeko motiboak ere badituela. Ez luke hala izan behar, baina zoritxarrez, ez da ohikoa.
Ez dira asko zure gisan pantaila eta eszenatokietan ikusten ditugun aktore gazteak. Egon badaude?
Esperientzia handiko profesionalekin lan egiteko aukera izan dut: Patxo Telleria, Mikel Martinez, Ander Lipus… Asko eskertzen dut hori. Baina askotan faltan izan dut adin bereko jendearekin aritzea. Ardurak eta hasten ari denaren ilusioa konpartitzeko gogoa dut nire egoera antzekoan dagoen jendearekin. Baina ez da aktore gazteak falta direlako. Egon badaude, pila bat gainera. Ez ditugu ikusten ez dutelako lekurik haien gaitasunak erakusteko. Duela gutxi 200 gazte aurkeztu ziren Pabellon 6k deituta Romeo eta Julieta obra egiteko castingera. Gazte formatu asko dago zain, eta batzuk kanpoan bizi dira hemen ez dutelako lan egiteko aukerarik.
Eta zu, bitartean, arnas hartu ezinda.
“Herri ekimenetan
gaur egun kultura hartzen da aisialdi jarduera huts gisa”
Egia esan bai. Oraintxe Aundiyaz gain, Amodioaren ziega, Arren ganbara eta emeen sotoa eta Zergatik Jamil antzezlanekin ari naiz. Eta bien bitartean, negurako beste film baten aurre-produkzioan eta udazkenean estreinatuko den antzerki obra bat prestatzen. Hori guztia Ikus-entzunezko Komunikazioa Gradua ikasten dudan bitartean.
Hala ere, une bakoitzean, emanaldi bakoitzaren aurretik esaten diot nire buruari: “Nik orain eta hemen egon nahi dut, ez beste inon”. Ez diot etorkizunari ez iraganari asko begiratzen. Hori da erronka, unearekin konektatuta egotea. Gauza asko galtzen dituzu bestela.
Tartean bizi ere egin beharko da ba.
Ikusten ditut herri mugimenduetan buru-belarri ari diren lagunak, eta askotan esaten diet ez direla ari bizitza disfrutatzen, horretarako bakarrik bizi direla. Haiek gauza bera esanez erantzuten didate niri. Egia esan, pena hori ere badut, ez gehiago murgildu ahal izatea herri ekimenetan, baina uste dut ni ere eragiten ari naizela beste bide batzuetatik…
Erraza jarri didazu galdera korapilatsua botatzeko. Nola uztartzen dira herri mugimenduak eta sorkuntza?
Herri ekimenetan gaur egun kultura hartzen da aisialdi jarduera huts gisa, betetzeko osagai moduan, eta modu ez arduratsuan. Deialdiak izaten dira: “Behar dugu tarte bat betetzeko… Behintzat jendea emozionatu dadila apur bat…”. Baina artea ez da osagai bat. Jendeak ez du ikusten antzerkiaren atzean dagoen formakuntza lana, testuak eta paperak prestatzekoa… Eta kosta egiten zaigu gurea ere ofizioa dela edo izan daitekeela ikusaraztea.
Askotan tokatuko zitzaizun doan lan egitea ere.
Euskal Herrian auzolana eta militantzia oso errotuta dago, eta beti ikusi dut nire inguruan borondatearen kultura hori. Nik egin dut lana doan, baina hori zer den ere zehaztu behar genuke: batzuetan ikasi dut pila bat sosik gabe egindako film laburretan, eta oso ondo kobratutako proiektuetan berriz, osasuna galdu dut. Diruarena ez da filtro solidoa. Horrek ez du esan nahi gure lanaren balioa aldarrikatu behar ez dugunik. Iturgin batek beti galdetzen du zenbat kobratuko duen, ezta? Guk aldiz konplexuak ditugu aurrekontu bat aurkezteko.
Batzuek Madril edo Parisera jotzen dute hemen lortzen ez duten baldintza eta egonkortasun ekonomikoaren bila.
“Telebista publiko bat izanda ere, ezin dugu fikzioan lan egin.
Nola ez da jendea Madrilera joango?”
Niri lasaitasuna ematen dit jakiteak lanik ez badidate ematen nire kabuz lana sortzeko gai izango naizela. Eta horretarako zein da gakoa? Formakuntza. Gustatzen zait pentsatzea horrek nolabaiteko autonomia ematen didala. Erabakitzeko gaitasuna, irizpide ekonomikoen gainetik. Madrilera joango banintz, gehiago litzake hiri handi batean bizitzearen esperientzia behar dudalako, lana lortzeko baino.
Madrilen bai eta hemen apenas dagoena ikus-entzunezko fikzioa da. Loreak edo Amama bezalako filmek arrakasta izan dute, baina urte oso baten bi ordu eskaserako ematen dute soilik. Zer dugu ikusteko gainontzeko egunetan?
Hori bera galdetzen dut nik. Momentu honetan, zenbat lan-eskaintza ditugu euskal aktoreok? Ia ez dago ikus-entzunezko fikzioan lan egiteko aukerarik. Urtean film bikain bat, aktore bakan batzuei aldi bateko lana ematen diena, eta telebistan ia ezer ez. Telebista publiko bat izanda ere, ezin dugu fikzioan lan egin. Nola ez da jendea Madrilera joango? Nola ez dugu han eta hemen doan lan egingo film labur eta antzekotan? Gure burua entrenatuta eta lanean mantentzeko modu bakarra hori bada…
Irudikatu iturgin bat, hasi behar duena bere lagunei komuna konpontzen, edo zergatik ez, pintatzen, inori, Euskal Herri osoan, ez zaiolako hodirik izorratzen. Komunak konpondu behar diren moduan, iruditeriak ere berritu egin behar dira, ureztatu behar da imajinazioa. Herri honek behar du fikzio berri bat; beharrizana da. Horretarako norbaitek gidoiak idatzi behar ditu, beste batek onartu eta guk lan egin. Ez badugu horretarako aukerarik, gurpil hori geldirik dago.
Ia ordubete daramagu hizketan, eta oraindik ez dizut Aundiyaz ezer galdetu. Zurekin beste inon topo egin duenak pentsatuko du: egia esan, Sagardoy horren handia ere ez da…
Casting arduradunak deitu ninduenean burura etorri zitzaidan lehenengo gauza hori izan zen: horretarako gorputza falta zait niri… Baina zinearen magiaz baliatu gara ikusleari Aundiya oparitzeko.
Neurriak neurri, kosta zaizu Altzoko Handiaren larruan jartzea?
Asko, bai. Zailena hori izan da. Oraindik lan horretan nabil. XIX. mendean erlijioak eta baserriak zuen pisua oso urrun dago nire egungo kezketatik. Etengabe hazten ari den pertsona baten minak eta beldurrak ere nire egin behar izan ditut; euskalkiarekin eta ahotsarekin borrokan ibili naiz… Oso zaila izan da, baina zailtasunarekin batera dator plazera ere. Egunero lanera erronka horrekin joateak oso bizirik sentiarazi nau.
Zenbat izango du filmak fikzio hutsetik eta zenbat biografiatik?
“Aundiyak ez du kontatzen Joakin Eleizegi izan zenaren biografia: bi anaiaren arteko adiskidetasun
istorioa da”
Egiaztatutako informazio gutxi heldu da gaur egunera. Horrek askatasuna eman die gidoilariei, eta baita aktoreoi ere. Gainera Aundiyak ez du kontatzen Joakin Eleizegi izan zenaren biografia: bi anaiaren arteko adiskidetasun istorioa da. Ezaugarri berezia da anaietako batek aldaketa bortitza jasaten duela eta horrek biei eragiten diela. Oso oinarrizko sentimenduetara jotzen duen pelikula da. Badirudi denboran atzera joanda urrunera joango garela, baina XIX. mendean eta orain kezka eta beldur antzekoak ditugu.
Nabari da lan-taldean Loreakek izandako arrakastaren oihartzuna?
Bizitzako alor guztietan bezala, behin asmatzen duzunean, hurrengo pausoa indar gehiagorekin ematen duzu. Nik ez nuen Loreaken parte hartu, eta ez naiz alderatzeko gai. Dena dela, absurdoa irudituko litzaidake jendeak Loreaken pareko zerbait espero izatea, hau oso ezberdina izango baita. Eta hori ona dela uste dut: hunkitu dezala jendea beste bide batzuk landuta. Egia da foku gehiago daudela jarrita Loreakekin lortutako arrakasta eta gero. Hori balia badaiteke filma toki gehiagotara eramateko, hala izan dadila.
Ez zara ohituta egongo hainbeste jenderekin lanean aritzera.
Hori bada zinetik erakartzen nauen zerbait: 100 laguneko ekipo bat lanean aldi berean helburu batekin, bakoitza bere alorretik. Puntako jendea dago, gainera, sektore guztietan. Halakoetan ikusten da zer nolako profesionalak ditugun. Argi dut Euskal Herrian goi-mailako gauzak egiteko gaitasuna duten pertsonak egon badaudela. Bestetik, oso zuzendari sentiberekin egin dut topo: badakite entzuten, eta gauzak oso argi izanda ere jolasari tartea ematen. Oso babestua sentitu naiz eta hori garrantzitsua da niretzat. Lana euskara hutsean egiten dugu, eta horrek ere lagundu dit etxean bezala sentitzen.
Arrakasta handia badu, akaso alfonbra gorriren bat ere zapaldu beharko duzu…
Horrek beldurtzen nau apur bat, bai. Pentsa, larritzen nintzen baten batek Goenkalen azaldu nintzelako ezagutzen ninduenean.… Gure lanaren parte da eta, beno, hori ere probatu beharko dugu. Baina gertatzen dena gertatzen dela, nagoen leku lasai honetan segi nahi dut. Jarraitu lanean, ikasten… Photocalletara joan behar banaiz, joango naiz, baina jakinda alfonbra gorri horretan ez dudala aurkituko lasaitasunik. Alfonbra gorria egun batean jarri eta hurrengoan kendu egiten da. Zer gertatzen da urtearen gainontzeko egunetan handik pasatzen direnekin?
Zinema eta arte eszenikoen LGTBIQ+ jaialdia Bilbon ospatuko dute ekainaren 23tik 30era,50 jarduera baino gehiagorekin.
'Ehun metro', Zergatik panpox', 'Hamaseigarrenean aidanez' eta 'Oraingoz izen gabe' dira zaharberritzen ari diren lanak. Zinemaldiko Klasikoak sailean ikusi ahalko dira.
Iratxe Sorzabalek sufritutako torturen gaineko testigantzak jasotzen ditu dokumentalak. Maiatzaren 20an emango dute dokumentala, 23:40an. Iaztik dago Primeran plataforman ikusgai, baina lehen aldiz emango dute telebistan.
2024ko urtarrilaren eta uztailaren artean Gazan filmaturiko 22 film laburrez osatua da From Ground Zero filma. Rashid Masharawi palestinar zinegilea dugu egitasmoaren oinarrian, eta 2023ko urriaren 7az geroztik Gazari buruz entzuten diren zenbakiei aurpegiak jartzeko asmoz lotu... [+]
Asteazkenetik aitzina Ipar Euskal Herrian, eta ostiraletik Hego Euskal Herrian; film oso gutxi estreinatzen dira horrela zinema aretoetan. Halaxe egingo du asteon Faisaien Irla-k. Fikzioa baitira mugak, horrela dio Asier Urbieta (Errenteria, 1979) zuzendariak: ez dira... [+]
Helena Taberna zinegileak jasoko du aurten Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren Saria. Sariaren entrega ostiralean, apirilak 11, 20:00etan Viktoria Eugenia Antzokian ospatuko den bukaera emanaldian izango da.
Ezagutzen duzue Kneecap filma? Oscar sarietarako hautatu zuten. Belfasteko hirukote baten istorioa da. Kneecap Hip Hop talde ezaguna da gaur egun, eta hizkuntzaren aldeko jarrera (gaelikoa) argia dute, IRAren osteko belaunaldiaren gorabeherak kontatzen ditu filmak; drogak eta... [+]
No other land dokumentalaren zuzendari Hamdan Ballal kolono sionistek jipoitu zuten astelehenean bere herrian, beste hainbat palestinarrekin batera, eta Israelgo militarrek eraman zuten atxilo ondoren. Astarte goizean askatu dute.
Donostiako Tabakaleran, beste urte batez, hitza eta irudia elkar nahasi eta lotu dituzte Zinea eta literatura jardunaldietan. Aurten, Chantal Akerman zinegile belgikarraren obra izan dute aztergai; haren film bana hautatu eta aztertu dute Itxaro Bordak, Karmele Jaiok eta Danele... [+]
35 film aurkeztu dira lehiaketara eta zortzi aukeratu dituzte ikusgai egoteko Euskal Herriko 51 udalerritan. Euskarazko lanak egiten dituzten sortzaileak eta haiek ekoitzitako film laburrak ezagutaraztea da helburua. Taupa mugimenduak antolatzen du ekimena.
Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak aurkeztu dituzte datu "kezkagarriak". Euskaraz eskaini diren estreinaldi kopurua ez dela %1,6ra iritsi ondorioztatu dute. Erakunde publikoei eskatu diete "herritar guztien hizkuntza eskubideak" zinemetan ere... [+]
Geroz eta ekoizpen gehiagok baliatzen dituzte teknologia berriak, izan plano orokor eta jendetsuak figurante bidez egitea aurrezteko, izan efektu bereziak are azkarrago egiteko. Azken urtean, dena den, Euskal Herriko zine-aretoak gehien bete dituztenetako bi pelikulek adimen... [+]
Otsailaren 24tik eta martxoaren 1era bitartean, astebetez 60 lan proiektatuko dituzte Punto de Vista zinema dokumentalaren jaialdian. Hamar film luze eta zazpi labur lehiatuko dira Sail Ofizialean; tartean mundu mailako lau estreinaldi eta Maddi Barber eta Marina Lameiro... [+]