“Gure gerra konplexuagoa izan da eta kontakizuna egiatiagoa”

  • Donostiaren eta Otzetaren artean, gure garaiaren eta 36ko Gerraren artean, idazle heldu endekatu baten eta ikasle nerabe buru argi baten artean, hor dago Lili eta biok (Erein, 2015) Ramon Saizarbitoriak argitaratu duen azken nobela. 2012an Martutenerekin bere ibilbidean mugarria jarri ondoren libreago idatzi duela azaldu du, Bruselako eztanda hotsekin hasi den egunean egindako elkarrizketan.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco

Egoera dekadente samarrean ikusten dugu Faustino Iturbe protagonista nobelaren hasieran. Lili gaztea ezagutu ondoren hasiko da suspertzen. Nola deskribatuko zenuke bien arteko harremana?

Ez dakit hori harrapatu den eta asko interesatzen zaidan gaia da: umore klabean idatzita dago eta konturatu naiz jende batentzat frustragarria dela, jeneralean bromak ez zaizkiola gustatzen eta gutxiago erdi-serio direnean, ez dagoenean argi. Esango nuke euskaldunok bereziki ditugula arazoak hor. Tipoa multi-gaixo bat da, ez dakigu zer gaixotasun den ere, hainbeste ditu… Eta egia da badagoela hor fantasia bat-edo, emakumeak, eta kasu honetan neskak, salbatu egiten gaituela.

Martutenen ere agertzen zen ideia hori.

Bai, han ere Lynnek medikua bultzatzen du bere errua aitortzera eta gertakizunei aurre egitera, kasu honetan Lilik Faustinorekin egiten duen bezala. Baina Faustinoren eta Liliren harremanean badago nahi pedagogiko bat ere: nahi nuen gazteentzat egin, gogo hori eduki ez banu pasarte batzuk ez bainituen idatziko.

Zein?

Ba, behin baino gehiagotan errepikatzea familiaren historiatik libratu behar garela, adibidez. Historian gure arbasoak aukeratu ditzakegula, “nire aita karlista izan zen” edo “nire ama abertzalea da” horren zama gabe. Azken finean, irakatsi zaigu Santa Kruz apaizetik gatozela eta, joder, egia esan, uste dut badauzkagula pertsonaia interesgarriagoak. Niri hemengo liberal haiek presentableagoak iruditzen zaizkit, zer nahi duzu esatea.

"Historian gure arbasoak aukeratu ditzakegu, 'nire aita karlista izan zen' edo 'nire ama abertzalea da' horren zama gabe"

Zergatik da problematikoa hori esatea?

Gurean horiek heterodoxoak zirelako, hain zuzen ere. Beti egon gara apaizen, era askotako apaizen menpe.

Itzul gaitezen harremanera: zer dago Faustinoren eta Liliren artean?

Lolitaren erabat bestaldeko zerbait adierazi nahi nuen: gizon baten eta neska baten arteko harreman, nolabait, garbia.  

Baina beste mota bateko harremanaren aukera iradokitzen da, ezta? Ez al dago jolas hori?

Bai, gizonaren hausnarketak, emakume bezala ikusten duela, orain politago, gero umeago… Tentsio hori ere nahi izan dut, irakurleari adieraztea beste hori ere izan ote zitekeen.

Baina gehien azaltzen dudana da gizonak ze gaizki daraman gizon izatea. Iruditzen zait ez dugula hobera egiten, garai hauetan matxismo forma berriak ari direla sortzen, zenbait gauzetan atzera ari garela egiten. Kirolean gero eta matxoagoak, zikinagoak… Hau beste gai bat da, baina adibidez Reala: soziologikoki oso interesgarria da nola Realaren baloreak, dotore, noble, zikin ez izatea eta abar, gaur egun kontrabaloreak diren. Egunkarietan kaña ematen zaie horregatik, ia-ia “nenaza” deitzeraino. Eta aldarrikatzen dira Atletico de Madrid bezalakoen baloreak. Alderantziz beharko luke izan, erakutsi zera basati horretan gure gazteek oraindik beste balore batzuk dituztela.

Juan Aramendia, nobelako falangista “zintzoa”, bada bestelako gizon eredu bat.

Hemen ez da oraindik esplotatzen hasi, baina literarioki interesgarriak egiten zaizkit horrelako falangistak. Donostian Gu elkartea zuten Jesus Olasagasti pintoreak, Jose Manuel Aizpurua arkitektoak-eta. Oso aurrerakoiak ziren artearen aldetik. Hona ekarri zituzten Picasso eta beste hainbat, adibidez. Euskaltzaleak ez ziren, noski, baina jende interesgarria da.

Rosarito eta Lore pertsonaien bidez emakumeek gerran eta ohiko bizimoduan jasaten duten indarkeria ere agertzen zaigu.

Orain dela urte batzuk figura bat nuen: banderak emakumeek brodatzen dituztela, apaizek bedeinkatu eta gizonezkoek odoldu. Eta konturatu naiz ez dela horrela, gerrako lehenbiziko biktimak emakumeak direla, nahiz eta ez zaigun historia hori kontatu ere egiten. Pentsa, Donostian oraintsu hasi gara irakurtzen eta entzuten nola bortxatu zituzten hiriko hainbeste emakume.

Emakumeek egunero jasaten duten bortxakeria horren errudun ere sentitzen naiz. Gizon bezala, ulertzen dut emakumeak beldurtzea, izutzea. Asko azaltzen da hori nobelan, igogailuaren eszenan adibidez: badakizu ez duzula nerabe bat zurekin igogailua hartzera gonbidatu behar, zeren ataka larri batean jarri dezakezu. Gauza horiek ze tristeak diren gizonontzat ere, ezta?

"Literarioki interesgarriak egiten zaizkit Donostiako Gu elkartean biltzen ziren falangistak bezalakoak"

36ko Gerrak zer dauka hainbeste literatur lanetan agertzeko? Gauzak ez dira behar bezala kontatu oraindik?

Ez, gauzei ez zaie behar denean behar bezala aurre egiten. Nobela guztietan nire pertsonaiek arazo hori dute, Martutenen Abaituak eta hemen Faustino Iturbek. Gerrarekin ere hori gertatu da: ez da esplikatu, bertsio desberdinak daude oraindik; eta kontuz gainera, zeren neurri batean, irabazleak izan ziren “galtzaile” diskurtso aldetik lehenbiziko urteen ondoren. 60ko hamarkadako buelta horretan aita frankista izatea ez zen harro egoteko modukoa.

Alde horretatik, kontakizuna hemen gehiago egin da galtzaileen aldetik, sinpatikoagoak ziren. Hor ere, ordea, ez zen egia kontatzen. Adibidez, anarkismoaz hitz egiten zutenean ez zuten kontatzen benetan zer paper jokatu zuten.

Saihestu daitezke onak eta txarrak marra argi batekin banatzen dituzten kontakizun horiek?

Badirudi ezetz, gauzak gertatzen direnean egin behar dela kontaketa sinple bat. Lehenbailehen egiten du irabazleak berea eta kontrakoa egiten dute besteek, sinplea baita ere.

Hemen abertzaleak dira salbuespena: guri beti kontatu izan zaigu Francoren kontra aritu zirela, baina ondokoekin ere nola edo hala, basakeriak egin nahi zituzten-eta. Apaizak Francok akabatzen zituen eta besteek ere ez zituzten maite; eta nazionalistek ez zuten maite gerra; eta dudak, herriko zubiak bota nahi ez; eta ondokoak “traidore batzuk zarete” esaten…  Gure gerra konplexuagoa izan da, eta kontakizuna egiatiagoa. Ez zen pelikuletan bezalakoa eta hori oso inportantea da gure narratiban.  

"Denok galdu dugu kritikarako freskotasuna. Zuhurtzia ere behar da, baina iruditzen zait pasatzen ari garela"

Azken hamarkadetako gatazkaren kontakizuna ere ez al da manikeismoan eroriko?

Ez nuke nahi, bestela hemendik hogeita hamar urtera zu eta ni bezalako pare bat egongo dira hemen hitz egiten gure rolloaz.

Baina badirudi terminologia huts bat nagusitu dela, dena estaltzen duena.

Orain dela gutxi gertatu zitzaidan: horrelako bilkura batera joan nintzen eta zaila egiten zitzaidan hitz egitea. Zeren klaro, hitz egiten nuen nire sentimenduetatik; baina ikusten nuen hain estrukturatuta daudela diskurtsoak, hain terminologia zehatza eta berezia… Lotsa ematen zidala hitz egiteak. Profesional piloa dago horren inguruan. Esango nuke gutxiegi hitz egiten dugula hori gure artean, eta maila horretan berriz, gehiegi hitz egiten dela. Ez dakit gauzak ondo egiten ari diren.

Literaturak bete dezake zereginik horrelako egoeran?

Eman dezake ikuspegi poliedrikoa, nahiz eta funtsezkoa historialariek esan behar duten. Ezin dut ulertu nola dagoen hainbeste eragozpen diskurtso historikoan kontsentsu bat egiteko, nola ezin diren adostu eskoletan ikasleek asunto honetaz estudiatu behar dituzten dozena erdi folioak. Gero ñabardurak, grisak eta abar, literaturak jar ditzake.

"Tresneria nobeleskoa erabili behar dela uste dut; nahiko despistatuta nago autofikzioarekin"

Faustino Iturbe pertsonaia da istorioko pieza guztiak lotzeko ezinbesteko elementua. Idazleak badu funtzio bat beraz.

Badago karikatura moduko bat: familiak eta Lilik berak pentsatzen du idazleak istorio hori kontatzen duenean, hor geratuko dela. Hori fantasia da, horretan ere asko galdu baitugu. Eszena bat badago Antonio Tabucchiren Pereirak dioenezen: Georges Bernanosek, nahiz eta eskuinekoa izan, Gerra Zibilari buruzko bere bertsioa ematen du falangisten astakeriak deskribatuz. Eta Frantzian “Bernanos dixit” da, pisu handia du haren hitzak. Hori galdu da. Garai batean bazeuden idazle partriarkak-edo, ezin irudikatu zitekeen haiek esaten zutena interes politikoengatik esaten zutenik.

Horren oihartzuna da aitonak Faustino Iturberi horrelako garrantzia ematea. Baina azken finean jolasa da, protagonistari gertatzen zaizkion kointzidentziena bezala.

Bata bestearen atzetik gertatzen zaizkio…

Nobelagilearen zeregina bada gauzak era nobeleskoan kontatzea ere. Tresneria hori erabili behar dela uste dut, margolariak margoak kontrolatzen jakin behar duen bezala. Nahiz eta orain arte guztia happening den, nik uste teknika beharrezkoa dela. Horretan ahalegindu naiz, karikaturara jotzeraino.

Nahiko despistatuta nago autofikzioarekin. Zeren fikzioarekin badirudi hitzarmen argia genuela: hau, printzipioz, asmatutakoa da. Eta gero zegoen “ni-aren literatura” edo biografia: egia esatera konprometitzen naiz. Eta orain etortzen da autofikzioa eta gertatzen zait autoei zaunka egin behar ziela eta bizikletei ez ikasi zuen zakurrarena: motozikleta pasatzen denean ez daki zer egin.

"Kulturaz disfrutatzen, sexuaz bezala, ikasi egin behar da"

Zehar estiloa eta eszenak deskribatzeko zorroztasuna mantendu dituzu, baina dialogo zuzen gehiago dago Lili eta bioken zure aurreko lanen aldean.

Zehar estiloa errealitateari aurre egiteak markatzen dit, hizkuntzak. Donostian bizi naiz eta askotan neuri ere ez zait sinesgarria dialogo batzuk euskara hutsean ematea. Badakit konbentzioz egin daitekeela, Koldo Izagirrek kontatu izan digun bezala. Eta neronek ere egin dut Egunero hasten delakon adibidez; Donostian egin daiteke nobela euskara hutsean, baina konplexuagoa da.

Horretaz gain, Hamaika pausoren ondoren ere gertatu zitzaidan, Bihotz bi libreago-edo egin nuela; eta orain ere Martutene gainetik kenduta hasi nintzen. Ez dut lortu alde batera uztea nouveau romanak jarri zizkidan arau horiek nobela erabat libre idazteko, baina libreago ibili naiz.

Ahal bezain libre?

Bai, esaten duguna eta idazten duguna gero eta neurtuago dago, heterodoxia gero eta erreprimituago; eta gurean denok gara aginteen morroi. Gu zuzenean ez bagara gure aita da, eta zuzenean guk ez badugu subentzio bat jasotzen ondoko hark jasotzen du… Eta gero dago korrekzio politikoa: ezin da esan ezer, berehala ukitzen duzu eremu labaina. Denok galdu dugu kritikarako freskotasuna. Egia da behar dela zuhurtzia ere, baina iruditzen zait pasatzen ari garela. Gu ere handitzen eta normaltzen ari garenez, ari gara jasotzen guztien aje, gaitz eta kalteak, adibidez, gehiengoaren alde egitea. Ona da jendeari gustatzen zaiolako? Nik uste esan behar zaiela gazteei kulturaz disfrutatzen, sexuaz bezala, ikasi egin behar dela.

"Kalitatezko gauza berritzaileek markatu behar dute bidea kulturan"

Euskararen normalizazioa dela-eta justifikatzen da askotan gehiengoak kontsumitzeko pentsatutako kultur eredu hori. Zer iruditzen?

Uste dut euskararen suspertzea etorri zela beste bidetik, modernotasunetik. Eta beti aipatzen dut ikastolen eredua: jendeak ikastolak aukeratu zituen euskaraz zirelako, bai, baina irakaskuntza aurreratuagoa zelako ere bai, modernoagoa; eta irakasleak konprometituagoak zirelako. Iraultza izan zen eskola espainolaren aurrean. Literaturan-eta ere antzera: aldaketa ez zen etorri XIX. mendeko eta XX. hasierako teatro herrikoiaren bidetik, modernotasunetik baizik. Gero jendeak horren atzetik egiten du, baina bidea kalitatezko gauza berritzaileak markatu behar du. Gainera, esperientziak ere hori erakusten du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
Otsoa dator!

Gizakiak istorio kontatzaileak gara, hainbeste, ezen esan ere egin daitekeen narrazio gaitasuna dela gizaki egiten gaituen ezaugarrietako bat. Kontakizunak behar beharrezkoak zaizkigu geure burua eta errealitatea eraikitzeko, eta bereziki aipatzekoa da ipuin klasikoek horretan... [+]


Uxue Alberdi. Hamarkada bi idazten (I)
Aulkitik aulkira, euli-giro eta Jenisjoplin, kontrako eztarritik dendaostera

Uxue Alberdiren lanari begira jarriko gara oraingoan. Lehenengo artikulu honetan helduentzako idatzi dituen ipuinak, eleberriak, saiakera eta kronika hartuko ditugu kontuan. Bigarren artikulu batean ilustratutako anekdotez, istorioez, filosofia liburuez eta idatzizko bertsoez... [+]


2024-02-12 | Jakoba Errekondo
Indi gaztainondoaren gerrateak

Zuloan sartuta egotea ez duk txarrena –esan zion Manuk–, txarrena duk ez jakitea noiz aterako haizen, edo inoiz aterako haizen ere. Lander Garroren Gerra Txikia nobelan, non gerra bateko iheslarien gorabeherak azaltzen dituen, pertsonaien artean, Anna Frank dakarte... [+]


2024-02-06 | Estitxu Eizagirre
Gorka Setien idazlea hil da

Gorka Setien Berakoetxea poemagile hernaniarra hil da otsailaren 4tik 5erako gauean. Bost liburu idatzi zituen, irrati libreetako ahotsa izan zen eta gozo entzuten eta zaintzen zekien. 2019an autoedizioan argitaratu zuen bere poema liburu berriena, Naufragoen altzoa.


Eguneraketa berriak daude