"Epaiketara heltzea garaipena da gomazko piloten biktimontzat"

  • 2012ko maiatzaren 14a greba orokor eguna zen. Bartzelonako manifestazioa bukatuta Ester Quintana etxerako bidean zela, Esquadra Mossoek jaurtitako gomazko pilota batek aurpegian jo eta ezkerreko begia galdu zuen. Lehen aldia da Katalunian halako auzi bat epaitegietara iristen dena eta apirilaren 11n bi polizia epaituko dituzte. Urteotan egindako lanari esker, pilota hauek debekatzea lortu dute, eta epaiketarekin bere bizitzako atal honi puntua jarri nahi dio. Puntu eta etena izango den erabakitzeko du.

Argazkia: Robert Bonet / La Directa
Argazkia: Robert Bonet / La Directa

Nola bizi izan dituzu begia galdu osteko lau urte hauek?

Oso gogorrak izan dira. Begia galtzeak ondorio sakonak izan ditu nigan. Estres post-traumatikoa dut eta psikologoarengana joan beharra daukat. Arlo fisikoan erabateko desgaitasuna daukat eta ezin dut gauzatu nire aurreko lana. Horrez gain, nire auzia ezagutzera emateko egindako lana ere neketsua izan da. Azken horrek hala ere, saria izan du.

Gomazko pilotak erretiratzeko borrokaren irudi bilakatu zara.

Ez nago ziur zergatik, baina uste dut badirela zenbait faktore horretarako. Emakumea naiz eta ez naiz erakunde, kolektibo edo talde politiko baten parte. Pertsona arrunt gisa ikusi naute, eta horregatik askok sentitu dute niri gertatutakoa eurei ere gertatu ahal zaiela.

Bideoek kontrakoa frogatu arren, Generalitateko Barne Sailak eta Mossoek behin eta berriz gezurtatu dute egun hartan gomazko pilotak erabili izana.

Inpotentzia sentitu dut. Azken lau urteotan zazpi bat bertsio ezberdin kaleratu dituzte gertatutakoa estaltzeko. Behin eta berriz eskaintzen nien batzartzeko aukera, egun hartan gomazko pilotak erabili zirela eta kargak izan zirela frogatzen zuen bideo eta argazkiak erakusteko, baina ezer ez. Euren bertsioa mantentzen zuten. Hiru kontseilari pasatu dira Barne Sailetik ordutik hona eta azkena bakarrik jarri da nirekin harremanetan. Jordi Janek auzia konpontzeko borondatea duela uste dut... Edo agian isilarazteko, ez naiz ziur. Izan ere, Barne Sailak onartu egin du ekintza polizial baten baitan zauritu nindutela, baina ez eurek inolako errurik izan zutenik. Hori frogatzeko epaiketara joan behar izan dugu.

Nola ulertzen duzu erakundeen partetik inolako babesik ez izatea?

Argi dago biolentzia polizialaren kasuak ezkutatzen saiatzen direla. Nire zauria gomazko pilota batek eragin zuela informean idazteko oso uzkur zeuden ospitaleko medikuak adibidez. Barne Sailak zein mossoek oraindik ez dute onartu greba egun hartan gertatutakoa. Elkar babesten dute. Ulertzen dut lankideen arteko elkartasuna, baina gaizki dagoen zerbait estaltzea onartezina da.

Gomazko piloten ondorioz azken urteotan hainbat biktima izan dira, nola da posible ez egotea aitorpen ofizialik erakundeen aldetik?

Biktima gisa aitortuz gero kalte-ordaina eman behar ligukete eta poliziak auziperatu behar lituzkete. Horrek aurrekaria ezarriko luke ostean etor daitezkeen auzi guztientzat, eta argi dago erakundeak ez direla horren aldekoak. Nire auzia lehena da Katalunian epaitegira iritsi dena, nahiz eta azken hamar urteotan hamabi pertsonak galdu duten begia. Zerbaitek ez du funtzionatzen erakundeen estamentuetan. Ez dakigu non dagoen akatsa, baina hor dago.

Erakundeek polizien jarduera babesten dute? Zergatik?

Erakundeek protesta kriminalizatu nahi dute eta Mozal Legea da azken adibidea. Herria zapaltzen dute ez dezan protesta egin eta gauzek lasai segi dezaten. Agintariek berdin jarraituko dute inork ez badu ezer esaten, horregatik protesta egitea da gure iritzia ezagutarazteko dugun bide bakarra.

Mozal Legeak zaildu egingo ditu eskubide urraketak frogatzeko bideo eta argazkiak.

Zailagoa izango da, bai. Materiala badago, erabili ahalko da epaiketa batean, baina nor ausartuko da argazkiak atera edo bideoa grabatzera auziperatua izateko arriskuan badago? Nire auzian esaterako, mossoak gomazko pilotak jaurtitzen agertzen diren bideoak ez ziratekeen existituko.

Generalitateak 260.000 euroko kalte-ordaina eman dizu eta “poliziaren jarduera baten testuinguruan” zauritu zinela onartu du. Prozesua oraindik ez da bukatu ordea. Apirilaren 11n hasiko da mossoen aurkako epaiketa. Zer da lortu nahi duzuna?

Justizia egitea dut helburu. Epaia edozein dela ere uste dut epaiketara heltzea garaipena izan dela poliziak auzitara eramatea lortu ez duten gainontzeko gomazko piloten biktimentzat. Epaiarekin ikusiko dugu zer nolakoa den justizia. Absolbitzen badituzte sistema gaizki dagoelako izango da. Pozik nago hala ere, justizia sozialaren alde egindako lanarekin. Jendeak badaki zer gertatu zitzaidan, eta polizia izan zela erruduna.

Gomazko piloten biktimek trabak izan dituzte arduradunak auzitara eramateko, batez ere goi kargudunak. Zuek ere arazo bera izan duzue?

Ez dakit beste auzietan zer gertatu den, baina guk estamentu polizial eta politiko guztia nahi genuen deitu deklaratzera. Felip Puig kontseilaritik hasita tiro egin zuen agenteraino. Gomazko piloten erabilera nork baimendu zuen jakin nahi genuen. Instrukzioko epaileak aurkeztu genuen zerrenda ikusi zuen unean, ordea, argi esan zigun zerrendan agertzen zen pertsona jakin batetik gora zegoen inor ez zela deklaratzera joango. Uste dut instrukzio epaileak bere eskutan zegoen guztia egin zuela, baina Barne Saila eta mossoak ez zeuden laguntzeko prest. Ez zituzten froga gehienak aurkeztu nahi izan, aurkeztu zituzten gutxi horiek ez zuten balio eta beti epailearen aginduz aurkezten zituzten, inoiz ez beren borondatez.

Gomazko pilotak beste munizio “ez hilkor” batzuengatik aldatu dituzte.

Materialaren kasuan gomazko pilotak debekatu dituzte, baina aldi berean, ultrasoinuen kanoiak, Foam jaurtitzaileak edo Taser pistolak bezalako material berria eskuratu dute. Bitartekoak badituzte, ez bada ezbehar gehiago izan egoera lasaitzeko agindua izan dutelako da. Izan ere, nire auziak min handia egin die Generalitateari eta mossoei. Arazoari aurre egiteko poliziaren protokoloak berrikusi eta agenteak hezi behar dira. Prozedurak ere aldatu behar dira. Agintean daudenek arazoak biolentzia bidez konpontzen direla uste badute, kalean dauden agenteek goikoek diotena egingo dute. Horrelakoa da sistema militarizatu hau. Berdin dio materiala aldatzeak edo entrenamendu gehiago egiteak. Galdetu beharrekoa da ea biolentzia den manifestazioak sakabanatzeko bidea. Bizia edozein gauza material baino baliotsuagoa da. Ez naiz edukiontziak erretzearen aldekoa, baina horrek ez du esan nahi pertsona horri tiro egin behar zaionik. Ezarritako polizia jardunbidea da: manifestariei oldartu manifestazioa sakabanatzeko eta gero sortutako liskarrak baliatu protesta kriminalizatzeko.

Zuri gertatutakoaren ostean, ingurukoengandik zer jaso duzu, manifestazioetara joateari utzi al dio jendeak?

Asko ikaratu egin ziren. Beldurra dute manifestazioetara joateko. Gurasoek ume txikiak badituzte etxean uzten dituzte, asko ez dira ausartzen bakarrik joatera edo manifestazioa bukatu aurretik etxera bueltatzen dira. Hori da errepresioaren emaitza. Biolentziaren bidez lortu dutena.

Zuk ordea, argi duzu kalera aterako zarela behar den guztietan.

Manifestazioetara joaten jarraituko dut, nire iritzia publikoki adierazteko dudan aukera eta eskubidea delako. Begia galdu nuenetik manifestazioetara joan naiz. Ez da kargarik izan, baina polizia ikusteak beldurtu egiten nau. Segurtasun eza sentiarazten dit. Hala ere, ez dut poliziaren irudi hori izan nahi, ez dut uste denak berdinak direnik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gomazko pilotak
Gomazko pilotak erabili al ditu Ertzaintzak Gasteizen, lehen aldiz Cabacasen heriotzaz geroztik?

Gasteizko Martxoaren 3ko manifestazioaren aurka oldartzean Ertzaintzak gomazko pilotak erabili zituela salatu zuten zenbait eragilek eta pertsonek sare sozialetan, argazkiz lagunduta. Salaketak ez zuen oihartzun handirik izan, baina egia balitz gertaera esanguratsu baten aurrean... [+]


2024-02-14 | ARGIA
Ertzaintzak begia larri zauritu dion gaztearen aita
“Ez da bidezkoa, hamasei urte ditu; bada garaia gauzak aldatzeko eta asko gainera”

Villabonako Berdura plaza bete dute herritarrek otsailaren 13 iluntzean, Tolosako inauterietan Ertzaintzak gazte bati begia larri zauritu ziola salatzeko. Bere aitak azaldu ditu begian dituen lesio larriak eta Ertzaintzaren jokabidearekiko haserrea plazaratu du: "Ez da... [+]


Hainbat protesta deitu dituzte Tolosako polizia-kargak salatzeko

16 urteko gazte billabonatar batek zauri larriak izan ditu begiaren inguruan, Ertzaintzak Tolosan igande gauean kargatu ostean. Tolosaldeko Atariak informatu duenez, pilotakada bat eman zioten.


2023-03-15 | Axier Lopez
Espainiako Gobernuak ez du hitza bete: Mozal Legeak indarrean jarraituko du

2015ean PPk gehiengo absolutuz ezarri zuen Mozal Legea. Oinarrizko zenbait eskubide urratzen dituen arau sorta horrek kontrakotasun handia bildu zuen Espainiako Estatuko mugimendu sozial eta alderdi politikoen artean, baita nazioartean ere. Lege hori "ezbairik gabe derogatu... [+]


Eguneraketa berriak daude