Ikasleen segregazioa Gasteizen

Hesiak elkarbizitzari

  • Gasteizko ikastetxeetan haurrak jatorriaren arabera segregatzen direla salatu berri dute hiriburuko eskola publikoko guraso elkarte guztiek bat eginik. Aniztasunik gabeko burbuilak batetik, jatorri atzerritarreko ghettoak bestetik, gizartea zatitzen eta bi eskola paralelo sortzen ari direla ohartarazi dute. Gutxi-gehiago, Euskal Herrian zabalduta dagoen fenomenoaren paradigma da Gasteiz.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi
2016ko martxoaren 27a
Klasismoaz mintzo dira, sozioekonomikoki profil baxua duten beste kolektibo batzuk eta premia bereziak dituzten ikasleak ere pilatzen direlako ikastetxe hauetan / Dani Blanco
Klasismoaz mintzo dira, sozioekonomikoki profil baxua duten beste kolektibo batzuk eta premia bereziak dituzten ikasleak ere pilatzen direlako ikastetxe hauetan / Dani Blanco

Gurasoen manifestuarekin bat egin dute, besteak beste, Denon Eskolak, ikastetxe publikoetako zuzendarien Sarean elkarteak, sindikatu guztiek, hiriko elkarte sozial ugarik eta jatorri anitzetako kolektiboek. Abiapuntu argia du manifestuak: aniztasuna ona da, aberasgarria; egungo gizartea anitza da generoan, sexu joeretan, erlijioetan, jatorrian, kulturetan, egoera sozioekonomikoan… eta halaxe islatu behar da eskolan ere. Finean, eskola da gizarte kohesiorako lehenengo elkargunea eta oinarria; teoriatik harago modu praktikoan, ezberdinen arteko hartu-emanaren bidez, aniztasun hori guztia bizitzeko eta elkarbizitza hobetzeko tresna da. “Ikasgela anitzak etorkizunerako prestatzen ditu haurrak, Gasteizko gizartea anitza delako, eta elkar ezagutzen ez badute, elkarri bizkarra emango diote”, dio Maider Ruiz de Eginok. Guraso gasteiztarra eta manifestuaren bultzatzaileetako bat da bera.

Zein da arazoa? Ikastetxe batzuetatik bestera dagoen desoreka nabariak kontzentrazio artifizialak, muturreko egoerak eta zailtasunak sortzen dituela. Gasteizko 20 ikastetxetan egoera “ez normalizatua” bizi dutela mahaigaineratu dute, zentro horietako gela batzuetan jatorri atzerritarreko ikasleen kopurua %30, %50 eta %80 baino handiagoa izatera iristen delako –ikusi datuak erreportaje bukaerako grafikoan–. Behin-behineko behar bereziekin etorri ohi diren ikasleak dira, hizkuntza arloan adibidez, eta maiz zerotik hasi behar du irakasleak horiekin, sarri gainera ikasturte erdian. “Gelan, berdin dio etorkinak edo gorrak izan, behar bereziak sortzen direnean, horiei ezin zaie arreta egokia eskaini ikasgela berean behar berezidun 17 ikasle dituzunean. Anitzak guztiok gara, baina ikasle batzuek laguntza zehatzaren premia dute eta gela berean horiek pilatzeak arlo akademikoan eta eguneroko martxan zailtasunak sortzen ditu”, dio Aitor Idigorasek. Gasteizko ikastetxe publiko batean irakasle da Idigoras, baita guraso eta Steilas sindikatuko kide ere.

Eskola bat bertako populazioarentzat eta beste bat jatorri atzerritarra dutenentzat; gero eta ageriagoa da joera. “Eskatzen digute hizkuntza ikasteko, kultura onartzeko, hemengo jendea bezala portatzeko… baina betebeharrak ditugun hein berean eskubideak ere baditugu”, aldarrikatu du Samira Bouazzaouik. Marokoarra da, 12 urte daramatza Gasteizen bizitzen, eta ia ikasle guztiak jatorriz atzerritar diren ikasgelan du 3 urteko semea: “Familiako kultura etxean ikasten du semeak eta bertakoa ere ikastea nahi dut, hemengo jendearekin aritzea, kalean eta ikastetxean. Berea ere baden kultura honetan heztea nahi dut, gauza asko ikastea… baina ikastetxea etorkinen ghetto bat da, eta hor ez da inoiz integratuko”. Integrazioa eskatzen eta aldi berean horretarako aukera ukatzen dietela sentitzen du Bouazzaouik.

Aitor Idigoras, irakaslea: "Ikastetxe batzuek ez dute arabiarrik nahi, eta gorrik edo ezberdin pentsatzen duenik ere ez. Muturreko egoera horretan bizi diren ikastetxeek beren hezkuntza eredua birpentsatu beharko lukete"
Arrazatik harago, klase gatazka

Gaia sakonagoa eta konplexuagoa dela azpimarratu digute elkarrizketatuek. “Etorkinen kopurua da ikusgarriena eta esanguratsuena, baina klasismoa da funtsa –dio Idigorasek–; sozioekonomikoki ahulak diren etorkinak pilatzen direlako, ez Baskoniako jokalarien seme-alabak. Eta aldiz, eskola ghettifikatu hauetan sozioekonomikoki profil baxua duten beste kolektibo batzuk ere ikusiko ditugu, baita premia bereziak dituzten beste ikasle asko ere”. Hezkuntza porroterako bide zuzena da hori, maila sozioekonomiko eta kultural baxua nagusi den ikastetxeetan adierazle akademikoak okerragoak direlako. “Maila sozioekonomiko baxuko eta altuko ikasleak nahastuko bagenitu, ordea, emaitzak eta batez bestekoa hobetzea lortuko genuke”, gogoratu du irakasleak.

Bouazzaouik kontatu digu hezitzailez osatutako enpresa pribatu bat kontratatu behar izan dutela gurasoek, seme-alaben ikastetxean behar bereziak dituzten haurrei laguntzeko. “Diru asko da guretzat, eta administrazioak jarri beharko luke soluzioa, ez guk”.

Publikoa vs. itunpekoa

Jatorri atzerritarreko ikasleak pilatzen diren Gasteizko 20 ikastetxeetatik, 19 publikoak dira eta bakarra itunpekoa edo kontzertatua: kristau-eskola. “Zer egiten du kristau-eskolak? Hartzen duen etorkin kuota ikastetxe bakarrean kontzentratu eta gainerako bere ikastetxeetan bat bera ere ez hartu edo gutxi batzuk baino ez. Beste herrietan ere berdin jokatzen du”, salatu du Idigorasek.

Samira Bouazzaoui, gurasoa: "Semeak eta bere ikaskideek barneratzen dute besteak direla euskaldunak, 'gu aparteko zentroetan hezi gaituzte'. Hori ez da Gasteizko gizartearen parte sentitzea"

Esperimentua egin zuen Samira Bouazzaouik: semea itunpeko ikastetxe batean matrikulatzen saiatu zen. Gasteizko bost eskolatan jo zuen atea, eta bostetan ezetz erantzun zioten: “Semea musulmana izanik ezin zuela kristau-eskolan sartu esan zidaten; bigarren batean plaza bat oraindik bazegoela baina ez zutela uste nire semeak baldintzak beteko zituenik eta hobe nuela uztea; beste batean oso gaizki hartu ninduten, mespretxuz, kuotak ordaindu behar zirela, semea musulmana banuen eta erlijioa aukeratu nahi banuen eskola publikora joateko… Negarrez atera nintzen. Nire semea hemen jaioa da, euskal herritarra da, eta hemengo beste umeen eskubide berak izan beharko lituzke”.

Jatorritik harago, behar bereziak dituzten ikasleak eskola publikoan pilatzen dira gehienbat, datuek hala diote. Gasteizko Udalaren azken hezkuntza txostenaren arabera, esaterako, 2010-2011 ikasturtetik 2013-2014 bitartean, itunpeko ikastetxeetan Haur Hezkuntzan ez zen behar bereziko ikasle bakar bat ere matrikulatu. “Ikastetxe batzuek homogeneizaziorantz jotzen dute, zentzurik txarrenean; ez dute arabiarrik edo kolonbiarrik nahi, eta gorrik ere ez dute nahi, edo ezberdin pentsatzen duenik… Muturreko egoera horretan bizi diren ikastetxeek birpentsatu egin beharko lukete beren hezkuntza eredua. ‘Gure ume euskaldunak ez daitezela kutsatu’: errealitate hori, Gasteiztik harago, leku guztietan ikusi, entzun eta bizi dugu, neurri txikiagoan edo handiagoan”, kritikatu du irakasleak. Eta segregaziorako lehenengo hesia ekonomikoa dela gaineratu du, 2 urteko gelak itunduta egon beharrean urtero diru-laguntzak jasotzen dituztelako dekretu bidez, “eta tranpa horren bidez, ez dute zertan ikasleen harrera orekaturako araua bete”. Alegia, kuotak legalak direla 2 urteko geletan, “eta 200-300 euroko kuotak ezagutzen ditugu”.

Publikoaren eta itunpekoaren arteko desoreka hau ez da naturala, Ruiz de Eginoren aburuz: “Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak esan zuen auzoaren araberako errealitatea islatzen dela, baina ez da egia, auzo berean aurkitzen dugulako ikasleen %70 baino gehiago jatorri atzerritarrekoak dituen ikastetxe publikoa, eta parean, asko jota %5a dituen itunpekoa”. Gainera, Gasteizen etorkin gehien dituen auzoan, auzokideen %18 dira etorkinak, eta beraz, hortik gorako kopuruak ez dira auzoaren isla. Familiek ikastetxea aukeratzeko duten eskubidea ere argudio labainkorra iruditzen zaio Idigorasi: “Ados, bermatu diezaiegun gasteiztarrei ikastetxea aukeratzeko eskubidea, baina guztiei, ez bakarrik batzuei”.

Itunpeko ikastetxeek hiriaren kohesioari eta integrazioari bizkarra ematen diotela uste du Ruiz de Eginok. “Familia askok uste du kuota bat ordaindu eta horrek eskubidea ematen diola haurra ezaugarri bereziko nahi duen ikastetxera eramateko, eta ez da horrela. Itunpeko ikastetxeen finantzaketa %100 diru publikoz hornitzen da (beste kontu bat da ikastetxeak duen aurrekontuaren %100 ez izatea administrazioak ordaindua) eta horrek joko-arau batzuk eskatzen ditu”, zehaztu du Idigorasek.

M. Ruiz de Egino, gurasoa: "Ez da egia auzoaren errealitatea islatzen dela. Auzo berean dugu ikasleen %70 jatorri atzerritarrekoak dituen ikastetxe publikoa, eta parean, asko jota %5a dituen itunpekoa"

Gizarte-kohesioari bizkarra ematen al dioten eta profil jakineko ikasleak behar bezainbeste ez al dituzten onartzen, hori galdetu diogu Xabier Arrieta Arabako Ikastolen Elkarteko lehendakariari: “Inondik inora. Ikasleak hartzerakoan Jaurlaritzak ezarritako baldintzak betetzen ditugu ikastolok, bai lehenengo matrikulan, bai ikasturtean zehar ikastoletara bideratzen diren ikasleen kasuan ere, izan hemengoak edo hangoak. Gehiago esango nuke, borondatea dugu dagokigun etorkin kopurua gurean hartzeko, eta ekarpena egin nahi dugu ikasle hauek gure hizkuntzan, gure kulturan, azken batean gure gizartean sar daitezen”. Bermeo edo Ordiziako ikastolak aipatu dizkigu, baita ikastola herriko ikastetxe bakar duten Gipuzkoako bost herriak ere; “integrazio eredugarria” erakusten duten kasuak, Arrietaren hitzetan. Ikasleen harrera orekatuaren alde mintzatu zaigu, aberasgarria delako eta “aniztasunak ikastetxetik hasi behar duelako”.

Arabako Ikastolen lehendakariarentzat, baina, hizkuntza eredua da koska: “Etorkin gehienak A ereduan eskolatzen dira, publikoan zein itunpekoan, A ereduko ikastetxe horiek dute ghetto bihurtzeko arriskua. Ikasle etorkinak D ereduan eskolatzen badira, integrazioa eta oreka errazago lortuko genuke”. Beste aldagai bat ere jarri digu mahai gainean: “Oreka nahi badugu, publiko eta itunpekora bideratutako baliabideak ere orekatu beharko dira, gaur egun baliabide gehienak publikora zuzentzen direlako”.

Xabier Arrieta, Arabako Ikastolen Elkartea: "Jaurlaritzak ezarritako baldintzak betetzen ditugu ikastolok. Are gehiago, gure ekarpena egin nahi dugu ikasle hauek gure hizkuntzan, gure kulturan, gure gizartean sar daitezen"

Segregazio guneek, ordea, gainditu egin dute A eredua eta momentu hauetan gehienbat D ereduko eskoletan ematen da pilaketa. Hortaz, kontrako galdera egin diegu Ruiz de Egino eta Idigorasi: seme-alabak jatorri atzerritarreko ikasleekin nahasterik nahi ez duten gurasoen argudioa hizkuntza al da? Ruiz de Eginok ez du uste haurra euskalduntzeko balizko traba denik arrazoia, ikastetxe horietatik alde egiten duten guraso asko ere ez direlako euskaldunak. Idigorasek garbi du: haurrak ez du euskara gutxiago edo gehiago ikasiko gelan lauzpabost etorkin daudelako, eta banaketa orekatua balitz, hor inguru legoke gelako etorkin kopurua. “Kezka hau juxtu inguru euskalduneko familietan ematen da –gehitu du–, eta ez du zentzurik, familia euskaldunarekin eta euskaraz bizi bada, hiruzpalau etorkinek ez dutelako eraginik izango, arabiarrez hitz batzuk ikasiko ditu gehienera. Iruditzen zait sakonean ikuspegi etnozentrista eta pisu identitarioa dagoela, sarri arrazakeria, eta euskara aitzakia dela. Zure seme-alabarengan eragin handiagoa izango du 20 eskola-ordutik 12 baino ez izatea euskaraz, Jaurlaritzak martxan duen Heziberri planaren bidez euskara-orduak kendu direlako ingelesaren mesederako”.

Baliabideen gaian berriz, azken urteotan eskola publikoan ere baliabideak asko murriztu direla gogoratu du irakasleak, aurrekontuan, pertsonalean, azpiegituretan… Dena den, kontuz ibili behar dela dio, “ikastetxe-ghetto hauek baliabide gehiago behar dituztela aldarrikatzea nolabaiteko koartada ere izan daitekeelako, baliabide asko sartu eta dagoenetan jarraitzeko, eta funtsa ez da hori, eskolaren egoera bestelakoa izan dadin sakoneko politikak aldatzea baizik”.

Etorkizunean lehertu daitekeen bonba

Bazterketak bazterketa gehiago dakar, esklusio gune gehiago, eta berbideratu ezean, Gasteizen eta oro har Euskal Herrian lurzoru arriskutsua ari gara ereiten, elkarrizketatuen arabera. Paris aipatu digute, jatorri jakineko jendea pilatzeak bertan izan zituen ondorioak. Gasteiztar askok dituzten aurreiritzi eta irizpide faltsuak nabarmendu dizkigute, ezezagutzan eta ezjakintasunean bizitzeak izan ditzakeen kalte larriak. “Nire semea etorkizuneko euskalduna da, baina berak eta bere ikaskideek barneratzen dutena da besteak direla euskaldunak, ‘gu aparteko zentroetan hezi gaituzte’, eta hori ez da elkarbizitza, hori ez da Gasteizko gizartearen parte sentitzea”. Eta gizarte polarizatua eta ahula egonkortzea, denon teilatua harrikatzea da.

Ezker-eskuin: Samira Bouazzaoui gurasoa, Maider Ruiz de Egino gurasoa, eta Aitor Idigoras irakaslea. Matrikulazio bulego bakarra eskatzen dute. Hala, matrikulazioa zentralizatuz gero, ez litzateke ikastetxe bakoitzaren esku egongo eta irizpide ekitatiboak ziurtatzea errazagoa litzateke.
Borondatea besterik behar ez duten neurri eraginkor eta egingarriak

Legea betetzea eta mahai gainean dauden neurri zehatzak aplikatzea; egoera berbideratzeko hori baino ez dela behar diote manifestuaren sinatzaileek, borondate politikoa dela gakoa. Matrikulazio bulego edo leihatila bakarra –sindikatu eta familien ordezkariak barne hartuko dituena– da proposamen nagusietakoa. Hala, matrikulazioa zentralizatuz gero, ez litzateke ikastetxe bakoitzaren esku egongo, prozesu informalak saihestuko lirateke, eta irizpide ekitatiboak ziurtatzea errazagoa litzateke. Ikasturtea ikasle ratioaren gainetik ez hastea ere eskatu dute: izan ere, sinatzaileek salatu dute itunpeko ikastetxe batzuetan, gelan 23 haur hartu behar badituzte 25 hartzen dituztela gela “blindatzeko” eta epez kanpo datozen ikasleak eskola publikora bideratu behar izateko. Kuota ekonomikoak eta gisako trabak kentzea ere exijitu dute, diru gutxi duten familiak itunpeko ikastetxeetan matrikulatu ahal izateko. Eta alderantziz, errentaren araberako zatiketa ezabatzea nahi dute: alegia, errenta baxuko familiek puntuak dituzte publikoan matrikulatzeko eta maila ekonomiko ertain eta altukoak itunpekora bideratzen dira. 42.000 euroko errentan dago muga, baina errenta familiarraren batez bestekoa 42.000 eurotik gorakoa da Gasteizen: “Modu bat da maila ertaineko familiak eskola publikotik botatzeko, eta ikastetxean maila guztietako familiek egon behar dute, baxu eta ertain”, dio Ruiz de Eginok. Ratioak ikasgelaren araberakoak izatea –ikasgela batean 25 haurreko ratioa egokia izan daiteke, eta beste batean gehiegizkoa–, baliabide ekonomikoak eta errefortzu irakasleak ere eskatu dituzte, besteak beste.

“Salaketa jarri behar nuela dio Jaurlaritzak, baina konponbide globalagoaren alde ari naiz borrokan”

Salaketa eta eskaera hauen guztien aurrean, arreta Samira Bouazzaouiren kasuan fokalizatzea izan da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren lehen erreakzioa. Semea matrikulatzerakoan diskriminaziorik jasan badu, ikastetxe horien kontrako salaketa jartzeko eskatu diote behin eta berriz, bide ofizialak erabiltzeko. “Ez nuela hedabideetara joan behar errepikatu didate –azaldu digu Bouazzaouik–, salaketa jarri behar nuela. Erantzun diet hau ez dela afera pertsonala, konponbide globalago baten alde ari naizela borrokan, eta ez dut nahi salaketa jarri eta kasu bakarra bailitzan tratatzea, etorkin asko eta etorkin askoren seme-alabak defendatzen ari naizelako. Egoera pairatzen duten etorkin guztiek salaketa jartzen badute, jarriko dut nik ere, baina nik hizkuntza gutxi gorabehera dominatzeak eta jendaurrean egoera salatzeko ausardia izateak ez du esan nahi gainerako guztiek egin dezaketenik. Eta semea biharko egunean ikastetxe normalizatu batera joaten bada ere, jarraituko dut borrokatzen, arazo sozial hau konpondu arte. Gainera, datuak hortxe daude, begi-bistan, benetan XXI. mendean zain zaudete, emakume marokoar batek salaketa noiz jarriko, zerbait egiteko?”.

Hezkuntza Sailarekin izandako bileretatik ondorio positiborik ere atera dute, dena den: Bouazzaouik nabarmendu du arazoren bat zegoela ukatzetik desoreka onartzera eta hori saihesteko neurriak hartuko dituztela esatera pasa dela sailburua, eta hori aurrerapausoa da.

Aitor Idigoras ez da fio: “Adabakiak jartzen jarraituko dute, ez dutelako egoera aldatu nahi, hezkuntza sistema dualean sinesten dute, Europa 2020 markoari jarraiki. Gutxienez, mahai gainean kolpe hau emateak jendea mobilizatzera eta gogoetatzera eraman dezala”. Maider Ruiz de Eginok badu esperantza, eta sailburuarekin bakarrik ez, alderdi guztietako politikariekin eta Gasteizko alkatearekin ere biltzen ari dira gurasoak, agintarien konpromisoa lortu aldera.

A. Idigoras, irakaslea: "Zer egiten du kristau-eskolak? Hartzen duen etorkin kuota ikastetxe bakarrean kontzentratu eta gainerako bere ikastetxeetan ez hartu"
Herritarron erantzukizuna

Administraziotik harago, herritarrei ere badagokie hezkuntza ereduaz hausnartzea. Halere, haurra ikastetxe homogeneoagoetan duten guraso ugarik manifestuarekin bat egiten dutela diote elkarrizketatuek, eta hainbatetan administrazioa bera dela –errentaren moduko neurriekin– eskola publikora beharrean itunpekora bideratzen dituena. Garbi dute elkarrizketatuek: hau ez da gurasoen arteko borroka, patronalek eta gobernuak konpondu beharreko zerbait baizik.

Gurasoentzako mezua ere badute halere: “Nire seme-alabarentzat nahi dudan hezkuntza hau da” planteatzetik harago, honakoa pentsatu: “Nire seme-alabarentzat, zein hiri mota nahi dut?”. Irakaslearen hitzetan, “agian, hogei urtetan inork nahi ez duen hiri gatazkatsu batekin egingo du topo zure haurrak. Aparteko gaztelu batean sartu eta han bizitzea nahi baduzu, primeran, baina munduan bizi da”.

Javier Maroto alkate ohiaren diskurtso xenofoboa, horren ostean hiri anitza aldarrikatzeko sortu zen Gora Gasteiz plataforma herritarra… Bolada beroa bizi izan dute Arabako hiriburuan. “Ezjakinek baliogabetu nahi bagaituzte ere, inoiz ez naiz besteak baino gutxiago sentitu –kontatu digu Bouazzaouik–. Pozik nago hiri honetan eta gaur arte ez dut diskriminaziorik sentitu. Are gehiago, ‘diskriminazioa’, ‘ghettoa’, ‘arrazakeria’ bezalako hitzak oso gogorrak egiten zaizkit. Min ematen didana da hemen bizitzeko ahalegin handia egin dudala, hemen ikasi, hemen lan egin eta gizarte honi nire ekarpena egiteko, eta biharko gizona izango dena munduratzen dudanean, onartzen ez dutela ikusten dut”.

Gasteizek 246.032 biztanle ditu, horietatik 21.638 jatorri atzerritarrekoak (%8,79). Jatorri atzerritarreko bizilagun gehien dituen auzoan, auzokideen %18 dira etorkinak.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Eskola segregazioa  |  Diskriminazioa  |  Migrazioa

Eskola segregazioa kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude