Zubietako errauskailuak ere kontsulta behar du

Xabier Letona @xletona
2016ko martxoaren 20a

Nafarroako Gobernuak onartu berri du hondakinen kudeaketarako plana, hiru oinarri nagusik gidatuta: prebentzioa, berrerabiltzea eta birziklatzea. Orbanik gabeko plana ez da, azkenean errefusaren %15 zementu lantegian erraustea proposatzen baita. Hala ere, norabide egokian da,  2025erako hondakinen %10 gutxitzea aurreikusten baitu, organikoen %75 birziklatzea eta ontzien %90. Paperetik errealitatera zenbat dagoen ikusi behar orain, eta egiazko jauzia egiteko kontzeptu klabeetan nola egiten den aurrera, esaterako birziklatzearen derrigortasunean.

Gaur egun, alabaina, ez da txantxetakoa bide hori guztia errauskailurik gabe egin nahi izatea. Kontrastea berehala dator: Gipuzkoak Zubietako errausketa proiektua berpiztu du, lurralde hau hondakinen kudeaketan Nafarroa baino askoz aurreratuagoa denean. Markel Olanoren gobernuarentzat ezinbestekoa da errauskailu bat egitea eta Uxue Barkosen gobernuak erabaki du ez dela errauskailurik behar. Galdera berez dator: zergatik batean bai eta bestean ez?

Berriro berotuz doa hondakinen gaia Gipuzkoan, inoiz guztiz hoztu ez bada ere. Hori adierazten dute errausketaren aurkako Zubietako martxak edo Andoaingo joan den larunbateko manifestazioak.

Zero eremutik urrutira ere iristen ari dira mugimenduaren errepikak. Gipuzkoan gaikako bilketan txapelduna den Debagoienan, Bergarako Epeleko Hondakin Ez Arriskutsuen Zabortegia hondakin nahasien zabortegi bihurtu nahi du Diputazioak. Debagoiena Eredu herritarren plataforma sortu da asmoari aurre egiteko eta aireratzen duten galdera ez da txantxetakoa:  Debagoienan azken bost urteetan %80ko gaikako bilketa lortu bada, beste eskualdeetan zergatik ezin da?

Ez baita mirari bat han egindakoa, ez diru kostu handikoa, ez gaitza bideratzeko. Udalen borondate politikoa besterik ez da behar izan. Herri batzuetan atez ate, besteetan edukiontziz, klabe garrantzitsuena honakoa da: ez dago hondakinak nahasian biltzen dituen edukiontzirik. Bide honetan giltzarri izan zen atez atekoak egindako bidea eta baita Arrasaten EH Bilduren eta EAJren artean txip bidezko edukiontzien inguruan izandako akordioa ere.

Adi, baina, “derrigorrarekin”, hitz madarikatua baita askatasun liberal eta sakratuen gizarte honetan: ez derrigortu hondakinak gaika biltzera, baina bai guztiz birziklagarriak diren hondakinak erretzera.

Errausketaren apologian oinarrituta bada ere, jeltzaleen artean bada Zubietako errauskailua auzitan jartzen duenik: Zabalgarbin erre badaiteke, zertarako negozioa Kantabriara eraman? Luis Alberto Aranbarri Amatiñok horixe iradokitzen du bere blogeko Gipuzkoaren gezurra artikuluan: “Bizkaia eta Gipuzkoa lurralde berekoak balira, Gipuzkoak egingo al luke erraustegi berririk Zubietan? Denok ere normal samarrak bagina, elkarrekin osatzen dugun bi milioitik beherako biztanlegoak ez ote luke aski izango erraustegi bakarraz? Erotu al gara?”.

Gipuzkoan azken hilabeteetan bilketa sistemaz erreferendum ugari egin dira. Denetan irabazi du txip bidezko edukiontzien sistemak. Pista bat bada, zalantza barik. Baina ba al dakigu zer pentsatzen duten errauskailu proiektuaz? Bilketaz galdetu eta tratamenduaz ez? Ez al litzateke logikoagoa eta demokratikoagoa errauskailuaz ere galdetzea?

Lezoko alkate jeltzalearen dimisioa izan da egoeraren azken neurgailua. Aurreko udalak ezarrita (EH Bildu) Lezon atez ateko eredua egon da indarrean oraintsu arte; oraingo Udalaren (EAJ) eta EH Bilduren arteko akordioaren ondorioz, bio-hondakinak eta errefusa atez ate bilduko dira eta papera eta plastikoa edukiontzien bidez. EAJren GBBk ez du akordioa ontzat eman eta EAJko Lezoko alkateak dimisioa eman du. Beraz, ez kontsultarik? Ez akordiorik?

Botoei baino hondakinei begiratzen dienaren begitik, eta bere xumean, Gipuzkoako Zero Zabor mugimenduak eredugarri izaten jarraitzen du. Etxegabetzeenaz gain, ba ote da egun Euskal Herri osoan herri mugimendu eraginkorragorik?

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Gipuzkoako erraustegia kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude