Erraustegiak lehen pozoiak erakutsi baldin baditu... zer egin?

  • Gipuzkoako erraustegiaren emisioen bost urteko jarraipenaren emaitzak aurkeztu ditu ToxicoWatch fundazioak. Emaitza kezkagarriak, bizidunei eta zehazki gizakiei osasun kalte larriak eragin diezazkieketen kutsatzaileez ari garelako. Emaitza nabarmenak, erraustegi berria eta ustez puntako teknologiaz eraikitakoa izanik deigarria suertatzen delako jada pilatzen dituela aspaldiko erraustegien emisio mailak.

Zubietako erraustegia hasi da lehen pozoiak erakusten. (Argazkia: Dani Blanco / ARGIA)
Zubietako erraustegia hasi da lehen pozoiak erakusten. (Argazkia: Dani Blanco / ARGIA)
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Abel Arkenbout toxikologoa eta Kirsten Bouman biologoa, Herbehereetan industriaren emisioen jarraipenean berezitutako ToxicoWatch fundazioko kideak, maiatzaren 22an ia zuzenean zetozen Eslovakiatik, Turna nad Bodvou herrian aurkeztetik han hondakinak erretzen dituen zementu fabrikaren inguruko kutsaduraren emaitzak. Giro beroa, antza, Turna nad Bodvoun (3.200 biztanle, Eslovakiako bigarren hiri handiena den Kosice ondoan), jendearen urte luzeko kexuak batetik, faktoriako ugazabaren eta goi koadroen presioak bestetik, ikerlarien hitzaldia poliziak zainduta liskarren beldurrez… eta –hara!– bertako telebista publikoak albiste emankizun nagusian hiru minutuko erreportajean aipatua, ikerlarien elkarrizketa eta guzti; Internetez ikusgai dago oraindik.

Lehen begiratu batean, ez dute zorte bera eduki zientzialariok Gipuzkoara iritsitakoan, hemengo hedabide publiko zein pribatuek beti dituzte gai inportanteagoak albistegien agendan, zer esanik ez probintziako egunkari salduenak. Horretan, zorioneko daude euskarazko hedabideak irakurtzen dituzten herritarrak: Berria-k, ARGIA-k eta Noaua-k eskainitako kronikei esker ezagutu ahal izan dute ToxicoWatch fundazioak bost urteko jarraipen zehatzaren ostean ondorioztatu duela Zubietako erraustegi berriak inguruko aire, lurzoru eta bizidunetan zabaldutako kutsagarriak jada nabarmenak direla.

ToxicoWatcheko ikerlariak Eslovakiako Turna nad Bodvou herrian, hango erraustegiaren emisioen ikerlana aurkezten.
Europako zortzi errauste plantaren emisioen jarraipena ari da egiten ToxicoWatch fundazioa, tartean, Zubietakoa

Isiltasunak isiltasun, zientzialarien bisitari gertuagotik erreparatuz gero, ohar gintezke Gipuzkoako panoraman aldaketa funtsezko bat ezarri duela ToxicoWatchek Hernanin, Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta Usurbilen aurkeztutako analisiekin: erakutsi dute jada lehendik kutsatuta zegoen inguru txit hiritartu honetan pozoien kopuru eta mailak handitu egin direla Zubietan hondakinak bi labe handitan erretzen hasi zirenetik. Argazki itsusi horrek mugitzera eta lanera behartzen ditu kutsaduraren iturriarekin zerikusirik duten guztiak. Erraustegiaren inguruko herritarrek motiboak dauzkate lehenaz gain kezkatzeko. Labeen kudeatzaileek galdera deserosoak dauzkate orain mahai gainean. Eta azken finean azpiegitura publikoa den horren arduradun politikoei arazoei konponbidea bilatu eta ezartzeko presa sartzen die. Eman daitezkeen zenbait urrats ere aurreratu dizkie ToxicoWatchek… baina horretan barnatu aurretik, komeni da laburbiltzea zer aurkitu duten zientzialariok.

Erraustegia piztu aurretik hasita

2019an izan zen lehenbizikoz ToxicoWatch Euskal Herrian, Errausketaren Aurkako Mugimenduak (EAM) gonbidatuta, errauste planten emisioen zertzeladak ematen eta azaltzen horien jarraipena nola egin daitekeen: ikertuz instalazio horren inguruan zabaldutako toxikoak beren gain biltzen dituzten lurzoru, erreketako ur, goroldio, zenbait landareren (ote, gorosti, pinu…) hosto eta autokontsumorako oilategi txikietako arrautzetan.

Ikerlanari garrantzitsu iritzita, hura finantzatzeko dirua herritarren artean bildu zen crowdfunding bidez eta gaiarekin sentibera diren zenbait udalek ere onartu zuten parte hartzea. Lehen lagin bilketa 2019an egin zen, artean erraustegia martxan jarri aurretik, “zero puntua” edo abiatzeko unekoa markatzeko. Lehen ikerlan hartako emaitzek erakutsi zuten erraustegiaren inguruko 5 kilometroen barruan jada toxikoen arrasto nabarmenak agertzen zirela –erraz ulertzekoa kontutan hartuta Usurbil, Lasarte-Oria, Andoain, Urnieta, Hernani eta Donostiaren zati bat hartzen dituen eremuan zenbat industria, errepide eta bestelako kutsadura iturri biltzen den, hondakinak erretzen dituen Añorgako porlan fabrika barne–. Ondorioz, ikerlariek erabaki zuten zentratzea nagusiki 1,5 kilometroko eremu estuagoan, “eraztun berdea” izendatu duten horretan aurkitu baitzituzten artean kutsatu gabeko goroldio, ur, zuhaitz-orri eta abar.

Bouman eta Arkenbout goroldio laginak biltzen Zubietako erraustegitik hurbil joan den maiatzean. (Argazkia: X. M.)

Geroztik ToxicoWatchek bost urtez segidan egin die jarraipena erraustegiaren emisioen arrastoei eta urtero bildu ditu –erraustegiaren inguruko beti gune beretan eta zorrotz dokumentatuta– aipatu lurzoru, erreketako ur, goroldio, zenbait landareren (ote, gorosti, pinu…) hosto eta autokontsumorako oilategi txikietako arrautzak.

Laginak laborategi zertifikatuetara bidalita, horiek analizatzen dituzte ikusteko ea baduten kutsatzaileon arrastorik: metal astunak (beruna, kobrea, zinka, kromoa, merkurioa…), dioxinak, PCBak eta PFASak. Azpimarratzekoa da eguneroko bizitzan eten barik –teflon delakoa daukaten zartaginetan bezala hainbeste kosmetiko, ontzi eta abarretan– darabiltzagun toxiko larri hauen kasua. Orain dela oso gutxi arte Europako legedian arautu gabe egon diren PFASak, gaur hedabide handiek “kutsagarri eternoak” deituta hainbeste aipatzen dituztenak, jada bigarren ikerketan hartu zituen kontuan ToxicoWatchek, etorkizunerako informazio baliagarria delakoan: gure arteko zenbait politikari ezjakinek mespretxatu duen fundazio hori Basilea-Stockholm-go Konbentzioaren lan talde teknikoetan ere ari baita, Genevan.

Jendea ikaratu ez, arazoari konponbidea jarri

Uneotan zortzi errauste plantaren emisioen jarraipena ari da egiten ToxicoWatch Europan zehar. 2013an ekin zion Herbehereetan Harlingen hiriak daukan erraustegiarekin, 2019tik ari da Gipuzkoako (Zubieta) eta Belgikako Beringen hiriko erraustegiekin, 2021etik Parisek (Ivry-Paris III) daukan Europako handienarekin eta geroztik Zero Waste Europe gobernuz kanpoko erakundeak eskatuta Madrilgo (Valdemingomez), Txekiako (Pilsen), Lituaniako (Kaunas) eta Eslovakiakoekin (Turna nad Bodvou).
ToxicoWatchek bere ikerketetan garrantzi handia ematen dio erraustegi inguruko herritarrek autokontsumorako dauzkaten oilategietako arrautzen analisiari, librean hazitako oiloek beren gantzetan –eta ondorioz, erruten dituzten arrautzetan– pilatzen dituztelako inguruko belar, landare, goroldio eta xomorroek aurretik bildutako toxikoak.

ToxicoWatcheko Bouman eta Arkenbout Gipuzkoako Batzar Nagusien sarreran maiatzaren 27an, beren lekukotasuna ematera joanik Gipuzkoako ordezkari politikoei.
Pozoien errudun klasiko bat deitzen da ‘OTNOC’, ohikoak ez diren baldintzetan funtzionatzea: labeak itzali eta berriro piztean erraustegiari baimentzen zaio keak filtrorik gabe ‘bypass’ eginda zuzenean atmosferara jaurtitzea

Hasieratik hamabost oilategitako arrautzak biomonitorizatu dituzte hemengo erraustegi inguruan, udalerriz Zubieta, Lasarte-Oria, Usurbil, Andoain, Hernani eta Urnieta diren guneetan. Erraustegia martxan jartzerako jada pozoien arrastoak ageri zirenez arrautzetan, adierazten zutenak eremu horiek lehendik ere kutsatuta zeudela eta erraustegiaz gain bestelako kutsadura iturriak bazirela, zentratu dira labeetatik gertuenekoetan. Beren agerraldietan Bouman eta Arkenboutek nabarmendu dute 2019tik 2023a bitartean analizatutako oilategi guztietan igo direla bai dioxinak, bai PCBak eta bai PFASak. Guztietan handitu dira pozoi kopuruak eta oilategiren batean gainera ikerlariok inoiz neurtu duten kopururik handienera iritsi dira.

“Ez da gure asmoa inor beldurtzea”, entzun zaie Bouman eta Arkenbouti behin eta berriro arrautzen datu eta grafikoek entzuleen artean eragiten duten zirrararen aurrean. “Politikariek eta erraustegien kudeatzaileek konpondu beharra daukate kutsadura bere iturrian, konponbidea ez da inolaz ere horrelako arazo baten erantzukizuna berriro ere herritarren bizkar uztea”.

Arrautzak baldin badira erraustegi batek aurretik iragarritako garbitasun helburuak betetzen ez dituela ohartarazten diguten “alerta goiztiarrak”, zantzu horiek berretsi dituzte instalazioen inguruan bildutako lurzoru, landare, goroldio eta uren analisiek. Denetan ikusi dira agertzen eta ugaritzen dioxinak eta PFASak, ur eta errekako sedimentuetan metal astunak ugaritu diren bezala. Baina bereziki deigarria egiten da goroldioekin gertatzen ari dena: erraustegiaren inguruko goroldioetan 2019an –hondakinak erretzen hasi aurretik– toxikorik ez zen azaldu laginetan, erraustegia abiarazi bezain laster 2020an agertzen hasi ziren eta 2023ko laginketan bildutako goroldio lagin guztiek zeuzkaten pozoi arrasto oso nabarmenak.

TCDD motako dioxinarik ez zen agertu Zubietako erraustegi ondoko goroldioetan 2019an, labeak piztu aurretik; geroztik, gero eta arrasto gehiago ageri dira horietan.
Bi urtean 240 ‘OTNOC’ esan duzu?

Zer adierazten dute Gipuzkoako erraustegiaren inguruan hautemandako kutsaduren datuek? Hasteko, jakin behar da erraustegi batek emititzen dituen milaka toxiko ezberdinen artean gutxi batzuk direla legeak arautuak, erregulazioetan aipatu gabe geratzen baitira dioxina eta PCB asko, PFAS guztiak eta abar luzea. Hori ahaztu barik, arrautza, landare, ur eta goroldioetan toxikoak nabarmen ageri baldin badira, iturri nagusiak zein izan daitezkeen jakitea ez da misterioa, munduko beste erraustegietan gertatuak ezagututa.

Pozoien errudun klasiko bat –agintariek ezikusia eginda pasatzen dutena– deitzen da OTNOC, ohikoak ez diren baldintzetan funtzionatzea (Other Than Normal Operating Conditions). Laburtzeko: erraustegiaren ugazabak kontrolatu behar ditu toxikoen emisioak labeak “normal” funtzionatzen ari direnean, baina arauek orain arte barkatu diote egoera ez-ohikoetan egindako edozer; funtsean, matxura batengatik edo dena delakoagatik labeak itzali eta berriro pizteko aldietan, hauetan baimentzen zaio baita hondakin erreen kea filtrorik gabe bypass eginda zuzenean atmosferara jaurtitzea ere. Zubietakoaren kasuan, Europako araudiek gomendatzen dutena baino askoz gehiagotan egin ditu itzali-piztu aldiok, bere lehen bi urteetan 240 aldiz, Gorka Bueno unibertsitate irakasle eta Ekopoleko kideak azaldua duenez. Gogoratu OTNOC, kontrol eta filtrorik gabeko kutsatze kolpeak.

Bigarrena, OTNOC bezain erruduna baina erraustegien ugazabek bezala teknologietan begi-itsuan sinesten duten ingeniariek aitortu ezina, da hondakinek erretzean gutxienez bi segundoz iraun behar dutela 850ºC-tan. Eta hori une oro lortzea oso nekeza dela, erraustegi guztietako kantua da.

Nola bermatu 850 ºC-ko tenperatura?

Aspaldi kontatu zuen ARGIAn Alfonso del Val adituak nola epailearen aginduz bi guardia zibilekin Valdemingomezkoa ikuskatzera joanda labearen atea ireki eta beren begien aurrean aurkitu zuten… paperezko liburukote bat erdizka erreta: 850 ºC haietatik urrun geratua zen seinale. Berrikitan antzeko konklusiora iritsi dira guardia zibilak –antza, ertzainak baino iaioagoak erraustegien kutsaduren arrastoak jarraitzen– Bartzelonako (Sant Adrià de Besós) erraustegian: han zuzendaritzak emandako datuak fisikoki ezinezkoak zirela eta hondakinak behar baino tenperatura epelagoan erretzen dituztela idatzi diote txostenean epaileari.

Ez da erraza, antza, 850 ºC-tara berme osoz iristea labe handi batean bildutako zabor nahasi guztiak, gainera multzoa egunero hondakin mota ezberdinez osatuta dagoenean. Belgikako Beringeneko erraustegian ToxicoWatchek erakutsi zuenez, tenperatura neurtzeko sistema ez zen egokia: Bruselako gobernuak onartu zuen benetako tenperatura erreala zertifikatu zezala Alemanian neurketetan berezitutako TÜV konpainiak, eta honek erakutsi zuen erraustegiak deklaratutakoak baino ia 100 ºC epelagoak zirela errealak. Horrek bakarrik, ditxosozko OTNOC-ik gabe ere, azal ditzake dioxina eta beste toxiko asko inguruan zabaltzea, teorian konbustioak deseginak beharko zutenak, baina errealitatean arriskutsuak diren pozoiak direnak.

“Politikariek eta erraustegien kudeatzaileek konpondu beharra daukate kutsadura bere iturrian, konponbidea ez da inolaz ere horrelako arazo baten erantzukizuna berriro ere herritarren bizkar uztea”
Abel Arkenbout

Ohar berezia egin dute PFASei buruz ikerlariek. Berrikitan Europako Legebiltzarrak arautu dituen “kutsagarri eterno” direlakoek mundu osoko erraustegiei arazo berri bat ekarri die. Dioxinak baldin badira hondakinak erretzean ‘nahi gabe’ sortzen diren substantziak, PFASak dira kimikariek azken hamarkadetan ‘nahita’ sortutako substantzia berriak kontsumogai pila batean barreiatuta daudenak, hasi zartaginetan jakiak eranstea eragozten duen teflon famatutik eta segi klase guztietako ontzi, janzki, kosmetiko eta estalkien zerrenda amaigabean. Daramatzaten PFASak desegitekotan, gai horiek denak  1.100 ºC-ko beroan erre beharko lirateke. Labera iritsitako zabor guztiak 850 ºC-etaraino eramatea bermatu ezin duten erraustegiak nola iritsiko dira tenperatura horretara? Lortzekotan ere, zein kosterekin? Industriaz, unibertsitatez eta ingeniariz betetako Euskal Herri honetan, egunero material berrien sorrerak iragartzen dizkiguten milaka profesionalok okupatzen hasiko ote dira sortu eta bazter guztietara barreiatu dituzten kutsatzaile eternoon ondorioez?

Elkarlana eskaini eta informazioen gardentasuna eskatu

Kirsten Bouman eta Abel Arkenboutek, kutsaduraren argazki kezkagarria erakusteaz gain, aurrera begirako urrats posibleen pistak ere eskaini dituzte beren agerraldietan. Hasteko, erraustegiaren inguruetan agertu diren pozoien eta labeen kudeatzaileek hark sortutako emisioen artean dagoen leizea informazioz osatu beharra dago.

Markel Olano diputatu nagusia eta Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatu eta GHK-ko lehendakaria, Zubietako erraustegia eraikitzeko lanak --Bilduk bere agintaldian eten ostean- berriro hasi zituzten egunean.

Alde batetik, labeetan hondakinak errealitatean zein tenperaturatan erretzen diren zehazki jakin behar da. Gauza bat dela labearen puntu jakin batean kokatutako termometroak markatzen duena eta oso bestelakoa hondakin masa handi bezain anitz eta nahasi horretan guztian 850 ºC-ak alkantzatzea.

Erraustegiaren inguruko goroldioetan ez zen toxikorik aurkitu hondakinak erretzen hasi aurretik, 2023ko lagin guztietan pozoi arrasto oso nabarmenak atera dira

Bestetik, erraustegiak tximinietatik aireratzen dituen toxikoen neurketa errealak bermatzea. Oraindik ez dago, adibidez, dioxinen emisioak jarraian neurtzeko teknologiarik, baina badago eten gabe emisioen laginketak egin eta denbora tarte batekin horien emaitzen bidez emisio errealak zehaztasun handiagoz lortzeko modua. Zubietako erraustegiak berak instalatuta omen dauka sektorean AMESA izenez ezaguna den laginketa tresna hori…baina falta da hori eten barik martxan eta kontrolpean edukitzea, eta tximinietan bat baino gehiago edukitzea. Horrela posible litzateke, nahiz eta ordu edo egun batzuetako atzerapenez, zehatzago jakitea une bakoitzean tximinietatik zer atera den atmosferara.

ToxicoWatcheko ikerlariek Gipuzkoako Batzar Nagusietan azaldu zuten prest daudela elkarlanean aritzeko alde guztiekin, Herbehereetan edo Belgikan egin duten bezala, parte hartuz gobernuak antolatutako lan-taldeetan. Bide batez esanda, ez zuten meritu makala izan, bileraren aurretik hedabideetan bezala Batzar Nagusietan ere mespretxua egin zieten agintarien aitzinean.

Horrek guztiak, ordea, ikerketa zorrotzak eta talde-laneko balorazio burutsuak, badauka aurretiazko baldintza ezinbesteko bat: aginte publikoak bermatu beharra dauka informazioen eta datuen gardentasuna. Gipuzkoako kasuan, inor ausartuko ote da lantalde txukun bat antolatu eta Ekondakin konpainiari eskatzera labeen eta hondakinek egiten duten bide osoaren erregistroak ikerlarien esku jartzera? 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ingurumena
Meaka-Irimo bizirik!

Enpresa batek Irimo mendian zentral eolikoa eraikitzeko asmoa zuela iragarri zigun aspaldi batean haize kolpe batek. Gehienek ezin zuten sinistu, inondik ere. Are gutxiago Irimo mendiaren orografia eta izaera harritsua ezagutzen dituztenek. "Baina ba al dakizu ze nolako... [+]


2024-07-10 | Sukar Horia
Ingreso altuko eremua

Ekainean jarri du martxan Bilboko Udalak Emisio Gutxiko Eremua, irailera arte isunak jartzen hasiko ez bada ere. Neurri horrek auto zaharren sarrera mugatuko du Bilboko zabalgune burgesera astelehenetik ostiralera. Hasiera batean 2000. urtea baino lehen matrikulaturiko... [+]


Ekainik beroena izan da aurtengoa mundu mailan, erregistroak daudenetik

Klimari buruzko datuak jasotzen dituen Copernicusen arabera, hamahirugarren hilabetez jarraian errekorra hautsi da aurtengo ekainean. Parisko Akordioan hitzartutako 1,5ºC-en helburua ez da bete eta egoera aldatzen ez bada, errekor negatibo berriak izango direla aurreikus... [+]


2024-07-10 | Aiaraldea
Amurrioko Udalak eta Administrazio Batzarrek batera aurkeztu dituzte Solariako energia sortzeko proiektuaren aurkako alegazioak

Toki-administrazioek zalantzan jarri dute ingurumen-inpaktuaren azterketa, eta ohartarazi dute ingurumenean eragin larria izango duela eta baterako azterketa egin beharko dela etorkizuneko proiektuetarako.


Gorbeialdeko makroproiektu energetikoen aurkako milaka helegite aurkeztu dituzte Jaurlaritzan

Zigoitian 100 hektareako parke fotovoltaikoa eraiki nahi du Solariak, eta eskualdea gurutzatuko luke oso goi tentsioko linea batek ere. Urkabustaiz, Zigoitia eta Zuiako bizilagunek herritarren 5.540 helegite aurkeztu dituzte ingurua “mehatxatzen duten proiektuak gelditzeko... [+]


Hamalau egun atxikita egon den saharar ekintzaile politikoa libre utzi dute

Ostiral arratsaldean deportatu behar zuten, baina hegaldiaren komandanteak ez zuen sahararraren bidaia ahalbidetu, hegaldia segurua ez zela izango argudiatu zuelako, EFEk jaso duenez. Bilboko Guardia Epaitegiak larunbat goizaldean gaztearen “askatasun-gabezia... [+]


2024-07-08 | Jakoba Errekondo
Erein aurreko hazien bedeinkazioak

Galdera hau jaso berria dut Bizi Baratzeako postontzian: "Gaia San Joan bezperako familia afarian atera huen, Unanue sagardotegian, Azpeitian. Seguran Santa Engrazia egunean erein behar ditugun haziak bedeinkatzen dira. Erein beharreko hazi guztiak eramatea komeni al da?,... [+]


Garbitasuna

Erleek jaiotzetik hil arte duten joera bat da garbitzeko gaitasuna. Jaio bezain laster hasten da bera jaio den abaraska garbitzen, puskatu dituen argizari zatiak erlauntzatik kaleratzen.


2024-07-08 | Garazi Zabaleta
Nafarroako hazien liburutegia
“Kultura, liburuetan ez ezik, esperientzia pertsonal eta komunitarioetan ere badago”

2022an Nafarroako Liburutegien Sareak martxan jarritako proiektu berezia da hazien liburutegia. Clara Flamarique Goñi da Nafarroako Gobernuaren liburutegi zerbitzuko proiektuen arduraduna, eta honela gogoratu ditu hastapenak: “Zaragozako liburutegian martxan zuten... [+]


Bustitzen ez den arranoa

Ur azaletik gertu dabiltza arrainak igerian. Zerbait uretarantz gerturatzen ari da, hegan: arrano bat dator, bere atzaparrak aurrerantz luzatuta eta zaplast! Uretan sartu da, bete betean. Arraina harrapatu ostean burua uretatik atera du arranoak, baina arrainak hondorantz egiten... [+]


Traktoreen protestak hasi zirela bost hilabete
Zerekin egiten dugu amets? Elikagaien merkatu globalizatuan bira egiteaz harago

Bost hilabete bete dira otsailaren 6an traktoreen mobilizazioak hasi zirenetik. Mirene Begiristainek eta Isabel Alvarezek ekofeminismoaren betaurrekoak jantzita aztertu dituzte mobilizazio hauek eta fokutik kanpo geratu diren laborariak eta aldarrikapenak ekarri dituzte lehen... [+]


ChatGPT-k hau ere badaki: datu zentroek milioika litro ur lapurtuko digute

Adimen artifiziala denen eskueran jartzearekin, multinazional teknologikoek cloud datu zentro erraldoiak eraikitzeko planak ugaritu dituzte. Ekipamendu informatikoz betetako mega-fabrikon aztarna ekologikoa ikaragarria da: elektrizitateaz gain, milioika litro ur behar dute euren... [+]


Loiuko aireportuan atxikitako gaztea deportatuko dute, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz

Ostiral arratsaldeko 15:00etan deportatuko dute Bilbotik Tangerrera doan hegaldi batean, EITBk informatu duenez. Espainiako Auzitegi Nazionalaren arabera, “gaur egun ez dago demandatzailearen bizitzarako edo osotasun fisikorako berehalako arrisku edo arrisku... [+]


Loiuko aireportuan ekintzaile saharar bat atxikita daukate duela 10 egunetik

Gizona Marokotik zetorren hegaldi batetik iritsi zen eta asiloa eskatu zuen, jazarritako ekintzaile politikoa zelako. Ukatu egin zioten eta gaur deportatu behar zuten, baina atzeratu egin dute. Abokatuek Auzitegi Nazionalaren aurrean aurkezturiko “erreguzko... [+]


Barakaldo eta Erandio arteko zubia eraikitzeko obren arriskua salatu du Ekologistak Martxanek

Erakunde ekologistatik kezkatuta ikusten dute Barakaldo eta Erandio arteko zubia eraikitzeko itsasadarraren hondoko 87.000 metro kubiko; dragatzearen iragarpena. Diru publikoaren xahutzea, arduragabekeria eta agintarien planifikazio falta salatu ditu, baita obrak... [+]


Eguneraketa berriak daude