Emakumeak borrokan
Katu Arkonada

“Kudeaketa ez da sexia, erakargarriago zaigu erresistentziaren kultura”

  • 2009tik 2014ra La Pazen bizi izan da eta lan anitzak egin ditu Boliviako Gobernuan. Urte batez Mexikon egon ondotik, erreferendum kanpainarako laguntza ekartzera itzuli da Evo Moralesen Gobernura. Idatzi berri duen Escenarios y horizontes del cambio de época en América Latina liburua argitaratuko du Hiru argitaletxeak laster. Hainbat hedabidetan, gainera, analista politiko lanetan aritzen da.

Joanes Etxebarria
2016ko martxoaren 06a

Ibilbide luzea ukan duzu Boliviara iritsi aitzin, nolakoa izan da?

Zaila da laburtzea. Ene burua definitu nezake militante internazionalista bezala. Euskal Herrian ikasi nuen hori, ezker abertzaleko militante gisa, baina baita Latinoamerikan ibilitako militante internazionalista modura ere. Kubara bidaia egin nuen lehen aldiz 1997an. Kubak anitz irakatsi didan bezala Venezuelak ere asko irakatsi dit 2003an izan nintzen lehen aldiaz geroztik. Boliviarekin zorretan nengoen, ezagutzen ez nuen ezkerreko aldaketa prozesu bakarra zelako. Ibilbidea laburtuz, etorri nintzen hilabete batzuk pasatzera, prozesua ezagutzeko, eta harrapatu ninduen, maitemindu nintzen.

Hemen garaipenak aipatzen dira, zure jatorrizko herrian gutxiago. Hori ere erakargarria izan al da?

Bai, baina –Arnaldo Otegiren hitzak baliatuz– irabazteko militatzen dut, nahiz eta ezkerrean, orokorki, porrotaren kultura daukagun. Latinoamerikako prozesu hauek irakatsi didate batek zinez nahi badu bere jendartea aldatu eta subiranotasuna berreskuratu maila guztietan, boterea hartu behar duela. Boterea abstraktua da, baina gutxienez gobernua hartu behar duzu. Gero konturatzen zara gobernua baduzula, baina ez duzula botere guztia. Horrek ekartzen du borroka latza ekonomian, eta bereziki maila kulturalean. Nola eraikitzen da hegemonia? Hori da galdera. Herri batentzat proposamen alternatiboa eraikitzea, gobernua irabaztea, botere politikoa, ekonomikoa eta mediatikoa borrokatzea... hori guztia egin dute hemen, eta ni pribilegiatua sentitzen naiz prozesu honek iraun duen denbora erdian baino gehiagoz lagundu izanaz. Onartu nautelako harro sentitzeaz gain, Euskal Herrian egun batean –diferentziak diferentzia– martxan jarri beharko den prozesurako irakaspenak hartzen ari naiz hemen.

Latinoamerikaz ari zarela sarri aipatzen duzu kudeaketak higadura dakarrela. Euskal Herrian ezker abertzaleak instituzioak kudeatu ditu, han ere higadurarik izan al da?

“Latinoamerika da munduan neoliberalismoari alternatiba eraikitzen dion bakarra”

Esan izan dut kudeaketa ez dela sexia. Nahiago dugu erresistentziaren kultura, erakargarriagoa da. Gobernuak beti sufritzen du nolabaiteko higadura. Hor Alvaro Garcia Linerak (Boliviako presidente ordea) oso ongi teorizatzen duen zerbait sartzen da jokoan: iraultzaren tentsio sortzaileak, herri barneko tentsioak aipatuz. Aterabidea bilatzen badiezu, tentsioek aurrera joaten laguntzen dizute. Tentsioetarik bat hala izendatzen du: malgutasun hegemonikoa nukleo sozialeko irmotasunaren parean. Hau da: nola garatzen duzu zure proiektua, nola barneratzen dituzu beste sektore sozialak (klase ertainak, enpresa sektoreak...) nukleo gogorrak babesten duen zure oinarrizko proiektuari kontzesio gehiegi egin gabe, nukleo hori galdu ez dezazun.

Euskal Herrian, ezker abertzale soziologikoa –zentzu zabalean ulertuta– krisian baldin badago ez dut uste kudeaketa arazo batengatik denik. Nahiz eta segur aski kudeaketa instituzionalean gauza batzuk gaizki egin diren, instituzioetan kudeaketa politiko ona egin da. Trantsizio une korapilatsu batean gaudela uste dut. Konfrontazio politiko-militarraren aroa ixten ari da, eta iduri zait gelditu garela kohesio elementurik gabe. Bat-batean konturatzen ari gara taktika eta estrategia desberdinak ditugula ezker abertzalearen barruan.

“Arranguratzen nau EH Bilduko arduradun batzuk EAJ limurtu nahian ibiltzen ikusteak”

Hori pasa da Bolivian ere: denek etsai amankomuna zeukatenean, AEBk lagundutako eskuina alegia, konfrontazio argia zegoen eta kohesioa azkarra zen oinarri sozialean. Eskuina politikoki eta militarki garaitu zenean, 2008ko iraila eta 2009ko urtarrila artean (konstituzio berria gehiengo absolutuarekin onartu zuten), orduan hasi ziren tentsioak agertzen. Ez da gehiago proiektu bera defendatzen baizik eta korporatiboki: meatzariak haiena eta laborariak haiena babesten hasten dira, eta gobernuaren kontrako mobilizazio azkarrak ere egin ziren. Orain konponduak dira arazoak. Estrategia eramateko modu desberdinen arteko trantsizio hori bizitzen ari gara. Arranguratzen nau, adibidez, EH Bilduko arduradun batzuk, behin bai bestean ez, EAJ limurtu nahian ibiltzen ikusteak. Katalunian, esaterako, jendarte zibiletik hain kalibre handiko dinamika abiatu zenez, burgesia txikia eta handia behartuta sentitu ziren subiranotasunaren trenera igotzera. Euskal Herrian ez dira baldintza horiek.

Bolivian beste herri batzuetan bezala, liderraren figura azkarra da, azkarregia ere pentsa daiteke.

Latinoamerikan, azkenean, prozesu horietan guztietan lider bakarrarekiko dependentzia sortu da. Kasu argiena Venezuelakoa da, Chavezekin. Bera hil ondotik krisi handia gertatu zen. Erran gabe doa inperialismoa horretaz baliatu zela eta Madurori galdetu zitzaion Chavez izatea, baina hark ezin du izan. Hori oso eztabaida korapilatsua da ezkerrarentzat. Nire erantzun politikoki zuzena lidergo kolektiboen aldeko apustua litzateke, formakuntza politikoa beharrezkoa dela aipatzea... Eta hori guztia egia da, baina lidergo hauek agertzen direnean, bakarrak dira munduan: Fidel Kuban, Chavez Venezuelan eta Evo Bolivian. Evo bezalako liderrak ere behar ditugu, borroka guztiak sintetizatzeko.

Euskal Herrian ere gisa horretako lider bat izatea ona litzateke?

Badago bat. Arnaldo Otegi kartzelatik atera dadin desiratzen ari gara. Zergatik? Nahiz eta pentsa dezakegun zuzendaritza kolektiboa dela, Otegik frogatu du borrokak eta erresistentziak sintetizatzeko gaitasuna duen liderra dela. Arnaldo Otegi entzutean ordezkatua sentitzen zara. Ez du berak bakarrik aterabiderik bilatuko, baina une jakin batean dispositiboa da, klik egiten laguntzen duena, eta zerumuga edo proiektu bat oinarri sozial batekin sintonizatzen duena.

Ezker Abertzaleak Latinoamerikako prozesuetatik gehiago ikasi beharko luke?

Latinoamerikako teoriko handienetariko batek, Carlos Mariateguik, beti zioen proiektu sozialista propioak sortu behar direla, sorkuntza heroikoak izan behar direla eta ez kopiak, ez kalkoak. Hori erraten zuen Latinoamerika beti Europara begira zegoenean, eta begira nola dagoen Europa orain!

“Batzuek Europa iparraldeko herrietako sozialdemokraziari begiratzeko daukaten joera akats handia da”

Ezker Abertzaleak uste dut zortez kultura politiko heterodoxoa ukan duela, marxismotik zein askapen nazionaleko mugimenduetatik edan izan duelako. Hori aberastasuna da egungo egoerari aurre egiteko. Batzuek sozialdemokrazia europarrari (Europako iparraldeko herrietakoa) begiratzeko daukaten joera akats handia da. Beti ikas daiteke denetatik, Europako iparraldeko ezkerretik barne, baina honezkero sozialdemokrazia proiektu politiko gisa hil da, nahiz eta Podemos balore horien salbatzeko saiakera bat izan. Neoliberalismoari alternatiba eraikitzen dion munduko eskualde bakarra Latinoamerika da. Hemen eztabaidatzen da hainbeste interesatzen zaigun subiranotasunaz eta demokraziaz, baita demokrazia liberal eta burgesak ezarri zigun tranpatik harago dauden mugez ere. Gure proiektua eraikitzeko, asko dugu ikasteko, kopia izan gabe.

Gorakadan izan diren gobernu progresistak atzera doazela aipatzen da Argentinan edo Venezuelan jasandako porrot elektoralengatik. Krisian daudela uste duzu?

Marxek erraten zuen historia uhinak bezala mugitzen dela, aitzinatzeak eta atzeratzeak daudela. Egia da gorantz joaten ari ginela, eta bat-batean atzerapenean sartu garela, Chavezen heriotzatik hona. Venezuela baino gehiago arranguratzen nau Argentinak, 1998az geroztik galtzen den lehen gobernua delako. Gainera horri gehitu zaio petrolioaren prezioa ikaragarri jaitsi dela eta lehengaien salmenta oinarri duten ekonomiek sufritu dutela.

Subiranotasuna berreskuratu eta aberastasunak banatzeko gai izan den agertoki post-neoliberala eraiki dugun arren, ez dugu sortu ezinbestekoa den eraldaketa kulturala. Onartu behar da kapitalismoak segitzen duela hegemonia ukaiten maila kulturalean, Latinoamerikan eta mundu osoan. Orain erronka berriak izanen dira. Margoketa famatu batek zera dio: “Erantzunak geneuzkanean galderak aldatu zizkiguten”. Eta hala gertatu zaigu. Latinoamerikan proiektua eguneratzea falta zaigu, berriz ere xarmatu behar direlako orain bozka eskubidea dutenak; bozkatzen ari baitira neoliberalismoa ezagutu ez duten belaunaldiak.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Bolivia  |  Ezker abertzalea  |  Venezuela  |  Argentina  |  Bolivia

Bolivia kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude