ARGIA.eus

2021eko azaroaren 30a
Julia Monge, Intxorta 1937 elkarteko kidea

"Emakumearen borroka gerra denboran erresistentzia totala izan da"

  • Iragan abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, ekitaldia Gasteizko lehendakaritzaren egoitzan René Cassin sariaren karietara. Frankismoaren krimenen kontrako kereilaren Euskal Plataforma da saridun. Lau lagun igoarazi dituzte oholtzara. Tartean da Julia Monge Sarabia.

Miel Anjel Elustondo
2016ko otsailaren 21a
“Egia da batzuek aita edota anaia galdu zutela gerran, baina haien heriotzaren ondorioak emakumeek jaso zituzten, bizirik geratu zirenek”.Argazkia: Zaldi Ero

Erakusketa prestatzen ari zarete Intxorta 1937 elkartean.

Bai. Iaz gudari eta milizianoei omenaldia egin genien Elgetan, apirilean. Ustekabean, txiletar batekin egin genuen harremana, Mauro Saravia. Hura, bizirik geratzen diren gudari eta milizianoak topetan zebilen, argazkiak ateratzeko helburuarekin. Gu, berriz, elkarrizketak egiten ari ginen gudari eta milizianoen artean. Gure indarrak batzea pentsatu genuen, eta halaxe egin genuen. Bizkaiko Batzar Nagusietara jo, Ana Otaduirekin egon, gure asmoa azaldu, eta laguntza txiki bat eman digute. Orain, martxoaren hasieran, erakusketa egingo dugu Bilbon, eta ondoren, beste zenbait lekutan ere erakutsiko da. 27ren bat pertsonaren argazki eta biografia laburrek osatuko dute erakusketa. Aurten, berriz, emakumeak omenduko ditugu, haien testigantzak batzen ari gara, haiei argazkiak ere egiten, hurrengo urtean emakumeei eskainitako erakusketa egin ahal izateko.

2012an egin zenuten dokumentala ez da abiapuntu kamutsa: “Arrasate 1936: emakumea, gerra eta errepresioa”.

Arrasaten ez ezik, Bergaran, Aretxabaletan eta Oñatin ere eginak ditugu dokumentalak. Beste bat ere bai, Intxortari buruz oro har ari dena. Kontua da gizonezkoen egitekoa askoz ere ikusgarriagoa dela: bateko batailoia eta besteko konpainia, gerrako borrokan. Emakumearen borroka bestelakoa zen, baina borroka, hala ere. Horixe adieraziko dugu aurten Elgetan. Omendu nahi ditugun emakumetako batzuk hilda daudenez, beraien senideen bidez jasoko dute omenaldia.

Jakina, adineko jendea.

Bai horixe! Lehengo batean, Toulousen izan gara, emakume batekin hizketan. Teresa Nadal du izena. Aita sozialista zuen, eta Bilboko udal zinegotzia gerra baino lehen. 1934ko iraultza tarteko, preso hartu zuten. Aita kartzelan zela, 1935ean Teresa Medikuntza ikasketak egiten hasi zen Zaragozan. Ehun ikasle baino gehiago omen ziren, eta hiru besterik ez, andrezkoak. Lehenengo ikasturtea egin, oporretan Bilbora itzuli, eta uztailean, gerra. Ez zen Zaragozara itzuli. Gerra, eta aita kartzelatik atera zuten amnistia legea baliatuz. Teresa berriz, boluntario joan omen zen erizain. Berak esan ziguna: “Medikuntzako lehen urtea egin bai, baina medikuntzaz ezer ere ez nekien!”. Kanpaina-ospitalea jarri zuten Bilboko zezen-plazan, eta hantxe jardun omen zuen Teresak, kirofanoan, beste zenbait lagunekin batera. Berak dioenez, zauritu larriak eta jende “esanguratsua”, eraman omen zuten hara. Bilbo jausi zenean, Santanderrera Teresa, gurasoekin. Handik, Frantziara; gero, Kataluniara; hurrena, atzera Frantziara. Eta senarra izango zuena ezagutu zuen, hau alemaniarrengandik ihesian zetorrela.

Hala Teresa nola gizona, biak gerratik ihesi.

Horixe esaten zuen Teresaren seme Albertok. Gaztelaniaz primeran hitz egiten du, amak gaztelaniaz hazi zituelako, alderdi honetara laster itzuliko zirelakoan. Frantzian bizi izan da beti.

Odisea.

Bada, Frantziatik Marokora joan ziren, lana tarteko. Handik, Aljeriara, non bertako gerrak harrapatu baitzituen. Umeak ere hazten ari zitzaizkien, ikasteko adinean, baina ikasteko modurik ez, eta Frantziara itzultzea erabaki omen zuten. 98 urte Teresak, eta Elgetako omenaldira etortzeko ideia dauka.

Emakumea lehenengo planora ekarriko duzue Elgetan aurten.

Horixe da gure asmoa, lehenengo planora ekartzea. “Guk ez dugu ezer egin!”, zenbat aldiz entzun behar izaten ote dugu. Besteetan, beste inoren testigantza ematen dute, beraiek jasan zutena kontatu gabe, edo garrantzia eman gabe. Egia da batzuek aita edota anaia galdu zutela gerran, fronteko borrokan, baina haien heriotzaren ondorioak eurek jaso zituzten, bizirik geratu zirenek. Hala ere, besterena baloratzen dute, norberarena barik. Inor etxera etorri, aita hartu, kanposantura eraman eta paretaren kontra hiltzea izugarria da, baina bizirik geratzen direnen estigma hor dago: “Gorriaren andrea… gorrien seme-alabak…”. Eta, jakina, ezin ezer esan. Isil-isilik, umeak aurrera atera eta kito! Kontatzeko garaian, besterena kontatzen dute, besteri gertatu zitzaiona, eurek sufritu zutena barik.

Zenbaitek ez du kontatu nahi izaten.

Gertatu izan zaigu, behin baino gehiagotan. Inoiz, testigantza jasotzeko ordua adostu eta, azken orduan, ezetz. Gogoan daukat kasu bat, andreak baietz esan, bizitakoa kontatuko zuela, eta haren semearen ilusioa! “Oso-oso isilik gorde ditu horiek denak, eta orain, ia-ia 100 urte, eta kontatu egingo ditu. Poz ematen dit”. Bezperan, gaixotu egin zen emakumea, buruan larria sartu zitzaion, eta… ez zuen kontatu. Kasu horietan guk beti errespetatzen dugu inoren erabakia, testigantza galdua gorabehera. Batzuek beti kontatu izan dute iragana. Beste batzuek tabu izan dute. Eta badira nagusitan kontatzen hasi direnak, zahartutakoan. Teresa Nadalen kasua da. Haren seme Albertok esan zigun: “Oraintxe hasi da gure ama ordukoak kontatzen”.

Zertan da hartzailearen jarrera? Aintzakotzat hartzen ditu jende adin handikoaren lekukotasun berbak?

2012an, Arrasateko emakumeen gaineko dokumentala egin genuenean, aurkezpena egin Amaia antzokian –lehenengo, euskarazko proiekzioa; ondoren, omenaldia; gero, gaztelaniazko bertsioa–, jendea hunkituta zegoen, guztiz. Baina konturatzen gara gazteek, oro har, ez diotela behar besteko garrantzirik ematen. “Aitaita-amamen kontu zaharrak!”, esateko moduan. Desprestigio modu bat edo. Ez gara konturatzen bene-benetako gertaerak izan zirela, benetako haustura. Errepublikaren hezkuntza ereduak aurrera egin izan balu, adibidez, orain baino askoz hobeto egongo ginateke. 40 urte egon gara zapalduta, ezer egiteko aukerarik gabe. Dokumentalean egiten genuen galderetako bat zen: “Zer esango zeniekete gazteei?”.

Eta?

Bat zetozen denak: “Jakin egin behar dute. Batzuek uste dute ez dela izan ‘hainbesterako’, baina ‘hainbesterako eta gehiago’ izan zen”.

René Cassin sariak eman zituztenean ezagutu zintugun. Saria jasotzerakoan, hantxe zu, Josefa Berasategi, Luis Ortiz Alfau eta Josu Ibargutxirekin batera, norberaren eta Euskal Plataformaren izenean mintzo. Arduradun politikoen hitzak eta gero, aurkezleak zeuri egin zizun lehen galdera: “Zertan da kereila, zein unetan dago?”. Horixe jakin nahiko nizuke.

Euskal Plataforma 2009an hasi zen martxan, eta Espainiako Estatuko elkartearen barruan ari gara lanean. 1977ko Amnistia Legeak frankismoaren krimenak aztertzea galarazten du, tortura delituak, behartutako desagertzeak, exekuzio sumarioak... Hala ere, NBEn Giza Eskubideen Batzordeak, Amnistia Internazionalak eta Human Rights Watch erakundeek gizateriaren aurkako krimentzat jo ditu frankismoarenak, eta dio ez direla preskribitzen, zenbait gomendio egin dizkio Espainiako Gobernuari, baina honek 1977ko Amnistia Legea jartzen du aitzakia. Harresia da lege hori. Berez, kereila Argentinan hasi zen, Dario Rivas eta Ines García Holgadoren salaketaren ostean, eta oraintxe, Euskal Herrian 130en bat kereilari ditugu. Adineko jendea da, ez dago Buenos Airesera hegazkinean sartu eta Servini epailearen aurrean deklaratzeko moduan. Batzuek hemen bertan egin dute deklarazioa, erregu bidez nahiz bideo-konferentzia bidez. 2014ko urrian, Buenos Aireseko epaitegiak hogei lagunen inputazioa egin zuen, baina Espainiako Gobernuak ez du ezer egin, oztopoak jarri baino, kereilak aurrera ez egiteko presioa egin. Justizia Unibertsala eskatu besterik ez zaigu geratzen, Jurisdikzio Internazionalaren babesarekin bakarrik ikertu eta epaitu daitezkeelako genozidio eta gizateriaren aurkako krimenak, estatu baten legeen gainetik dagoelako Justizia Unibertsala. Plataformaren hurrengo pausoa, berriz, izango da udalak kereilari izan daitezen saiatzea. Hasi gara bilerak egiten, uste dugu herri eta hirietan gertatutakoa salatu behar dutela kereilaren bidez. Memoria elkarteek datuak ditugu. Instituzioen inplikazioa derrigorrezkoa da. Horretan gaude. Azkena jakin dudana, Mexikon ere beste batek salaketa jarri duela.

Zenbait errepresaliatuk bat egin du kereilarekin, eta beste zenbaitek, aldiz, ez du mugimendu zirkinik egin. Ez du nahi izan.

Akaso pentsatuko dute kereilak ez duela aurrera egingo, hortik ez dela ezer etorriko, ezinezkoa dela… Guk hasieratik dakigu gauza zaila dela, ibilbide luzekoa, balitekeela argirik ez ikustea, baina Carlos Slepoy abokatuak [Kereilari dagozkion gorabeherak Espainian zuzentzen dituen abokatu argentinarra] esaten duena: “Argentinan ere Azken puntuaren Legea atzera botatzea ezinezkoa zela pentsatu genuen, baina lortu genuen”. Argentinan gauza bat izan zuten aldeko: urte gutxi igaro zirela krimenak izan zirenetik jendea mugitzen hasi zen arte. Errudunak bizirik zeuden. Hemen, aldiz, urte asko joan dira, eta errudunetako asko hilda daude.

Hilak eta biziak. Lehendakaritzako saio hartan Josefa Berasategik eta Luis Ortiz Alfauk euren egia kontatu zuten. Zein da zure egia, Julia Monge Sarabiarena?

Hasteko, neure historiaren gauza batzuk banekizkiela sartu nintzen Intxorta 1937 elkartean, gure aitaita-amamak erbestera joan zirela, handik bueltan lanik gabe geratu zirela. Esate baterako, aita zazpi urterekin eraman zuten atzerrira. Ordurako, aitaita desagertuta zegoen. Amamak ohiko periploa egin zuen: Arrasatetik irten, Frantziara joan, Kataluniara gero, eta atzera Arrasatera itzuli, baina herrira bueltatu eta [Unión] Cerrajerako lanetik bota zituzten. Amamak ebanista lanak egin zituen, oso trebea omen zen. Horretan, itzuli eta zazpi urteko alabatxoa hil zitzaion amamari, eta bera ere, handik laster gaixotu eta hil egin zen. Gure aita eta beraren arreba geratu ziren bizirik. Amama ez nuen ezagutu, jakina, eta amamaren ahizpa Ursi izeko izan dut amamatzat. Maitagarria, Ursi, gauzak kontatzen zituena zen, baina orduan nik ez nion jaramonik egiten. Orain, aldiz, neure buruari esaten diot: “Bizirik balego!”.

Zeure familiaren historia.

Beti izan naiz kontziente andreek zelan pasatu zuten gerra eta gerra ostea. Aitaita-amamak gazterik etorri ziren San Roman de Hornijatik (Valladolid, Espainia) Gasteiza. Ez daukat dudarik pobre baino pobreago izango zirela. Gasteizen ezkondu, hiru seme-alaba egin, eta orduan, gerra. Bilbora, Santanderrera, Frantziara, Tarrasara (Katalunia), eta Aretxabaletara. Jakingo balute zertan nabilen orain, gerra sufritu zuen jendearen testigantzak biltzen!

Aktibistatzat aurkeztu izan zaituzte inoiz.

Aktibista ni? Feminismoan jardun dudalako lanean izango da! Eta memoria historikoa lantzeko garaian ere kontuan hartu behar duzu emakumea aparte gelditzen dela. “Denontzat ari gara”, diote batzuek, baina ez da nahikoa nire ustez. Emakumearen borroka gerra denboran guztiz ezberdina izan da, ez du gizonaren borrokarekin ezer ikustekorik, baina borroka izan da: gainbizitzea izan da, erresistentzia totala. Askotan izan gara Elgetan, lubakia txukuntzen, dena narras zegoenean. Elgetako Udalak hura garbitzea erabaki zuen, zati bat behintzat. Joan ginen batean, elurra, haize fina, hotza… goiza eman genuen Intxortan, eta bueltan, esan nien: “Berriro gerra etortzen bada, ni telefonozaina. Trintxeran ibiltzeko adinik ez daukat! Kar, kar…”. Oso gogorra izango zen hura, dudarik ez, bertan zen heriotza, baina, bitartean, non ziren emakumeak, zer ari ziren? Nahitaezkoa da galdetzea, emakumeen zati hori ere kontatzea, baina kontatu egin behar da. Berdin-berdin tratatu behar dela uste dut nik. n

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Oroimen historikoa kanaletik interesatuko zaizu...
Mikel Zabalza oroituko dute ostiral eta igandean Donostiako Altza auzoan

Mikel Zabalza gogoan izango dute Altzako bizilagunek, bere erailketaren 36. urteurrenean.


Galdera baten kronika
Nola kontatu behar da euskal gatazka?

Urriaren 20ko astea bete-bete joan zen euskal gatazkaren oroimenaren bueltan. Iruñean egin zen honako saioa urriaren 23an, Laba eta Karrikiri elkarteek eta Maiatz argitaletxeak antolatuta: Oso latza izan da. Nola kontatu, nola gogoratu euskal gatazka solasaldia. Memoria... [+]


2021-11-19 | Leire Artola Arin
Praktikan ez du aldaketarik ekarriko Memoria Demokratikorako Espainiako Legearen zuzenketak

Memoria historikorako elkarteek ohartarazi dute 1977ko Amnistia Legea indargabetu gabe, ezingo direla frankismoko krimenak epaitu


Pauso bat Pedro Baigorriren bila

Pedro Baigorri Apeztegia (1939-1972) nafar gerrillariaren gorpua aurkitzeko saiakera egiten ari dira Kolonbiako Curumaníko hilerrian, bere senideak hango erakunde batekin harremanetan jarri eta gero. Kubako iraultzaileekin harreman estua izan zuen Baigorrik eta Kolonbiara... [+]


2021-11-04 | Ehgam
Aliantzak sendotzen: gay askapenetik sexu askapenera

1977. urtean, Durangon egindako bileraren ostean, EHGAM sortu zen. Akronimoaren atzean, Euskal Herriko Gay Askapen Mugimendua hitzak eta, ekimenaren atzean, urte luzeetan sexu askapenaren borrokan, eta beste hainbatetan, protagonista edo ekintzaile anonimo izan diren hainbat... [+]


Irakurrienak
ASTEKARIA
2016ko otsailaren 21a
Azken albisteak
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude