Desgobernuan

Ikuskizun polita antzezten ari dira joan den abenduko hauteskundeen ondoko agertokian. Rajoy nokeatu itxuran. Sánchez noraezean. Rivera predikari. Iglesias prestidigitadore. Gainerako liderrak, begira, hitzaren bi adieretan. Hilabetea ederki joana da hautestontziekiko legea bete genuenetik eta oraino ez dago garbi nor izanen den Moncloako maizterra, ezta botoa ematera ez ote garen berandu baino lehen itzuli beharko. Behin-behinekotasuna bizi dugu, eta horrek ezinegona ekartzen dio ekonomiari eta zenbaiten arimari. Hainbatek gauzak zirt edo zart trenkaturik ikusi nahi dituzte, zeren kontra jo behar duten lehenbailehen jakiteagatik baizik ez bada ere. Niri, aldiz, gozoa zait desgobernu hau. Antzezlana, bederen, urrundu egin da ohiko gidoi-lerro aspergarrietatik. Aspaldiko partez, interesgarri dabil espainiar politika.

Gustatu zait Podemosen lotsagabekeria. Bere proposamenarekin, kortesia arau guztiak hautsi ditu Sánchezekin. Lerro hauek idazteko tenorean, PSOEren teilatuan da espainiar pilota. Haren arimaren erdiak Iglesiasekin akordioa egitera bulkatzen du. Bertze erdiak nahiago luke PPrekin eta Ciudadanosekin bere abstentzioa hitzartu, popularrek goberna dezaten. Kontsolamendu saria Rajoyren burua izan liteke. Horren alde lanean ari dira, esku azpiz nahiz agerian, Estatuko nahiz Europako aginte faktiko guztiak.

Gasteizko eta Iruñeko gobernuek, berriz, lehenbizikoa dute maite. “Sánchez-Iglesias operazioak”, egia bilaka dadin, sei diputatu jeltzaleen sostengua behar du. Alderdiak jadanik bere prestutasuna adierazi du horretarako. Urkulluren neska-mutilendako ametsa da berreskuratzea Estatuko politikan eragiteko XX. mendearen azken urteetan izan zuten ahalmena. Begi-bistakoak dira, bertzalde, Uxue Barkosi sozialistak gobernatzen ikusteak ekarriko lizkiokeen onurak, Podemos bere sozioaren eta EAJ bere koaliziokidearen laguntzaz baldin bada. Madrilekiko tira-birak eztitzeak eta Iruñean PSN oposizio gisa desaktibatzeak arnasa emanen lioke jadanik sobera fronte irekita dauzkan gobernuari.

Horren guztiaren aitzinean, isilik bezain zuhur dago Bildu. Zer zentzudun bilakatu den denbora gutian ezker abertzalea! Hark ere beso erdia emanen luke Sánchez gobernuburu izatearen truke, orain arteko kartzela politikan ireki litezkeen artesien esperantzan. Itxurak itxura, sukar katalana ikaragarri apaldu da gurean.

Bertze kontu bat da zer aterako den zurrunbilo gaitz horretatik. Azken 40 urteko historiak ongi erakutsi du zein izaten den beti sozialistek bidegurutzeetan hartzen duten norabidea. Nafarroan aunitz dakigu horretaz. Hura etorri arte, goza gaitezen desgobernuaz.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude