Telesail zaharrak berpizten; zergatik?

  • Azken urteetan hainbestetan entzun dugun “gaur egungo zinema onena, telebistatik dator” esaldia egia bada, zergatik berpiztu orduan Twin Peaks, Roots, Star Trek edo V bezalako telesailak? Originaltasun falta larriagatik-edo, film-industriak urteak daramatza ditxosozko remake famatuekin gora eta behera. Baina orain arte behintzat, pantaila txikiaren barruan panorama oso desberdina izan da. Zer ari da gertatzen? Zergatik eta zertarako berpiztu orain telesail horiek?

Twin Peaks bezalako telesailak pantaila txikira itzularazteak helburu ekonomiko argiak ditu: nostalgiaren merkatutik etor daitezkeen irabaziak zukutzea.
Twin Peaks bezalako telesailak pantaila txikira itzularazteak helburu ekonomiko argiak ditu: nostalgiaren merkatutik etor daitezkeen irabaziak zukutzea.

Internet bidezko ikus-entzunezkoen zabalkundearekin (Netflix da adibide nabarmenena), lehia eta konpetentzia askoz handiagoa da eta ondorioz, gakoetako bat edukien artean bilatzen hasi dira, gidoi eta istorioen lanketetan alegia. Gaur egun nahiko erraza da diru gutxirekin ekoizpen ikusgarria egitea –neurri batean, jakina–, doako aplikazio ikusgarriak daudelako eta merkatuan kamera nahiko merkeak aurki daitezkeelako kalitate zoragarrian grabatzeko. Konpetentzia bortitz horrek nabarmentzeko beharra sortu du eta horri esker, edukiari askoz ere arreta handiagoa eskaintzen hasi zaio. Gidoiak askoz landuagoak daude eta konturatzen hasiak dira gakoetako bat hor egon litekeela, istorioetan. Hauxe da nire ustez pantaila txikiaren mundua tinko eta sendo manten dezakeena. Zorionez, prozesu hori ezinbestekotzat duten sortzaile ugari dago eta horri esker, azken urteetan mundu osoan harribitxi ugari ikusteko aukera izan dugu, Britainia Handitik edo herrialde nordikoetatik datozkigun telesail biribilak esaterako.  

Nostalgia efektua?

Baina hasieran aipaturiko telesailen itzuleran ez dut uste sormen-arrazoirik dagoenik. Modu batean edo bestean, trama horiek itxi egin zituzten. Kontuan izanik eduki aldetik ez direla “produktu berriak”, azken urteetan loratzen ari den efektu bitxi bat aprobetxatu nahian ari direla uste dut: nostalgia. Bai, azken urteetan nostalgia modan dagoela nabarmena da. 1980ko hamarkadan jaio eta hazi ginenok batez ere ohartuko gara hamarkada horretako zenbat film eta telesail bihurtu diren kultuzkoak. Ikaragarrizko lotura eta konexioa sortzen da txikitan bizi izan genituen istorioekin. Sekulako pasioa sentitzen dugu garai hartako film, musika edo jostailuak burura datozkigun bakoitzean. 

Telebista kateetako arduradun eta ekoizle asko zirrara hori guztia aprobetxatu nahian ari dira. Telesail konkretu horrek atzean sortzen dituen zeharkako diru etekinak gako bihurtu daitezkeelako. X filesen itzulera iragarri zutenean, adibidez, asko aurreko denboraldien DVD bilduma erostera joan ziren, estreinatzen duten egunean fresko izateko. Malenkonia kontrolaezinaren menpe daudenak Star treken kamisetak erosten hasi ziren. Ekoizpen hauen atzean sortzen den merchandising guztiak diru kantitate harrigarria mugitzen du. Argi dago gainera 80 eta 90eko hamarkadetan, telesail horien zale izan ginenok estreinaldi berriak gertutik jarraituko ditugula, hori bai, gillotina esku artean dugula eta gure eskaera maila oso altua izango dela kontuan izanik.

Gizarte gaiak eta modak?

Beste bi faktore garrantzitsu ere aipatu nahi nituzke: alde batetik, urte jakin horretan munduan gertatzen ari dena. Hau da, gizartean pil-pilean dauden gaiak aprobetxatuz, konexioa duten istorioak berpiztea, modu horretan ia doako marketin kanpainak lortuz. Politikarekin erlazionaturiko gai bat izan liteke, gatazka konkretu batekin edo dena delakoarekin. Estreinatu zen urtean modan ez zegoen gai batek gaur egun agian informatiboa irekitzen du. Eta batzuetan gaurkotasunarekin oso pegatuta dantzatu nahi izateak errealitatearekin gurutzatzea ekar lezake. Virginiako tiroketaren ondorioz Mr. Robot telesailaren denboraldiko azken kapitulua atzeratu zutenean adibidez, antzeko “eszena grafikoa” zela-eta.

Eta bestetik aktore, zuzendari edo sortzaile bat modan dagoela aprobetxatzea. Hau da, antzinako istorioaren remake bat egin, baina garai hartako protagonista erabili beharrean gaur egun oso ezaguna den aktore bat hartuz. Horrela, izen horren atzetik dabilen zale mordoa irabaz dezakezu, audientzia datuak puztuz. Baita istorioaren kokalekua erabat aldatu ere, herrialde jakin horren testuinguruan hobeto funtziona dezan; Forbrydelsen (Danimarka) telesailetik, The Killing (AEB) sortu zuten adibidez. Bron/broen (Suedia/Danimarka) hartuz, The Bridge (AEB/Mexiko) eta The Tunnel (Frantzia/Ingalaterra). Berdin Hatufim (Israel) ekoizpena moldatuz Homeland (AEB) egin zutenean ere.

Formula honekin, etorkizunik ez

Ikaragarri gustatuko litzaiguke telesail baten biziraupena ziurtatuko lukeen faktorea  sentimentala izatea, edo behintzat artistikoa. Baina logikak dio, kontu komertziala besterik ez dela. The Simpsons, The Big Bang theory edo Modern Family telesailen iraupen luzea kalitate kontu batengatik dela uste duena oker dabil. Errentagarriak diren bitartean, hortxe jarraituko dute, bestela kanpora. Formula honekin jarraituz gero, telebistaren hirugarren urrezko aroa delakoa ez da existitu ere egingo, horren ordez, telebistaren lehen izotzezko aroa iritsiko da. Kanpoan, hotz handia egiten duela dakitenek soilik biziraungo dute. Oihanaren legea ezarriz, diru gosez hiltzear dauden lehoiak azalduko dira. 

Ezabaezina ziruditen The Sopranos, The Wire, Lost eta Breaking bad bezalako telesailek utzitako arrastoa pixkanaka ezabatzen joango da. Horiei esker fikzio mota honekin zeuden aurreiritzi negatibo guztiak hankaz gora joan ziren eta telesailak beste modu batean ikusten hasi zen publiko espezializatua ere. Baina argudio artistikorik gabe, reboot, remake eta berpizketa hauen guztien atzean dagoen arrazoi bakarra nostalgiaren kontura aberastea bada, oso gaizki goaz. Ekoizpen horiek denek lortutakoa ezerezean geratu daiteke eta orain urte batzuk bezala, kalitate eskaseko eta exijentzia murritzeko produktu eta saioekin lotuko dugu berriro pantaila txikia. “Winter is coming”. Erne. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Telesailak
Lodiek ez dute lekurik film eta telesailetan

Nahiz eta herritarren erdia baino gehiago "normopisua" delakotik gora egon, film eta telesailetako pertsonaien %3,3ak baino ez ditu gorputz horiek ordezkatzen. Apenas dagoen pertsonaia gizenik, eta dagoenean, sarri bere gizentasuna du trama nagusi, bereziki emakumea... [+]


2022-09-05 | Sustatu
Boterearen Eraztunak telesaila euskarazko azpidatziekin estreinatu da

Gertaera nahiko azpimarragarria da, Boterearen Eraztunak telesaila euskaraz ere estreinatu duela munduan Amazon Prime Video plataformak. Streaming plataformen munduan, 2022 honetako fenomenotzat aurkeztu dituzte The Lord of the Rings / Eraztunen Jaunaren prekuela, eta... [+]


Euskarara bikoiztuko dute "The Lord of the Rings" telesaila

Amazon Primek kaleratuko duen telesaila inoiz eginiko garestiena da eta irailaren 2an izango da estreinaldia. J. R. R. Tolkien-en mundua berpiztuko du telesailak.


Eguneraketa berriak daude