Errazkerietan

Dena atzekoz aurrera ikusten duen jendea bada. “Baratze bat egingo nuke, gustura, baina ez dut lurrik”, “ikaragarrizko lanak dakartza”, “landarea jarri eta zer edo zer ematerako hilabeteak hari begira”... Denak egiak, baina den-denak aitzakiak. Lurrik gabekoek okupatu egiten dituzte, edo terrazan edo balkoian edo leiho koxkan edo... Gure herriko Joxe Leon ile-apaintzaileak lantegi aurreko espaloiaren mugako lur pusketatxoan baratze ederra du, alboko argazkikoa. Aurretik igarotzen naizenero harritu egiten nau; orain babak (Vicia fava) ditu, bortusaiek (Ruta graveolens), ilenek (Calendula officinalis) eta ezkai limoiusaindunek (Thymus citriodorus) lagunduta, eta ez da metro koadroa ere izango!
Lanaren aitzakiari ezikusiarena egingo diot, gero gimnasiora edo kafetegiko aulkietako kuxinak lisatzera joateko tartea noiznahi hartzen dugu eta. Horren bueltan, hau etorri zait gogora: gaua laburtzen eta eguna luzatzen hasi dela ospatzeko zorionak ematea ohikoa den egunetan, oso ohikoa ez den bitartekoa bidali dit lagun batek, nekazari baten bideoa. Eskuetan pikatxoia eta aitzur zabala dituela egun melenga horietako beratu txoroari aurre egiteko arbolak landatzeko zuloak egitea bezalakorik ez dela dio. Pikatxoi kolpeka hasten da, dinbi-danba, eta hala dio, hor joaten direla memelokeriak.

Barazkiak landatu eta jateko unea iristerako aspertzen diren horientzat, bada erein edo landatu eta aitaren batean mahaian izan dezakegun hamaika barazki. Uraza edo letxuga (Lactuca sativa), eskarola (Cichorium endivia), txikoria (Cichorium intybus) eta porru-tipula (Allium schoenoprasum) landatu eta hilabeterako jateko moduan dira; urazari lepoa moztuko diogu, baina porru-tipula hotz handiak etorri arte hostotxoak moztu ahala berritu eta eman eta eman arituko da. Zerbak edo azelgak (Beta vulgaris) landatu eta lauzpabost asterako izango ditu hosto batzuk kentzeko modukoak, ziazerbak edo espinakak (Spinacia oleracea) bezala; erein eta hilabete edo hilabete eta erdira, jateko moduan izango da; gainera, hostoz hosto bilduz gero, luze emango dute. Azenarioa (Daucus carota) erein eta hilabetera jaten has daiteke; ttiki-ttikiak dira, bai, gozoenak. Errefaua (Raphanus sativus) jaio eta hilabete aurretik jan, krisk-krask.

Aitzakiarik ez. Errazkerian behinik ere, ekin!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Barazkiak eta belarrak
2020-07-14 | ARGIA
Europar Batasuneko pestizida kontsumitzaile handiena da Espainiako Estatua

Emaitza oso kezkagarriak jasotzen ditu Ekologistak Martxanek aurkezturiko txostenak. Espainiako Estatuan komertzializatutako 2.711 elikagai aztertu dituzte eta %34ak plagiziden arrastoak ditu, tartean debekatutako substantziak. Frutak eta barazkiak bakarrik hartzen baditugu... [+]


Euskal produktu ez hain gureen historia

Euskal Herrian bertakotzat dugun baratzegintza eredua produktu historiko modernoa da guztiz. Oraintxe landatuak izango dituzten Ezpeletako, Ibarrako eta Gernikako piperrak; Tolosako babarrunak; Arabako patata; edo Duzunaritzeko arto gorria; guztiak dira 1492tik Amerikako... [+]


2020-01-24 | Jakoba Errekondo
Uzta eta lana aurreikusi, eta bilakatu

Datorren uztailean izango al dugu lanik? Izango al dugu labore uzta biltzeko lanik? Gure aldean, etorkizuna planifikatzeko eta antolatzeko gaitasun handia dute landareek; ia landare guztiek. Bere zikloa biziko den tokian gertatuko diren gorabeheretara egokitua izango da... [+]


Eguneraketa berriak daude