Babarrunak irakurri


2019ko abenduaren 01an
Seguru beste hamar bat eratara esan dakiokeela euskaraz babarruna aletzeko ekintza horri.
Seguru beste hamar bat eratara esan dakiokeela euskaraz babarruna aletzeko ekintza horri.

Omiasainduz fruitu guztiak sartuak” dio esaerak. Mandio bete sagar, kuia eta kiwi da geurean (Malus domestica, Cucurbita maxima eta Actinidia chinensis). Beste asko bete arto (Zea mays) izango dira; edo bete babarrun (Phaseolus vulgaris); patata (Solanum tuberosum), tipula (Allium cepa) edota abar.

Babarrunaren bildu ondorengo lanetara kateatu ginen aurreko batean Landaberri irratsaioko kontsulta saioan. Lekak bildu eta eguzkitan egun pare batez eduki ondoren, etxe gehienetan aletu egiten dira. Horretarako zakuetan sartu eta jo eta astindu egiten dira leka iharrak. Lekak ondo lehortuta badaude, ia denak hustu eta aleak jaulkiko dira. Gainontzekoak eskuz aletu beharko dira. Hemen sortu genuen zoramena. Nola aletu? Irunen leikua kuxkildu egiten dugu. Guk bahean beste gai batzuk egiten diren bezala aleak eralki egiten ditugu. Muruetan garandu egiten ditugu. Bada, Durango, Eibar, Angiozar eta Debagoiena osoan, Abadiñon eta Garain urkuldu esaten diogu. Oñatiko Araotzen lekak irakurri egiten dira. Mungian ere garandu diogu. Bada Debagoienan baita karandu ere. Oiartzunen kirkildu. Arantzan bereizi esaten zaio. Eta, urrutira gabe, Beran miartu esaten diote. Larraunen, Azpirotzen eta Leitzan, berriz, jalki. Erratzun begira zer dotore esaten diogun: bixkortu. Zugarramurdin lan hori bahitzea da. Arratian zeruketan egitea; hori bai dotorea! Oiartzunen ere aletu. Hondarribian koxkildu. Eta, ez dakit nondik: zakuan ez da jaulkitzen, erantsi egiten da!

Larunbatari ekiteko saltsa ederra! Seguru beste hamar bat eratara esan dakiokeela euskaraz babarruna aletzeko ekintza horri. Inork bateren bat jakinez gero idatzi, mesedez.

Bigarren saltsa babarrunarekin berarekin. Izan ere, nola babarruna! Arratian baba gorria. Azpirotzen, banarra. Oiartzunen, Arantzan eta Beran ilarra. Indiarra Mutrikun. Leitzan, Baztanen eta Larraunen banabarrak. Beasainen indoaba. Tolosan indiababa. Gernikak intxaba. Ultzaman babanabar. Erratzun ilar gorria. Debagoienan babarruna, baba beltza eta idarra.

Leka babarrun alez jantzia dago. Erantsi egiten dugu, elikatuko gaituena eskuratuz. Eta horri irakurri esaten zaio. Izan ere, zer da ba irakurtzea, elikatzen gaituena eskuratzea ez bada? Burua elikatzea, alegia. Eta janez jantzi. Alez osatutako leka gara.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Espezieak
2020-01-26 | Jakoba Errekondo
Uzta eta lana aurreikusi, eta bilakatu

Datorren uztailean izango al dugu lanik? Izango al dugu labore uzta biltzeko lanik? Gure aldean, etorkizuna planifikatzeko eta antolatzeko gaitasun handia dute landareek; ia landare guztiek. Bere zikloa biziko den tokian gertatuko diren gorabeheretara egokitua izango da... [+]


2019-09-08 | Jakoba Errekondo
Murririk bai?

Baratzerik ba al duzu? Umetan etxean ezagutu ditudan bi baratzeek murria zuten, horma, alegia. Batek buelta osoan, alde bakarrean besteak. Murriak ondo erabilita, baratzeak mesede galanta izango du. Babesgunea sortuko du: komeni den tokian itzala egiteko jarriko da, edo haize... [+]


2019-06-30 | Jakoba Errekondo
Arratzalde honetatik

Arratsalde honek ematen didan oihartzuna baliatu nahi dut esan eta irakurlea jakinaren gainean jartzeko: urteko egun luzeenak joan dira eta gaua luzatzen eta egun argia laburtzen hasi da. Honek ondorio latzak izango ditu landareengan, eta sahieska guregan.
Hasi berria dugun eta... [+]


2019-06-23 | Jakoba Errekondo
Piperminaren tristura

Landagailuarekin zuloa egin eta landarea sartu. Aurtengo udara berotuko duen minaren piperminak (Capsicum annuum) landatuta daude. Pentsatze hutsarekin hortzak izerditan jarri zaizkit.

Gure herrian Oria ibaia errio bihurtzen da, eta bere alde batera zein besterako... [+]


2019-04-07 | Jakoba Errekondo
Latinez zorrotz

Gorritik ekiten dio sasoi berriari laharrak, Rubus fruticosus eta Rubus ulmifolius. Zurtoin gorrian kimu eta hosto berriak gorri-gorriak dira, laster berdetuko badira ere. Udazkenean, hotzak azala erretzen dionean ere, hostoak gorritu egingo dira. Gurienean gorri, eta zahar... [+]


Eguneraketa berriak daude