"Egunero bizi dugu Gernikako sarraskia Sirian"

  • Mendebaldeko estatuak sekula baino gehiago Siriara so diren honetan, Assaden erregimenak egin “genozidioaz” ohartarazten dabil Mohamed Mahmoud. Estatu kolpe baten bidez iritsi zen boterera Hafez el-Assad, 1970ean, eta Bachar semeak hartu zion segida 2000n. Masakrez, errepresioz eta askatasun ukapenez josiriko urte luzeak dira. “Assad da siriarren hiltzaile nagusia, ez Daesh”.

Mahmoud (ezkerrean) Alepo hirian, 2014an, bonbardaketa baten ostean.
Mahmoud (ezkerrean) Alepo hirian, 2014an, bonbardaketa baten ostean.Sami Meshaal

Informazio biltzen ari zara, Siriako zerbitzu sekretuek eskatu bezala. Assad erregimenaren aurkako informazioak dira ordea. 

2011z geroztik, Siriako armadak eta erregimenarentzat dabiltzan mertzenarioek egin krimenak dokumentatzen nabil. Hagako Auzitegira jotzea dugu xede.

Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak Hagako Auzitegira joz gero, inkesta abiatuko litzateke. 

Beto eskubideari esker, delibero bat blokea dezakete bost kide iraunkorrek. Estatu horien interesak mehatxaturik baldin badira, betoa ezartzen dute. Baina goiz ala berant auzitegian egon beharko du gaiak. Milioi erdi jende hil dituen erregimena dugu; milioi eta erdi gerrako elbarritu ditugu, lau edo bost milioi errefuxiatu, baita ere hamar milioi Siria barruan higiturik. Herri oso baten suntsipena dugu, Gernikako desmasia egunero dugu Sirian. Orain islamistak ere ditugu, itsuski giza eskubideak urratzen dabiltzanak. Baina, biak balantzan ezarriz gero, erregimenak ditu krimen gehiago. Ez dezagun isilean atxiki Assadek duela Daesh sustatu. 

Zehaztu dezakezu azken esaldi hori?

Badira hamabost bat urte Ekialde Hurbileko mugimendu islamisten manipulatzen dabilela Siriako erregimena. 2003tik 2007-2008 arte, Siriatik pasatzen ziren Irakera sartu nahi zuten mujahidak. Siriak onartzen zituen, formatzen zituen, armatzen zituen. AEBak jakinean ziren, horregatik zen behin baino gehiagotan Siriako erregimenarekin bildu eta horregatik zien Siriako bi kanpamenturi eraso 2007an. Egunetik biharamunera hori guztia gelditu zen, bien arteko adostasunaren ondorioz. Islamistak mugan atxilotu eta Sednaya deitu kartzelan sartzen zituen Siriak. 

2011n Assadek askatu zituenak.

Bai, iraultza hasi eta hiru hilabetera. Horiek dira gaur egun talde islamisten buru. Erregimenak bazekien oso ondo zer egiten ari zen. Oinarrizko printzipioetarik hustu nahi zuen iraultza. Manipulazio politikoari doakionez, ez da munduan Siriakoa baino abilagoa den erregimenik. 

2011n hasi herri mugimendua arras desjabeturik dago lau urte geroago.

Duintasun ezan eta beldurrean bizitzea onartzen ez zutenek osatu herri mugimendua genuen hasieran. Plurala zen, eta ez zen islamistarik artean. Mugimendu baketsuari errepresioz erantzun zion gobernuak. Armadak polizia sekretuaren esku uzten zituen atxilotuak, torturatu eta egun batzuetara hilotz itzultzen zizkiguten. Tortura eta bortxaketa eszenak filmatu eta hedatu zituen erregimenak, bortizkeriarantz bultzatzeko herritarrak. Mugimenduaren armatzea txalotu zuen Assadek, arlo horretan ereduzkoa delako. Assadek aliatuei dei egin zien, hots, Libanoko Hezbollahri eta irandarrei. Beste aldetik, iraultzaren militarizazioa lagundu zuten Turkiak, Saudi Arabiak eta Qatarrek. Herri oso batek diktadura bat garaitzen ez dute ikusi nahi. Guztia egin zuten iraultza usteltzeko. Bere buztana atzeman nahian itzulika dabilen txakurraren gisa ikusi nahi dute iraultza. 

Errusia eta AEBak ere hor dira.

Gatazka honetako bi protagonistak manu militari laguntzen dabiltza. Batetik, erregimena bera eta bestetik, amerikarrek oposizio moderatua deitzen dutena. Baina frogak ditugu erraiteko AEBek armak banatu dituztela Daeshi ere. Guztiak dabiltza haien interesen alde, zuzenki ala zeharka.

Anartean, Daesh indartsu dabil.

Daeshen aitzinamenduak ikusten direnean, ezin sinetsia da erraitea inork ez dakiela ezer talde horretaz. Nori saltzen dio bere eremuetako petrolioa? Petrolio hori Europara iristeko bidea zeinek errazten die? Urte batez 20.000 borrokalari berri sartu dira Daeshen lerroetan. Zeinek hartzen ditu Daesheko borrokalariak? Zeinek finantzatzen ditu? Turkiak, Jordaniak eta Irakek! Pasatzen uzten dituzte, garaian Siriak Irakentzat egiten zuen gisara. Daeshek inoiz ez dio erregimenari zuzenki eraso; Siriako Armada Libreak erdietsi lurrak ditu menderatzen. Mehatxu gisa erabiltzen du Daesh erregimenak, “ni ala buru moztaile horiek” logikan. 

Parisko atentatuez geroztik, Daeshen aurkako gerla deklaraturik da. 

Assaden erregimena azkartzen du Daeshen aurkako tiro bakoitzak. Assad da siriarren hiltzaile nagusia, ez Daesh. 

Burdin elea du Manuel Valls Frantziako lehen ministroak, dioenean islamisten aurkako borrokan dabiltzala Saudi Arabia eta Qatar.

Denok dakigu Saudi Arabia, Iran, Turkia eta Israel talde terrorista horien laguntzen dabiltzala, zuzenki ala zeharka. Askatasunaren eta justiziaren printzipioak urratzen dabiltzala ere badakigu. Hala eta guztiz ere, Mendebaldeko herriek ez dituzte harremanak moztuko haiekin. Zergatik? Billete berdea delako nagusi. 

Nazioartearen esku-sartzearen kontra zara.

Erabat. Errusiarren, amerikarren, turkiarren eta abarren interesak ez dira siriarrenak. Bost axola dute siriarren biziaz.

22 milioi biztanleetarik bost milioi joanik, 2011z geroz. Herri bat husten ari da.

Oposizioan egon daitezkeenak herritik joatea erregimenaren interesetan da. Gazteria lekuak husten ikusteak min egiten du, baina egoera ulertu behar da: heriotzari ihesi doaz. Alemanian egindako inkesta baten arabera, emigrante horien %75 Siriara bueltatuko da, bakea itzuliz gero. Bizia ederra da berez Sirian, herri ederra da.

Kanadara iheslari

“Unibertsitateko irakasle nintzela zerbitzu sekretuekin kolaboratzea eskatu zidaten. Errefuxiatu eta Siriatik Kanadara abiatu nintzen. 1992an ginen, iraultzaren itzalik ez zen ageri, alta, guztiaz jakinean izan nahi zuten”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Estatu Islamikoa
Ertzaintzaren txosten sekretu baten arabera Aznarrek Espainiako Inteligentzia Zerbitzuari eskatu zion ETA M11ko atentatuei lotzeko

El Diario egunkari digitalak argitaratu du Ertzaintzaren txostena. Honela dio: “Espainiako Inteligentzia Zerbitzuak beraien Gasteizko langileak mobilizatu zituen ETA Al Qaedarekin lotu ahalko zuen informazio bila”. Dokumentuaren arabera, Italiako web orri bat... [+]


2024-02-04 | Aitor Aspuru Saez
Lara Vilanova
"Estatu Islamikoko emakumeekin zubiak eraiki genituen elkarrizketarako, baina zintzoak izan behar ginen eta gezurretan ez erori"

Lara Vilanova (1983, Bartzelona) argazkigintza zuzendaria da eta The Return: Life after ISIS, Sinjar, Cuerdas edota Hondarrak filmetan hartu du parte. Abenduan Euskal Herria bisitatu zuen The Purple Meridians topaketetan parte hartzeko Durangon.


2022-02-27 | Itxaro Borda
Salah

Irakurleak badaki 2015eko Parisko atentatu izugarrien auzia hurbiletik segitzen dudala, eskura dauzkadan prentsa baliabideei esker. 130 herritarren herioa eragin zuten komandoetatik bizirik ateratako kide bakarra Salah Abdeslam izan zen eta bere bizkar datza justizia egin... [+]


2022-01-28 | Aitor Aspuru Saez
Ehunka hildako utzi ditu jihadistak askatu asmoz Estatu Islamikoak espetxe bati eginiko erasoak

Urtarrilaren 20an Siriako Ipar eta Ekialdeko Autoadministrazioaren menpe dagoen Hasake hiriko espetxeari eraso diote auto suizidekin, milaka islamista askatzeko. YPGk kontrola berreskuratu arren, tiroketek jarraitzen dute, Daex-eko zenbait kide ezkutatu baita.


Generalitatetik 2017ko atentatuen inguruan gertatutakoa argitzeko exijituko zaio Espainiako Gobernuari

Jose Manuel Villarejo espainiar polizia ohiak adierazi ostean Espainiako inteligentzia zerbitzuek 2017ko atentatuak gerta zitezen utzi zutela, Kataluniako Gobernuak zer gertatu zen ikertzeko exijituko dio Espainiako Gobernuari. Halakorik egin ezean, auzia nazioarteko... [+]


Eguneraketa berriak daude