Garibaldi eta mafiaren sorrera

Garibaldiren mila gudariak Marsalan (Sizilia) lehorreratzen, 1860ko maiatzaren 11n. Mila horiek ez ziren ziurrenik uhartea konkistatzeko nahikoak izango, bertako zenbait talde armaturen laguntza izan ez balute.
Garibaldiren mila gudariak Marsalan (Sizilia) lehorreratzen, 1860ko maiatzaren 11n. Mila horiek ez ziren ziurrenik uhartea konkistatzeko nahikoak izango, bertako zenbait talde armaturen laguntza izan ez balute.

Sizilia, 1860. Giuseppe Garibaldik (1807-1882) eta haren mila gudariek uhartea mendean hartu eta, hala, Bi Sizilietako Erresuma deuseztatu zuten. Hau da, mila ator gorrik armada borboitar askoz indartsuagoa menderatu zuten. Halako balentria Italiaren batasunaren pasarte heroikoenetakoa izan zen askorentzat. Baina beste zenbaitek laguntza estraofizialari egotzi diote txikiak handia jan izana; uharteko zenbait talde armatuk Garibaldirekin bat egin zuten borboitarren aurka.

Talde horiek Siziliako lur jabe handien soldatapeko kideek osatzen zituzten, jauntxoaren interesak defendatzeko eta patrikak betetzeko indarkeria, estortsioa eta mehatxua erabili ohi zutenak. Garibaldiren gudarietako batek, Ippolito Nievok, hauxe idatzi zion Bice Melzi Gobio lehengusinari Marsalan sartu eta hilabete eskasera: “Hemen iraultza apala izan da beti edo, hobe esanda, ez da inoiz existitu”. Ez latifundistak ez haien  soldatapekoak ez zituen Garibaldiren kausak bultzatzen. Berez, Frantzisko II.a erregearen gobernua nahiko permisiboa zen talde horien legez kanpoko jarduerekin, betiere kontrolpean zituztela eta haien sarea zabalduko ez zela ziurtatuta. Eta Siziliako jauntxo edo capo-ak  egoerei zukua ateratzeko sena zutela erakusten hasi ziren.

Borboitarrak egotzita, Garibaldik ez zuen botere hutsunea betetzeko lana beretzat hartu. Buruzagiak Erroma zuen jomuga, eta tropa frantziarrek defendatzen zuten Vatikanoa hartzea erabaki zuen. Baina Piamonteko errege Viktor Emanuelek ez zuen gatazka korapilatzerik nahi; Aita Santua eta Frantzia nahasita, ordura arte lortutakoa galtzeko beldur zen. Eta Garibaldiren erasoa geldiarazi zuen. Buruzagi militarrak men egin zuen, eta Viktor Emanuel II.a Italiako erregetzat aitortu zuen 1860ko urriaren 26an.

Giuseppe Carlo Marino historialari siziliarrak Storia della Mafia (1998) lanean dionez, Garibaldi “ez zen fin ibili jarraitzaile siziliarren dohain moralak eta aurrekari moralak aukeratzean”. Eta Sizilia jarraitzaile horien eskuetan utzi zuen. 

Urte gutxian mesede, izu eta eragin sarea hedatu zuten uharteko eliza, udal eta negozioetan. XIX. mendea amaitu baino lehen Siziliako Mafia ondo antolatutako egitura zen, eta lehen kolpe entzutetsua jo zuen, 1893ko otsailaren lehenean, Emanuele Notarbartolo bankari eta politikaria hil zuenean. Italia jaioberrian cosa nostra lehen pausoak ematen hasi zen.


ASTEKARIA
2015eko abenduaren 13a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: XVIII. eta XIX. mendeetako iraultzak
Ahanzturaren gaixotasuna

Frankfurt (Alemania), 1901. Alois Alzheimer psikiatra eta neurologoak Auguste Deter pazientea ikusi zuen lehen aldiz. 51 urteko etxekoandre alemaniarra kasu arraroa zen. "Pazientea eserita dago eta babesgabe dirudi" jaso zuen Alzheimerrek idatziz: "Nola duzu... [+]


Artea suntsitzeko arrazoiak

Londres, 1914ko martxoaren 10a. Mary Raleigh Rochardson (1889-1961) sufragista eta WSPUko kidea National Galleryra sartu zen, soinekoan laban bat gordeta zuela. Diego Velazquezen Ispiluko venus ezagunaren parera iritsi zenean, mihisea zazpi aldiz sastakatu zuen, guardiek... [+]


Egile eskubideak alkoholetan

Paris, 1847ko martxoa. Gau batez, Café des Ambassadeurs lokal ezagunean musika zuzenean jotzen ari ziren, beste hainbatetan bezala. Entzuleen artean Ernest Bourget, Paul Henrion eta Victor Parizot zeuden, hirurak musikariak, beren sormen lanaz bizitzeko borrokan ari... [+]


Billy Waters kale musikariari zor zaiona

Londres, 1823ko martxoaren 21a. Billy Waters kale abeslari, biolin jotzaile, dantzari eta aktore herrena hil zen St Giles auzoko benefizentzia etxean, 44-45 urte zituela.


Hilma Af Klint, abstrakzioaren ama

Stockholm (Suedia) 1896. Hilma Af Klint (1862-1944) margolariak eta beste lau lagun artistek boskote bat osatu zuten espiritismo saioak egiteko. Saio horietan oinarrituta, idazketa eta pintura automatikoan jarduten zuten taldekideek. Handik urte batzuetara, Klintek... [+]


Eguneraketa berriak daude