Istorio handiak, herri txikiak. Zaku horretan sartu dezakegu Euskal Herria ere. Herri txiki izanagatik makina bat istorio ditugu kontatzeko gure hizkuntzan. Euskara eta beste hainbat mintzaira ez hegemoniko ikusarazteko asmoz Europako hamabost herrialde eta estatuetako ordezkariek manifestua sinatu zuten 63. Donostiako Zinemaldian: Glocal cinema: Big stories, small countries.
Orain urte eta erdi inguru abiatu zuten proiektua; hainbat bilera egin dituzte zine-jaialdietan estatu eta herrialdeetako ordezkari politikoek, eta aurtengo Donostiako Zinemaldia baliatu dute egikaritu eta “bataiatzeko”. Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak azaldu duenez, Donostiako Zinemaldia bihurtu nahi dute Glocal cinemaren erreferente.
Hizkuntza ez hegemoniko horien artean daude ingelesa, frantsesa, alemana eta gaztelania salbu gainerako hizkuntza europar guztiak. Beraz, bistakoa da errealitate oso ezberdinak dituzten hizkuntzen arteko elkarlana sustatzea dela manifestuaren asmoa. Europan gehien ikusten diren filmen artean, 20tik 18 hizkuntza hegemonikoetan ekoitziak dira. Miren Aperribai Atera Films ekoiztetxeko zuzendariak honela azaldu du: “Esan dezakegu, gaur egun merkatu garrantzitsuenetan, esaterako, Berlinen eta Cannesen, hizkuntza hegemonikoetan grabatutako pelikulek menperatzen dutela merkatua. Beraz, garrantzitsua da hizkuntza ez hegemonikoetan fokua jartzea eta pelikula horientzat merkatu eta zirkuitu bat bilatzea; ekoizpen, banaketa eta ikusgarritasunean”.
Proiektu honen bitartez EAEko zine aretoetara hizkuntza ez hegemonikoak ekartzea dute helburu, noski, euskaraz azpititulatuta, eta gauza bera lortu nahi dute euskarazko filmekin gainerako herrialdeetan: “Loreak eta Amama filmek lortutako ikusgarritasunak argi uzten du posible dela”, bat egin dute horretan Muñozek eta Aperribaik.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak deituta bildu ziren Norvegiako, Estoniako, Letoniako, Finlandiako, Danimarkako, Poloniako, Suitzako, Galesko, Esloveniako, Irlandako, Islandiako, Friuli-Venezia-Juliako eta Euskal Herriko ordezkari instituzionalak Donostiako Zinemaldian. Muñozek azaldu du euskarak dituen arazoen antzekoak dituztela Europako beste zenbait herrialdek ere: “Zergatik ez dugu elkarrengandik ikasten? Zergatik ez dugu sare bat biltzen?”. Egungo egoeraren aurrean Europan lobby antzeko bat sortzearen beharra azpimarratu du.
Europa kulturalki anitza da. Zenbaitetan, ordea, aniztasun hori merkatuaren zatiketa bezala ulertu ohi da. “Europak teorian apustu egiten du dibertsitatearen alde; baina ez dugu nahikoa indar beste herrialdeetan gure buruaren berri emateko”, azaldu du Muñozek. Izan ere, sailburuaren hitzetan euskara ez da etxerako kontu bat soilik: “Euskarak kanpora begirako leiho izan behar du”.
Honakoa da lortu nahi dutena: zinema industriako eragileei elkarlanean aritzeko plataformak eskaintzea, proposamenak garatzea eta erronka berriei elkarrekin aurre egitea. “Maiz esaten dute euskaraz ekoizteko orduan esaterako, masa kritikorik ez izatea dela arazoa baina arazo hori ez da gurea bakarrik”, azaldu du Kultura sailburuak. Zinemagintzan euskaraz dihardutenen arazo antzekoak dituzte estatu eta estaturik gabeko herri askok; elkar babestearen eta elkarlanean aritzearen garrantzia azpimarratu du.
Manifestuaren sinatzaileen hitzetan sortzaileek eta ekoizpen etxeek euren artean harremanak izatea aberasgarria da denentzat: “Kooperazioa bideratu behar da”, dio Muñozek. Antzeko egoeratan lan egiten dutenen artean kidetasuna, interesa eta arreta lortzea errazagoa izango delakoan daude: “Errazago identifikatuko gara hizkuntza ez hegemonikoan lan egiten duen batekin Londresen ingelesez egiten duen batekin baino”. Argi du Muñozek: “Zubiak egiten hasi gara baina sareak egin nahi ditugu”.
Prozesuan zehar Eusko Jaurlaritza zinemagintzako Euskal Herriko zenbait eragilerekin bildu da, proiektuaren berri eman eta euren ekarpenak jasotzeko: “Guk sareak jartzen ditugu, euren esku dago sare horietatik zer eta nora joango den erabakitzea”.
Eragile horietako bat da Atera Films; euskarazko filmak eta dokumentalak banatzen dituzte nazioartean, baita Europako film ugari euskaraz azpititulatu eta bikoiztu ere. Aperribai Atera Filmseko zuzendariak azaldu du Gobernua ideia hau mugitzen hasi zenean, deitu zietela proiektua ezagutarazi eta ideia berriak jasotzeko asmoz. Aperribaik parte hartu zuen Berlinen egin zuten lehenengo bileran: “Eguneroko lanean ez egon arren proiektua babesten dugu; behar denean lagunduko dugu eta ematen dituen pauso guztiak jarraitzen ditugu”.
Eragile bakoitzak bere ekarpena egingo dio proiektuari, nork bere esparruan. Atera Filmsek esaterako, merkatuaren eta produktore zein agente kulturalen inguruan duten ezaguera eskaini dezaketela azaldu du.
Aurrera begira hainbat asmo dituzte manifestuaren sinatzaileek. Esaterako, Glocal cinemaren logotipoa egin nahi dute; “hizkuntza ez hegemonikoetan ekoitzitako filmak identifikagarriak izan daitezen”, azaldu du Aperribaik. Bide beretik hitz egin du Muñozek eta azaldu du ezinbesteko ezaugarria dela filmak identifikatu ahal izateko. Horrekin batera webgunea eta sare sozialak ere abiaraziko dituzte.
Proiektua kanpora begirako leiho bat irekitzeko asmoz sortu da, eta beraz, euren asmoen berri eman behar dute nazioartean. Horretarako publizitate kanpaina prestatuko dutela aurreratu du Aperribaik. Azkenik, aurrera begira nork bere herrialdean konpromiso instituzionalak lortzearen garrantzia nabarmendu du zuzendariak; baita, aliatuak lortzearen beharra ere: “Ezinbestekoa izango da Europan gure produktuak banatzea, trukatzea eta denon artean hizkuntza hegemonikoetatik kanpo dauden zinegileen lanak ikusaraztea”.
Donostian egindako bilerak jarraipena izango du; hurrengoa, Berlingo Zinemaldian izango da. Lau helburu nagusi landuko dituzte: lan taldea sortzea, kooperazio eta topaketak sustatzea, zinema europarraren hizkuntza aniztasunaren inguruko ezagutza handitzea eta ikusgarritasuna areagotzea. “Zinema jaialdietan topaketak egin ditugu eta egingo ditugu, baina hala ere, etengabe gaude herrialdeekin kontaktuan, batez ere, posta elektroniko bidez”, azaldu du sailburuak.
Badirudi, ondo bidean, laster EAEko zine areto askotan hizkuntza ez hegemonikoetan ekoitzitako filmak euskaraz azpititulatuta ikusteko aukera izango dugula. Euskaraz ekoitzitakoek berriz, Europako hainbat herrialdetan izango dute lekua.
"Euskaraz bizi nahi dugu" mezua tindatu zuten larunbatean, eta 48 oren inguru eman dituzte atxiloaldian ekintzaileek. Gorka Torre kontrol judizialpean askatu du prokuradoreak, epaiketaren zain; bertze hirurak komisariara deituak izanen dira.
'Hiri Buruzagia loratzen. Loratu ala hil' lelopean sortu da Irauli proiektu berria, euskarazko kalitatezko jarduerak eta zerbitzuak eskaini nahi dituena; hizkuntzaren indarberritzean oinarrituta.
Iragan berria den Donostiako Zinemaldian euskarazko hiru lan eskaini dira prestigiozko Sail Ofizialean: Maspalomas, Karmele eta Zeru ahoak.
Festibala gutxi gorabehera erdira heldu zenean ohartu nintzen laugarren bat ere bazegoela euskal zinea labelarekin: Los domingos. Bilbon... [+]
Buruilaren 27an ebiakoitz huntan Euskal Herrian Euskaraz-ek Baionan salatu du Euskara bigarren mailako hizkuntza bezala kontsideratua dela. "Euskaraz bizi nahi dugu" mezua margotu dute departamenduaren egoitzaren gainean.
'Itun Soziopolitiko berrirako eskaintza' dokumentua aurkeztu du Euskalgintzaren Kontseiluak, Batuz Aldatu dinamikaren barruan hainbat eragilerekin egindako agerpenean. Eragileek atxekimendua egiteko dokumentu sinagarri bezala aurkeztu dute, eta luze eta zabal azaltzen... [+]
Euskara biziberrituko bada, hizkuntza politiketan jauzi bat ematea ezinbestekotzat du Euskalgintzaren Kontseiluak. Jauzi hori emateko proposamen bat aurkeztu du, eta itun soziopolitiko berri baterako deia egin du, irailaren 26an, Batuz Aldatuko Sinatzaileen II. Batzarrean... [+]
Telesforo Monzon laborategiak antolatutako uda eskolak euskararen etorkizunaz gogoeta egiteko plaza beroa ekarri zuen Bergarara. Hasieran, Garikoitz Goikoetxeak eta Olatz Altunak euskararen egungo egoera eta etorkizuneko joerak marraztu zituzten, eta horren gainean aritu ziren... [+]
Orain arte ez dugu aipatu, baina bada 6-12 urte arteko umeen kirol jarduerari –aisialdiari, oro har– lotuta dagoen eta azpimarratzea merezi duen beste osagai bat: hizkuntza erabilera. Zentzu horretan, euskararen arnasgune dira Eskola Kiroleko programak, lekuan lekuko... [+]
"Ongi etorri Iruñera" zikloa bueltan da. Urriaren 30ean hasiko da migrante eta errefuxiatuekin euskarara hurbiltzeko topaketen bigarren edizioa eta izena emateko epea irekia dago.
Mugikortasun agenteen euskara eskakizunaren sententzia salatzeko, Egiako Justizia jauregiaren aurrean elkarretaratu dira Donostian.
Ttitto Betbeder Euskararen Erakunde Publikoko zuzendari berriaren ustez kontzertazioa sustatu behar da euskalgintzarekin eta aholku batzordea biziarazi berriro.
Eztabaida gutirekin baina herriaren indarrarekin egin du bere administrazio kontseilua Euskal Kultur Erakundeak irailaren 13 honetan. 70 eta 80 elkarteen ordezkaritza hurbildu zen mobilizaziora, baina suprefeta eta DRACa gabe egin behar izan dute.