Prostata

Emakumeek ere eiakulatzen dute

  • Martxoan argitaratu zuen Diana J. Torres (Madril, 1981) ekintzaile eta artista feministak Coño Potens liburua, Txalaparta etxearen eskutik: aluen ahalmenari, prostatari eta isuriei buruzko lana. Urte askotako jardunaren fruitu, emakumeok geure gorputzez luzaroan ikasitako gezurrak deseraikitzeko saiakera da, geure buruak bestela programatzekoa, jakintza taldean partekatu eta eiakulazioaren maila politikoa deskubritzekoa.

Danele Sarriugarte Mochales @daneleSM
2015eko urriaren 18a
Ernst Gräfenbergek 1950ean argitaratutako artikulu batean, kalapitarik ez sortzeko itzulinguru linguistiko ugari baliatuta, gizon eta andreen barneko sexu-organoen arteko antzekotasunak azpimarratzen ditu, eta esaten du badagoela andreek larrua jotzean er
Ernst Gräfenbergek 1950ean argitaratutako artikulu batean, kalapitarik ez sortzeko itzulinguru linguistiko ugari baliatuta, gizon eta andreen barneko sexu-organoen arteko antzekotasunak azpimarratzen ditu, eta esaten du badagoela andreek larrua jotzean erruz kanporatzen duten likido bat, orgasmora heltzeko unean eta ondoren, eta ez dela gernua.Magna-Franse

Urtemugako opari bati esker jarri zen guztia martxan: izan ere, hori baino lehen, Diana J. Torresek pentsatzen baitzuen txiza zela larrua jotzen zuenetan hankartetik turrustan ateratzen zitzaiona. Izara ilunen sorta bat izan zuen mugarri. Hala ohartu zen likido hark beste zerbait behar zuela izan, marka zurixka laga zuelako oihalean eta usain oso apala zeriolako, gernuarena ez bezalakoa. Ezustekotik abiatuta eta jakin-minari tiraka, emakumeen sexualitatearen bueltako beste misterio bat deskorapilatzeko ikerketa-bide luzeari ekin zion madrildarrak. Orduz geroztik hamar urte joan dira, eta denbora luze horretan hala bere kasa nola beste emakume batzuekin bizipenak partekatuta bildutako jakintza guztia ekarri du plazara.

Eiakulazioa politikoa da: asmoak argi

Abiatzerako, garbi uzten ditu bere helburuak Torresek: aludunek eduki badaukaten ahalmen bat argitara ematea du asmo, andreek ere badutela prostatarik, alegia, eta ondorioz, eiakulatzeko gaitasunik. Torresek ez du frustraziorik sortu nahi, ordea, eta esan badio: eiakulatzen ez baduzu ez du esan nahi zure orgasmoak eskasagoak direnik. Ezta ere, eiakulatzeak feministago edo ahaldunduago bilakatzen zaituenik. Gakoa da gaitasun hori hor dagoela jakitea. Batez ere, plazer politikoa dakar: batetik, Mendebaldeko kulturak emakumeen sexualitateari buruz dioena zalantzan jartzen du, hots: andreen sexua diskretua dela, txukuna, polita, atzemanezina, eta oroz gain emozionala, barruranzkoa. Gainera, andreok ere prostata baldin badaukagu, bi sexuen artean hain zurrun ezarritako aldeak areago lausotzen dira, eraikuntza kulturalaren zimenduak agerian jarriz.

Informazioaren basamortuan, beste kulturak oasi

Mendebaldea aipatzen du Torresek, eta ez da kasualitatea. Maindireen pasadizoaren ostean, 2005ean, informazio bila hasi eta lugorria baino ez zuen aurkitu irudika zitzakeen informazio-iturri fidagarrienetan, ikasitako logikak aginduko lituzkeen tokietara jo zuen-eta: sendagilearenera eta medikuntza-liburutegiko ginekologia atalera. Ezer gutxi aurkitu zuen. Medikuak, txiza behar zuela-eta, urologoarenera joateko iradoki zion. Bestalde, ginekologia-liburuetan egiaztatu zuenez, erreprodukziorako balio ez duten emakumeen sexu-organoak bigarren mailakotzat jotzen dira, osagarritzat. Hor ere, gauza handirik ez.

Amore emateko gogo-izpirik gabe, Torresek pentsatu zuen ikuspegi horrek ezin zuela unibertsala izan, ezinezkoa zela mundu zabaleko kultura guztiek europarraren bide beretik jo izana gai horri zegokionean, hau da, errepresioaren eta ukoaren bidetik. Kultura hinduan aurkitu zuen oasiaren lehen errekastoa: Ananga Rana izeneko testua. Bertan, kama-salila aipatzen da, pasio-ur edo bizitza-ur gisa itzul daitekeena: emakumeek zein gizonek sexu jardunean kanporatzen duten likidoa.

Mendebaldean zer? Izenekin nahas-mahas

Honezkero, askok galdetuko zenioten zeuen buruari ea zelan demontre den posible andreek ere prostata edukitzea eta horren berri inon ez agertzea. Egia esatera, horri buruz badago zerbait idatzia, bestelako izenez esaten bazaio ere: Skeneren guruina (2004an onartu zuen emakumeen prostata izendapena Terminologia Anatomikoko Nazioarteko Batzordeak, baliokide gisa).
   
Beraz, ikerketarekin aurrera jarraitu eta Alexander Skene sendagile eskoziarraren berri izan zuen Torresek. Ginekologiaren aitzindari garrantzitsuenetakotzat hartzen da, eta 1888an aipatu zituen guruinaren bueltakoak, Treatise on diseases of women (Emakumeen gaixotasunei buruzko tratatua) obran. Behin baino gehiagotan dio gizonen prostataren antz handia zuela guruinak; hala ere, ez zuen bien arteko oinarrizko loturarik egin, eta bere abizena emanda, errotik ezberdin bihurtu zituen, ia-ia gaur eguneraino iritsi den ondarea sortuta.

Coño Potensek dakarrenez, Ernst Gräfenberg zientzialariak ere sakon jorratu zuen emakumeen eiakulazio eta prostataren gaia. 1950ean argitaratutako artikulu batean, kalapitarik ez sortzeko itzulinguru eta zehar-xendra linguistiko ugari baliatuta, gizon eta andreen barneko sexu-organoen arteko antzekotasunak azpimarratzen ditu, eta esaten du badagoela andreek larrua jotzean erruz kanporatzen duten likido bat, orgasmora heltzeko unean eta ondoren, eta ez dela gernua, eta ez dela lubrikaziorako aproposa ere, horrela balitz lehenago aterako litzatekeelako.

Bi proposamen terminologiko kritiko

Prostata terminoa erabiltzearen aldekoa da Torres. Funtzio bertsuak eta antzeko kokapen eta neurriak izanda, zentzugabea deritzo bi izen erabiltzeari, andre eta gizonen gibela ezberdintzen ez den bezala: “Nire lanaren helburuetako bat da generoen teoria biologizista suntsitzea, hortaz, kontraesana litzateke geure prostatari beste izen bat ipintzea”. Era berean, eiakulazio hitza baztertzeko espermatozoideen presentzia jarri ohi da aitzakia, alegia, emakumeen isuri likidoan ez dagoela horrelakorik. Torresek horren aurka ere argudiatzen du: espermatozoideak ez dira prostatan sortzen, barrabiletan baizik, hortaz beren eiakulazioak garraiatu baino ez ditu egiten.

Azkenik, Klau Kinki ekintzailearen Anarcha Gland (Anarcha guruina) proiektuaz ere badihardu autoreak. Ekimen horren asmoa da beste izen batzuk proposatzea, andreen gorputzak ginekologiaren historia kolonialista latzetik askatzeko. Izan ere, Skeneren aitapontekoak, J. Marion Simsek, AEBetako andre esklabuei pairarazitako ehunka ebakuntzen bitartez ikasi zituen gerora zientzia bihurtutako hainbat gauza. Tartean, espekulua diseinatu zuen. Esklaboetako batzuei omen egitea du helburu Kinkiren ekarpenak, anarchagland.tumblr.com webgunean bildu duen moduan.

G puntua jopuntuan

Emakumeen sexualitate eta plazerari lotuta iragan mendean gertatutako informazio-iraultza nagusienetako bat G puntua izan zen, Gräfenberg medikuaren omenez horrela izendatua. Torresek kritika gogorra egiten dio “aurkikuntza” horri, atzerapauso handia izan zelakoan. Arrazoiak: batetik, juxtu feministak aldarrikatzen hasiak zirenean klitoria zela andreei plazera ematen zien sexu organoetako gune nagusia, sexualitate falozentristari (zakila erdigunean ipintzen duenari) ikaragarri ondo etorri zitzaion bagina barruko orgasmoaren aukera agertzea, plazer egokiaren aukera bezala, gainera. Bestetik, jende askok denbora eta energia ugari xahutu du balizko puntu magiko horren bila. Zaila izango dute aurkitzea, ez baita puntu misteriotsu bat, ez bada organo zehatz bat. Bagina barruko balizko orgasmo hori lortu ezinak frustrazio handia sortu dio emakume askori, beste behin sentiaraziz ez zirela behar den modukoak, frigidoak zirela.

Jakintza konpartitzea bide

Desinformazioaren lugorriari, jakintza partekatu eta autokudeatua. Horixe da Torresen apustua. Hain zuzen, jakintza hedatzea lortu nahi du liburuarekin eta orain arte azaldutakoaz gain, bestelako datu erabilgarriak ere aipatzen ditu: osasun-arloko balizko arazoak, organoaren kokapenari buruzko argibide zehatzak, aurkitu eta estimulatzeko moduak, tailerretan jasotako testigantzak… MagnaFranse artistaren ilustrazio ederrak ere (magnafranse.tumblr.com) baditu obrak, eranskin modura.

Amaitzeko, andreen prostata eta eiakulazioari buruzko gune online bat sortzeko proposamena ere luzatzen du. Eraikitze-bidean dago webgune hori (yeswecum.org), baina aurrerantzean bertan aurkitu ahal izango dira liburuko bibliografia-erreferentzia asko, deskargatzeko gertu. Auzolanean eraiki nahi du Torresek, eta deia zabaldu du, gaiari buruzko xehetasunik duenak e-postaz bidal diezaion.

froga
Diana J. Torres, liburuaren egilea: "Eiakulazioa bera baino, garrantzitsuena da gaitasun hori egon badagoela jakitea"

Zer dela-eta hasi zinen eiakulazio-tailerrak egiten? Zer-nolakoak dira?

Jakintza partekatzeko aukera paregabea dira tailerrak. Jendeak bertara jotzen du, aurrez ere gaiarekiko interesa baitzuten, informazioa jasotzeko, eta are garrantzitsuagoa dena, bere bizipenen berri emateko, bestelako datuak helarazteko, ikerketa-ildoak iradokitzeko, eta abar. Eiakulazioari buruz bildutako informazioa beste batzuekin konpartitzeko gogoa neukan, eta hortik sortu zen tailerrak egiteko ideia; azken batean, informazioa neuretzat bakarrik gordetzea ez zen oso etikoa izango, eta feminista ere ez. Pentsa, zuk zerbait dakizu, andre pila bati lagungarri gerta dakiokeena beren gorputz eta sexualitatean gertatzen diren zenbait gauza okertzat hartzeari uzteko, eta ez duzu horren berri ematen. Izugarria litzateke, ezta? Neure ikerketaren ondorio nahiko naturala izan zen tailerrak egiten hastea.

Irudi batzuk erakusten ditut eta nire ikerketaz hitz egiten dut. Ondoren, solasaldia egiten dut bertaratutakoekin. Gehien-gehienetan andreak izaten dira, baina sarritan gizonak ere etorri izan dira, bikotekidearekin.

Zer ikasi duzu tailerrei esker?

Ikasi dut informazioa edozein tokitan egon daitekeela eta arrasto txiki bat baino ez dela behar, zantzu bat, horri tiraka egia aurkitzeko. Baita ere, ikasi dut taldean gehiago elkartuko bagina aho-bilorik eta beldurrik gabe geure sexualitateaz hitz egiteko, askoz boteretuago egongo ginatekeela eta geure mundua oso bestelakoa litzatekeela. Nire ustez, sorginak erre zituztenean norbere ezagutzaren praktika osasungarri hori ere deuseztatu zuten.

Aluen eiakulazioa pornoterrorismo mota bat al da?

Pornoterrorismoa ulertzen badugu sistema patriarkal zapaltzailearen aurkako erantzun edo mendeku gisa, ba orduan bai. Hala ere, eiakulazioa bera bainoago, iruditzen zait mendeku onena zera dela, ahalmen hori existitzen dela jakitea, ohartzea badagoela eiakulazioa sortzen duen organo bat. Mendeku onena da informazio hori partekatzea eta ahalik eta gehien hedatzea.

Liburua aurkezteko bira handi bat egin duzu Espainiako Estatuan. Zelan joan da?

Niretzat liburu bat idaztea beti dago lotuta hartzaileekiko harreman zuzenarekin, bai behintzat ahal den heinean; izan ere, sekula ikusi ez ditudan pertsonek irakurtzen dituzte nire liburuak. Era berean, egin nuen bira hori –20 hiri inguru, hilabetean– bide aproposa izan zen saretuta gauden eta elkar-aliantza bat daukagun pertsona eta talde feministekin berriro topatzeko, geure arteko loturak sendotzeko. Esperientzia itzela izan zen eta indar asko eman zidan feminismoaren alde borrokan jarraitzeko. Argi geratu zait sare oso boteretsua garela, energiaz betea.

Seguru asko, bateren bat etorriko zitzaizun errezeloz, andreen prostataz eta eiakulazioaz ari zarelako. Zer esaten diezu eta zer esango zenieke?

Ba, egia esatera, ez dut horrelako jendearekin topo egin. Pornoterrorismo [Txalaparta, 2011] argitaratu nuenean bezala, etsaia ez zen sekula agertu nirekin bertatik bertara hitz egitera. Ez dira sekula tailer edo aurkezpenetara etortzen; uste dut, besterik gabe, ez daukatela zeresanik, edo dena delakoa esateko ausardia falta zaiela, bestela. Eta zer esango niekeen? Ba liburua irakurtzeko! Kar-kar-kar.

Performer lanetan ezagutu zintugun askok, baina azkenaldian bazter utzia duzu, ala?

Bai, performancea utzi dut. Ez dakit behin-behinean ala betiko. Oholtzan hamabi urte egin ostean nekatuta nago, ez nabil hasieran bezain gogotsu eta nahiago dut energia beste gauza batzuetarako baliatzea, adibidez, performance-tailerrak emateko. Komunikatzeko eta borrokatzeko tresna eraginkorra da performancea, eta horri buruz dauzkadan ezagupenak baliotsuak dira, nik jarduna utzi badut ere.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Gorputza  |  Medikuntza  |  Generoa  |  Sexualitatea

Gorputza kanaletik interesatuko zaizu...
Minbizia
Zer den heriotza aurrean izatea

Bizitza amaitu egiten da, baina inork ez gaitu pentsamendu horretan hezi. Urruti dagoen zerbait da, besteen kontua... zure azalean bizitzea tokatzen zaizun arte.


2019-02-13 | ARGIA
Multinazionalen edertasun-kanona eta eragiten duten prekarietatea salatu ditu Ernaik Bilbon

Ernaiko zenbait kidek arropa erantzita multinazionalen edertasun-kanonaren kontrako ekintza egin dute Bilbon.


Josebe Iturrioz
"Ez dakit gizonezkoa ala emakumezkoa naizen eta ez dakit nahi diodan galdera horri erantzun itxia eman"

Plazandreok plataforman hasi zuen ibilbide politikoa eta 2000. urtean Medeak talde transfeminisa sortu zuen, beste kide batzuekin batera.


Sexu heziketa
Pornografia denean sexu hezitzaile nagusia

Gutxi eta era okerrean. Oro har, hala irakasten zaie haur eta gazteei sexualitatea, ikastetxean eta ikastetxetik kanpo. Helduok sexualitateaz dugun ikuspegi murritzak badu zerikusirik, baita geure beldurrek eta begirada okerrak umeen sexualitate naturalean duen eraginak ere. Artikulu honetan hizpide ditugu asko dakitela uste arren, ikasleek eremu honetan oraindik duten ezjakintasun maila –norbere gorputzaren ezezagutza barne–, generoaren arau zurrunek nola markatzen duten batzuek... [+]


Kajsa Ekis Ekman
"Ezin da sabel bat alokatu, emakumea da alokatzen dena eta hori esplotazioa da"

Kajsa Ekis Ekman (Stockholm, Suedia, 1980) kazetaria eta Being and Being Bought - Prostitution, Surrogacy and the Split Self liburuaren egilea da. Gaztelaniazko bertsioa argitaratu du Bellaterra argitaletxeak 2017an: El ser y la mercancía: prostitución, vientres de alquiler y disociación. Bi gai nagusi jorratzen ditu liburu horretan, ikuspegi marxista feminista batetik: emakumeen merkantilizazioaren industria eta emakumeen ugalketa-gaitasunaren eta sexualitatearen... [+]


Titiburuak

Biluzteaz hitz egin zigun Udane Barinagarrementeria Lakak, Klitton. Geure zauriak erakusteaz, ahula izateko eskubideaz. Eta ederki jantzi zuen biluztasuna Uxue Bereziartua Lonbide ilustratzaileak, gorpuz biluziari itzalak marraztuz. Markak airean, zauriak bistan, titipuntak aurrera begira.


Uxue Bereziartua ilustratzailearen marrazkia zentsuratu du Instagramek, titiburuak agerian zirelako

Klitto agerkari digitalean egin zuen ilustrazioa Uxue Bereziartuak, eta zentsuraren berri izan eta gero, Malen Aldalur kazetariak Klitton bertan gertakizunaren harira iritzi artikulua idatzi du. Ondoko lerroetan duzue iritzi artikulua.

 

 


Baraua
Gorputza garbitu berriro hasteko

Munduko animalia eta haur guztiek instintuz uzten diote jateari gaixo daudenean. Baraua gorputza, burua zein espiritua garbitzeko erabili da betidanik; berriro hasteko garbitu.


2018-09-21 | Nahia Ibarzabal
60 emakumeri genitalak mutilatu dizkiete

Bost eta zazpi urte bitarteko haurrei genitalak moztu dizkiete Burkina Fason eta 30 guraso eta emagin atxilotu dituzte zerikusia dutelakoan.


Higienea
Gehiegi garbitzearen paradoxa

Gorputza garbitzea ez da beti osasun kontua, ezta osasungarria ere. Egunean behin edo sarriago egitea da gaur egun normalena. Ohitura kultural hau, baina, batzuetan kaltegarria gerta liteke azalarentzat.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude