ARGIA.eus

2021eko urriaren 18a
Lorenn Walker

"Hemen gizarte kontzientzia sendoa dago, haustura soziala estaltzeko ezinbestekoa"

  • Lorenn Walker, Hawaiiko Unibertsitateko doktore estatubatuarra, justizia berrezartzailean munduan dagoen aditu nagusienetakoa da. Berriki Donostian egon da ikastaroa ematen. Justizia mota hori zertan datzan eta gurean nola erabili dezakegun azaldu digu.

Ander Leon
2015eko urriaren 18a
“Delituak pertsonen kontra izaten dira eta biktima horiek dira, nolabait, konponbidea behar dutenak. Horri erantzuten saiatzen da gure justizia eredua. Kasu batzuetan zaila den arren, aurreko egoera berreskuratzea da helburu nagusia”.
“Delituak pertsonen kontra izaten dira eta biktima horiek dira, nolabait, konponbidea behar dutenak. Horri erantzuten saiatzen da gure justizia eredua. Kasu batzuetan zaila den arren, aurreko egoera berreskuratzea da helburu nagusia”.

Zer da justizia berrezartzailea?

Ingelesez Restaurative Justice deitzen diogu, eta Nazio Batuen Erakundearen definizioaren arabera, delituari ematen zaion erantzun garatua da. Ohiko justiziak edozein legeren haustura Estatuaren kontrako erasotzat hartzen du, eta horren arabera zigortzen du, gehienetan espetxea edo zigor ekonomikoak erabiliz. Justizia berrezartzailea, ordea, beste ikuspuntu batetik abiatzen da. Delituak pertsonen kontra izaten dira eta biktima horiek dira, nolabait, konponbidea behar dutenak. Horri erantzuten saiatzen da gure justizia eredua. Kasu batzuetan ezinezkoa dela badakigu ere, helburu nagusia delituaren aurreko egoera berreskuratzea izango litzateke, edo gutxienez, ahalik eta gehien hurbiltzea.

Nondik nora iritsi zinen justizia mota hori ikertzera?

Nire bizitza ez da erraza izan. 14 urterekin bakarrik bizi nintzen, 15ekin eskola utzi, 16ekin denboraldi laburra eman nuen espetxean eta 18rekin ama izan nintzen. Baina gertaera erabakigarriena 24 urte nituenean etorri zitzaidan. Eraso bat izan nuen eta itota hiltzear egon nintzen. Azken momentuan erasotzaileari ama nintzela esan nion eta lepoa askatu zidan korrika alde egiteko. Horrek aldatu zidan bizitza. Biktima bezala inongo konpentsaziorik gabe ikusi nuen nire burua. Zuzenbide eskolan izena eman nuen eta hor hasi zen nire ibilbide profesionala.

Proposatzen duzuena berria al da?

Ez, ezta pentsatu ere. Historikoki munduko zibilizazio guztiek justizia modu horretan izan dute indarrean: kalte egiten zuenak, sortutako egoera konpondu behar zuen. Beti dago biktima bat, eta tradizionalki hori izan da munduko justiziaren erdigunea. Duela mila urte normandoek Europa gehiena konkistatu zuten eta eredu estatala martxan jarri zuten, bide berrezartzailea baztertuz. Geroztik, Mendebaldean erabili izan den justizia Estatuaren aldekoa izan da.

Justizia berrezartzailearen berpizkundea 1974an eman zen Ontarion, Kanadan, eta geroztik herri askotan erabili da. Agian kasu ezagunena Hegoafrikako Egia eta Adiskidetzarako Batzordearena izan da, baina beste arlo askotan ere horrelako esperientziak martxan jarri dira, eskoletan, lan harremanetan, delitu larrietan…

Zein izaten da prozedura?

Lehenengo hurbilketa biktimarekin izaten da eta bitartekariak galdera zuzena egiten dio: “Zer nahi duzu? Zer behar duzu?”. Batzuetan oso eskaera arruntak izaten dira, etxe egokitu bat, bizirauteko dirua edo laguntza psikologikoa. Beste askotan, ordea, erantzunak eta azalpenak behar dituzte, arrazoiak entzun nahi dituzte eta hor sartzen da gure metodologiaren arlo garrantzitsua, zirkuluak. Parte-hartzaileen adostasunarekin bilera indibidualak egiten dira eta prozesuaren une garrantzitsuena ekintzaile guztien bilkura da. Bertan biktimak, beraien senideak eta lagunak, delitugileak eta bere ingurukoak biltzen dira, erraztaile baten gidaritzapean. Horri zirkulua deitzen diogu, eta bertan, gertatutakoaz eta haren ondorioez hitz egiten dute, inolako mugarik gabe. Azalpenak eta sentimenduak nahasten dira, barruan daukatena ateratzen uztea da helburu nagusia. Batzuetan ondo funtzionatzen du, beste batzuetan ez.

Zergatik batzuetan ez? Zer arazo izaten dira normalean?

Delitugilea ezezaguna izatea edo ihesean egotea izan daiteke arazo nagusiena, prozesua ezin baitaiteke hasi. Kasu politikoetan, berriz, biktimarioak egindako mina borroka justu baten ondorio bezala ikustea edo inolako damurik ez erakustea ere oztopo da. Askotan, besterik gabe, parte hartu nahi ez izatea. Biktimen aldetik arrazoiak beste motatakoak izaten dira: delitugilearekiko gorrotoa, barkatzeko ezintasuna sentitzea, gogoratzeko gogorik ez izatea edo emaitzari zaion beldurra, hau da, balizko emaitza positiborik balego, bere senideari traizio egiten ari dela sentitzea. Arrazoi guztiak onargarriak iruditzen zaizkigu. Batzuetan, prozesua aurrera eraman ahal izateko antzeko pertsonak bilatzen dira, hau da, delitu mota horren beste biktima edo biktimario batek ordezkatzen du nahi edo ezin duen hori.

Delitu guztiak ez dira berdinak, batzuk arruntagoak eta beste batzuk larriagoak. Noiz da aplikagarria sistema berrezartzaile hori?
Edozein kasutan, beti baitago kalteturen bat. Kasu batzuetan, beste batzuetan baino askoz errazagoa da konponbidea bilatzea. Autoa lapurtu badizute itzultzearekin nahikoa izango da. Arazoak delitu larrietan aurkitzen ditugu, batez ere hilketa kasuetan. Horrelakoetan aurreko egoerara itzultzea ezinezkoa denez, beste bide batzuk aurkitu behar dira. Kasu zailak ere badira, pertsona bera biktima eta delitugilea denean, adibidez torturak jasan dituen ETAko kidea edo atentatu batean zauritua suertatu den narkotrafikantea. Kasu posibleak infinituak dira, ezin da formula perfektua aurkitu, baina egoera gehienetan baliagarriak izango diren irizpide orokor batzuk ezarri daitezke.

Zeintzuk dira irizpide horiek?

Lehenengoa borondate ona erakustea da. Biktima batek behin esan zuen ezin dela kotxe bat gidatu soilik ispiluei begira, aurrean dagoena ez duzu ikusiko eta. Filosofia hori behar da. Atzekoa ez da ahaztu behar, noski, baina helburua hemendik aurrerako bizitza errazagoa eta zoriontsuagoa izatea da. Beste irizpide bat errespetua da. Errespetuari edozeinek ondo erantzungo dio eta asko erraztuko du komunikazioa. Horrek ez du esan nahi elkarrizketa atsegina izan behar denik, ezta partaideak lagun egingo direnik ere, baina bestearen jarrera ulertzeko prestutasuna eduki behar da. Ezin da ahaztu, hala ere, biktima dela protagonista nagusia eta prozesu horretatik ondoen atera behar dena. Horrek ez du esan nahi delitugilea zanpatu behar denik, ez da behintzat hori gure helburua.

Euskal Herriko gatazkaren amaieran horrelakorik posible ikusten al duzu?

Sistema hau edozein gatazkaren aurrean da baliagarria. Nik ez dut espetxe politikan sinesten. Ez dut esan nahi desagertu behar direnik. Badago jende mota bat, arriskutsuenak, mota bateko edo besteko isolamendua behar dutenak, ezin dira herritarren artean bizi. Horrelako pertsonentzat bai behar dela kartzela, baina kasu gehienetan ez.

Baina hemen “gatazka” ukatzen dutenak badaude…

Hori laguntasuna edo gorrotoa ukatzea bezain arraroa litzateke. Gatazka giza harremanen beste atal bat da, eta ez garrantzi gutxiena duena. Gatazkak leku guztietan daude, eta hemen ere bai. Hori onartzea konponbiderako ezinbesteko urratsa da.

Barkamena eskatzea edo lortzea ezinbestekotzat jotzen duzu?

Fred Luskinek liburu ederra idatzi zuen, Forgive for good (2002), eta hor barkamena bizitzaren trebetasuna bezala aurkezten da, jende guztiak ez daukana. Horrez gain, barkatzeko gaitasuna estresa gutxitzeko tresna dela aipatzen du. Ni ere iritzi horretakoa naiz, baina pentsamendu hau ezin diot inori inposatu. Barkamena ez da justizia berrezartzailearen helburua, hemendik aurrerako bizitzaren hobekuntza baizik. Horretan ez da ezinbestekoa ez barkamena eskatzea ezta ematea ere, baina egia da barkamenaren eskaerak asko errazten duela bidea.

Bake prozesua ez atzera ez aurrera dago une honetan, tartean biktimen auzia ere badago. Justizia berrezartzailean lanean ari al da inor hemen?

Bai, zertxobait bai. Inguru honetan justizia berrezartzailean hainbat aditu daude jurista eta kriminologoen artean, besteak beste Idoia Igartua, Alberto Olalde eta Gemma Varona. Testuinguru berriak asko lagun dezake, izan ere, ETAk borroka armatuari uko egin izana pausu garrantzitsua da, eta agian oraingoan ez dira egongo beste garai batzuetako arazo eta oztopoak. Langraitz Bidea da egitasmo nagusietako bat eta hor zirkuluak beharrean bikotekako elkarrizketak antolatzen ari dira. Ez ditut kasu guztiak ezagutzen, baina esan didatenez oso balorazio positiboak ari dira egiten bertan parte hartutako gehienak.

Eta zuk nola ikusten duzu?

Hona etorri baino lehen Rwandan eta Serbian ibilitakoa naiz. Beste urte batzuetan Korean, Vietnamen edo Nepalen. Horiekin konparatuta, nik ez dut uste hemengo arazoa konponezina denik. Are gehiago, arazo sozialak ez du aparteko zailtasunik. Hemengo gizartearen bizi kalitatea ona da, Eusko Jaurlaritzak baliabideak ditu eta prest azaldu da hutsunea betetzeko. Horretaz gain, sare sozial eta familiar sendoak ikusi ditut, hau da, biktimak eta biktimarioak ez dira geratuko gizarte laguntzarik gabe, familiak eta ingurukoak arduratzen baitira. Begira, gaur, Donostian paseatzen ari nintzela ume batek bizikletarekin istripu txikia izan du. Laster bospasei pertsona laguntzera hurbildu dira, altxatu dute, bizikleta bidetik kendu eta berarekin egon dira gurasoak etorri arte. Hori toki askotan ezinezkoa da, norbera bere gauzez arduratzen da eta ume bat ukitzeak salaketa ekar dezake. Hemen, nolabait, gizarte kontzientzia sendoa dago, eta hori gizarte haustura estaltzeko ezinbestekoa izango da.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Biktimak  |  Giza eskubideak

Biktimak kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2015eko urriaren 18a
Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude