Josu Martinez

"Agian itsusi ikusten gara ispilu horretan, baina izan garena erakusten du filmak"

  • Euskarazko lehen filma da Gure Sor Lekua, 1956an filmatua. Desagertutzat genuen pelikula aurkitu eta ikerketa lan hori lehenik doktorego tesian eta ondoren dokumental batean jaso du Josu Martinez bilbotarrak. Barrura begiratzeko leihoak edota Sagarren denbora filmen egileak komeriaz betetako bilaketa dakarkigu azken dokumentalean: Gure Sor Lekuaren bila.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi
2015eko urriaren 18a
Urriaren 23an, Mauleko Xiberoa Zinez egunean emango dute dokumentala. Azaroan, Bilboko Zinebi festibalean, Hazparneko Zinegin jaialdian, Hernanin eta Zumaian. Zure herrian emanaldia antolatzeko, idatzi info@guresorlekuarenbila.eus helbidera.
Urriaren 23an, Mauleko Xiberoa Zinez egunean emango dute dokumentala. Azaroan, Bilboko Zinebi festibalean, Hazparneko Zinegin jaialdian, Hernanin eta Zumaian. Zure herrian emanaldia antolatzeko, idatzi info@guresorlekuarenbila.eus helbidera.Gure Sor Lekuaren bila

“Euskal zinemak badu metafisikatik”, diozu dokumentalaren hasieran.

Mark Legassek zioen moduan, Euskal Herria existitu ere egiten ez den herria da eta beraz ikusten ez den zinema dagokio. Euskal zinemaren historia da, trantsiziora arteko pelikula gehienak ezin baitira ikusi, galdu direlako edo galduarazi zirelako. Paradoxikoa da irakurtzea historialariek nola sekulako juzkuak egiten dituzten pelikulei buruz eta gero bukaeran dioten pelikula hori galduta dagoela. Metafisika egiten ari dira, ikusi gabeko lanak epaitzen.

Gure Sor Lekua filmaren bilaketa da dokumentalaren funtsa. Diasporari zuzendutako filma izan zen, bukolikoa eta idilikoa. Garai hartan pelikula ikusi eta dokumentalean agertzen den Kristiane Etxaluzek dio, adibidez, “ñoñoa eta aspergarria” iruditu zitzaiola, “gauza zaharrei lotua”.

André Madré filmaren zuzendariak 13-15 urterekin alde egin zuen Euskal Herritik eta herrimin handia zeukan. Gainera diasporarekin eta errefuxiatuekin harremana izan zuen eta horrelako giroetan, sorlekutik urrun, berau idealizatzeko joera dago. Herrimin hori jasaten zutenentzako pelikula egin nahi izan zuen. Dena den, irudiak bakarrik ikusten ditugunez [pelikularen audioa ez da berreskuratzea lortu oraingoz], ez dakigu pasarteren batean diskurtso kritikoagoa ba ote zegoen, edo Arkadiako diskurtso atenporala zen nagusi. Edozein kasutan, kontuan hartu behar da garai hori trantsizio edo pitzadura garaia dela; 50eko hamarkadan Madrék erretratatzen duen mundua desagertzen ari da, eta nostalgia kutsua hortik datorkio. Belaunaldi eta ziklo berri bat sortzen ari da eta horregatik aldarrikatzen du Kristianek euskalduna eta modernoa izateko beste modu bat. Baina nabarmendu behar da Madré aldi berean tradizionalista eta iraultzailea dela, mundu zahar hori medio berri baten bidez jasotzen duelako eta lehena delako zinema euskaraz egiten.

Horrek duen balioarekin…

Bai, nahiz eta harritu nauen garaiko lekukoek zelako naturaltasunez esaten zidaten euskaraz zela, inolako inportantziarik eman gabe. Ziurrenik gure Hegoaldeko betaurrekoekin goazelako eta garai hartako debekuekin euskarazko film bat egiteak sekulako balioa zuelako, lehenengoa izateak are gehiago, baina Iparraldean euskara ez zegoen debekatuta, eta esaterako Herria aldizkaria zegoen, salduenetakoa (baita lehenago Eskualduna ere).

Gizon bitxia izan zen pelikularen egilea: André Madré Hazparneko jenerala, Bigarren Mundu Gerran eta Afrikako deskolonizazioan aritua.

Honetan ere antzera: Hegoaldekoontzat bitxia izan daiteke Euskal Herriari buruz euskaraz errodatu zuena jenerala izatea, baina XX. mende hasierako Iparraldeko soziologiari erreparatuta ez da profil arraroa. Euskalduna eta frantsesa izatea ohikoa zen, Lehenengo Mundu Gerran adibidez Hazparneko gazteen %20 inguru hil zen frontean borrokan. Egia da, dena den, ejertzitoan karrera egin eta pasadizo ugari bizi izan zituela. Militar denboraz idatzi zituenak aurkitu nituen bere etxean eta berak zioen zortea izan zuela, historia gertatzen zen lekuetan egotea egokitu zitzaiolako. Kapitaina baino ez zela bidali zuten, beste hainbatekin batera, alemaniarrekin armistizioa sinatzera; Gestapotik ihes egitea lortu zuen; Frantziako armaden buru izan zen Afrikako herrialdeen deskolonizazio eta independentzia garaian…

Zuzendaria bakarrik ez, Gure Sor Lekuaren gidoilaria ere gizon berezia dugu: Jean Elizalde Zerbitzari, apaiz euskaltzaina. Kontrabandoaz, euskaldun izateaz, pilotaz… ironiko agertzen da dokumentalerako berreskuratu duzun elkarrizketa batean.

Frantses telebista bateko artxiboan aurkitu nuen elkarrizketa, Zerbitzariri buruz egin zuten dokumental labur batean. Nahiko tipo kaustikoa da, frantses kazetaria joaten da apeza harrapatu nahian-edo, eta Zerbitzarik beti du erantzun zirikatzailea prest. Pertsona guztiz ezezaguna da gutako askorentzat, baina bazen norbait: Euskaltzaleen Biltzarreko idazkaria izan zen urtetan, euskaltzaina, bertso epailea… eta haren eskuizkribu eta gutunak (ilobarenean aurkitu nituen) sekulako altxorra dira, digitalizatu beharrekoak.

Ikerketa generoko dokumentaletan, Oskar Alegriaren Emak Bakia Baita izango da euskarazko azkenetakoa. Alegriak dio ikerketa eta bilaketa proiektu hauetan bidea bera dela politena.

Bidean gauzak aurkitzen zoaz (aipatu berri dugun Zerbitzari ezagutzea, kasurako), milaka adar sortzen zaizkizu, oso politak, baina adar bakoitzean geratzeak bidean galtzeko arriskua ere badauka.

Bide gorabeheratsua eta malkartsua da zure bilaketa, eta negarraren eta barrearen artean, barre egitea erabaki duzu dokumentalean.

Neure buruari edo aurkikuntzari inportantzia emanez transzendente jartzea oso nekeza iruditu zitzaidan. Aurkikuntzaren tamainaz ohartuko da nahi duena eta interesanteagoa da irribarre batekin kontatzea, ikerketan jasotako kolpeak erlatibizatzen laguntzen du. Donostiako Zinemaldian batek baino gehiagok esan dit gaia ez zitzaiola batere interesatzen, baina gero ikusi eta oso ondo pasa zuela. Euskal kulturari buruzko dokumental folklorista izango zuten buruan eta, tira, halako jendea ere erakartzeko behintzat balio izan du.

Dentistan ere ikusi zaitugu! Zer moduz aktore lanetan?

Batez ere nire buruagatik ematen zidan erreparoa, bizitza guztia pasa dudalako esaten ez zaidala gustatzen dokumentalean autoreak agertzea; badirudi zure burua erakutsi nahi duzula. Baina bilaketa kameraz dokumentatzen joan nintzen eta materiala berrikusterakoan konturatu nintzen irudien zati handi batean ni agertzen nintzela, aldi berean istorioak galdu egingo zuela lehenengo pertsonaren ikuspegitik narratu ezean, eta onena hala egitea zela erabaki nuen. Behin hori egiten jarrita, pentsatu nuen tonu umoristikoa bazela modua hainbeste gorrotatu dudan autore orojakile eta guapo-ustekoaren rolari aurre egiteko. Neure buruaz barre egiten eta autoironia handiz agertzen naiz. Nire burua pixka bat Sherlock Holmes dorpe baten antzera ikusten nuen, Manhattan Murder Mystery pelikulako Woody Allenen gisara, eta halere zorte pixka bat daukana…

Bai, suspentsetik ere badu, dena lotuta dagoela uste duzunean ezustekoz ezusteko zabiltzalako filmean.

Hori da pelikularen indargune handiena. Istorioa halakoxea izan da, hori izan da bidea, hurrena zer etorriko eta zer berri topatuko jakin ezin, eta erakutsi dudan moduan bizitu nuen, amestu ere egiten nuen filmarekin!

Dena biribil ez ateratzeak badu bere xarma, baita zinematografikoki ere.

Dudarik gabe, bizitza errealean bezalaxe. Lehen kolpean pelikula aurkitu izan banu, kontatzeko askoz gutxiago izango nukeen eta ziurrenik ez nukeen pelikula egingo. Horrek ez du esan nahi gaizki pasa ez dudanik, ingurukoak ere aspertu ditut, baina orain, distantziarekin begiratuta, komikoa ere bada.

Bukatugabeko istorioa da hau, euskarazko audioa falta duelako filmak. Bila jarraituko omen duzu.

Beste intentsitate batekin, baina bila jarraitzen dut, bai. Pelikularen proiekzioko kopia originala ez daukagu eta nonbait egon behar du, edo nonbait egon da. Nik baditut bizpahiru teoria, baina ez dut spoilerrik egin nahi…

Harrigarria dirudi oraindik ere halako aurkikuntzak egitea: euskarazko lehen filma da Gure Sor Lekua, eta ez genekien ezer horri buruz.

Terriblea da, eta beste pelikula batzuen aipamena ere aurkitu dut ikerketa honetan, edonon egon daitezkeenak. Arazoa da kultura ornogabea dela gurea, egituratu gabea, eta dena dago egiteko. Zinemaren kasuan, gainera, euskal zinemaren historia 80ko hamarkadan egiten hasten da euskaraz ez dakien Hegoaldeko jendea, gauza askotarako beraz oso mugatua, zer esanik ez Iparraldeko errealitateaz hitz egiteko. Eta XX. mendean gure kultura zinematografikoaren parte handi bat Iparraldean gertatu da, Hegoaldean ez zelako posible; hori guztia ikertu gabe dago. Existitu ziren lan asko ez ditugula ezagutzen eta transmisiorik ez zela egon, horra gure drama. Horregatik, jendea animatzen dut euren ganbaretan begiratzera, kar, kar, ea zerbait aurkitzen duten…

Ondare hori berreskuratzea garrantzitsua baita.

Ondare horrek erakusten du nolakoak garen, gure herriaz hitz egiten du, eta gure herria izan da kulturalki herri erabat azpigaratua. Ez hori bakarrik, folklorera oso mugatutako herria izan da, non apaizek inportantzia handia izan duten… Agian itsusi ikusten gara ispilu horretan, baina hori izan gara, gutaz hitz egiten dute pelikula horiek, ondare horrek.

Gure Sor Lekuan parte hartu zutenei eta senideei filma erakustean, nolako erreakzioak jaso dituzu?

Hunkituta ikusi ditut eta inpresio handia egin dit. Filmean elkarrekin agertzen diren neskatoa eta mutikoa, gaur egun bikote direna, Hazparneko emanaldi berezira etorri ziren eta gizona, gaixorik, azkenekoz irten zen etxetik. Handik egun batzuetara hil zen eta emakumeak eskerrak eman zizkigun, pelikula ikustea bizitzako zikloa ixtea izan zela-eta. Pelikulak nolabait bizitza erreala zipriztintzen du, bizitzan eragiten du, eta horrek bete egiten gaitu.

Itsasoaren alaba, Sagarren denbora, Debekatuta dago oroitzea, Barrura begiratzeko leihoak eta orain Gure Sor Lekuaren bila. Zer partekatzen dute zure dokumentalek?

Denek hitz egiten dute gure herriaren memoriaz, hori da interesatzen zaidana. Batzuek iragan politiko urrunagoaz edo hurbilagoaz hitz egiten dute, beste batzuek iragan kulturalaz, baina ezkutuan egon den edo ezaguna ez den memoriaz mintzo dira denak, normalean agertu ohi ez diren pertsonen memoriaz.

Barrura begiratzeko leihoak Donostiako Zinemalditik kanpo utzi zuten. Arantzatxoa kendu duzu azken hau Zinemaldian eman dutelako?

Gaizki bizi izan nuen Barrura begiratzeko leihoaken kontua, boikot gisa. Zinemaldikoen argudioa izan zen ez zela beraien ildo editorialean sartzen, eta arantzatxoa aspaldi atera banuen ere, pelikula horrekin oso saturatuta bukatu nuen, nekatuta eta penaz, bai barnekoekin bai kanpokoekin; Zinemaldia gertatutako guztiaren parte bat gehiago baino ez zen izan. Konturatu nintzen artistikoki lantzeko gai oso zaila zela, oso kutsatuta zegoelako.

Zinemaldira bueltatuz, segur aski batzuok bestelako Zinemaldia nahiko genuke, ez zaizkit jaialdiko gauza asko gustatzen, baina bestalde ni bezalako jendearentzat aukera eta erakustokia ere bada eta gure lanak aurkezten jarraitzen dugu bertan. Nire ustez, gurea gehiago zaindu beharko genuke, euskal lanak sentsibilitate handiagoz tratatu beharko lirateke, eta Rebordinosek [Zinemaldiko zuzendariak] ez dauka euskal lanekiko sentsibilitate berezirik.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Dokumentala kanaletik interesatuko zaizu...
2018-09-16 | Reyes Ilintxeta
Raśl de la Fuente, infernuetarako bidaiaria
"Afrikan oso zuria sentitzen zara, nahi eta nahi ez pribilegiatu"

Hogei film dokumentaletan munduan dauden infernu lazgarrienak erakutsi dizkigu. Orain, bera bezala Afrikako sufrimenduaren lekuko izan zen Ryszard Kapuściński idazle poloniarrari buruzko film berezia emango du Donostiako Zinemaldian eta ikusleek ematen duten Donostia Hiria Publikoaren Sarirako lehiatuko da.


2018-09-16 | Jabi Zabala
Marķa Torrellas . Dokumentalista
"Gutxi ezagutzen da Kubako iraultza feminismoaren ikuspuntutik"

Herri komunikatzaile moduan definitzen du bere burua Maria Torrellasek (Aviles, 1955). Asturiarra sortzez, duela 23 urte etorri zen Euskal Herrira, Carlos Aznarez bikotekidearekin batera. Hemen euskaldundu eta hemen izan zuen Nagore alaba. 2004an Uruguaira joan zen bizitzera eta Argentinara ondoren. Bertan, Resumen Latinoamericano aldizkarian dihardu. Berak zuzendutako Cubanas; Mujeres en Revolución film dokumental berria aurkeztera etorri da gurera.


2018-07-19 | Jon Torner Zabala
'Six dreams' dokumental sorta: euskal futbola protagonista

Mediapro ekoiztetxeak Six dreams futbolari buruzko dokumental sorta prestatu du. Sei protagonistetako bi euskal taldeetan ari dira: Eibarko presidente Amaia Gorostiza eta Athleticeko jokalari Iñaki Williams. Datorren asteazkenean estreinatuko dute dokumentala Amazon Videon.


Gasteiz orainaldian

Orainaldian dokumentala. Egileak: Iñaki Landa, Mikel Buruaga eta Gindi Auzmendi. Maiatzaren 30ean Gasteizko Florida zinematan eman zen lehenengoz.


2018-05-13 | Gaizka Izagirre
Gurean
Dokumentalen indarra, animalien egoera salatzeko

Asko dira azken urteetan munduko animalien egoera latza salatu nahi izan duten dokumentalak: Earthlings, Cowspiracy, The Cove, BlackFish, Meet Your Meat, The Elephant in the Living Room... Denak ere intentzio batekin sortuak: ikus-entzunezkoen bidez ikusleari erakustea, jateko, janzteko dibertitzeko edo esperimentatzeko esplotatuak izaten diren bizidunen bizitza tamalgarri eta penagarria. Lan horiek guztiek nazioarteko animalia askoren egoera salatzen dute; baina gurean ere bada lan bat... [+]


2018-04-15 | Gaizka Izagirre
'Wild Wild Country' telesail-dokumentala
Fikzioa balitz, ez nuke sinetsiko!

Netflix plataforma digitalak telesail berri bat estreinatzen duen bakoitzean (Stranger Things, Narcos, Black Mirror…) sekulako ikusmina sortzeko gaitasuna lortu du. Katalogoan ekoizpen propioko film bat sartzen dutenean ere (Annihilation, Okja…), mundu osoa adi egoten da. Baina dokumentalak txertatzen dituztenean, ostrazismoan erortzeko arrisku handia duten lanak bihurtzen dira, promozio kanpainetatik kanpo uzten dituztelako gehienetan eta edukien zerrenda potoloak betetzeko baino... [+]


2018-03-18 | Lander Arretxea
Maider Oleaga, zine zuzendaria
"Muga asko gainditu zituen Elbira Zipitriak, eta nik ere bai, haren historia kontatzeko"

Ideia batzuen atzetik bide luzea egin behar izaten da maiz; eta beste batzuetan, ideiak berak dira zu aurkitzen zaituztenak. Halako zerbait gertatu zitzaion Maider Oleaga zinegileari (1976, Bilbo). Geroztik, sei urte eta zientoka lan-ordu joan dira, baina azkenean amaitu du Muga deitzen da Pausoa filma. Hezkuntzan zein politikan aitzindari izan zen Elbira Zipitria ezagutzeko egin duen bidea kontatu du lan horretan.


2018-03-14 | ARGIA
Energia protagonista 12. Ekozinemaldian

Martxoaren 19tik 28ra, hainbat dokumental eskainiko ditu 12. Ekozinemaldiak, Euskal Herriko txoko ezberdinetan. Aurten energian jarriko dute fokua (zentral hidroelektrikoak, erregai fosilak…), eta energiarekin lotutako beste jarduerek ere izango dute tartea: meatzaritza, ura, elikadura, teknologia… Horrek guztiak ingurumenean eta gizakiongan dituen eraginak azaleratzea da helburua.


2018-02-18 | Garazi Zabaleta
Mejanako azken baratzezainak

“Tuterako baratze gune bereziena da Mejana, irla moduko lur zatia: duela hiru edo lau mende Ebro ibaiaren ibilbidea aldatu, eta sedimentazio-lur aberatsak gelditu ziren bertan”. Patxi Uriz Domezain Los últimos de la Mejana dokumentalaren produktore eta zuzendariak eman dizkigu azalpenok. Santi Cordon Tuterako baratzezain eta sukaldariarekin sortu du proiektua.

Barazkien hirian ere, baratzezainen gainbehera

Cordonen proposamenetik abiatu zen dokumentalaren ideia... [+]


2017-10-25 | Ahotsa.info
Estreinatu dute "Pasaiako Badia" dokumentala

Iruñean estreinatu dute Pasaiako Badiako sarraskiaren inguruko dokumentala, arrakasta haundiz eta oso kritika onarekin. 1984ko martxoaren 19an Pasaian jazotako gertaerak ditu oinarri dokumentalak.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude