“Torturak ama eta alabarengan sorturiko zauria arintzen lagundu du dokumentalak”

  • Torturatu zuten Iratxe Sorzabal presoa eta haren ama ditu protagonista Bi arnas dokumentalak. Duela bi urte abiaturiko prozesua borobiltzeko ekitaldia egin dute eta bide horretan lortutako etekin ekonomikoak bi elkarteri eman dizkiote: Harrera eta Axut! Ekitaldiak une hunkigarriak izan ditu eta Sorzabalek berak telefonoz amari deitu dionean, bertan zeudenen txalo zaparrada jaso du zuzenean.

Kima Arzuaga eta Jon Mikel Fernandezek loresorta bat oparitu zioten Mari Nieves Diaz Iratxe Sorzabalen amari, ekitaldi bukaeran. Argazkiak: Mikel Garcia / ARGIA CC-BY-SA

2024ko maiatzaren 20an - 06:01
Azken eguneraketa: 07:17

Proiektuak egin duen ibilbide arrakastatsua ospatzeko, eskerrak emateko eta diru kontuak gardentasunez azaltzeko ekitaldia egin dute Hondarribiko Muara kultur elkartean, ostiral arratsaldez. Jendez lepo zen elkartea. Jaime Altunak egin ditu aurkezpen lanak eta Urbil Artolaren abestiek goxatu dute momentua. Bi arnas dokumentalaren trailerrak ireki du ekitaldia: Iratxe Sorzabalen eta bere ama Mari Nieves Diazen arteko harremana da kontakizunaren ardatza. Preso irundarraren kasua abiapuntua da tortura zabalago jorratzeko.

Jon Mikel Fernandez zuzendari eta gidoilaria izan da hitza hartzen lehena. Prozesu ederra eta aberasgarria izan dela nabarmendu du, baina une gogorrak ere izan dituena, ezinbestean, “landu dugun historia ez baita nolanahikoa: tortura, errepresio sexista, amatasuna… Zalantza asko izan nituen buruan, nire rolaren inguruan-eta, baina Kima eta Iratxeri eta haien konfiantzari esker egin nuen aurrera”. Ondoren etorri ziren estreinaldi arrakastatsua Irunen, Donostiako Zinemaldirako hautatu izana eta dokumentalaren ibilbide oparoa. “Bi arnasek zuen helburua lortu du, torturaren errealitatea zabaltzea, eta horrez gain, torturak ama eta alabarengan sortu duen zauria sendatzen ez, baina arintzen lagundu du. Iratxek duela urtebeteko bixitan esan zigun dokumentalak ere lagundu diola torturaren trauma gainditzen, eta hori gauza handia da”. Ama eta alabaren eskuzabaltasuna eskertu du Fernandezek, haien zauri pertsonala erakutsi dutelako, eta horrek dar-dar egin duelako ikus-entzule askoren barruan, eurena sentitu dute ikusitakoa. “Torturaren kontrako borroka arnas luzeko borroka da eta hau urrats bat gehiago da. Harro eta pozik nago egindakoarekin”.

"Gaindituta sentitu naiz proiektuak hartu duen dimentsioarekin, baina torturen afera kalera atera beharra zegoen, nire alabaren aurretik beste kasu asko egon dira"

Dokumentaleko protagonistak entzun ditugu segidan, bideo eta audio bidez. Mari Nieves Diazek kontatu du zerbait txikia eta lagunartekoa aurreikusi zuela hasieran, eta apur bat gaindituta sentitu dela proiektuak hartu duen dimentsioarekin, “baina torturen afera kalera atera beharra zegoen, nire alabaren aurretik beste kasu asko egon dira eta batzuk bidean geratu dira”. Proiektuaren atzean aritu direnei eskerrak eman eta hau ez dela hemen bukatzen azpimarratu nahi izan du: “Kartzelan jarraitzen duen jende horretaz guztiaz gogoratu, haien maitasuna eta gaztaroa eman dutelako Euskal Herriaren alde; gogora itzazue beti, mesedez; niretzat, barruan dauden guztiak nire seme-alabak dira”.

Aitortza torturatuen amei: “Ahaztu handiak”

Iratxe Sorzabalek aipatu du inportantea dela torturari aurpegiak eta ahotsak jartzea, errealitate hori jendarteratzeko, sentsibilizatzeko eta salatzeko. Helburu horiek lortu direla adierazi du, Bi arnasen hedapena ikusita. “Tortura ez da iraganeko kontua, oraindik ehun pertsonatik gora gaude torturaren ondorioak pairatzen. Presoak etxeratzeko ordua da, eta lan kolektiboa da hori”. Eta azken hitzak amari eskaini nahi izan dizkio, torturatu eta errepresaliatu guztien amei: “Ahaztu handiak. Aitortza zuei, zuri. Muxu handi bat denei”.

Bat-batean, telefonoak jo du aretoan, Mari Nieves Diazen mugikorra da, hartu eta ozen esan du: “Bera da, Iratxe da”. Txalo zaparrada entzun du Sorzabalek, telefonoaren beste aldetik. Besarkada bat bidali du hark, bueltan.

Irabazien kopuru handiena Harrera elkarteari eman diote: espetxetik atera berri direnei sostengua ematen egiten dute lan. Fuchs anaien Axut! antzerki taldeari ere eman diote dirua

ETBk, kaxoian gordea

Kima Arzuaga ekoizle eta proiektuaren sortzaileak datuak eman ditu: 110 emanaldi inguru egin ditu dokumentalak, gehienak Euskal Herrian, eta saio gehientsuenetan ikus-entzunezkoaren ondoren solastatzeko han izan dira Arzuaga bera, Fernandez edota Nekane Txapartegi. TV3k dokumentalaren eskubideak erosi zituen, bikoiztu egin zuten eta prime timen eman: kasik 200.000 lagunek ikusi zuten. “Hori eta gero, ETBk ere erosi zituen eskubideak, baina kaxoian gordeta dute dokumentala, eta susmoa dugu ez dutela botako; botako badute, ez dadila izan goizeko lauetan, mesedez”. Kanaldudek ere emana du dokumentala eta ostiralekoa itxiera ekitaldia izan arren, oraindik proiekzioak dituztela kontatu du Arzuagak.

Proiektua aurrera ateratzeko crowdfunding-a abiatu zuten, eta dokumentala egiteko baliatu dituzten 20.000 euroetatik gehiena norbanakoen ekarpenak izan dira (kopuruak, xeheago, paretan itsatsita zegoen kartel batean irakurri ahal izan ditugu). Eta hara non emanaldiek azkenean etekin ekonomikoa ekarri duten. “Zer egin diru horrekin? Argi dugu guretzat ez dela izango –azaldu du Arzuagak–, guk kobratu dugu dagoeneko, ez dirutan, esperientzian baizik; eta pentsatu dugu irabazien kopuru handiena Harrera elkarteari ematea”. Espetxetik atera berri direnei laguntzen eta sostengua ematen egiten du lan Harrerak. Horrez gain, diru kopuru txikiago bat bideratu dute Axut! kolektibora, Fuchs anaien antzerki taldera, “politikoki eta sozialki egiten duten lan handiagatik”. Bi arnasen prozesuan, bidelagun izan dituzte.

Mari Nieves Diazek lore sorta jaso du bukaeran, ekoizlearen eta zuzendariaren eskutik, eta Urbil Artolak gitarra astindu du. Ostean, jaten, edaten eta solasten segitzeko parada nahi beste luzatu da, ospatzekoa baita xume jaio zen burutazio hark hartu duen indarra eta utziko duen arrastoa.

Ama eta alabaren eskuzabaltasuna eskertu du Jon Mikel Fernandezek, haien zauri pertsonala erakutsi dutelako.
Kima Arzuaga ekoizle eta proiektuaren sortzaileak datuak eman ditu: 110 emanaldi inguru egin ditu dokumentalak, gehienak Euskal Herrian.

Iratxe Sorzabalek telefonoz deitu zion amari, ekitaldi erdian. Eskaini zioten txalo zaparrada entzun ahal izan zuen, telefonoz bestalde.
Urbil Artola musikariak ere parte hartu zuen.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Tortura
Nafarroako Gobernuak 2005-2011 aldian torturatutako herritarrak onartu ditu biktima gisa

Nafarroako Torturatuen Sareak jakinarazi du hemeretzi biktima berri onartu dituela Nafarroako Gobernuko Aitortza eta Erreparaziorako Batzordeak, horietariko bost 2005-2011 urte artean torturatu zituzten Mikeldi Diez, Iker Aristu, Oihan Ataun, Garbiñe Urra eta Mikel... [+]


Tortura sistematikoa salatu dute Sde Teiman izeneko Israelen atxiloketa eremuan

Presoak lotuak dituzte etengabe, pixoihalak jantzita eta jipoiak jasotzen. Hamaseko kideak diren susmopean ehunka pertsona bahituak dituzte sionistek, The Guardianen iturrien arabera.


2024-05-02 | Castillo Suárez
Eguna, ordua eta tokia

Tarteka bizitzak ekarrarazten dizkizu ahaztuta nahiko zenituzkeen oroitzapenak. Xafan-ekin geratu naiz gaur kafea hartzeko, Xabier Mendigurenen Oso latza izan da liburuari buruzko solasaldia dugulako gero, eta konturatu naiz inoiz ez diodala ezer galdetu aztnugal hitzarekin... [+]


Eneko Valdés eta Juan Calvo, Ertzaintzaren zaintzapean hilak: 30 urteko aldea, kointzidentzia gehiegi

1993ko abuztuaren 20an Juan Calvo bilbotarra hil zen Arkautiko Ertzaintzaren komisarian, atxilo zegoela. 2023ko uztailean ARGIAk heriotzaren inguruko informazio eta datu berriak argitaratu zituen, agerian uzten zituztenak Calvok jasotako tratu txarrak zein Poliziaren gezurrak... [+]


Eguneraketa berriak daude