"Matxismoa Egiptoko estatuaren muina da, eta armadak beti aplikatu du"

  • Egiptoko matxinadetan emakumeei egin zizkieten sexu erasoak ditu abiapuntu As I Want (Neuk nahi bezala) 2021eko dokumentalak. Samaher Alqadi zuzendariak lehen pertsonatik eta gordin erakusten ditu 2011 eta 2013 artean bizitakoak, besteak beste, Kairon piztu ziren emakumeen protesta indartsuak, eta egunero jasandako sexu jazarpena eta errepresioa. Hernaniko Hariak, erresistentzia istorioen zinemaldian eman dute pelikula, eta Olga Rodríguez kazetariaren hitzartzeak Egipton barneratu ditu ikus-entzuleak. Hedabide handietan ia tokirik ez duen ikuspegia kontatu dio ARGIAri.


2022ko azaroaren 11n - 11:58
Azken eguneraketa: 15:32
Sexu erasoak salatzeko emakumeek egindako protesta bat, 2013an./ Argazkia: Lorenz Khazaleh.

Olga Rodríguez Francisco (Leon, Espainia, 1975) freelance kazetaria, idazlea, eta orain zineetan dagoen En los margenes (Hegietan) pelikularen gidoilarikidea da. Eldiario.es, Cadena SER eta CNN hedabideetan egin du lan, besteren artean. Aditua da arabiar munduan, eta 25 urte baino gehiago daramatza jarraipena egiten Ekialde Ertainean eta Afrika iparraldean pasatzen ari denari.

Argazkia: Eldiario.es

Pelikula osteko hitzartzean esan duzu Egipto libre eta demokratiko batek eskualde osoa aldatuko lukeela. Zergatik du horrenbesteko garrantzia Egiptok arabiar munduan?

Arabiar munduko herrialderik jendetsuena da, biztanleen %40 Egipton bizi da. Eskualdeko ordena ezartzen du, eta eskualdeko herrialde arabiarren armadarik jendetsuena du. Suezko kanala pasatzen da Egiptoko lurretatik, zeina garrantzia handiko merkataritzako itsas-pasabidea den, gainera, Ekialdea Mendebaldearekin lotzen du. Eskualdean aldaketa ematen da 1979an Egiptok erabakitzen duenean Israelekin bakea sinatzea, Camp David akordioen bidez. Une horretatik botere-oreka jakin bat sortzen da, eta Israelek lortzen du alde batera uztea kezkatzen zuen etsai hori. Orduan arabiar herrialdeak banandu egin ziren, Israelekiko zuten posizioaren arabera.

Biztanleria oso gaztea duen herrialdea da, indar eta gogo handia duten gazteena. Nahiz eta klase ertain-baxukoak izan, hiri handietako herritarrak oso jantziak dira. Belaunaldi berriak indartsu datoz, eta hazi dira Palestinarekiko elkartasunaren ideien baitan. Beraz, zalantzarik gabe, Egipto libre eta demokratiko batek gauza asko aldatuko lituzke eskualdean.

Zertan eragin du Egiptoko herritarrek Palestinarekiko elkartasun ideiak izateak?

Beti egon izan dira posizionamendu publikoak, baina 2000. urtean gazteen manifestazioak hasi ziren Palestinako herriari elkartasuna emateko. Momentu horietan Palestinako Bigarren Intifada lehertu zen. Hosni Mubarak-en diktadura [1981-2011] bezalako erregimen batean, non debekatuta zeuden edonolako manifestazio edo protesta adierazpenak, errepresioa handia zen, eta gazte asko kalera irten ziren eta esan zuten: “Pikutara, ez zait axola, arriskatuko dut”, Palestinako banderak astinduz. Manifestazio masiboak egiten hasi ziren, horrek dakarrenarekin, zeren manifestazio bakoitzaren ostean atxiloketak, jipoiak... baitzeuden, baina kalera ateratzen segitzen zuten.

Momentu bat iritsi zen, non Hosni Mubarak bera hasi zela apur bat ezikusiarena egiten. Honela interpretatu izan da hori: asegabetasuna baldin badute, hobe hortik kanalizatzea –azken finean kanpoko kontu bat baita– eta ez barne auzietan. Baina, izatez, horrek eragin zuen jendeak gero eta kontzientzia handiagoa hartzea. Nik ezagutzen ditut azken hogei urte hauetan giltzarri izan diren aktibista asko, eta guzti-guztiek bera esaten didate: “Palestinatik hasi ginen, eta auzi horri buruz ikasi genuenean, hortaz interesatu ginenean, Palestinako herriari elkartasuna adierazi genionean, hasi ginen ohartzen geure injustizia propioez”. Orduan hasi ziren beste gai batzuetan sakontzen, ondorio zuzenagoak zituztenak eurengan –nahiz eta Palestinako auziak era batera edo bestera arabiar lurralde osoa zeharkatzen duen, esaterako, palestinar errefuxiatu asko bizi direlako inguruko herrialdeetan–. Hori izan zen guztiaren jatorria.

Zeure azaletik bizi izan zenituen Egiptoko iraultzak. Esan duzu ez duzula parekorik bizi izan sekula. Zergatik?

Benetako ernatze kolektiboa izan zelako. Argi dago ez zela ezerezetik sortu 2011koa. Ikusi genuen, 2000. urtetik progresiboki 2011. urtera arte, hainbat militantzia taldek denbora luzea zeramatela antolatzen; batetik, hiriko klase ertaineko gazteak, bestetik, industriaguneetako langile klaseak. Ikusi genuen nola jende hori elkartu eta koordinatzen hasi zen. Egiptoko matxinadek eztanda egin zutenean, medio gehienek ez zuten ondo kontatu. Hasteko, Tahrir Plazan [Kairo] jartzen zuten begia, beste inon ezer gertatzen ari ez balitz bezala. Eta matxinada horiek ez zuketeen iraungo ez balira grebak ere egon. Fabriken itxiera masiboak egon ziren, dendak, enpresak... Eztabaidaezina da manifestarien indarra eta plaza askotan kanpatu zuen jendearena, baina fabriketako langileen grebak giltzarri izan ziren. Jende askok lehen aldiz beldurra hautsi zuen. Nola bizi izan zuten Alexandria edo Kairo bezalako hirietako gazteek, pertsona horiek ez dira inoiz lehen bezalakoak izango. Bai, matxinadak zapaldu dituzte, horren osteko errepresioa basatia izan da, baina, halere, askatasun begirada dute, bizitzarekikoa eta norberarekikoa, zeina ez zuketeen izango hura bizi izan ez balute.

Kairoko Tahrir Plazako protestetan sexu eraso ugari egin zituzten, besteak beste, 2013an. / Argazkia: Reuters.

Dokumentalean islatzen da nola altxatu zuten ahotsa emakumeek, inoiz eta inork baino ozenago. Zein leku izan zuten altxamenduetan?

Gakoa izan ziren, zenbait kolektibotatik. Langileak sindikatu klandestinoetan biltzen ziren fabriketan, eta 2008an andreak izan ziren “Hemen gaude emakumeak, non daude gizonak” aldarrikatuz fabrikak hartzen joan zirenak, esanez “hau gelditu egingo dugu, jaunak”. Eta gelditu egin zuten, eta hori izan zen irteteko pistola-tiroa: Mahalla al Kubra-ko grebak, industria-eremukoak [landa-eremuak baina fabrikak dituztenak].

Antolakunde feministak ere bai, ezkerretako antolakundeak... Halaber, mugimendu islamistetan bazeuden emakumeak manifestatu nahi izan zutenak, eta nahiz eta imamen deia izan “gera zaitezte zeuen etxeetan”, eurek “ezta pentsatu ere” esan zuten. Emakume horietako asko lider izan ziren.

"Diskurtso hegemoniko bat dago, arabiar mundua aurkezten duena gizon bizardun, fundamentalista eta arriskutsuen masa baten modura, lurralde horietako esku-hartze militarrak zein ekonomikoak justifikatzeko"

Irudi hori hemen saltzen zaigunaren oso bestelakoa da. Zergatik iritsi da hona emakume arabiarrak otzanak diren ideia, eta ez dugu ikusi egiaz duten indarra?

Zoritxarrez, oro har ezjakintasun handia dago, mundu arabiarrari eta musulmanari dagokionean. Adibidez, arabiarra eta musulmana berbera izango balira bezala identifikatzen dira; baina arabiar kristauak daude, ateoak... Gainera, uste dut estereotipoen aroan gaudela, aurreiritzienean, “besteen” deshumanizazioarenean –hori hemen ere aurki dezakegu–. Potentzia jakin batzuk daude, zeintzuei interesatzen zaien euren jendarteek herrialde horiek ikustea emakume otzan eta zapalduen masa baten gisan. Egia da, emakume horiek ez dituzte askatasunak eta bide luzea geratzen zaie egiteko –geuri hemen geratzen zaigun bezalaxe, nahiz eta beste egoera batean gauden, zorionez gehiago aurreratu dugulako–.

Diskurtso hegemoniko bat dago, [arabiar mundua] aurkezten duena gizon bizardun, fundamentalista eta arriskutsuen masa baten modura, lurralde horietako esku-hartze militarrak zein ekonomikoak hobeto justifikatu ahal izateko. Benetan lortzen badute euren biztanleriari sinestaraztea pertsona arabiar-musulman guztiak arriskutsuak direla, eta haitzuloetan segitzen dutela, errazagoa da justifikatzea erabat justifikaezinak diren gauzak. Horrexegatik uste dut, iluntasun aro honetan, gure gida izan behar dela humanizazioa besarkatzea, “besteak” deshumanizatzea bilatzen duten diskurtso horien aurrean.

Dokumentalean agertzen diren emakumeak oso kontzientziatuta daude, oso borrokalariak eta militanteak dira. Egiptoko emakume guztiak ordezkatzen dituzte ala soilik talde txiki bat?

Nik flipatu egin dut. 2000. urtetik orain arte egon naiz Egiptori lotuta, eta behin eta berriz harritu nau horrelako zenbat emakume dauden ikusteak, hirietan eta eremu industrialetan. Pelikulan ikusi dituzun bezalako asko eta asko daude.

Filma irudi latzekin hasten da: erakusten eta deskribatzen dituzte 2013ko protestetan, kalean, jende artean, emakumeei egin zizkieten sexu erasoak –horietako hainbat talde erasoak–. Lau egunetan 187 sexu eraso salatu zituzten, eta beste asko salatu gabe geratu ziren. Nola erantzun zitzaion astakeria horri?

2013ko sexu erasoak kontatzen ditu protagonistak, eta agian ez da ulertzen arazoaren dimentsioa. Momentu horretan jada Anaia Musulmanak zeuden boterean, eta ulertarazten da zigorgabetasuna zegoela. Baina hori lehenago ere pasatzen zen, 2011ko altxamenduetan ehunka egon ziren. Eta neu zenbaiten lekuko izan nintzen, baten bat gelditzen saiatu nintzen. Emakumezko kazetari batzuei ere eraso egin zieten. Eta horren ostean ere erasoek segitu dute.

Nazioartean sona handia izan zuen kasu batek: militarrek neska manifestariak atxilotu zituzten Tahrir Plazan 2011n, eta Museo Arkeologikora eraman zituzten, eufemistikoki “birjintasunaren probak” deitu zietenak egiteko; errealitatean, haien onespenik gabeko sexu abusuak ziren. 2011tik 2013ra horrelako abusu pila bat egon ziren, eta gerora ere bai. Baina errepikatzen dut, arma politiko gisa erabiltzen zituztela erasoak, emakume aktibista eta manifestarien aurka; ez da kalezuloan topatu eta sexu erasoak egiten dizkizutela, desberdina da. Eta Anaia Musulmanak gobernutik bota ondoren segitu zuten, are intentsitate handiagoarekin, zeren [Abdel Fatah] Al Sisi [egungo presidentea] oso gogorra izan baita protestak erreprimitzerakoan, hain gogorra ezen lortu duela protestarik ez egotea. 60.000 preso politiko baino gehiago ditu kartzelatan. Anaia Musulmanen gobernua erori osteko lehen urteetan dinamika bihurtu zen.

"Arma politiko gisa erabiltzen dituzte sexu erasoak, emakume aktibista eta manifestarien aurka"

“Birjintasun probak” zer dela eta egiten dituzte? Legez onartuta daude?

Zigor politikorako tresna gisa erabiltzen dituzte. Amnesty Internationalen ikerketa txostena dago horri buruz. Militarren argudioa zera zen: kanpatuta egon direnez, baliteke birjintasuna galdu izana; araka dezagun ea galdu duten. Oinarria hau zen: emakume hauek puta batzuk direnez, hor daudenak protestan, kanpalekuetan lo egiten, goazen haiek nabarmen uztera. CNNko nazioarteko kazetari batek militar horietako bat elkarrizketatu zuen, eta ondorengoa erantzun zion: “Neska horiek ez dira zeure edo neure alaba bezalakoak, neska horiek hor zebiltzan, mutilekin, erretzen...”. Matxismoa ez dator soilik antolakunde islamistetatik, matxismoa estatuaren muina da, eta horren baitan armadak beti aplikatu izan du.

2011n herritarrek Mubaraken erorketa ospatu zuten, baina ohartarazi duzuenez, jarraian etorri dena askoz okerragoa izan da. Zer bilakaera izan du Egiptok?

Mubarak azken aldian ari zen aldaketa batzuk planteatzen, bere semeen bidez, posible zelako boterea eurek eskuratzea. Horren zurrumurruak zabaldu ziren, eta armada oso erne jarri zen. Izan ere, armadak botere handia du, enpresa ugari kontrolatzen ditu eta herrialdeko aberastasunaren jabetza du. Beraz, jeneralak urduri jarri zituen aldaketen zurrumurruak. Noski, Hosni Mubaraken agintaldian bazeuden errepresioa, atxiloketak, tortura... baina gero etorri zena, Anaia Musulmanek Egiptoko lehen hauteskunde bidez irabazitako agintaldi laburraren ostekoa...

Mendebaldeko ikuspegi batetik, behin eta berriz esaten da “jendarte hauek oraindik ez daude prest demokraziarako”. Emaitza gustatzen ez zaigunean, ez daude prest demokraziarako, behin eta berriz. Bada, estatu kolpea ematen denean Anaia Musulmanen gobernuaren aurka, Al Sisi jeneralak hartzen du guztiaren agintea, irmotasun batez erakusten duena bere buruari eta bere taldeari esan ziola: “Ezin zaigu gertatu Mubaraki gertatutakoa. Eta guri ez gertatzeko, zapaldu egin behar dugu”. Hortaz, haren botere hartzearen aurka kaleetan egon zitekeen erresistentzia oro zanpatua izan zen. Rabaa Plazako [Kairo] kanpaldian, Anaia Musulmanen aldekoek egin zuten protestan, balekin sartu ziren. Ordu batzutako tartean 600 pertsona baino gehiago hil zituzten, eta 1.000 baino gehiago zauritu. Sarraskia izan zen.

Hurrengo aste eta hilabeteetan, Al Sisi jada boterean zegoela, manifestazio oro zapaldua zen, indarra erabiliz. Eta atxiloketa arbitrarioek gaur egun diraute; kartzelatan pilatuta daude, ez diete ematen parazetamolik ere, tratu txarra dago, jendea desagertu egiten da, pertsona batzuen hilotzak desertuan agertzen dira... Errepresioa Mubaraken azken urteetakoa baino askoz handiagoa da.

Uste duzu horrek herritarren etsipena eragin duela? Mubarak agintetik botatzea ospatu ostean egoerak okerrera egiteak?

2011n jada ohartu ziren ez zutela irabazi, noski. Hasieran ospatu zuten Mubaraken erregimenaren erorketa; formakuntza handiena zuten aktibistek ulertu zuten ez zutela irabazi, zeren batzorde militar batek trantsiziorako agintea hartu izanak ez zuelako batere itxura onik. Euren esperantza zera zen: armadako oinarrietan bazeuden gazte nolabait aktibista asko, ulertzen zutenak beharrezkoa zela aldaketa handiagoa eta ezin zuela egon errepresio hain gogor horrek. Gazte horiek ulertzen zuten ezin zirela onartu politika ekonomikoak Egiptoko biztanleria horrela zapaltzen zutenak. Pobrezia oso handia da, herritarren %40 baino gehiago bizi da egunean dolar bat baino gutxiagorekin. Gazte haiek ziren euren esperantza, baina esperantza oso zaila zen. Nola matxinatuko zara armadaren barruan zure gainetik daudenen aurka...

"Egipton geratzea da isilarazita egotea, izu etengabe batean bizitzea, ezer egin ezina"

Eta irabazi zutela pentsatu zutenak, 2011ko lehen hilabeteetan zehar jada konturatu ziren ezetz. Batik bat urri, azaro eta abenduan, hauteskunde aurreko hilabeteetan, non protestarik txikiena ere militarrek zapaltzen baitzuten, eta asteetan hiriguneko kaleak, Mohamed Mahmoud kalea, esaterako, gudu-zelai bihurtu ziren. Handik pasatzen zinen eta ikusten zenuen kalea harrizko eta bala-zorrozko alfonbra bihurtuta zegoela; jendea hor hasi zen ohartzen.

Egun, herrialdeko asegabetasuna bistakoa da geruza askotan; jakina, pribilegiodunen artean ez, errepresiozko eta ikarazko estatu hau edukitzeari probetxua ateratzen baitiote. Baina inor ez dago kontentu, depresio masiboa dago, batik bat jende aktibistaren artean. Izan ere, Egipton geratzea da isilarazita egotea, izu etengabe batean bizitzea, ezer egin ezina. Batzuk erbesteratu egin dira, Turkian daude asko, beste asko Europan, edo Egiptoren herrialde mugakideetan. Ezkerreko jende asko dago kartzelan, asko torturatu dituzte... benetan hondamen handiko egoera dago. NBEk edo Amnesty Internationalek noizean behin zeozer kondenatzeak ez du ezertarako balio. Al Sisi ohorez hartu dute Europako gobernu gehienek.

NBEren klima goi-bilera Egipton ari dira egiten egunotan.

Erbesteratuta dauden aktibista askok –erbesteratuta ez daudenek ezin dutelako hitz egin– salatu dute greenwashing deitzen diotena. Nazioarteko agintari eta adituak joango dira, eta nik ziurtatzen dizut Egiptok ez duela ekologia ikuspegirik. Ez hori bakarrik, errepresioa egunerokotasunean erabiltzen duen herrialde bat da.

Aurrekoan Madrilen egon zen Ramy Shaath aktibista. Gizon hori jatorri egipziar-palestinarrekoa da, bi urtez kargurik eta epaiketarik gabe preso egon den askotariko bat; tratu txarrak eman zizkioten. Eta espetxetik atera da emaztea frantsesa delako, nazioartean jende mordoa mobilizatu ginelako, eta zentzu batean pribilegiatua delako jende asko ezagutzen duelako Europan, gobernuekin harreman garrantzitsuak dituena. Eta halere bi urte eta erdiko kartzelaldia izan du. Irten zenean bazirudien hogei urte pasatu zirela bere gainetik. Bira bat egiten ari da salatzeko goi-bilerarekin Egiptoko erregimenari zilegitasuna ematen ari direla. Salatzen ari da Egipton torturatu egiten dela, jendea desagerrarazi, hil, heriotza zigorrera kondenatu, eta kargurik eta epaiketarik gabe atxilotu. Pena da, zeren Egipto herrialde zoragarria baita, eta bertako jendeak zeharo inspiratzen zaitu.

Egiptoko egoera azaldu du Rodriguezek Hernaniko Hariak zinemaldian. / Argazkia: Hariak zinemaldia.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Egipto
Mizerinok eztabaida piztu du

Mostafa Waziri Egiptoko Antzinaroko Kontseilu Goreneko idazkari nagusiak Mizerinoren piramidea zaharberritzeko proiektu erraldoia aurkeztu du berriki: Gizako piramiderik txikiena granitozko blokez estaliko dute, jatorrizko itxura berreskuratu dezan. Wazirik proiektua gogo biziz... [+]


Esfingea haizeak zizelkatu zuen

New Yorkeko Unibertsitateko ikerlari talde batek esperimentu bat egin  berri du, Gizako esfingearen materialak eta eraiki zuten garaiko baldintza klimatikoak imitatuz.


Sei Egunetako Gerra: ezpata esku batean, gezurra bestean

Gerra eta gezurra bat doaz eta oso gaitza da jakitea gerra batean nor zertan dabilen kazetariak edo bestelako iturriak tartean ez badira. Israelek historikoki erakutsi du ezpata dantzatzeko indarra eta gezurra maneatzeko abilezia. Orain Gaza bonbardatzen ari denean, ospitaleei... [+]


Gazan garbiketa etnikoa egiteko plana baztertu behar izan du Bidenek

Joe Bidenen agindupean, AEBetako gobernuak Gazan garbiketa etnikoa gauzatzeko planak egin zituen 2,3 milioi palestinar Egiptora bidaltzen saiatuta. "Biden presidentea beste herrialde batzuekin batera plana lantzen ari da, zibilek Gaza utzi eta Egiptorako muga segurtasunez... [+]


Esklabo, sultan eta gurutzaden garaile

Kairo, 1250eko maiatzaren 2a. Shajar Al-Durr Egiptoko sultan izendatu zuten. Ez zen emakumezko lehen sultana izan; urte batzuk lehenago, 1236an, Raziak Delhiko sultan kargua hartu zuen. Baina esklabo izatetik agintari gorena izatea lortu zuen lehena izan zen.


Eguneraketa berriak daude