Adibidez, ur ardoa

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Haurrak ginelarik, egunero bazkaltzeko garaian ur ardoa jartzen ziguten basoan: bi zentimetro ardo eta ura ertzeraino. Ez gara denak alkoholiko atera ezta guztiz tontoak ere. Baina egun eskandalua litzateke.

Adibidez, jolas askotan matea ematen genion elkarri. Alegia, hutsa egindakoak hobe zuen ziztu batean jolastokitik alde egitea. Bertan geratu bitartean beste lagun guztiek egurtzeko eskubidea zutelako. Kupidarik gabe egiten genuen. Egun, ordea, erreformatoriorako atea zabalik genuke.

Ez dut maite “gure garaiak” aipatzean soilik haur edo gazte sasoia izatea gogoan. Bizi garen bitarteko guztiak dira gure garaiak eta, osasuna dudan bitartean, gerra ematen jarraitzeko asmotan nago.

Arbuiatzen dut garai haiek egungoak baino hobeak zireneko burutapena. Badut, ordea, errezeloa hainbat arlotan, basakeria batzuk ekiditearren, sozietatean inozokeria aldera errazegi lerratzen ari garela azken urteetan.

*   *   *
Lagun pedagogo batek, bere lanaz, pedaboboa dela esaten du. Adibidez, maiz aipatzen du horren argigarri: haurrentzako merkatuan salgai dauden ikuskizun pedagogiko, deituraz, gehienek txarrera hezten dituztela gure txikiak. Izugarrizko soinu bolumen ozena erabiltzen, esaterako. Kontu antipedagogikoagorik!
Solidaritate publikoa eskatzeko ugaldu den eredu hainbat bide beretik. Halako gaixotasunari laguntzeko dirua bildu nahi eta, adibidez, denak berdez pintatu behar geure buruak, ipurtzuloan arrosa jarri, argazkia egin eta sare sozialetan hedatu.
Aurrenik humanitatearekin izan behar solidario. Pertsonen adimenarekin ere bai. Bestela helburuak (diru batzuk biltzea kasu) bitartekoak zilegitzen dituela pentsatzea bezala da. Eta bitartekoak babuak direnean, babukerietara beste inora ez dago iristerik.

*   *   *
Adibidez, orain gutxi ikusi dugu Siriako iheslarien arazoa. Hildako umearen argazkiak edo hungariar kazetari malaputaren irudiek eragin handiagoa izan dute, aurreko urte osoko informazioak baino. Zoritxarrez, kea bezala desagertuko da kezka soziala ere.

Azti ibili beharra dago. Asmo onenez zabaldutakoak kaltegarri eta beti prest dauden orojaleen mesede bihur daitezkeelako. Adibidez, oraintxe esan du Frantzisko Aita Santuak: “Ez zaie ideiei zerbitzatzen, pertsonei baizik”. Ederra. Baina pertsonei ongi zerbitzatzeko, ideia egokiak behar dira.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude