"Everesten ikurrina jartzeagatik espedizio-buruak komisariara deitu zituzten, atera kontuak!"

  • 1980an iritsi zen Everest gailurrera lehen euskal espedizioa. 35. urteurrena bete den honetan, abentura hartan parte hartu eta aurretik prestaketa lanez arduratu zen Xabier Erro mendizalearekin (Lesaka, 1946) aritu gara solasean. Orduko kontuez eta mendizaletasunaz mintzatu zaigu.

"35 urte pasa dira eta gizartea aldatu den modu berean aldatu da mendizaletasuna ere. Teknologia, baliabideak, babesleak… Dena dira errekorrak eta horrelakoak. Gure espedizioaren helburua mendia egitea zen, baina etxean hasi eta buka", dio Errok.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Nola gogoratzen dituzu mendian emandako lehen urratsak?

Lesakan jaio nintzen, mendi artean, eta gogoan dut txikitan amarekin mendira nola joaten nintzen, Lesakatik Larrunera oinez, esaterako. Geroago, oilagorren garaian aitari laguntzen nion mendira asteburutan. Eta ikasle sasoian, irteerak egiten hasi nintzen lagunekin. Luis Maria Balde mendizalea ezagutu nuen lanean hasteaz batera, eta hark erakutsi zidan eskaladako oinarrizko teknika. Pirinioetan, Vignemaleko Pique Longue iparraldeko aurpegia elkarrekin eskalatu genuen, besteak beste.

Gerora ezagun egingo zen Xabier Erro mendizalearen hastapenak ziren.

Bai. Lan kontuengatik Mexikora joan nintzen garai hartan, eta Amerikan nengoela probestuz oporretan bertako mendi altu esanguratsuenak igotzeari ekin nion: Aconcagua, Chinborazo, Huascaran… 1976an ikurrina jarri genuen Aconcaguako gailurrean eta gertakizun hark oihartzuna izan zuen Euskal Herriko orduko hedabideetan.

Everesteko gailurrera igotzeko irrika bizia zen orduan Euskal Herrian…

1974an Everest igotzeko lehenengo euskal saiakera egin zen, Tximist espedizio sonatua tarteko. Cegasa enpresa izan zen babesle nagusia, hortik espedizioaren izena. Ni orduan Mexikon nengoen eta espedizio hartan ez nuen parte hartu, nahiz eta espedizio-kideekin harremana banuen, noski. Ez zuten gailurrera iristerik lortu, eta berehala bigarren saiakera egin nahi izan zen. Garai hartan, baina, ez zen gaur egun bezain erraza Everestera igo ahal izateko baimenak lortzea, eta urte batzuk itxaron behar izan genituen.

1980ra arte.

Hori da. Bigarren hartan ere Cegasa enpresa atzean egon arren, Bilboko Udal Aurrezki Kutxak 8 milioi pezeta eman zituen. Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Herriko udal askok diruz lagundu zuten espedizioa. Oraindik ere idatzita daukat koaderno batean udal bakoitzak eman zuen diru kopurua. Nafarroako Erriberako udal askok ez ezik, Ipar Euskal Herriko udal askok ere lagundu zuten diruz. Horrek eman zion benetako naziotasun izaera espedizioari. Aldaketa garaia zen eta sekulako ilusioa genuen alde horretatik ere.

Hortaz, garaipen politikoa ere izan zen nolabait, zuen balentria hura.

Zalantzarik gabe. Guk baino lehenago oso nazio gutxik zeukaten Everest igota, eta arrakasta itzela izan zen hura Euskal Herriarentzat. Oihartzun handia izan zuen albisteak, eta itzuli ginenean jasotako omenaldi eta gainerakoak ildo horretatik joan ziren. Gailurrean ikurrina jarri genuela-eta, Lorente eta Rosen espedizio-buruak komisariara deklaratzera deituak izan ziren behin etxera itzuli ostean, hortik atera kontuak!

Espedizioaren nondik norakoak aipatzen hasita, gainerako espedizio-kideak hara iritsi aurretik lan handia egitea egokitu zitzaizun.

Lan munduan esperientzia neukan eta dezente bidaiatua nintzen nire adinerako. Espedizioko beste guztiak iritsi baino bi hilabete lehenago joan ginen hara Kike de Pablo eta biok. Nepalen ez zegoen ezer, eta guztia hemendik eraman behar izan genuen. 12.000 kilo eraman genituen Bombayra hegazkinez eta handik Nepalera kamioiez, tramite guztiak egin eta gero. Kikek lagundu zidan lan honetan, nahiz eta lagundu baino tarteka lan gehiago ere eman zidan, ez baitzekien ingelesez! Kar, kar, kar. Beheko zein alturako sherpak aukeratu genituen eta martxoan besteak iritsi zirenerako lan zikina egina genuen eta kasik aklimatatuta geunden gu biok…

Lehenengo aldia zen zuretzat Himalaian.

Hala da. Pirinioak etxea bezala dira guretzat, gero Alpeak 1.000 metro garaiagoak dira eta errespetu handia zor zaie, Andeetan 6.000koak daude eta koska bat igotzen da zailtasuna… baina Himalaiara joan eta izotzez estalitako erraldoi haiek ikustea zirraragarria izan zen. 8.000koak bakarrik hartzen dira kontuan sarritan, baina altueraz apalagoak diren mendi asko eta asko daude Himalaian, zailak bezain interesgarriak.

Behin Everesteko Base Camp delakoan, helburu bakarra: gailurra.

Bidea ekipatzeari ekin genion, eta tartean inguruko beste zenbait mendi apalago igota aklimatazio prozesua egin genuen. Ondoren, talde txikitan banatu eta saiakerak egiteari ekin genion. Orduan ez zegoen eguraldiaren iragarpenak zehatzegi jakiterik, eta zailagoa zen guztia. Penba Tsering sherparen laguna egin nintzen, berak gailurrera igo nahi zuen bere curriculuma osatzeko eta elkarrekin igoko ginela esaten zidan. Lehenengo saiakera egin genuen, baina beste sherpa batek edema izan zuenean beherako bidea hartu genuen. Handik egun batzuetara, Martin Zabaletak gailurrera iristea lortu zuen egunean, Felipe Uriarte eta biok 7.500 metrora geunden, baina gailurra egiteko aukerari uko egin eta eurei jaisten laguntzea bilakatu zen lehentasun.

Taldea zegoen, beraz, norbanakoaren gainetik.

Zalantzarik gabe. Gailurra Martinek bakarrik zapaldu zuen arren, guztion garaipena izan zen hura. Espedizioaren helburua gailurra lortzea zen eta lortu genuen. Segurtasuna eta elkartasuna ziren gure espedizioaren ardatzak, beste ezeren gainetik. Taldeko kide batek gailurra jo zuenez, hantxe bukatu zen espedizioa.

Urtero elkartzen zarete espedizio hartako kideak

Takolo eta Gallardo izan ezik beste guztiak bizirik gaude oraindik, eta bai, urtero egiten dugu bilkura udaberri partean. Orduko kontuak berritzeko aukera ezin hobea da.

Gaur egungo mendizaletasuna abiaduran eta arintasunean oinarritzen da, neurri batean.

35 urte pasa dira eta gizartea aldatu den modu berean aldatu da mendizaletasuna ere. Teknologia, baliabideak, babesleak… Dena dira errekorrak eta horrelakoak. Gure espedizioaren helburua mendia egitea zen, baina etxean hasi eta buka. Gaur egun marka egitera bazoaz nekez izango duzu besteenganako elkartasuna. Everesten egoera lotsagarriak ikusi ditugu azken boladan, espedizio komertzialak tarteko. Neronek ere igoko nuke Everest gaur egun, ordaindu, lau sherpa hartu, bi aurretik eta bi atzetik, eta soka finkoa jarraituz goraino. Errespetua galdu zaio mendiari.  

Mendizaleak ez al daude gaur egun, ordea, lehen baino prestatuago?

Baliteke, baina zalantzak dauzkat. Gure garaian mendizaleek ibilbide natural bat jarraitzen zuten, inguruko mendietatik Pirinioetara, ondoren Alpeetara, Andeetara, eta azkenean aukera izanez gero Himalaia. Gaur egun mendizale askok tarteko etapak ahaztu eta saltoa azkarregi ematen ez ote duten… Espedizio hartan parte hartu genuen guztiok, Felipe izan ezik (mendi gidaria zen) bestelako lanetan jarduten ginen, hau da, ez ginen mendizale profesionalak. Hala ere, ibilbide natural hori egindakoak ginen eta teknikoki oso ondo prestatuak.

Egindako irteera guztien artean, zailtasun teknikoagatik bereziki gogoratzen duzunik izango duzu…

1979an Fitz Roy eskalatzen saiatu ginen Martin Zabaleta eta biok. Ekaitzagatik ez genuen lortu. Mexikon 6. mailako eskalada bideak ireki genituen, Las Ventanas parajean. Aconcaguan ekialdeko ertza egindakoa naiz, baita integrala ere, hego eta ipar gailurrak lotuz. Pirinioetan, Diablo-Costerillou ertza (Balaitous mendian) lau aldiz egin dut, Salenques-Tempestades ertza (Aneton)… Oroitzapen asko dauzkat.

Zer nolako lotura daukazu gaur egun mendiarekin?

60 urte inguruko jendez osaturiko taldetxo baten ardura daukat, eta urtero egiten dugu irteeraren bat Argentinara, Perura, Nepalera… Mendiak eta Herriak taldean ere lagundu izan dut, baina gaur egun ez dut gogorik izaten ezagutzen ez dudan jendearekin mendira joateko. Lan hori egiteko gidari gazteak daude eta lekukoa eman behar zaie.

Mendian jazotako bitxikeria bat baino gehiago izango duzu…

Asko dauzkat, bai. Aconcaguara bidean txakur bat atzetik etorri zitzaigun behin eta gurekin egin zuen lo. Hankak berotzen zizkigun, kar, kar, kar. Gailurrera iritsi zen ez kranpoi ez beste ezeren beharrik gabe. Jaitsi ginenean, bertako militarrei eman genien txakurra, eta maskotatzat hartu zuten, Beltxa izena jarrita. Handik urte batzuetara, beste txakur batekin topo egin genuen Aconcaguan, hura ere arazorik gabe igo eta jaitsi zen. Eta hango mandazain batek esan zidan: “Igoko ez da ba, Aconcaguara, Beltxaren semea da-eta!”. Beltxaren istorioa kontatu nionean, sinestea kostatu zitzaion mandazainari…

Espedizio kideak

Errok espedizio-lagun izan zituen Ramón Arrue (Azpeitia, 1948), Kike De Pablo (Zamora, 1952), Ricardo Gallardo (Donostia, 1940), Javier Garaioa (Iruñea, 1950), Emilio Hernando (Bilbo, 1953), Luis Mari Saenz Olazagoitia “Petxu” (Gasteiz, 1943), Joxe Urbieta “Takolo” (Azpeitia, 1941), Felipe Uriarte (Pasai Donibane, 1944), Juan Ignacio Lorente espedizio-burua (Gasteiz, 1939), Angel Vallejo Rosen idazkaria (Biarritz, 1942) eta tontorra zapaldu zuen Martin Zabaleta (Hernani, 1949).


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kirola
2025-09-18 | ARGIA
Euskal Selekzioak eta Palestinak lagunarteko futbol partida jokatuko dute azaroaren 15ean, San Mamesen

Palestinako Futbol Elkartea eta Euskadiko Futbol Federakundea "lankidetzan" ari dira partida jokatu ahal izateko eta Espainiako Gobernuak oniritzia eman dio egitasmoari, Ser irrati kateak aurreratu duenez. Palestinako arduradunen esanetan, Israelek 355 futbol jokalari... [+]


2025-09-15 | Jon Torner Zabala
Palestinarekin elkartasuna
Espainiako Vueltaren ez-amaiera nahasia, egunotan bizi izandakoen bidetik

Espainiako Vueltak zeresan handiagoa eman du aurten Palestinaren aldeko ekintzengatik, ziklisten arteko lehiagatik baino. Bosgarren etapan –taldekako erlojuz kontrakoan– dozena erdi ekintzailek Israel Premier Tech taldeko txirrindulariak geratu zituztenetik,... [+]


Boikotaren beste garaipen bat: Sestaoko Open Basque Country xake txapelketan ez dute israeldarrek parte hartuko

Israelgo zazpi jokalariek uko egin diote Sestaoko xake txapelketan jokatzeari, beren parte hartzearen aurka antolatutako protesten ondoren. Antolakuntzak aurretik eskatu zien parte ez hartzeko edota Israelgo banderarik ez erabiltzeko.


2025-09-10 | Axier Lopez
Ausardia

Osasuna futbol taldeak bat egin berri du AHTren aldeko enpresarien plataformarekin. Baina, "kirola eta politika ez dira nahastu behar" 'koinatuen' esaldirik gogokoena Bilbon gertatutakoaz besterik ez dugu entzun. 23 hilabetez jarraian estatu genozida batek... [+]


Azpiegitu handiak
Osasunak bat egin du Nafarroako AHTren aldeko Plataformarekin

Osasuna futbol taldeak bat egin du Nafarroako Abiadura Handiaren aldeko plataformarekin, azken honek ostegun honetan jakinarazi duenez. UGT sindikatuak eta Eraikuntzaren Industrializatzearen Aldeko Nafarroako Klusterrak ere bai.


2025-09-03 | ARGIA
Israel-Premier Tech txirrindulari taldearen aurkako protestek Vueltaren Nafarroako etapa hartu dute

“Israelgo Estatuaren enbaxadore” gisa datozen txirrindulariei parte hartzen uzteagatik, zale ugarik protesta egin du Vueltaren aurka, hamargarren etapan. Irunberrin, errepidea mozten saiatu diren herritarrak baztertu eta bi pertsona identifikatu ditu Poliziak.


Bigarren aldiz moztu dute Espainiako Vuelta Israelen parte-hartzea salatzeko

Bigarren aldiz gelditu dute Katalunian Espainiako Vuelta Israel-Premier Tech taldearen parte-hartzea salatzeko. Hainbat pertsonak Palestinako banderak atera dituzte eta txirrindularien bidea oztopatu dute Oloten.


Nafarroako lau pilotari ijitori omenaldia egin diete Iruñeko Mañuetako pilotalekuan

Flamenco On Fire jaialdian ospatu dute ijito komunitatearen, flamenkoaren eta pilotaren arteko harremana. Iruñeko Alde Zaharreko Mañueta pilotalekuan antolatu dute jaialdia, eta bertan omenaldia egin diete lau pilotari ijitori.


Hainbat ekintzailek bidea moztu diote Israel-Premier Tech txirrindularitza taldeari Espainiako Itzulian, Gazako genozidioarengatik

Hainbat lagun errepidera atera dira Palestinako banderak eta Gazako genozidioaren aurkako mezuak eskuan, eta Israelgo taldeko txirrindularien taldekako asteazkeneko erlojupekoa oztopatu dute. Etaparen ondoren argitaratutako ohar batean, taldeak manifestarien "ekintza... [+]


Estefi Etxebeste
"Mentalki ongi prestatzea dirudiena baino garrantzitsuagoa da harri-jasotzean"

Abuztuaren 9an errekor berria ezarri zuen Estefi Etxebestek (Ituren, Nafarroa, 2002) Sunbillako Ramon Latasa pilotalekuan. 100 kiloko harria 59 aldiz goratu zuen, eta 2014an Idoia Etxeberriak ezarritako 56 altxaldiak gailendu.


Euskal Selekzioak jokatuko du munduko Wallball txapelketan

Wallball txapelketa abuztuaren 27tik 30era jokatuko dute. Euskal Herritik aparte Argentina, Belgika, Erresuma Batua, Valentzia, Herbehereak eta Puerto Rico herrialdeek hartuko dute parte.


Dopina

Sentitzen dut, baina kosta egiten zait sinestea. Yeray Alvarez Athleticeko jokalariak analisi batean positibo eman izanak berriro azaleratu du kirolean existitzen den dopinaren inguruko eztabaida. Eliteko kirolean, hobeto esanda; eta horra hor auziaren gakoa. Kirolari... [+]


Imanol (edo futbola gizartearen isla, beste behin)

Futbola herriaren opioa zela zioten batzuk; garrantzitsuak ez diren gauzetan garrantzitsuena dela pentsatzen dute hainbatek; kapitalismo basatienarekin lotzen duenik ere bada… Nire iritziz, gizartearen isla soila da; herritarron gabezia eta arazo askoren isla.

Ez zait... [+]


Donostiako Klasikoa eta Israel-Premier Tech taldea

BDZ Israeli Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak mugimenduko (BDS nazioartean) ordezkaritza bat bildu berri da Donostiako Klasikoa antolatzen duen Oceta erakundeko arduradun batekin. Jakinarazi digu aurten, iaz ez bezala, lasterketara ez dela talde israeldarrik etorriko... [+]


Iñaki Mujika ('Handbike' txirrindularia)
"Uste dena baino askoz hobeto bizi zaitezke gurpildun aulkian"

Motorrez gainezka dago Iñaki Mujikak Altsasun duen tailerra. Ilaran daude denak, baina bada barreneko gelaxka batean aparte gordetako bat. Mujikak beretzat egokitu nahi duen motorra da. 2021ean igo zen azkenekoz motor gainera; istripu larria izan zuen moto-kros zirkuitu... [+]


Eguneraketa berriak daude