Lau hizlari*, lau berba
puntu, koma, marra.
Lau lagun: hiru eme
tartean bat arra
betaurrekoak falta
sobera bizarra
sasoi baten ispilu
aurrean oilarra
emeak ikusteko
nonbait bista txarra.
Mende erdi atzera
egiteko gertu:
aldaketa urteak
nola ziren lehertu.
Aresti, Lauaxeta
hausnartu, aztertu
Txabi gabeko Bilbo
be ezin ulertu
baina neskarik inon
ez ginen agertu.
Isilik egotea
ez ei da problema
batez ere jakinda
aukera bat dena.
Batek jan dezakeen
pozoinik txarrena
erretzen dizkiona
erraiak, barrena
da isiltzen dutenean
isiltzen duena.
Historia hurbila
hemen da goria
azalek dute gerra
tatuai lodia.
Non daude galtzaileen
dominak, gloria?
Beldurrak isilduen
egunak, zoria...
Geu ari gara josten
geureen historia.
Gerratik ihesean
joandako moduan
laurogeitamarreko
urteen inguruan
kaleak sutan zeuden
gazteak guduan
hodeiertza ikusten
zaila zen zeruan
ta euskaldunak arnasa
behar du munduan.
Norberak norberea
bizi ohi duenez,
kontakizunak ditu
beregain hainbat ertz.
Dena ez da zuria
ta dena ez da beltz
sasoiak pasa ahala
bizirik gaudenez
Beltzuria daukagu
gordeleku legez.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.