Emakumeak borrokan
Beasain (Gipuzkoa)

Igartza Monumentu Multzoa, herritik eta herriarentzat

  • Erdi Aroko Monumentu Multzo bat baino askoz gehiago da Igartza: merkataritzarako gune estrategiko, Europara burdina esportatzeko sorburu, nekazaritzaren eta industriaren arteko pasabide… Tokiko garapen sozioekonomikoaren mugarri zein hainbat berrikuntzaren sarbide izan da antzinatik. Gune historiko eta arkeologikoa izateaz gain, alta, herriarentzat eta herritarrentzat berreskuratutako funtzio askoko espazioa ere bada egun.

Aitor Kaltzakorta @Kaltzakorta
2015eko maiatzaren 17a

Iragandakoa aztertuz gaurkoa ulertzeko parada bikaina eskaintzen du Beasaingo Igartza Monumentu Multzoak. Erdi Aroko jauregi dotorearen parean elkar besarkatzen duten zubiak, galtzadak, dolareak, ermitak, burdinolak eta errotak osatzen dute berau. Balio historiko eta arkeologiko handikoak dira egun, baina garai batean puntako baliabide berritzaileak izan ziren eta tokiko sozio-ekonomiaren garapenean berebiziko garrantzia izan zuten.

Gaurdaino tradizioa eta berrikuntza etenik gabe uztartzen jakin duen gunea izanik, beasaindarren oraina eta historia amiltzen ditu argazki berean. Beasaingo Udalak Gipuzkoako Diputazioarekin eta Aranzadi Zientzia Elkartearekin Igartzaren berreskuratzea abiatu zuenetik ez dira gutxi beasaindarrek gune horretan kokatu eta arnasberritu dituzten adierazpen kultural eta folklorikoak.

Ez hori bakarrik, aipatu ekitaldiez landa, orotariko hitzaldi, bilkura, emanaldi, tailer, bisita gidatu, ezkontza, hileta zibil eta abar egiten baitira bertan.

Gizarte iraultzaren isla

Denetik izan da Igartza mendeotan: bidegurutze, pasabide, lotura, hazkundearen motor, gudarako zein merkataritzarako gune estrategiko... Arabako lautada euskal kostaldearekin lotzen zuen bide nagusia Igartzako zubitik igarotzea zen gakoa. Zentzu horretan, duela 800 urte inguru eraiki ziren Igartzako lehen dorrea eta zubia, Lazkaoko jaunak bere bigarren seme Garcia Lopezi hala aginduta, inguru guztia kontrolpean izateko.

XIII. mendearen erdialdean Agurainek, Segurak, Tolosak eta Ordiziak hiribildu-eskumena lortu eta juridikoki eratzean, kontzeju edo botere-organo berriak sortu ziren. Organootako kideak herritarren artean aukeratzen ziren eta horrek gizarte iraultza eragin zuen.

Aranzadi Zientzia Elkarteko kide Juantxo Agirre Mauleonen hitzetan, “jauntxoen eta nekazarien arteko gatazka politikoaren isla da Igartza, non nekazariek euren gainetik zeudela uste zuten jauntxoen dorretxeak eraitsi baitzituzten”.

Egur injinerutzaren lekuko bakarra Europan

1200. urtean Gaztelako Erresumak Gipuzkoako haranak, Durangaldea eta Arabako lurrak bereganatu zituenetik Gaztela barnetik abiatutako salgai-garraioak gero eta garrantzi handiagoa hartu zuen lurralde horietan barrena.

1611n galtzada ondoko ostatua –egungo Dolarea hotela– eraikitzeko agindu zuen Isabel Lobiano Igartzako andereak. Egungo harrizko zubia garai horretan eraiki zutenaren oinordekoa da. Belengo ermita ere XVI. eta XVII. mendeen artekoa dela uste da, baina ez dago horren froga idatzirik.

Egungo Igartza Jauregia 1520koaren ondorengoa da, baina bi mende aurreragokoaren aztarnak ditu parean. Bertan sartzean ongietorria ematen dizun egurrezko patioa arkitektura mota horren adierazle bakanetakoa da Euskal Herri osoan. Halarik ere, bada beste harribitxi bat jauregiaren beheko solairuan: Europa osoan ikusgai dagoen egur injinerutzaren lekuko bakarra. 1568ko presa, alegia, Albaola Itsas Ondare Erakundeak biziberritu zuena 2011n.

Errota osatzen duten hiru eraikinek ere balio handia dute. 1504. urterako jasota zegoen ehotzeko hiru pare harri zituela. Halaz ere, egungo eraikin nagusia 1740koa da. Errotarien etxebizitza du ondoan, egun Done Jakue bideko aterpetxea dena, eta apur bat atzerago turbina elektrikoaren gela.

Burdinolari buruzko lehen idatziak XV. mendekoak badira ere, guztiz eraberritu behar izan zen. Egungo eraikina (1782) Ilustrazio garaian eraikitako burdinola hidraulikoen adibiderik onenetakoa da. Horri esker Europan zehar burdina esportatzen hasi ziren euskal herritarrak Zeraingo eta Mutiloko mineraletatik abiatuta. 1860an Fábrica de Hierros San Martin Gipuzkoako lehen labe garaia sortu zuten Igartzako Ferroiek ibaian behera eginda. Hor du jatorria egungo CAF sonatuak.

Askotarako iturri izan da orain arte Igartza, eta luzerako emaria duela dirudi. Beasainek Igartza berreskuratu du eta Igartzak beasaindarrak, hortaz, garaiko jauntxoena zena herritarren zerbitzura jarri eta herriko arnasgune aktibo bilakatuta.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Beasain

Beasain kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude