"CAFeko zuzendaritzak produkzioa jarri zuen langilearen osasunaren gainetik"

  • Beasaingo tren lantokiko hiru nabe amiantoz kutsatuta zeudela jakin eta berrogei egunetara agerraldia egin dute Eusko Legebiltzarrean langileen eta erakundeen ordezkariek. Enpresa Batzordeko kideek salatu dute zuzendaritzak informazio "erabat eskasa" eman diela. Eusko Jaurlaritzako Lan sailak eta Osalanek onartu dute "agerikoa dela zerbaitek huts egin duela".

CAFeko 7, 8 eta 9. nabeetan egin dira udaran amiantoa kentzeko lanak.

2023ko urriaren 06an - 10:15
Azken eguneraketa: 08:16

Abuztuaren 29tik Beasaingo CAF lantegiko hiru nabe itxita daude amianto kutsaduraren ondorioz. Ehunka langile kutsatuta izateko arriskuan izan dira abuztuko oporraldiaren bueltan lau egunez lanean jardun ostean.

CAFek bere pabiloietako teilatuak aldatu eta amiantoa kentzeko lanak egin izan ditu zortzi urtez udako oporraldia baliatuta. Aurtengo neurketetako batek ofizialki onartutako mugen gaineko balioak eman ostean piztu ziren alarmak. Abuztuaren 24an zortzigarren nabeko ehun langile inguru etxean geratu ziren.

Egun berean, neurketa berriek emaitza negatiboa eman ostean lanean hasteko agindu zuen enpresako zuzendaritzak. Baina lan-prebentzioko delegatuek eta Enpresa Batzordeko kideek eskatuta, neurketa gehiago egin zituzten nabe horretan eta aldemeneko bietan, baita langileei neurketa pertsonalak egin ere.

Lau egunez lanean jardun eta gero, jarraipena egin zitzaien 12 langileetatik 10ek positibo eman zuten. Orduan erabaki zuen enpresak hiru nabeak itxi eta ehunka langile etxera bidaltzea, gaur arte.

"Gu lanera sartzeko erabakia zuzendaritzarena izan da"

Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin dute asteazkenean, gertatutakoa argitzeko. Enpresa Batzordeko kideek EH Bilduren eskariz hitz egin dute eta kezka azaldu dute, beste urtetan ere kexak izan direlako hauts eta zikinkeria azaldu direlako amiantoa kendu izan den beste nabeetan. "Zuzendaritzak beti esan izan digu neurketak ondo eman dutela eta, beraz, lanera. Baina orain diskurtso hori zalantzan jartzen dugu", esan dute.

Neurketa gehiago soilik Enpresa Batzordeak eskatu zituelako egin ziren, langileen ordezkarien esanetan: "Zuzendaritza oso ezkutuan ibili da, informazioa eta komunikazioa erabat eskasa izan da"

Prebentzio delegatuak eman zion kutsadura abisua Osalani, ez enpresak,  hori ere azpimarratu nahi izan dute. Gainera, salatu dute Osalaneko ordezkariak ez zirela zortzi egun geroagora arte joan bisitan Beasaingo instalazioetara.

Azaldu dutenez, zortzigarren nabea egoera "tamalgarrian" aurkitu zuten lanera joaterakoan, "oso zikin eta hauts pila batekin", eta neurketa gehiago soilik Enpresa Batzordeak eskatu zituelako egin ziren: "Zuzendaritza oso ezkutuan ibili da, informazioa eta komunikazioa erabat eskasa izan da".

Langileen ordezkariek beste kontu bat ere argitu nahi izan dute: "Gu lanera sartzeko erabakia zuzendaritzarena izan da beti. Produkzioa jarri zuen langilearen osasunaren gainetik".

Hori horrela hainbat neurri exijitu dituzte, besteak beste, gertatutakoaren arduraduna kargugabetzeko enpresa mailan, eta langileak balizko kutsatuen zerrendan sartzea eta jarraipena egitea: "Beldur eta errespetu asko ematen digu aurreko urteetan gertatu denak".

Eusko Jaurlaritza eta Osalanen azalpenak

Elkarrekin-Podemosen eskariz Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuorde Elena Pérez Barredok eta Osalaneko zuzendari nagusi Lourdes Íscarrek ere hitz egin dute Legebiltzarreko bilkuran. "Agerikoa da zerbaitek huts egin duela, itxuraz zuzena den lan-plana izanik gorabehera bat gertatu bada", adierazi dute.

Eusko Jaurlaritzako Lan saileko sailburuordea eta Osalaneko zuzendaria azalpenak ematen Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: Irekia 

Íscarrek Osalanek egindako jardunbideak azaldu eta erakunde horretako teknikarien lana defendatu du bere hitzartzean. Nolanahi ere, prebentzio delegatuaren lehen deia funtsezkoa izan zela aitortu du.

Pérez Barredok, bere aldetik, esan du gertatutakoa jakin eta balizko erantzukizunak depuratzeko ikerketa zabalik duela lan-ikuskaritzak.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Amiantoa
Tubos Reunidos enpresako sindikatuek salatu dute amiantoa agertu dela labe batean eta zenbait egunez lana ez zela gelditu

Enpresa batzordeak salatu du otsailaren 26tik martxoaren 3ra bitartean amiantoa agertu zela labe kalibratzailean egindako obretan eta egun horietan lanak ez zirela eten. Enpresak azaldu du ohartu bezain pronto hartu zituela neurriak.


2024-01-14 | Reyes Ilintxeta
Jose Mari Esparza. Ideia trafikatzailea
"Borrokaren beharra transmititu nahi dut, zerbait berria sortuko da, beti sortu da"

Jose Mari Esparza idazle, editore eta ekintzaile menderaezinak bere lanerako txokoan hartu gaitu, Altaffaylla Kultur Elkartea eta Txalaparta argitaletxearen sorlekuan, liburuz inguraturik. Gaztetan 20 urtez aritu zen Luzuriagaren Tafallako fabrikan lanean eta orain berriki... [+]


CAF lantegiko hiru nabetan lana eten egin dute amianto kutsaduragatik

Laugarren dibisioko zortzigarren nabean egin diren desmuntaia lanen ondoren gertatu da amianto kutsatzea eta legez onartuta dagoena baino altuagoa izan da neurketaren emaitza. Langileei hartutako sei laginetatik lauk positibo eman dute.


Zer da hauts zuri hori? Badator amiantoaren laugarren olatua…

Europar Batasuneko erakundeek adostuta, amiantoaren inguruko zuzentaraua aldatu eta minbizia sortzen duen mineralarekiko gehienezko esposizio-maila murriztu dute ekainean. Horretarako, funtsezkoa izan da Nantesen Tripode izeneko eraikinean frantziar administrazioko langileek... [+]


Europar Batasunak onartu du ez dagoela amiantoarekiko esposizio-maila segururik

Europar Parlamentuak eta Europako Kontseiluak akordioa lortu dute amiantoaren inguruko araudia aldatzeko. Langileek mineral kantzerijenoarekiko izan dezaketen gehienezko esposizioa hamar bider jaitsiko dute. Europar Batasunaren arabera eraikuntzaren arloan 7 milioi langile daude... [+]


Eguneraketa berriak daude