Itxi begiak. Entzungo dituzu lankidearen atzamarrak ordenagailuko teklak zanpatzen, tap-tap-tap-tap. Inprimagailu nekatuaren arrangura, grrri grrriii. Aparkalekutik atera ezin duen autoaren klaxon ernegatua, piiiiii piiiiiii. Gose den alabaren mugimendu urduriak, ñiki-ñaka ñiki-ñaka. Zarata. Asotsa. Azantza. Orain, ireki berriro begiak... eta ongi etorri isiltasunera.
“Aialako lurra, etzara zu Bizkaia, etzara zu Gaztela, lepoan Orozko, sabelean Losa, zure buruaren gainean dago Bilbo, Bizkaiko itsasoa hurbil dago, sei legoara, Bizkaiko itsaso bildurtua, Aialako lurra, lur odoldua, Luiando, Laudio, Lezama, Amurrio, Untza, jeografia txikia, historia luzea (…)”. Gabriel Aresti, garai batean, egunero etortzen zen trenez, tran-tran tran-tran, Bilbotik Laudioko Maderas enpresara lanera. Ez zen hemen denbora luzez egon, baina ematen du eskualdea eta bertako bizilagunak ezagutzeko aukera izan zuela. Hala erakusten dute bere poema luze batetik lapurtu ditugun goiko lerro horiek. Edo segidan datozen beste hauek: “Hemen, konterri honetan, Aialako lurrean, Arrastaria, Izarra, Gordeliz, Llanteno, Lujo, Beotegi, Larrinbe, Delika, gizonak hiltzen eta lapurtzen du, mesedez, ur lasterrak, lehen garbiak, orain zikinak, eraman zazue itsasora lur honetan gizon urrikariak egiten duen hainbeste gaiztakeria...”.
Ezagun da ez ginela, nonbait, Arestiren gustukoak. Luzea izan daiteke, noski, gure bekatuen zerrenda, baina, akaso, hona hemen guztietan larriena: “Kantabriako itsasora zoazten urak, Altube, Okendo, Nerbion, Aialako lurra, behin euskalduna, orain lur erdalduna, Urkabuztaizetik Laudiora, garbi ezazue, Orduña ere, Gernikari lotua, garbi ezazue Bizkaia Gaztelatik gordetzen duen lurra (…)”.
Jakina denez, mailu bat da Arestiren poesia, eta aiaraldearrok buruan koskor mingarri bat dugula paseatzen gara gure harrizko Aiaraldea isil, umil, zikin eta zinez tragiko honetatik.
Baina has gaitezen hasieratik. Jo dezagun gure buru-bihotzak garbitu behar dituen uraren sorlekura, Gorobel mendilerroaren magalean atseden hartzen duen Delika herri ezkutura. Bertan hasiko dugu ausartentzako ibilbide hau, infernutik bertatik, El Infierno esaten dioten tabernaren ondoan. Urrats batzuk haratago lur azpitik sortzen den Nerbioi ibai jaioberriaren lehenengo negarrak ikusi ondoren, oinetakoak ondo estutu, motxila bizkarreratu eta Urduñako La Antiguako santutegira abiatuko gara, infernutik zerura. Bidean, Tertanga eta haren uraska eta iturri berezia, haritzak, pagoak, lehenengo mahatsondoak, isiltasuna, tarteka isiltasuna urratzen duten behien zintzarriak klon-klon, zeru zabala, tarteka zerua urratzen duten parapenteak sigi-saga eta urduñarrei edaten ematen dien Gartxetako urtegia. Ur libre jaioberriarentzat lehenengo abisua.
La Antigua edo Eliza Zaharraren santutegia XVIII. mendeko tenplu barrokoa da, Urduñako armarria azalean tatuatua eta atseden-gune eder bat atarian, zerua konkistatu nahi duten zuhaitzen gerizpean. Merezi du, merezi duenez, barrualdeari behako azkar bat ematea, haren handitasunaz jabetzeko. Baina hobe da Jainkoaren deiari entzungor egitea, ibiliari ekin beharko baitiogu segituan. Bide luzea dugu aurretik.
Bide osoan babestuko gaituen Gorobel mendilerrora areago hurbiltzeko unea da. 25 kilometroko harrizko hesi erraldoi hau, Urduñatik Artziniegara, Txarlazotik Angulora, Euskal Herriaren eta Gaztelaren arteko muga naturala da, itxura dotore bezain ankerrekoa. Neguan besterik ez du amore ematen, munduan ia beste inon ikusi ezin daitekeen laino-opil izeneko laino-zirimolak mendean hartzen duenean.
Lendoñogoitira jo behar dugu errepidetik, eta horrek, noski, eguneko lehenengo aldapa gogorren aurrean jarriko gaitu. Esfortzuak, baina, saria dakar oraingoan, La Choza iturriaren zabalgunera iritsi bezain laster ohartuko garenez. Zelai berde luzeak, mehatxuzko begiz so egiten diguten Bedarbide eta Solaiera mendiak, oraindik harri gutxi batzuk zut dituen Goiko Landetako trikuharria eta isiltasun pisua, haizeak firin-faran urratua.
Lendoñogoiti herrira heldutakoan, gorantz segituko dugu, Erdi Aroan merkatari eta saltzaileek erabiltzen zuten Sopeñako errege-bidera iristeko. Galtzada-harri zaharrak oraindik han-hemenka harro erakusten dituen bidetik aurrera, Maroñoraino GR284 mendi-bideari segitzea beste lanik ez dugu izango, beti Gorobelen arnas isila ezkerreko belarri ondoan fiu-fiuuuka dugula. Behin baino ez gara aterako une batez bidetik, Agiñiga herri ezinez dotoreagoa bisitatzeko. Gaztak famatu duen herrian –2014ko urriko azken asteleheneko Idiazabal gazten lehiaketako garailea Agiñigako gazta bat izan zen–, hagin landatu berri batek egingo digu oles herriko plazan.
Berriro GR284ra bueltan, Madariarantz abiatu beharko dugu, bidean behera Gorobel lehenengoz bistatik galduta basoan barrena. Behin errepidera iritsita, laster helduko gara Maroñoko urtegira, mendilerroak babesten duen ur libreen presondegi zital bezain ikusgarrira.
Hogei kilometroko ibilaldiaren ondoren –mendiko bizikletaz ere erraz egin daiteke–, merezi dugu sikiera atsedena. Maroñoko inguru horretan ez da falta gozo afaldu eta lo egiteko landa-etxerik, itzulerari indar berriz ekiteko.
Daitekeen gauzarik zailena omen da itzultzea, ez baita sekula posible hasierako leku berera joatea, beste ur bat baita orain ubide beretik datorrena. Eta gu ere, bideak zailduak, beste bat gara orain. Eta, hala ere, sarritan, itzultzea beste erremediorik ez dugu –sikiera, Delikan utzi dugun autoaren bila–.
Errepidean behera aterako gara Maroñotik Belandiarako bidean, urtegira doan erreketako baten ubideari segika. Laster egingo dugu topo, errepidetik apur bat apartatuta, errota zahar abandonatu batekin, oraindik preso amaituko duela ez dakien uraren iragatearen lekuko mutu.
Belandia pasa, errepidetik portua igo, krix-krix zirtaka ari diren elektrizitate-zutoinek urratutako isiltasunean murgildu eta Lendoñobeitira jaitsiko gara abiada bizian, herri txiki baina zer ikusi ugariko honek erakarrita. Santutegia, eliza, baseliza, ur-presa txikia, errota, 700 urte zahar den dorretxea... Hankei atseden apur bat eman eta errekako uraz eta bata bestearen gainean jarritako harriez gozatzeko parada bikaina izango dugu.
Errepidea atzean utzi eta Lendoñobeitiren gainaldetik Zedelikara eramango gaituen bidexka hartuko dugu orain. Zelaiz inguratuta, begien aurrean izango dugu begirada bakarrean geure egin ezingo dugun haran luze eta zabala. Eta klon-klon, fiu-fiu, firin-faran, zaunk-zaunk, marru-marru, beee…
Zedelikara iritsi aurretik, errepidera aterako gara berriro, eta jaitsiera azkar baten ondoren, ia oharkabean, Eliza Zaharraren santutegiaren arboladia izango dugu begien bistan berriro. Aurreko egunean ibilitako bidea desegitea besterik ez zaigu geratuko orain, beste ia hogei kilometroren ondoren, Delikaraino iritsi, oinetakoak deslotu eta orain beste ur bat dakarren erreka jaioberrian oin minduak hondoratzeko. Infernuaren ate aurrean, ur eta harrizko isiltasunari agur esateko unea iritsi da, orain betiko barruan eramango dugula ohartzeke.
Dagoeneko ez gara, zorionez, atzo ginen zarata eta harrabotsez beteriko pertsona gris haiek.
Bidaiari, itxi berriro begiak. Orain ikusten eta entzuten duzun guztia Aiaraldea da. Ongi etorri. “(…) askotan ikusi dut hemen, elizatik etxera, fabrikatik solora, tafernatik kalera, Aialako gizon gaiztoa, azkenean Jainkoak barkatuko duena...”. Guk, bidaiari, Jainkoaren barkazioaren zain, bide bazterrean itxarongo zaitugu, harri baten gainean jarrita.
“Konterri honetan gizonak asko sufritzen du, lanean hari da gogorrik, apenas etzaten da andrearekin, erregular irabazten du dirua fabrikan eta gero soloan makurturik, prestuki bizi da hogei urtean, eta azkenean aire gaizto batek jotzen dio burua eta aita zaharra edo alaba gaztea hiltzen du merke, hain luzaro kario kopetako izerdiarekin mantendu ondoren”. Igual, hobe bidean topo egiten ez badugu.
Arabako Foru Aldundiko Deskarbonizazio zuzendariak aurretiko baimena eman dio Green Capital Energy enpresari, Larragorrin kokatu nahi duen zentral eolikoak aurrera egin dezan. Gauzak horrela, Orozko, Laudioko eta Amurrioko Udalek izango dute azken hitza.
Gasteizko lorezainen eta udalak azpikontratatutako enpresaren arteko negoziazioak uztailaren 7an hasiko dira Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritzarekin.
Aramaioko Beñat Ibarguren Arrizabalaga da Larrinbarri ahabi ekologikoak ekoizteko proiektuaren bultzatzailea, eta 2012tik ari da Anbotopeko bere lursailetan fruitu gorri landareak eredu ekologikoan lantzen. “Lagun batek eta biok sortu genuen proiektua, hasiera batean,... [+]
Hiru eguneko greba egin zuten ekainean eta enpresak ez ditu bete adierazitako konpromisoak. Horien artean zegoen udako oporren hutsuneak betetzea, CCOO sindikatuak azaldu duenez.
Sindikatuaren arabera Gasteizko garraio publikoko konpainiak bazekien langileak osasun arazoak zituela, eta "presioaren ondorioz" ekainaren 23an istripu larria izan zuen.
Urtebete baino gehiago eman dute hausnarketa prozesuan Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluarekin batera, eta agerraldi bateratua egin dute ateratako ondorioak plazaratzeko. Familiak eta erakunde publikoak ere interpelatu dituzte.
2006az geroztik EAEn martxan jarriko den lehen parke eolikoa izango da, 59 milioi euroko inbertsio publiko-pribatuarekin abiatuko dena. Siemens Gamesak eraikitako zortzi aerosorgailu izango ditu, bakoitzak bost megawatt ekoitziko dituelarik –30.000 etxe hornitzeko... [+]
1.150 enpresa edota norbanakok ia 1.300 milioi euroko zorra dute Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Ogasunekin. Erdia, gutxi gorabehera, Bizkaian. Gora egin du zifrak lurralde guztietan, Gipuzkoan izan ezik.
Ekainaren 20ko osoko bilkuran, herritarren txanda baliatuta, hitza hartu zuen Auzoan Bizi etxebizitza sareak, gasteiztar guztiei errolda eskubidea bermatzea aldarrikatzeko. Etxebizitza sareko kideek PPko zinegotzi Gustavo Antépararen negozioak ere salatu zituzten, eta... [+]
Zuzendaritzak aurkeztutako Enplegu-erregulazioko espedientea (EEE) atzera bota eta "irtenbide bat bilatzeko negoziaketak hasteko helburuz", Agurain eta Legasako ArcelorMittal enpresako langileek greba mugagabeari ekingo diote.
Duela urtebetetik duen aldi baterako harrera proiektua eten diote familia bati, eta bestea joan den astean etxegabetu zuten, inolako jakinarazpenik jaso gabe. Auzoan Bizi etxebizitza sareak agerraldia egin du ostegunean Txagoko Komunitate Sarearekin eta Federico Baraibar... [+]
Aiaraldeko Hizkuntzen Mapa proiektuarekin bat egin dute Amurrioko Amaurre, Zaraobe, Aresketa Ikastola, Mendiko Eskola eta Zabaleko ikastetxeek. Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluarekin elkarlanean udalerrian presente dauden hizkuntzak ikertu dituzte.
Iazko udazkenean egin zuten sinadura bilketa, eta abenduaren 12an entregatu zituzten atxikimendu guztiak Osakidetzaren Gasteizko zerbitzu zentraletan.