Auzoan Bizi Etxebizitza Sindikatuak salatu du Berakah fundazioak Gasteizko Alde Zaharreko bloke oso bateko familia guztiak kaleratu nahi dituela, inolako “alternatiba duinik” eskaini gabe. “Legez kanpoko” etxegabetzea dela baieztatu dute, familiek ez baitute inolako prozesu judizialen berri izan.
 
                                                        Auzoan Bizi Etxebizitza Sindikatuak salatu duenez, Berakah fundazioak Gasteizko Alde Zaharreko etxebizitza-bloke bateko familia guztiak kaleratu nahi ditu. Ohartarazi dute aldebakartasunez hartu duela erabakia fundazioak, eta ez diela familiei "inolako etxebizitza alternatibarik eskaini". Familiak Berakahren laguntza programa baten bidez sartu ziren etxebizitza horietara duela pare bat hilabete, baina orain, fundazioak "bat-batean" eten ditu akordioak, familiei arrazoiak zehaztu gabe. Auzoan Bizik jakinarazi du gutun bat iritsi zitzaiela, urriaren 31n etxetik alde egin behar zutela esateko. Hala ere, “ez dute inolako prozesu judizialen berri, eta, beraz, kaleratzen saiatuko balira, erabat legez kanpokoa izango litzateke”. Gaineratu dute familiak bertan geratuko direla “alternatiba duin eta iraunkor bat lortzen ez badute, kalea ez baita aukera bat”.
Berakah Santa Maria eta San Bizente Martir parrokietako gizarte ekintza da, eta finantzazioa Gasteizko elizbarrutiaren bidez eta Vital fundazioaren bidez jasotzen du, dohaintza anonimoez gain, Aleak jakitera eman duenez. Ondorioz, erakundearen jarduna “erabat pribatua eta opakua” dela, eta irizpideak ez direla publikoak salatu du Auzoan Bizi Etxebizitza Sindikatuak.
Dagoeneko Berakah-k baditu aurrekariak gai honetan. 2023 eta 2024 artean, hiru familia etxegabetu zituzten, eta sindikatuak salatu du argi mozketak, xantaiak, mehatxuak eta tratamendu arrazistak jasan dituztela zenbait familiek.
Etxegabetzeak nonahi
Asteotan hainbat etxegabetzeren berri izan dugu. Asteazkenean Donostiako Egia auzoan 11 lagun kaleratu ditu Ertzaintzak, eta beste bi etxegabetze daude aurreikusita Iruñean eta Ordizian, hurrenez hurren.