Hiria auzorik auzo euskalduntzen

  • 122.000 donostiar euskaraz hitz egiteko edo ulertzeko gai dira 2011ko datuen arabera; biztanleen %70 inguru. Hala ere, gaitasuna izateak ez du erabilera ziurtatzen, donostiarren %16k soilik erabiltzen du euskara bere egunerokoan. Egoerari buelta eman eta euskara burutik mingainera igarotzeko asmoz, Euskararen Plan Orokor Berria egiten ari da Donostiako Udala.

     

“Donostia euskaraz betetzen” ekitaldia egin zuten martxoaren 28an. Hiritarrek lehen hitza euskaraz egiteko konpromisoa hartu zuten.Donostiako Udala

2015-2019 bitartean indarrean egongo den euskara planari azken ukituak falta zaizkio. Plan berria metodologia erabat parte-hartzaile bidez osatu dutela esan du Nerea Txapartegi Udal Gobernuko euskara arduradunak. Donostian ere euskaraz bizi ahal izateko bermeak eskaintzea da asmoa.

Lau batzar ireki egin dituzte kolektibo eta norbanakoekin: besteak beste, Donostiako merkatariek eta ostalariek, auzo-herrietako bederatzi euskara batzordek eta Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak hartu dute parte. Bertan, aurreko planaren gabeziak identifikatu eta proposamenak jaso dituzte.

Euskara planak hainbat adar hartzen ditu; hala nola, familia transmisioa, irakaskuntza, aisialdia, kultura, komunikabideak, auzoak, merkataritza eta ostalaritza, beste askoren artean.

Euskararen egoera nabarmen aldatzen da auzotik auzora, eta beraz, tokian tokiko beharrei aurre egiteko euskara batzordeak sortu dituzte Donostiako bederatzi auzo-herritan: Añorgan, Martutenen, Loiolako Erriberan, Intxaurrondon, Altzan, Bidebietan, Parte Zaharrean, Aieten eta Egian.

Herritarrek borondatez dihardute lanean euskara batzordeetan eta euskara zerbitzuak laguntzen ditu Bagera Elkartearen bitartez. Horietako asko, euskararen plan orokorraren barruan jaio dira. Dena den, euskara batzorde batzuk aurretik lanean hasiak zeuden, esaterako, Altzakoa eta Intxaurrondokoa. Aieten aldiz, orain gutxi sortu dute. Egun, elkarren arteko saretzean dihardute.

Auzo-herriak ere euskaraz

Idoia Trenor Bagera elkarteko ordezkariaren ustez baloratzekoa da Udalak euskara plana parte-hartze prozesu bidez gauzatzea: “Iruditzen zait horretan gabiltzan eragile eta norbanakoak kontuan hartzea ezinbestekoa dela errealitatearekin kontaktua edukitzeko”. Euskara batzordeetako kideek ezin hobeto ezagutzen dute euren auzoetako errealitatea; hori dela eta, plan berria egiterakoan euren iritzia aintzat hartzea ezinbestekoa da Trenorrentzat, azken finean, eurak baitira hein handi batean plana egikarituko dutenak.

Bagerako ordezkariak dio, parte-hartze prozesuan argi geratu dela donostiarrek euskaraz badakitela, baina ez dutela behar adina erabiltzen: “Euskararen erabilera handitzea lortu behar dugu euskara plan berriarekin eta auzoetako euskara batzordeekin”.

Arantxa Lakadena Aieteko euskara batzordeko kidea da, eta Euskararen Plan Orokor Berriaren partaidetza prozesua gertutik jarraitu du. Lakadena orain bi urte joan zen Aietera bizitzera eta aitortzen du hasieran lotarako auzo soiltzat zuela: “Ez genuen auzoan bizitzarik egiten ez genuelako inor ezagutzen. Horregatik, esaterako Olentzero ikustera gure lehengo auzoetara joaten ginen”. Pixkanaka, umeen bitartez auzoko jendearekin harremana izaten hasi dira Lakadena eta haren bikotekidea eta Bagera Elkartearen bitartez euskara batzorde bat sortu dute auzoan. “Aieten ere euskaldun asko bizi gara eta euskara batzordearen bitartez elkar ezagutu, eta auzo bizi eta euskalduna izatea lortu nahi dugu”, esan du Lakadenak.

Intxaurrondoko euskara batzordeak berriz, urte mordoxka daramatza lanean. Mikel Urdangarin, Intxaurrondoko euskara batzordeko kideak ez du euskara planaren  batzar irekietan parte hartu, baina begi onez ikusten du parte-hartze metodologia. Urdangarinek dio gaur egun ere Udalarekin eta Bagera Elkartearekin elkarlanean hainbat egitasmo eramaten dituztela aurrera.

Hainbat ekintza antolatzen dituzte urte guztian zehar auzoko gainerako eragileekin, esaterako, Korrika antolatzen hamahiru eragilek hartu dute parte. Besteak beste, hitzaldiak, literatur lehiaketak eta erakusketak antolatzen dituzte, Intxaurrondon ere euskaraz bizi nahi dutela aldarrikatzeko.

Euskara ahalik eta plaza gehienetara eramatea da Bagera Elkartearen asmoa, eta horretarako Amara Berrian sortu duten elkarlan taldea azpimarratu du Trenorrek: “Amara Berrian oso talde indartsua sortu dute eragile bakoitzeko ordezkari banarekin. Hori da esentzia; mahai bat osatu eta eragile bakoitzak euskararen alde zer egingo duen azaltzea, horrela lan ildo komunak sortzeko”.

Lehen hitza euskaraz

Ez da ezerezetik jaio 2015-2019 Euskara Plan Orokor Berria. 2013ko uztailean euskararen erabilerarako 5. Plana onartu zen; plan horren helburu nagusia herritar guztiei euskaraz artatuak izateko bermea eskaintzea da, bai eremu publikoan baita pribatuan ere.

Udalean ere euskaraz kanpaina abiatu zuten orain urtebete eta administrazioko langileek lehen hitza euskaraz egiteko konpromisoa hartu zuten. Urte bereko udazkenean, Kaixo kanpaina jarri zuten martxan Donostiako zortzi auzotako hamaika kale komertzialetan: Dendan ere euskaraz, hemen ere euskaraz, tabernan ere euskaraz bezalako errotuluak jarri zituzten dendetan eta tabernetan,  gune horietan euskaraz egiten dutela jakinarazteko.

Aurten, martxoaren 11n, Donostian ere euskaraz kanpaina aurkeztu dute; administrazioan, merkataritzan, kultur azpiegituretan eta kiroldegietan bezala, egunerokoan eta espazio publiko zein pribatu guztietan ere euskararen erabilera sustatzeko asmoz.

“Dendara sartu eta horrelako errotulu bat ikusita lasai hasi zaitezke euskaraz hitz egiten, inongo estres linguistikorik gabe”, esan du Txapartegik. Izan ere, hark dioenez, euskararen erabilera sustatzeko lehen hitza euskaraz egitea ezinbestekoa da.

Egitasmoko establezimenduetako langileen erdiak bezeroa euskaraz artatzeko gai dira. Bestalde, merkataritza eta ostalaritza gune guztiak biltzen dituen mapa interaktiboa dago Donostia euskaraz atarian.

400 establezimendutik gora daude egitasmoan. Txapartegik dio oso pozik daudela emaitzarekin eta gero eta gehiago izatea espero dutela: “Dagoeneko Amara zaharrean, Antiguan, Ibaetan eta Igaran ari gara bisitak egiten”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza politika
EAE-ko sektore publikoa euskalduntzeko dekretua
Aukera galdua

Eusko Jaurlaritzak EAEko Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua onartu du otsailean. Duela 27 urteko dekretua ordezkatu du. Euskalgintzako eragileen ustez, Jaurlaritzak ez du baliatu “jauzi ausarta” emateko. Dekretu berriak ez du... [+]


Hamabi hizkuntzatan banatuko du UEMAK Korrikari buruzko informazioa

23. Korrikaren atarian, udalerri euskaldunetako bizilagun guztiek Korrikaren berri izatea garrantzitsua dela iritzita, diptikoa banatuko du UEMAk hamaika hizkuntzatara itzulita.


2024-03-04 | ARGIA
Udalekuak egingo ditu UEMAk euskaraz bizi diren gazteentzako

Beste urte batez, uda garairako, Salto! udaleku ibiltariak antolatu ditu UEMAk. Udalerri euskaldunetako gazteak elkartuko dira aisialdiaz gozatzeko. UEMAren helburua da “euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu... [+]


Euskara Ipar Euskal Herrian
Azken sokatirak, hizkuntza politika eraginkor baten alde

2024 urte hastapenean adostuko du ondoko urteetarako hizkuntza politika Euskararen Erakunde Publikoak (EEP). Azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzak eta EEPk 2050ari begira egindako aurreikuspenak esku artean, alarma gorria pizturik du euskalgintza sozialak: ezin da orain... [+]


Azkoitiko Udala UEMAko kide izango da

EAJren, EH Bilduren eta Azkoitia Bairen aldeko bozkekin hartu dute erabakia. Udalbatza osatzen duten hamazazpi zinegotzietatik hamaseiren aldeko botoa jaso du Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera (UEMA) sartzeko eskaerak.


Eguneraketa berriak daude