Itzulerarik ez, itzulpenak nahi adina

  • Hiru urte izan dira. Gutxi, tarte horretan egin dutenarekin konparatuz: martxan jarri zenetik Elearazi bloga hazten joan da, itzulpengintzatik abiatuta euskal literaturari buruzko erreferentziazko gune bihurtzeraino. Orain, agur esan du Garazi Arrularen (Tafalla, 1987) eta Danele Sarriugarteren (Elgoibar, 1989) proiektuak. Zergatiez galdezka idatzi diegu.

Garazi Arrulak eta Danele Sarriugartek hiru urtez elikatu duten egitasmoa amaitutzat jo dute. Elearazi.eus helbidean irakur daiteke urteotan egindako lana.Elearazi

“Uste dugu ekarpen polita egin diogula literaturaren eta itzulpenaren arteko amodio-gorroto harremanari. Guztiak omen du amaiera bat, ordea, eta urteurrenarekin batera iritsi da Elearazirena. Erdi lotsagabe erdi itsu ekin genion, ur handitan sartzen ari ote ginen erreparatu gabe, baina esanen genuke ez garela hain gaizki ere atera putzu lokaztu horretatik. Lokatzez blai, nahi bada”. Martxoaren 11ko data dauka blogean argitaratu den azken testuak. 264 post eta 80 autore baino gehiago blogera ekarri ondoren; hamalau kolaboratzaileren ekarpenak eta zenbatzeko zaila den iruzkin kopurua jaso ondoren; eta, ororen buru, literaturzaleentzat bisitatu beharreko txoko bihurtzea lortu ondoren, zikloa amaitu dela erabaki dute. Zergatik?

Arrula: “Proiektuak ixten ere jakin behar da eta, ahal dela, gainbeheran hasi aurretik”. Sarriugarte: “Nik behintzat nabaritzen nuen, eta uste dut hor bat gatozela Garazi eta biok, gure bizitzak eta jardunak asko aldatu direla hiru urteotan”. Ekainera arte jarrai zezaketela gaineratu du, baina egitasmoa mugara iritsia zela: “Helburu batzuk lortuta, gehienbat erdietsitako mailari eusteko ahalegina bilakatuko zen”.

Erabakia hartuta zegoen duela hilabete batzuetatik eta otsailaren 11n izan zuten horren berri blogean iruzkinen bat utzi zutenek, euren postontzietara igorritako mezu baten bidez. Hondarreko asteak bereziki emankorrak izan dira, egun bakoitzeko artikulu bana, azken traka.

Literatur itzulpenaren bide zenbaezinak

Hutsunea ikusita ekin zioten: itzultzailearen lanak ez du sarri merezitako errekonozimendurik jasotzen, ez hemen, ez zakurrak ortozik ibiltzeko mania txar hori duten beste lekuetan ere. Eta ez zegoen erreferentziazko blogik haien ikuspegia jasoko zuenik –Elearazi martxan jarri eta hilabete gutxira agertu zen 31 Eskutik EIZIEren ekimenez, egunero txinpartaka jarraitzen duen blog kolektiboa; bien eragina sumatu da euskal literaturaren ekosisteman–.

“Itzulpenak geroz eta garrantzia eta ikusgarritasun handiagoa du, itzultzeko baliabideak hobeak dira. Horretaz jabetzen zara eskarmentu handiagoa duen norbaitekin mintzatzen zarenean”, dio Arrulak. Halere, Sarriugartek uste du badirela oraindik “gezurtatu beharreko aurreiritzi asko”.

Itzultzaileek itzultzaileentzat egindako bloga beraz? Ezta pentsatu ere: Arrulak esplikatu duenez, diziplina ardatza izan da, baina batez ere “bidea”, horri buruzko hausnarketekin eta publikatutako itzulpenekin modu orokorragoan literaturari buruz jardun baitute.

Eztabaida publikoaren premia

“Eztabaida xaxatu beharra” zegoela dio Sarriugartek, “edo zehatzago esanda, eztabaida presenteago, publikoago egiteko beharra”. Bat dator Arrula: “Mugatua da oraindik ere eztabaida publikoa, literatur txokotan edo jardunaldietan edo sukaldean geratzen da bereziki”. Eta ez giro onenean, Sarriugartek aipatu duen zerbaiti erreparatuz gero: “Herrak eta erresuminak igarri ditut tabernetan, plaza publikotik kanpo, baina plaza publikoan gertatzen diren gauza asko esplikatzeko balio dutenak. Alde horretatik, uste dut asko hobetu daitekeela literaturari buruzko kritika eta eztabaidari dagokionean, pertsonalismoak eta ego minduak bazter utzita, normalizaziotik eta komunitate txiki eta zapalduaren oinazeetatik apur bat askatzen saiatuta”.

Joera horri buelta eman nahian aritu dira, hain zuzen, blogeko “Itzultzaileak mintzo” eta “Autoreak plazara” sailen bidez. Lehenbizikoak elkarrizketa sorta aparta utzi du ondare gisa www.elearazi.eus-en. Diskretuenak ere hizketan jartzea lortu dute eta balio izan du irakurleek jakin dezaten bukatuta jasotzen dituzten itzulitako obra horien atzean nolako lanketa dagoen. “Autoreak plazara” atalarekin aldiz, munduko idazleak euskarara ekarri dituzte, bakoitzari dagokion aurkezpena eskainiz. Batzuk ezagunagoak baina orain arte itzuli gabeak –saileko azkena Joyce Carol Oates izan da, adibidez–, beste askok irakurzaleari aukera eman diote egile berriak deskubritzeko. “Aurrera egin ahala eta biok ere ikasten eta bestelako gauzak egiten joan ahala, zehar-lerro gehiago ere txertatu ditugu, baina ardatz nagusia itzulpena izan da beti”, azaldu du Sarriugartek.

Plaza berrietan aritzera

Bloga fini, hura gidatu duten bi lagunek lan berriak dituzte esku artean. Duela gutxi Susaren eskutik hiru liburu berri argitaratu dituen Munduko Poesia Kaieren bildumako ale bat prestatzen ari da Sarriugarte eta irailera arte Erractus ikuskizunean ikusi ahalko duzue Kattalin Miner eta Jule Goikoetxearekin batera. Arrulak ere Elearazin hartutako iparrari segiko dio: “Itzulpenaren eta literaturaren bidean segituko dugu, erabat nazkatzen ez bagara, behintzat”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Itzulpengintza
Erika Gonzalez. Australian ere zakurrak hanka-hutsik
"Pribilegiatua sentitzen naiz, baina gogotik lan egin behar izan dut"

Hamasei urte zeramatzan Gabonak hemengo etxean igaro gabe. Urruti baita beti Australia. Haatik, lanak Euskal Herrira etortzeko aukera eman zion iragan urtearen amaieran, eta Lazkaon izan genuen aurtengo jaietan. Hangoak hango eta hemengoak hemengo, ibili dituen bide bihurri... [+]


Amaia Gabantxo
"Kultur biolentzia da euskal literatura gaztelaniazko bertsiotik itzultzea ingelesera"

Idazle, itzultzaile eta kantari da, euskarazko literatura ingelesera itzultzen espezializatua, eta aitzindari ere bai lantegi horretan. Hainbat sari eta merezimendu jasotakoa, Miren Agur Meabe idazlearen Hezurren erretura ingelesera itzuli, eta Etxepare saria jaso du oraindik... [+]


Elhuyarren itzultzaile neuronalak ahotsa du orain

Aukera ematen du itzulpenak euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, katalanez eta galegoz entzuteko. Bestalde, itzultzaile neuronala Telegramen integratu du Elhuyarrek, mezuak itzultzeko aukera ematen duena.


2023-10-13 | ARGIA
Urriaren 21ean egingo da Heptameronaren irakurketa Orbaizetan

Pandemiako 2020 itxialdian hasi ziren itzultzen Margarita Nafarroakoak idatzitako Heptamerona liburua. 2021etik urtero irakurraldi bate ere egiten dute Booktegik eta Nafarroako Ateneoak antolatuta.


Eguneraketa berriak daude