Hizkuntzaren presioa aldez aldatzera goaz

  • Herritarron eta erakunde guztion ardura da bermatzea herritar bakoitzak euskara hautatzeko duen eskubidea. Korrika bezalaxe, euskararen erronka kolektiboa baita: norbanakoak 10 egun eta 11 gauez 2.300  kilometroko ibilbidea egiteak ez du Korrika egiten; milaka herritarrek elkarlanean ibilbidea osatzeak, horrek egiten du Korrika. Euskararen erronka kolektiboa da, eta Iruñeko Udalak prozesioari bide emanaz Korrika erdigunetik egotzi duenean bezala, euskaldunok posizioak galtzen ari gara. Ardura norbanakoaren gain jartzeari utzi eta kolektiboki hizkuntza inperialismoaren kontra egiteko garaia da.

Korrika 19 Hernanin barrena, euskararen aldarria kalera atereaz. (Arg: Dani Blanco)
Korrika 19 Hernanin barrena, euskararen aldarria kalera atereaz. (Arg: Dani Blanco)
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

1996an UNESCOren oniritziarekin onartutako Hizkuntz eskubideen adierazpen unibertsalak dio edozein herrik duela eskubidea adierazteko eta garatzeko bere kultura, hizkuntza eta bere antolaketa arauak. Honenbestez, euskara giza eskubide kontua da, eta giza eskubideak kolektiboki irabazten dira, ez norbanakoka.

Euskararen aldeko mezu gehienak euskaldun norbanakoengan oinarritu ditugu: “Hizkuntza bat galtzen da euskaraz dakizun horrek ez baduzu egiten”, “zuk beti egin lehen hitza euskaraz”, “zu ahaldundu”... Indibidualismoak elikatutako “zu”, “zu” eta “zu” hori ari zaigu etengabe, esan gabe esaten “ez baduzu egiten nahi ez duzulako da”, “librea zara nahi duzuna egiteko”, “denok dugu ahalmena denerako”...

Norbanakoaren ardurari osoki eutsi arren, eta nahiz eta jakin euskaldunok garela gakoa, euskararen ardura eta erronka kolektiboak direla azpimarratzea garrantzitsua da. Norbanakoaren aukera erabat baldintzatzen du gizarte osoko klimak. Hizkuntza bat ez baitu sortzen batek norberarentzat, kolektibo baterako eta kolektiboan sortzen eta garatzen da beti.

Marketin adituek “zuk egin euskaraz” esaten digute “hartu bizikleta” esaten den alaitasunez. Gomendio horiek egitea beharrezkoa da, aski ez den bezala. Txirringari egokituta al daude errepidea, bide-seinaleak, gidarien kultura? Txirringa edo euskara hartzea gure herrian esperientzia atsegina da edo zartako bat hartzeko posizioan jartzea da?

Guk ez genuen euskararen hizkunzidioa hautatu

Ez dezagun herritarren artean giro txarrik jarri, ez gogorarazi 40 urtez debekatua izan dela Hegoaldean euskara.

frankismoan euskara debekatua
Frankismoan euskara debekatu zuten.

Gutxiago sufrituko dugu, ezabatu burutik euskara debekatua, pertsegitua eta zigortua izan zeneko iruditegia hori guztia: ez dezagun euskara Eusko Jaurlaritzaren biktimen zerrendan jarri, ez dadila eskoletan euskararen historia gordina irakatsi, ez dadila curriculumetan sartu Autopsiarako frogak (Koldo Izagirre), Euskararen kate hautsiak (Dabid Anaut) edo Gartxot (Asisko Urmeneta eta Marko Armspach).

Ezin bagara libreak izan, elika dezagun behintzat irudipena. Baietz, emakume edo gizon izatea egun berdin-berdin dela, eta euskaldun izatea ere bai, denok ditugula eskubide eta aukera berberak: zer mesede egiten du ezberdintasunak seinalatzeak? Zer konpontzen dugu esanik euskara lurraldearen gehiengoan ez dela hizkuntza ofiziala eta beraz euskaraz ikastea, informatzea eta abar, erlijioa bezala, norberarengan geratzen dela, edo zehatzago, norberaren bizkar geratzen dela finantzatzea? Hobe jabetzen ez bagara egun ere euskara hutsean jarduten duenak auzitegietan eta are kartzelan amaitzeko arriskua duela.

Izan positibo, zoaz coachingera, ahalegindu zure euskara erakargarri egiten zanpatzen zaituzten elebakarrentzat, ez haserretu, eta batez ere, ez egin aurre. Kontziente ez bazara eramangarriago egingo zaizu menpeko bizimodua, elebakarren onarpena lortuko duzu, eta ez ahaztu zuk nahi bezala bizi zarela ahoz barruko zure errepublika independentean. Beraz, erantzukizuna zeurea da, egoerak egoera zuk egin beti euskaraz.

Euskara askatzailea da

Transbertsalitate handikoa da euskararen afera, gainerako zapalkuntza eta borrokekin bat egiteko gaitasun handia duena.

Euskaraz egitea, adibidez, jarrera inperialistengandik askatzea da. Euskaraz egitea da bi estatuetatik ituan independente egiten gaituena.

Euskaraz egitea jarrera antikapitalista praktikatzea da: helburua txanponak pilatzea denean ziur badugula euskara baino aukera errentagarriagorik. Euskara hautatzen dugun aldiro ziur dirua eta konpetentzia ez diren beste helbururik lehenesten dugula.

Munduko 7.000 hizkuntzetatik erdiak mende honetan desagertuko direla diote aditu askok. Euskaraz egitea, beraz, denok berdin pentsatu, berdin jantzi, berdin jan eta berdin hitz egitera bultzatzen gaituen globalizazioari iskin egitea da. Munduan lekuan lekuko milaka hizkuntza horien alde egitea.

Euskaraz egiten duten enpresa gehienak bertakoak dira. Coca-Cola, Nestlé eta McDonald’s ez dira euskaraz mintzo. Honenbestez, gure indarrak euskara haien hizkuntz politiketan sartzen jarri beharrean, “utikan!” bidali eta bertoko eredu jasangarriak sortzera bidera ditzakegu. Euskaraz egitea elikadura subiranotasunaren alde egitea da.

Euskaraz egitea jarrera ekologista geure egitea da. Hizkuntzak ez dira, animaliak bezala, hala hautatu dutelako desagertzen, batzuek beren ekosistema (soziolinguistikoa) hausten dutelako baizik. Munduko jatorrizko herri gehienek argi erakutsi dutenez, lurrik gabe ez dago hizkuntzarik. Porlanaren abiadura handiko hedapenak badu zerikusia bizimoduak eta hizkuntzak suntsitzearekin.

Euskara da jatorriak jatorri euskaldun egiten gaituena. Paper beharrik gabe komunitateko kide egiten gaitu. Jatorriak jatorri euskaraz egiten digunak herrikidetzat aitortzen gaitu, parekotzat gaitu.

Euskara eta feminismoa elkarri lotuta doaz. Euskarak planteamendu feministekin bat datozen ezaugarriak ditu (genero markarik gabeko hizkuntza izatea, genero markarik gabeko izenak izatea Euskaltzaindiak zantar-zantar bertutea den lekuan arazoa sortu zuen arte...) eta feminismoa hizkuntzen kudeaketan ere eredu oso onak ematen ari da, zapalkuntza anitzak kontziente egin eta berauek artikulatzen saiatzen baita. Bestela galde 500 laguneko Topaketetan euskaraz bizitzeko gakoez Bilgune Feministari. Euskarak eta feminismoak zapalkuntzan eta askapenean bat egiten dutenez, batean eta bestean pizten ari da noka kontzienteki aritzeko ideia, emakumeen arteko konplizitatea eta hizkera subertsiboa sustatzeko.

Zein izango da euskal estatuaren hizkuntza?

Auzolanean ARGIAren webgunean 40 hizkuntzatara itzuli dugun euskarari buruzko artikulua irakurri duen munduko herritar zozoenak ere lotuko du Euskal Herriaren independentzia nahia berezko hizkuntza edukitzearekin. Gehienei berezko herri bat denaren froga nagusia izango zaie berezko hizkuntza izatea. Askorentzat berezko estatuaren beharrari zilegitasuna ematen dion faktore nagusietakoa da euskara berreskuratzeko misioa.

Urruneko perspektibatik ura bezain gardenak dira berezko hizkuntzaren eta estatuaren arteko loturak. Aldiz, surrealismoaren mugak zeharkatu ditugu azken boladan Euskal Herrian, euskara independentziarako traba ote den entzutera iritsi baikara, independentziarako motibo nagusietakoa denean. “Itxaron, lehenik independentzia eta gero beste dena” esaldiak jada inuzenteena ere konbentzitzen ez duenez, posizioak argitzeko hona euskaltzaleok erantzutea eskatzen dugun galdera: Zein izango da euskal estatuaren hizkuntza ofiziala (eta erreala) euskara ez bada?

Zeren zain gaude dagoeneko baditugun erabakigune eta erakundeetan euskara beharrezko egiteko? Zer egin bitartean ikastetxeek eta euskaltegiek azken 40 urteotan euskaldundu dituzten milaka herritarrekin? Herritar denek %100ean euskara ikasi arte gaude zain? Hala bada, batetik, epeak markatzeko ordua da. Eta bestetik, euskara ikastea unibertsala eta doakoa egiteko unea ere bada.

Euskararen lurraldean inperialista zara?

Hizkuntza guztiek dute balio, zilegitasun, eskubide bera. Hizkuntza guztiek baina, ez dute nagusi diren lurralderik. Are gehiago, belaunaldi honetan izan dugun galera handietako bat da jada ez dagoela herririk euskara hutsean bizi daitekeenik, euskaldun elebakarrik ez dagoen bezala. Gure begien aurrean gertatu da, erdaldunak deseroso sentitzearekin kezkatuta geunden bitartean.

Euskal Herrian erdaraz jardun arazten duenak, kontzienteki edo inkontzienteki, euskarak munduan duen lurralde bakarra kolonizatzen jarraitzen du, euskarari espazioa kentzen dio. Hizkuntzen gatazka da Euskal Herriko herritarren artean mugitzen dena. Hizkuntzen gatazka hori kontziente eta ikusgarri egitea da gakoa, mahai gainera ekarri, eta dialektikoki landu. “Pertsonala politikoa da” irakatsi digu feminismoak. Migel etorri orduko koadrila osoa erdaraz egitera pasatzen bada, ez da Migel eta bion arteko arazoa, ez da koadrila honetako xelebrekeria. Migel erdaldun elebakarra da, eta gainontzekoak euskaldun elebidunak. Hizkuntza jarrera inperialista eta kolonizatuaren arteko talka da, eta talka horretan beti txikia galtzaile suertatzen da hizkuntzaz aldatzeko presioa aldez aldatu ezean.

Euskararen lurraldean errespetuz bizi nahi duenak, euskaraz egitera bultzatu behar ditu euskaldunak. Horretarako gutxienekoa du agertzea ulertzeko jarrera, ulertzeko gogoa. Kontzienteki egiten bada hobe, “nik oraingoz erdaraz egingo dut baina zuk hitz egidazu beti euskaraz”.

Arazoa aldez aldatzeko ordua

Bakoitzak hautatu dezala libreki (beraz, kontzienteki) zein hizkuntzetan mintzo den. Euskal Herriko gatazka linguistikoen historia ezagututa, euskararen egoera ezagututa, norberak egin dezala hautu kontzientea, politikoa, zer hizkuntzetan hitz egin.

Eta inork ez dezala inor derrigortu ezein hizkuntzan hitz egitera. Ez dezagun hizkuntzarik inposatu.

Bistakoa da euskaldunek (=elebidunek) ez dutela inongo arazorik elkarbizitzarako. Arazoa jarrera inperialista duten elebakarrak dira. Elkarri ulertzera, horretara baikaude behartuta herritarrak elkarrekin bizitzeko. Eta ulertzeko beharrezkoa den ia bakarra borondatea da.

Bizitza osoa “ez dut ulertzen” erantzunaz pasatzea erabakitzen duenak, arazo bat biziko du bizitza osoan, bai Parisen, bai Madrilen, bai Euskal Herrian. Arazoa ez da Parisen frantsesa, ez Madrilen gaztelera, ezta Euskal Herrian euskara ere, arazoa goizero jaiki eta kalera ateratzeko tapoiak jartzea da. Lasai, gatazkan bizi nahi ez duenak berehala alboratuko ditu tapoiak eta denbora gutxian euskara ulertzen hasiko da. Eta arazoan bizi nahi duenak, ba bai, berak erabaki bezala, euskaltzaleokin arazoa izango du bizitza osoan.

Aske izateko jaioak

Euskaraz mintzo gara gure hautua delako, kontzientea, politikoa, askea. Eta herritar gisa gure eskubidea. Hor konpon horrek azkuratzen duena.

Behin bakarrik biziko gara, eta ez gaude prest zapalduta, kolonizatuta, bigarren mailako herritar gisa bizitzeko. Are, euskaldun herritarrok zapalduta, kolonizatuta, bigarren mailan bizi bagara, euskararenak egin du.

Herritar diren heinean politikariei ere eska dakiekeen gutxienekoa, euskaratik eta euskaraz gobernatzea da, konplexurik gabe, hizkuntza zapaltzaileari zer irudituko beldurrik gabe, kolonizatuaren mentalitaterik gabe. Euskaratik eta euskaraz gobernatzen ez duten politikariek ez gaituzte euskaldun gisa ordezkatzen. Behin biziko gara, beraz, nahi dugun bezala bizitzea lortu dezagun: gure herrian bete-betean euskaraz.

 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Sindikalgintza hezkuntza publikoan: borrokatzen jarraitzeko beharra

Euskal Eskola Publikoaren alde borrokatzea STEILASen ikurra da. Ikasturte hasierarekin batera, gogoratu behar da aurreko ikasturtean hainbat kolektibotan akordio garrantzitsuak sinatzea lortu genuela, hezkuntza publikoan grebak eta mobilizazioak egin eta gero. Lan-akordio horiek... [+]


2025-09-18 | Josu Iraeta
Noren zerbitzura dago Ertzaintza?

Jakina da poliziari esku sartzeak beti dakarrela arrisku nabaria. Bere garrantziagatik eta seriotasunagatik, kontuz aztertu beharra eta larria denez, terminologia-trabarik gabe, badaezpada.

Duela aste batzuk Ertzaintzak Azpeitian egindako esku hartzeak, bertako herritar askok... [+]


2025-09-17 | Itxaro Borda
Larrazkena

Badirudi larrazkena agorrila erditsutan hasten dela aldaketa klimatikoaren ondorioz. Euri eskasez hostoak firurikan erortzen dira eta Otso Errekako iraztorrak denbora baino lehen gorritzen dabiltza: ikusgarria da! Historiako udarik beroena ukan dugu aurten eta tenperaturek... [+]


2025-09-17 | Imanol Epelde
Berriketa gutxi
Beste western bat

The Searchers filma ari ginen ikusten. Western bat, klasiko bat. Indioek Texaseko familia bati eraso egin eta bahituta eramango dute alaba. John Waynek urteak emango ditu indio gaiztoen atzetik alaba hura erreskatatu nahian. Filmak, bistan da, ez du kontatzen nolakoa zen Amerika... [+]


Irun ez da Iran

Nahiz eta, entzun dudanez, hala deitzen dioten gertuko herri batekoek. Mugako biztanleok izaera jakin bat omen dugu; nabaritzen omen zaigu inguru horretakoak garela, esaterako, irundarroi. Ba omen dugu zera berezi bat. Ez dut gehiegi sinesten kontu horietan, ondoren zera hori ez... [+]


Analisia
Trenez, posible bada

Ordenagailua piztear nintzela, eta udako azken eskaera bailitzan, “amatxo, kontatu artikuluan gaurko karreran ze ondo ibili naizen” eskatu dit txikiak. Kontatu diot trenei buruz hitz egin behar nuela gaurkoan, ez etapen amaierei buruz edota Palestinako banderek izan... [+]


2025-09-17 | Iñaki Murua
'Azalapain'

Bai azalak emonbe! Esaten dute Ondarroan, norbait nabarmen gizenduta ikustean. Ezagun bati alderantzizkoa entzun nion azalari buruz: “Azala hain daukat gorputzaren neurri justukoa, ezen norbaiti keinu egiteko begi bat ixten dudanean uzkerrak ihes egiten... [+]


2025-09-17 | Mikel Zurbano
Berdintasuna

Thomas Piketty eta Michael J. Sandel egileek berdintasunaren kontzeptua jorratzen duen liburua argitaratu dute aurten: Equality. What it means and why it matters (Berdintasuna. Zer esan nahi du eta zergatik du garrantzia, Polity argitaletxea). Pentsamendu garaikidean ospe handia... [+]


2025-09-17 | Cira Crespo
Modernoak gara?

Moderno izateak, hiztegiaren arabera, “gaurkoa, egungoa; garai berekoa” esan nahi du, eta baita ere, “jakintzak edo teknikak berrikitan eginiko aurrerapenez baliatzen dena”. Baina aro modernoa eta modernitatea aro historiko bat ere izan daitezke; hain... [+]


Teknologia
Tescreal

Radical futures diseinu espekulatibora zuzentzen den estudioak aurkezpen interesgarri bat partekatu du: A quick guide to the mythologies driving tech power (gida azkarra teknologien boterean daudenak gidatzen dituzten mitologien inguruan). Bertan diote Silicom Valleyko eliteak... [+]


Suteak, noren mesederako?

Edozein arlotan, arazo bat suertatzen denean, eta ia inor ados jartzen ez denean, ohiko galdera plazaratzea da onena: Nori egiten dio mesede?


2025-09-15 | Behe Banda
BARRA WARROAK
Norbere leihotik

Ez nuke zuen eguna izorratu nahi; ez jende guztia hitz egiten ari denaz hitz egin ere, baina azken asteotan, uda mugitu honen ondoren, sukaldeko leiho ondoko aulkian eseri eta munduari begira jarrita egon naiz. Begiak zabal-zabalik eta isil-isilik begiratu diot munduari bi... [+]


Ez Ferreirak, ez Bengoetxeak, ez Perezek

2024ko irailaren 11n, "Lortzear ote gaude?" izeneko artikulua argitaratu ziguten hainbat hedabidetan. Urtebete igaro da eta garbi esan dezakegu: EHUko gobernu aldaketak (Ferreira zen buru, Bengoetxea da orain) ez digu aurrerabiderik ekarri. Orduko zailtasunek zailtasun... [+]


2025-09-11 | Piter Encinas
Eutanasiaren legea laugarren urtez indarrean

Aurtengo ekainaren 25ean Eutanasiaren legeak laugarren urtemuga bete zuen. Nire iritziz, lege hori hainbat biztanleren lanari esker lortu da, eta, nolabait, pentsa dezakegu merezitako saria izan dela; izan ere, lege hori lortu bitartean pertsona askok erailketa salaketak,... [+]


Eguneraketa berriak daude