"Askatutako emakumeak izan ezean, ez da Kurdistan askerik izango"

  • Ernaik, Askapenak eta Bilgune Feministak gonbidatuta, Kurdistango bi militantek hitzaldi-bira egin zuten Euskal Herrian, otsail amaieran. Melike Yaşar da horietako bat. Kurdistango askapen mugimendua izan dute hizpide, bertan emakumeen mugimenduak eta gazteenak daukan garrantzia azpimarratuta. Ikuspegi sozialista tradizionalenetik bestelako eredu bat proposatzera igaro dira kurduak, eta, erasoak gorabehera, horretan dihardute buru-belarri.

Dani Blanco

Kurdistango askapen mugimenduaren oinarrietako bat da emakumeen mugimendua, bere egitura propioekin antolatuta dagoena.

Kurdistan, ezagun denez, lau estaturen pean banatua dago 1923az geroztik: Iran, Irak, Siria eta Turkia. Bereizketa horren kontra kurduek erresistentzia-taldeak antolatu zituzten berehala, nahiz eta ez zuten luzaroegiz iraun. Dena dela, altxamendu asko izan ziren, adibidez, Dersim eskualdean izan zen bat, 1938an. Emakume askok hartu zuten parte. Kurdistango askapen mugimenduan ikurrak diren emakume mordoa dago.

Militante garaikideago baten izena ekarriko dut hona, orain bi urte erail baitzuten Parisen, beste bi kiderekin batera: Sakine Cansiz. PKK-ko sortzaileetako bat izan zen, eta bizirik zegoela ere oso sonatua zen Kurdistanen, eredu bat zen. Besteak beste, kurduek Cansiz oroitzen dute Diyarbakir-eko espetxeko mugimenduan izandako rolagatik, 1980an, Turkiako estatu-kolpearen ondoren. Kolpe horrek gogorren eraso egin zion orduan sortu berria zen PKKri, besteak beste. Hainbat kide atxilotu zuten, tartean Cansiz, eta Diyarkabir-eko presondegira eraman. Bertako protestetan rol garrantzitsua jokatu zuen.

Esan liteke, PKKren eskutik hasi zela emakumeen mugimendua ere martxan jartzen?

Emakumeek hasieratik hartu zuten parte: unibertsitatean, PKKn… Dena dela, iraultzaren ikuspegi marxista-leninista zuten abiapuntu. Mugimenduarentzat garrantzitsua izan zen emakumeek parte hartzea, baina, nazioaren kausari zerbitzu egiteko. Noski, emakumeen berdintasunaren gaia mahai gainean zegoen; gainera, Kurdistango gizartean egitura patriarkalak erroraino sartuta zeuden. Edonola den, marxismoan bezala, iraultzaren osterako kontu gisa hartzen zen emakumeen askapena: iraultzaren ostean, estatu independente bat lortu ostean, denok izango gara libre, baita emakumeak ere. Hori akats handia da, horregatik joan zen pikutara errealsozialismoa, emakumeen gaia nazioaren atzetik ipini zelako.

Noiz hasi zen hori aldatzen?

Borroka armatua hasi zenean, 1984an, emakume askok jo zuten mendietara, borrokara. Emakumeen mugimendua esnatzen hasia zen, eta bultzada handia izan zen honetaz jabetzea: mendira jo zuten emakumeetako askok erabaki hori hartu zuten, ez hainbeste nazio askapenagatik, ez bada egitura feudal eta patriarkaletik askatzeko aukera gisa ikusten zutelako PKKren mugimendua.

Zer egoerarekin egiten zuten topo mendira joandako emakumeek?

Paradoxa handi batekin; izan ere, mendian, emakume eta gizon militanteak zeuden, bi-biak. Baina, gizon militanteak feudalak ziren, eta uste zuten emakumeek ezin zutela borrokatu. Parte hartu nahi bazuten, asko jota, atzeko lerroetan gera zitezkeen. Öcalanek bazuen horren berri eta horregatik aztertu zuen familiaren eta emakumearen gaia. Hasi zen jabetzen, askatutako emakumeak izan ezean, ez zela askatutako Kurdistanik izango.

Öcalanek izan du, beraz, eraginik.

Bai, are, hasierako garai hartan Öcalan Damaskon bizi zen eta formazio politikorako eskola bat zeukan. Militanteak eta komandanteak deitzen zituen horra, eta emakumeen askapenari buruzko formazioa ematen zien, irakasten zien sozialismoak emakumeen askapena izan behar zuela erdigunean. Eskolatik irten ondoren, formatutako pertsona horiek gizarteari helarazi behar zioten ikasitakoa. Herritarrek emakumeen askapenaren ikuspegia onartu zuten, Öcalanek zioelako eta buruzagi maitatua delako. Bihotzean eta buruan ikuspegi hori sinesten ote zuten ez dakigu, baina Öcalanek esandakoa bete egin behar zen. Hori abantaila handia izan zen guretzat, geure alde erabili dugu.

Bestalde, 1995etik aurrera, emakumeen askapenaren aldeko taktika bat jarri zuen martxan, erabat ezohikoa: lehenik, emakumeen mugimendu independentea hasi zen. Emakumeek beren kabuz antolatu zuten beren kuartela eta ekintza propioak egiteari ekin zioten –horri esker gizonen eta herritarren errespetua irabazten hasi ziren–, gero, emakume komandanteak ipini zituen gizonezkoen milizien buru, eta, azkenik, emakumeen alderdia sortu zen.

Zer motatako gizarte-lanak egiten dituzte emakumeen mugimenduko egiturek?

Kurdistango emakume militanteen metodo garrantzitsuenetako bat da etxez etxe joatea, mugimenduaren aldeko dirutxoa biltzera. Militanteek ez daukate etxe propiorik eta ez dira ezkontzen, 24 ordu eskaintzen dizkiote mugimenduari eta gizarteari. Benetan oinarritik hasitako mugimendu bat da. Egunean zehar, gizonak etxetik kanpo daudela, emakumeengana joan eta beraiekin hitz egiten dute. Sentsibilizazio-lanak egiten dituzte, esaten diete beraiek ere badirela mugimenduaren parte, are, beraiek gabe mugimendua ez zela posible izango.

Horrela, etxeetan dauden emakumeek beren arazoak kontatzen dizkiete batzordeetako emakumeei. Emakumeak joan daitezke batzordeetara eta esan: nire senarrak jo egiten nau, edo nire senarrak alaba ezkonarazi nahi du, 20 urte eskasekin.

Noski, emakumeentzako babes-etxeak daude, besteak beste, indarkeria jasan dutenentzat. Etxe horiek ez dira Europako edo Turkiakoak bezalakoak, ez dira babes-etxe soilak. Aitzitik, komuna gisa funtzionatzen dute: formazioa jasotzen dute, tailerretan parte hartzen dute, irakurtzen eta idazten ikasteko.

Gaur egun, Kurdistango askapen mugimenduaren paradigman, alegia, Konfederalismo Demokratikoan (KD), ezinbesteko zimendua da emakumeen askapena.

Öcalan espetxera sartzearekin batera fase berri bat hasi zen, bake-prozesu bat. Bertan, kritika eta autokritika prozesu bati ekin zitzaion. Öcalan konturatzen zen gauza asko lortuak zirela Kurdistan independente baten alde, baina jabetzen zen zerbait falta zela. 1999tik 2003ra, kontzeptu batzuei buruzko eztabaida egin zen: errealsozialismoa, patriarkatua, boterea eta sexismoa. Estreinako aldiz hasi ziren mugimenduaren barruan eztabaidatzen zeintzuk ziren errealsozialismoaren akatsak, zeintzuk ziren Marxen akatsak. Izan ere, nazio independentziaren ikuspegia ez zen aski gizartearen arazoari erantzuteko.

Konfederalismo Demokratikoaren (KD) paradigma demokratikoa da, ekologikoa, sexismoaren kontrakoa, eta emakumeen askapena du erdigunean. Estatuaren adar militarra, esate baterako, eraldatzea proposatzen du, eta armadaren ordez, herriaren autodefentsarako unitateak ezartzea, autodefentsa zilegiaren ildoa jorratuta: defenda zaitezke, baina ez daukazu erasotzeko armadarik, egitura inperialistarik.

KD sabai-egitura bat da, hainbat adar ditu: gazteen mugimendua, alderdi politikoa (PKK)… Bertan kuota berri bat ezarri zen: egitura guztietan egon behar du gizon adina emakume. Gainera, emakume horiek ez dituzte gizonek hautatzen, emakumeen mugimenduak bidaltzen ditu eta kito, onartu behar dituzte. Bestelako irizpideak ere ezarri ziren: emakume baten kontra indarkeria erabilitako oro zuzenean kanpora doa, baita bi emakumerekin ezkontzen dena ere bai.

Paradigma berri hori fruituak ematen ari da Rojavan (Mendebaldeko Kurdistan, Siriako Estatuaren parte den kurduen zonalde autonomoa).

Bai. Hedabideek batez ere alderdi militarra erakutsi dute: emakumeak ausarki borrokatzen direla eta abar; pozgarria dena, bestalde. Ez dute berririk eman sistema osoaren eraldaketari buruz, baina oinarrian KDren sistema ez balego, emakumeen askapena erdigunean daukana, emakumeak ez lirateke frontean borrokan arituko.

Zertan datza Rojavako sistema berria?

2011n gatazka hasi zenean, ez genuen Siriako erregimenarekin bat egin, ez eta erregimenaren kontrako koalizioarekin. Aitzitik, gure hirugarren ildoa ezarri genuen: KD. Udaberri Arabiarra hasi zenean, guretzat guztiontzat itxaropengarria izan zen, emakume arabiarrak diktaduraren kontra altxatu zirelako. Diktadura eraitsi zuten, baina beste bat etorri da, eta emakumeen egoera are okerragoa da orain, ez baitzeukaten alternatibarik. Rojavaren kasuan ez da hori gertatu kurduak prest zeudelako eta kaosa hasi zenean, beraien alde baliatu zuten.

Rojavan, adibidez, kooperatibak jarri dituzte martxan, nekazaritza-eredu propioa ezartzeko. Kooperatiba hauen neurrietako bat izan da ikustea zer lur zeuden erabilgarri eta nola ari ziren erabiliak izaten. Hartara, langabezian dagoen jendea bideratu daiteke jorratu gabe dauden lurretara.

Azken asteak oso itxaropentsuak izan dira Kobanen.

Bai. Baina, orain Kobane berreraiki behar da: azpiegiturak eta beste hainbat gauza. Deialdia egiten diogu jende guztiari, denek lagun dezakete, dirua emanda edo hara joanda: arkitektoak, sendagileak… denetik behar dugu. Helburu horretarako, elkartasun-batzordeak martxan jarri ditugu nazioartean, baita hemen bertan ere, Euskal Herrian. Hain zuzen, egunotan egin ditugun hitzaldietan, askok galdetu didate ea zer egin dezaketen Kobaneren alde. Behar-beharrezkoa zaigu laguntza guztia: egitura berri bat eraikiko da Kobanen. Mundu berri bat zabalduko da.

Konfederalismo demokratikoa

Abdullah Öcalan PKK-ko buruzagiaren proposamena da. 2005. urtean aurkeztu zuen, espetxean zela, nazio-estatuaren ikuspegi tradizionalarekiko kritika eta alternatiba modura. Öcalanen esanetan, estaturik gabeko pertsonen sistema demokratikoa da. Burujabetzan oinarritutako proposamen bat da, hala elikadurarena nola ekonomikoa, eta ekologismoa eta feminismoa ditu ardatzetako bi. Autokudeaketarako eredu bat da, non gizarteko sektore guztiek beren antolakuntza-egitura propioak sortuko eta kudeatuko dituzten. Askatasunaren ideologia du oinarri teorikoa: pertsona askatzea lortu behar da, gero pertsona horrek harreman askeak sor ditzan, alegia, jabetza-ikuspunturik gabekoak. Harreman horiek eraikiko dituzte familia eta gizarte demokratikoa.


ASTEKARIA
2015eko martxoaren 08a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kurdistan
2024-02-15 | El Salto-Hordago
Ocalan, 25 urte preso eta erabat isolaturik, Espainia eta Europar Batasunaren oniritziarekin

1999ko otsailaren 15ean Abdullah Öcalan atxilotu zuten, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) eta mugimendu independentista kurduko burua. Turkiako zerbitzu sekretuek Kenyan atxilotu zutenetik, Marmara itsasoko uharte batean dagoen Iämralä-ko kartzelan isolatuta... [+]


2024-02-04 | Aitor Aspuru Saez
Lara Vilanova
"Estatu Islamikoko emakumeekin zubiak eraiki genituen elkarrizketarako, baina zintzoak izan behar ginen eta gezurretan ez erori"

Lara Vilanova (1983, Bartzelona) argazkigintza zuzendaria da eta The Return: Life after ISIS, Sinjar, Cuerdas edota Hondarrak filmetan hartu du parte. Abenduan Euskal Herria bisitatu zuen The Purple Meridians topaketetan parte hartzeko Durangon.


Urtzi Urrutikoetxea
"Ohorezko krimenen ondorioz eraildako emakumeen hilkutxak emakumeek eurek eramateak sekulako eragina izan du Kurdistanen"

Urtzi Urrutikoetxea nazioarteko kazetariarekin mintzatu gara Radio Kobanen, iaz idatzitako Kurdistan-Argi bat ekialde hurbilean liburuari buruz. Testuak azken urteetako gertakizunei erreparatzen die, eta atzerago ere begiratzen du herri kurduaren egoera politikoa eta... [+]


2023-05-28 | Aitor Aspuru Saez
"Osasun sistema oso ahula dugu, ahaleginak ISIS, Turkia eta Al Asaden kontrako defentsan bideratu direlako"

Siriako Ipar eta Ekialdeko Autoadministrazioko osasun esparruko ardurak ditu Ciwan Mustafak eta herri kurduak lideratzen duen proiektu politikoaren osasun ministrotzat jo daiteke. Mediku-Ekintza Koordinakundea gobernuz kanpoko erakundearen laguntzarekin Eusko Legebiltzarrean... [+]


Eguneraketa berriak daude