Gasolina garestiago titaniozko barkuarentzat

  • Jendaurrean aurkeztu zenetik bi hilabete pasa dira, eta orduan irakurri ahal izan da zer sinatu zuten datozen hogei urteetarako kudeaketa akordioan euskal erakundeek eta Guggenheim fundazioak. Bilboko museoarentzat zenbait onura ekarri ditu testu berriak, baita bertako instituzioek diru gehiago jarri beharra ere.
    Akordioaren gakoak aztertu ditugu.

Flash eta gorbata eguna izan zen iazko abenduaren 3a Bilbon. Euskal instituzioek eta Solomon R. Guggenheim Fundazioak datozen 20 urteetarako akordioa sinatu zuten. Argazkian Juan Ignacio Vidarte, Jose Luis Bilbao, Iñigo Urkullu eta Richard Armstrong. Ordu
Flash eta gorbata eguna izan zen iazko abenduaren 3a Bilbon. Euskal instituzioek eta Solomon R. Guggenheim Fundazioak datozen 20 urteetarako akordioa sinatu zuten. Argazkian Juan Ignacio Vidarte, Jose Luis Bilbao, Iñigo Urkullu eta Richard Armstrong. Orduan hitzartutako testua ez da otsailera arte eskuratu ahal izan.Marisol Ramirez / Argazki Press

Ferrari batekin konparatu zuen Bilboko Guggenheim museoa Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak. Eta Ferrari batek, korri egingo badu, gasolina behar duela erantsi zuen. Arte-espazio batek gastatzen duen erregaia sormena dela pentsatzen baldin baduzu, ez, ez zen horri buruz ari. Diruaz ari zen, Bilboko itsasontzi titanikoaren finantzazioaz.

2014ko abenduaren 3a da, flash eta gorbata eguna Bilbon: museoaren aginte organoan dauden erakundeen ordezkariak –Bilbao, Aldundiaren izenean, eta Iñigo Urkullu, Eusko Jaurlaritzarenean– irribarretsu agertu dira pinakotekako zuzendari Juan Ignacio Vidarterekin eta Richard Armstrong Solomon R. Guggenheim Fundazioko zuzendariarekin. Akordio inportanteari autografoa jarri berri diote, hogei urterako berritu dute euskal instituzioen konpromisoa New Yorkeko zentralarekin.

Baina zer sinatu den ez da inondik ageri. Orain arteko finantzazioari buruzko daturik ere ez: kazetariek galdetu dutenean zenbat diru eman dioten euskal erakundeek Solomon R. Guggenheim Fundazioari 1994ko kudeaketa akordiotik hona, jarritakoa aise berreskuratu dela esplikatu da, inbertsio arrakastatsua izan dela, baina prezio justurik ez.

2015eko otsailean jakin da, azkenik, hitzarmenak letraz letra dioena, korapiloren bat askatu ondoren: Vicente Reyes PSE-EEko legebiltzarkideak eskatu zuen; hasieran ezetz erantzun zion Jaurlaritzak; eta parlamentuko mahaiaren bitartekaritzarekin eskuratu dute taldeek dokumentuaren kopia, paperean. Atzerapena zergatik? Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburuak azaldu du otsailaren 6an: akordioa New Yorken berretsi gabe zegoelako, bere esanetan.  

Zenbat euro dira 2,4 milioi dolar?

Agertzea kostatzen zaien dokumentuak gorabehera, kudeaketa akordioak zenbaki batzuk utzi ditu agerian, bai orain adostu direnak, bai 2014ra arte New Yorkeko fundazioari eman zaizkionak. Diru kontuetan Bilbo galtzen atera da: euskal instituzioek batez beste 1,7 milioi euro eman izan dizkiote urtero New Yorkeko espiral formako etxeari 1997tik. Aldizkari honek lortu duen dokumentuan irakurtzen denez, aurrerantzean 2,4 milioi dolar eman beharko dizkiote –2.109.982 euro, lerrook idazterakoan bi monetek duten trukearen arabera–.

Zergatik sinatu den akordioa dolarretan eta ez eurotan? Arrazoietako bat izan liteke AEBetako dirua egonkorragoa dela, Baleren Bakaikoa EHUko Ekonomia Aplikatuko katedradunak azaldu duenez. “Azken hilabeteetan euroa izugarri depreziatzen ari da dolarraren aldean. Eta Europako egoera kontuan hartuta, dolarrak berme handiagoa ematen du”. Bi moneten arteko borrokan AEBetakoa garaile ateratzen ari baldin bada, Ferrariak euskal erakundeetatik edango duen gasolinaren prezioa dibisa geroz eta garestiagoaren arabera finkatuko al da? Ekonomiak 20 urtean izan ditzakeen gorabeherak aurreikustea zaila da, baina momentuz, hala dirudi.

Ez da diru-ekarpenen atalak daukan iltze bakarra: akordioaren 7. klausulan, zenbat diru eta zein dibisatan zehazteaz gain, kopuru horren “eguneraketa” ere aurreikusten da: AEBetako CPI-U indizearen arabera egingo da, alegia, Estatu Batuetako inflazioak euskal instituzioen ekarpena baldintzatuko du. Zenbat eta garestiago bizimodua AEBetan, orduan eta sos gehiago Euskal Herritik New Yorkera.

Frankizia baino gehiago?

Apustua orain arteko errentagarritasunarekin justifikatzen da. Museoak maila sozial eta kulturalean ekarri duenarekin, baina, batez ere, ekonomikoki izan duen inpaktuarekin. Argudio hori erabili zuen Uriartek Legebiltzarreko kultura batzordean, kudeaketa akordio berriaren lau zutabeak esplikatzearekin batera: oreka, egonkortasuna, Bilbo eta New Yorken arteko kolaborazioan sakontzea eta parlamentuak emandako aholkuen errespetua.

Aitortu zuen Bilboko Guggenheimek etxe nagusiaren “frankizia” itxura daukala 1994ko akordioa irakurriz gero. “Une hartan ez zegoen gauzak bikaintasunez egingo ziren bermerik amerikarrentzat”, azaldu zuen, baina orain baietz, lortu dela, eta “menpekotasunetik elkarlanera” pasa direla sinatzaileak. Uriartek esplikatu zuenez, aurreko akordioan idatzia zegoen Solomon R. Guggenheim Fundazioak Bilboko museoa kudeatuko zuela; berriak aldiz, zeregin hori Bilboko museoaren fundazioaren esku geratuko dela dio. Eta antzeko ardura-aldaketak egin dira edukien garapena, aurrekontuen diseinua eta tankerako gaietan.

Baliteke Bilbok frankizia itxura gainetik kentzea, baina edukiei erreparatuz gero, eskuak lotuta dituen bezero baten antza du oraindik hitzarmen berrian. Euskal erakundeek ordainduko dituzte museoaren “kapital-behar eta funtzionamendu nahiz kudeaketa gastu guztiak”, egoitzaren mantenua eta langileen soldatak barne. New Yorkeko Fundazioak nagusiki programazio proposamenak eta marka jartzen ditu: urtero aurkeztuko dio aldi baterako erakusketen plan bat Bilbori, honek menuko eskaintzaren artean aukeratu dezan. Eta behin aukeratuta eta New Yorkek aurrekontua bidalita, Bilbok pagatuko du.

Akordioak ez du agintzen Guggenheim Fundazioari zenbat erakusketa kontratatu behar zaizkion, hori aurten berrikustekoa den beste dokumentu batean zedarrituko da, Programazio Artistikoaren Aitorpenean. Alor horretan autonomia handiagoa lortzea zaila izango dela dirudi ordea, Gehryren eraikin barruko funtzionamendu politika “Guggenheim markari lotutako museo bati eska dakiokeen kalitate mailaren eta zerbitzuen araberakoa” izango dela sinatu ondoren. Izan ere, nork esan dezake Guggenheim izenari dagokion nibela zein den, Solomon R. Guggenheim Fundazioaz aparte?

Bilbao-New York-Helsinki… Urdaibai?

Etorkizunean Europan zabalduko diren Guggenheim sareko museo berrien afera ere itxi dute abenduan. Gaiak titular polemiko batzuk utzi zituen 2011. urtean, orduan Jaurlaritzako Kultura sailburu zen Blanca Urgellek publikoki New Yorkeko fundazioari “leialtasuna” eskatu zionean. Helsinkin Guggenheim berri bat zabaltzeko asmoak probokatu zuen eztabaida. Horrelako erabaki batek Bilboko museoaren Europako esklusibotasuna arriskuan jarriko ote zuen galdezka tinta dezente gastatu zen. Gainera, plan horren berri prentsaren bidez izan zuen Urgellek, ondoren Lehendakaritzak informatuta zegoela adierazi arren.

2012an argitu zen euskal erakundeen jarrera: Helsinkiri bai, baina bi baldintzarekin. Batetik, Bilborentzat autonomia handiagoa –hitzarmen berriko hainbat puntutan islatzen dena–; eta bestetik, Europara ekarriko diren erakusketak Euskal Herrian estreinatzea. Datozen hogei urteetarako akordioaren arabera, Solomon R. Guggenheim Fundazioak Bilborekin kontsultatu beharko du beste edozein museo zuzentzeko edo kudeatzeko konpromisorik hartu aurretik, Finlandiako hiriburukoaren salbuespenarekin. Beste hainbeste egin beharko luke Bilboko Guggenheimek New Yorkekin, museo berriren bat martxan jarri nahi balu. Salbuespen batekin hemen ere.

Leku-izenik jarri nahi izan ez dioten arren, akordioak ateak zabalik uzten ditu Urdaibaiko Guggenheim bezalako proiektu bat garatzeko, “hedapen eteneko proiektu” gisa. “Bisualki adierazgarria den paisaia batean” garatuko litzateke museo berria, “Bilbotik kanpo, nahiz eta hiritik urrun ez egon”. Pista gehiago behar dituenarentzat: “Kokapen ikoniko batean, nortasun berezia duen lekuan” egingo litzateke; eta, publizitate katalogoko hizkeran esplikatuta, “arte-, natura- eta paisaia-konbinazio bikaina” eskainiko luke “esperientzia berezi batean”.

Iazko ekainean deitu zen Helsinkiko museoa eraikitzen hasteko lehiaketa arkitektonikoa, New Yorkeko fundazioak historian konbokatu duen lehenbizikoa; eta aurtengo ekainean jakingo da zein den proiektu irabazlea. Urdaibaikoaren martxa ez dago hain argi. Cristina Uriartek berak aitortu zuen sailburu izendatu eta hilabete gutxira: plana standby dago, egoera ekonomikoa hobetzeko zain. Edonola, Jaurlaritzak eta Aldundiak etorkizunean karta hori jokatzeko modua egin dute abenduan adostutakoarekin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bilboko Guggenheim
Materialismo histerikoa
Turista gara

Garai bakoitzak bere tenpluak ditu, botereak unean-unean jendeak zer gurtu behar duen erabaki duenaren araberakoak. Normalean, pertsonaren neurriak soberan gainditzen dituztenak, gora begiratzera garamatzatenak. Katedralak jainkoa bazen, ministerio neoklasikoak botere laikoagoak... [+]


2022-03-21 | Leire Artola Arin
Guggenheimeko garbitzaileek lortu dute soldataren %20ko igoera

Bederatzi hilabete greban pasatu ostean, akordioa itxi dute Ferrovial azpikontratarekin: soldata gordina 23.500 eurotik gorakoa izango dute eta lanaldi partzialak lanaldi oso izango dira.


Noa Eshkolen mugimendu notazioa, Sharon Lockharten begiradaren bitartez

Mugimendua deskonposatzen bide-urratzailea izan zen Eadweard Muybridge argazkilari eta ikertzaile britaniarra. Argazki segiden bitartez lasterketa-zaldien mugimendua era zehatzean jaso ahal izan zuen lehenengoz, eta 1887. urtean Animal Locomotion liburua argitaratu zuen,... [+]


2021-12-07 | Leire Artola Arin
Bilboko Guggenheimeko garbitzaileek hitzarmen bat negoziatzea eskatu dute

Ekainaren 1etik daude greban, besteak beste, soldata arrakalaren aurka. Emakumeak dira denak, eta salatu dute 900 euro baino gutxiagoko soldata eta "lan-karga jasanezina" dituztela.


2021-09-05 | Peru Iparragirre
‘Like beauty in flames’ erakusketa
Errealitate areagotua eta errealitate konkretua Guggenheimen

Bilboko Guggenheim museoarekin duen harremanean sakonduz errealitate areagotuan ikusi beharreko hiru artelan garatu ditu Jenny Holzer artista estatubatuarrak. Hitzen eta hitzak transmititzeko moduen inguruan eraiki du bere ibilbidea Holzerrek, hausnartzeko bideak iradokiz... [+]


Eguneraketa berriak daude