“Guggenheimen sukurtsal bat eraikitzea arriskutsua izan daiteke Urdaibaiko erreserbarentzat”

  • Edorta Unamuno (Ermua, 1970) Urdaibai Bird Center behaketa zentroko biologoa da. Urdaibaiko bisofera erreserba zaindu ahal izateko arriskuez, eta etorkizunean egin nahi dituzten proiektuek ekar ditzaketen eraginez hitz egin du CTXT hedabidearekin. 


2021eko uztailaren 30an - 10:25
Azken eguneraketa: 12:28
Edorta Unamuno. Argazkia: CTXT

100 kilometro karratuko hedadura dauka Urdaibaiko hezeguneak; 200 baino gehiago, eremu urbanoa kontuan hartuz gero. Hainbat landare eta animali espezie babesturen —tartean zenbait hegazti— bizilekua da. Edorta Unamuno biologoa da eta kontserbazio eta behatokia den Urdaibai Bird Center gunean egiten du lan.

Unamuno “pribilegiatu” sentitzen da, beti nahi izan duen lana daukalako. Baina ez du dena hain “bukoliko” ikusten, hezegunea dagoen moduan mantendu ahal izateko lan handia egin behar baitute. Urdaibai giza espoliaziotik defendatu behar dute. Kontrolik gabeko turismoa da adibideetako bat: Bizkaiko Foru Aldundiak iragarri du Guggenheim museoaren sukurtsal bat eraiki nahi duela erreserbaren gune babestuan dagoen ontziola zahar bateko lurren gainean. Proiektuaren hasieran data jartzea baino ez falta da orain. "Eraikiz gero, turisten etorrera oso ondo arautu beharko dute, ekosistema ez kaltetzeko", aitortu du Unamunok.

Zein altxor dago Urdaibain?

Padurak, kostaldeko itsaslabarrak, mota guztietako basoak (hariztiak, artadiak...) eta ibaiak daude. Mendia ere badago. Hain eremu txikian hainbeste ekosistema egoteak fauna eta flora kopuru ikaragarria egotea ahalbidetzen du. Eta aniztasun hori oso garrantzitsua da hegazti batzuentzat. Goiz batean, 60 edo 70 espezie ikus daitezke.

Nori ez zaio horrelako zerbait gustatzen?

Lursailen jabeei. 1984an biosferaren erreserba izendatu zutenean, jende askok eskualdearentzat negatiboa zela pentsatu zuen, giza ekintzari muga batzuk jartzen zizkiolako. Adibidez eraikuntzari, ehizari edo oso eremu sentikorretan arrantzatzeari. Jendeak ez zuen hezegunearen esanahia baloratu. Nire ustez, dena azkarregi egin zen eta administrazioek ez zuten lagundu horrelako erreserba baten ondoan bizitzeak zekartzan onura kolektiboak azaltzen.

Zein mehatxu dauzka hezeguneak?

Urdaibai espazio irekia da. Jendea askatasun osoz irten eta sar daiteke, baina horrek ingurumenaren zaintza eskatzen du. Eta ez du ondo funtzionatzen. Erreserba erabiltzeko eta kudeatzeko plan bat dago, paduraren zati batzuetara sartzea debekatzen duena, hazten ari diren hegaztiei edo faunari eragozpenik ez sortzeko. Baina ez da beti betetzen, eremu babestu batzuetan zaintza falta dagoelako. Eta administrazioa horren jakitun da. Azpiegitura hori hobeto zuzendu eta arautu beharko luke, turistikoa izaten jarraitzen baitu.

Unai Rementeria Bizkaiko diputatuak Guggenheim museoaren miniatura izango den sukurtsal bat eraiki nahi du Urdaibairen erdian. Proiektuak aurrera egingo duela dirudi. Zer iruditzen zaizu?

Egiteko moduaren araberakoa izango da. Biodibertsitatean 100etik zerora eragin dezake. Gernikan, Guggenheim museoaren sukurtsal batek, erreserbaren barruan, hirigunean, oso eragin txikia izango luke hemen. Erreserbako babes-gunean eraikitzen bada, ordea, arriskutsua izango da. Kasu horretan, oso ondo arautu beharko dute turisten etorrera, ekosistema ez kaltetzeko. Dena den, Guggenheimi buruz ari gara. Erakartzen dituen milaka pertsonengatik, kudeatzeko zaila da. Ez gaude proiektuaren aurka, baina administrazioei eskatzen diegu horrelako leku sentiberaren berezitasunez jabetzeko. Batzuetan zaila da natura eta turismoa uztartzea.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezeguneak
Usurbil eta Orio arteko trenbidean Aginagako tunela eraikitzeko proiektuari alegazioak aurkeztu dizkiote

Hainbat herritar eta elkarte –Eguzki eta Usurbilgo Aranerreka talde ekologistak, esaterako- alegazioak aurkezten ari dira Usurbil eta Orio arteko trenbidean Aginagako tunela eraikitzeko Eusko Jaurlaritzak jendaurrean jarri duen eta alegazio-epean dagoen proiektua... [+]


Berandu izan baino lehen, hil edo bizikoak ditugun hezeguneen desagerpena mugatu behar dugu

Garrantzia handiko ekosistemak dira hezeguneak. Jendartean eta herritarron iruditegian inportantzia gutxikoak izanik, hauen aldeko pedagogia lana egin behar dela diote aditu gero eta gehiagok. Hain zuzen, bioaniztasuna bermatzeko, herritarron egunerokoa segurtatzeko, baita klima... [+]


Eguneraketa berriak daude