Noa Eshkolen mugimendu notazioa, Sharon Lockharten begiradaren bitartez

  • Mugimendua deskonposatzen bide-urratzailea izan zen Eadweard Muybridge argazkilari eta ikertzaile britaniarra. Argazki segiden bitartez lasterketa-zaldien mugimendua era zehatzean jaso ahal izan zuen lehenengoz, eta 1887. urtean Animal Locomotion liburua argitaratu zuen, gizakien eta animalien mugimenduak xeheki eta modu analitikoan batzen dituen liburu aitzindaria. Ikerketa hari segika, Noa Eshkol dantzari eta koreografo israeldarrak gorputz mugimenduaren notazioaren ikerketari eskaini zion bizitza. Egun, bere lanaren emaitza ikusgai dago Bilboko Guggenheim museoan, Sharon Lockhart artistak egindako ikerketari esker.

'Eshkol-Wachman Mugimendu Notazioko Lau Ariketa', 2011 (Argazkia: Sharon Lockhart)
'Eshkol-Wachman Mugimendu Notazioko Lau Ariketa', 2011 (Argazkia: Sharon Lockhart)

Noa Eshkol dantzariak (Kibbutz Degania Bet, 1924-Holon 2007) pianoa, dantza eta gorputzaren kulturako ikasketak egin zituen AEBetan eta Israelen. Musikan erabiltzen den notazioa –pieza musikalak grafikoki adierazteko idazketa sistema– dantzara eraman nahi izan zuen, gorputzaren mugimendu aberats eta konplexuen konposizioak eta konbinazioak garatu ahal izateko. Bere izena daraman dantza-eskola sortu zuen Israelen; haren filosofia zen dantza bere horretan dela artea, eta beraz, eszenografiarik, jantzirik eta musikarik gabe praktikatu beharrekoa. Dantza minimala praktikatzen zuten eskolan, atentzioa gorputzak sor ditzakeen mugimenduetan jarriz eta horiek idatziz. Ikerketa horretatik abiatuta, 50eko hamarkadan, Avraham Wachman arkitektoarekin batera, sistema garatu zuen: Eshkol-Wachman Mugimenduaren Notazioa. Sistema horrek sinboloen eta zenbakien konbinazioa erabiltzen du edozein gorputz-adarren mugimendua definitzeko, eta hori da Eshkolen dantzaren praktikaren oinarria.

2008. urtean, Sharon Lockhart (Norwood, AEB, 1964) artista estatubatuarra Israelera joan zen egonaldi artistiko bat egitera. Noa Eshkolen dantza-eskola aurkitu zuen eta haren artxiboarekin egin zuen topo. Ahanzturan galdutako artxiboan Eshkolek urteetan egindako notazioak, apunteak eta alanbrezko hainbat esfera aurkitu zituen. Eshkol urte bete lehenago hil bazen ere, haren ikasleek –adin nagusiko dantzari profesionalak eta belaunaldi gazteagokoak– dantza praktikatzen jarraitzen zuten, astean bost egunez eta egunean bost orduz, oraindik ere haien irakasle izandakoaren diziplina zorrotzari men eginez. Lockhartek segituan ulertu zuen zerbait egin behar zuela eskola hartako dantzariekin eta artxibo hartan aurkitutako materialarekin. Lockharten praktika artistikoaren ardatza beti izan da komunitate ezberdinekin lan egitea eta horien bizipenak eta memoriak erretratatzea. Beraz, hemen, bazuen bilatzen zuena.

Esperientzia horretatik abiatuz, 2011. urtean, egun Bilboko Guggenheim Museoan ikusgai dagoen Eshkol-Wachman Mugimendu Notazioko Lau Ariketa bideo-instalazioa egin zuen. Pantaila erraldoi batean lau dantza ariketa ikus ditzakegu, bata bestearen jarraian. Bideoetan eszenografia xume bat planteatzen da, eta protagonista bakarra ageri da: Ruti Sela dantzaria. Selak, Eshkolen dantzari laguntzailea izan zena 1969tik hil arte, dantza-mugimendu neurtuak eta garbiak egiten ditu bideoan, publikoari klase tutorial bat emango balio bezala.  Dantzariak giza-gorputzak egin ditzakeen mugimendu guztiak exekutatzen ditu bideo motz horietan, mugimendu aseptiko eta keinu estoiko batez, programaturiko makina bat balitz bezala. Dantzariak eszenografia osatzen duten gris koloreko lau kubo formako pieza artean egiten du dantza, eta egitura arkitektoniko horiek kokapenez aldatzen dira bideo batetik bestera. Lau bideoetan denak du dimentsio neurtu eta iraunkorra.

Bideo-instalazioaz gain, Lockhartek Eshkolen estudioan aurkitu zituen alanbredun esferen argazkiak aurkezten ditu neurri handian inprimatuta. Esfera zirkular horiek eskulturak diruditen arren, koreografoak bere ikerketak egiteko tresna gisa erabiltzen zituen, edozein funtzio artistikotik at. Mugimenduen mapak ziren, gorputzak mugimenduan daudenean ardatza non kokatzen den ikusteko eta segidan datorren mugimendua idazteko gailu gisa erabiltzen zituen. Hala eta guztiz ere, Eshkol ez zen dantza-notazioa egiten bakarra; nazioarteko dantza garaikideko figura goraipatuenetako batzuk –hala nola, Analivia Cordeirok edo Merce Cunninghamek– beren koreografietako asko “dantza notazioak” izenburu esplizituarekin ere izendatu zituzten.

Lockhartek duen ekoizpen-artistiko anitza eta esanguratsua kontuan izanda, museoko Film&Video espazioan aurkezten den proiektu hau motz gera liteke artistaren jarraitzaile direnentzako; batez ere, bertan erakusten diren argazkiak 2020an Tabakalerako Cybernetics of the Poor erakusketan era ikusgai egon zirelako. Lockhartek, nagusiki, zinema eta argazkilaritza lantzen ditu eta ibilbide luzeko artista da. 2005ean Los Angeleseko bizitza frenetikoa albo batera utzi eta Kaliforniako mendialdera lekualdatu zen. Sierra Nevadako mendilerroaren oinetan, hango herrixketako umeak erretratatu zituen; estudioko-argazkiak eginez bertako umeen argazki galeria bat egin zuen, baita haien jolasak erretratatuz eta urtaro bakoitzean natura nola aldatzen den irudiz erakutsiz. Pine Flat izeneko lan horrekin, urte hartan artistari bakarkako erakusketa egitea eskaini zioten Bilboko Rekalde Aretoan, Chus Martínez komisarioak gidatua.

Ikus-entzunezko piezetan denborarekin ezartzen duen harremana eta komunitate ezberdinekin –izan langileak, gimnastak, nerabeak edo militarrak– lan egiteko modua bere obraren ezaugarri garrantzitsuenetarikoak dira. Lunch Break (2008) filmean, Maine estatuko ontziola batean lan egiten duten 42 langileren otordua erretratatzen du. 35mm-tan grabatutako pelikulan, bazkaltzeko etenaldia ere jasotzen da, eta jarduera ugaritan (irakurtzen, lo egiten, hitz egiten) aritzen diren langileak ikusi daitezke. No-no Ikebana eta Goshogaoka lanek ere badute beren interesa. Beraz, izan bedi Guggenheimeko erakusketa hau Noa Eshkolen eta Sharon Lockharten lanen inguruan jakin-mina piztarazteko -edo areagotzeko- aitzakia.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Artea
2024-04-21 | Reyes Ilintxeta
Elisabeth Pérez. Sorkuntzaren defendatzailea
"Adimen Artifiziala etorkizuneko tresna ei da, baina bere funtsa iraganeko sormen lanak lapurtzea da"

Martxoan Iruñean egin zen liburu denden kongresuan ezagutu nuen Elisabeth sortzaileen lana pasioz defendatzen Adimen Artifizial sortzailearen aurrean. Handik gutxira elkarrizketa egiteko gelditu ginen Bolognako Liburu Azokara eta Kolonbiara joan aurretik. Aitortzen dut... [+]


'Denbora geldirik dagoen lekua': Wiki Loves Monuments 2023 lehiaketaren irabazleak

2023ko Wiki Loves Monuments argazki lehiaketako hamabost irabazleak iragarri dituzte. Wikipediaren atzean dagoen Wikimedia Fundazioak urtero antolatzen du eta munduko argazki lehiaketa handiena da. Iaz 46 herrialdetako 4.700 argazkilarik parte hartu zuten, lizentzia libreak... [+]


Jone Erzilla
"Denok ditugu esperientzia estetikoak, baina oso zaila da hori museo batean gertatzea"

Denbora darama “ingurua intentsifikatzeko gai diren horiei” begira eta horiekin lan egiten saiatzen, horretarako gertu duenari arreta jarriz. Irudietatik, hitzetatik, argitik eta horiek espazioan agertzeko duten forma eta moduetatik egiten du lan, batez ere. Orain... [+]


Erakusketa lehenago kenduko dutelako zentsura salatu du Iruñeko LKN artistak

Talde erlijioso batek eskatuta kenduko dute LKN artistaren obra Iruñeko Morea saltokitik: "Ez dut inoiz iraintzeko asmorik izan; nire begirada artistikoa eskaini nahi nuen".


Eguneraketa berriak daude