Errealitate areagotua eta errealitate konkretua Guggenheimen

  • Bilboko Guggenheim museoarekin duen harremanean sakonduz errealitate areagotuan ikusi beharreko hiru artelan garatu ditu Jenny Holzer artista estatubatuarrak. Hitzen eta hitzak transmititzeko moduen inguruan eraiki du bere ibilbidea Holzerrek, hausnartzeko bideak iradokiz ikusleei. Hona hemen Like beauty in flames erakusketak Bilboko museoaren testuinguruan iradokitakoaren zati bat.

Jenny Holzerren 'Like beauty in flames' erakusketako pieza bat, Bilboko Guggenheim museoan.
Jenny Holzerren 'Like beauty in flames' erakusketako pieza bat, Bilboko Guggenheim museoan.

1970eko hamarkadaren amaieran, New Yorkeko (AEB) Manhattan barrutiko hormetan beltza zurian inprimatutako esaldi batzuk agertzen hasi ziren: “Dezentzia gauza erlatiboa da”, “Deskribapena metafora baino baliotsuagoa da”, “Antolakuntza eza anestesia mota bat da”, “Askatasuna luxua da, ez beharrizana”, “Zure motiboak ezkutatzea doilorkeria da”, “Gehiegi jatea kriminala da”, “Lasai dagoen gizona ez da nahitaez gizon hobea”, “Botere gehiegikeriak ez gaitu harritzen”, “Batzuetan hobe da ezer ez egitea burugabeki funtzionatzea baino”... Zerrenda luzea da, aforismo eta eslogan gisako 300 esaldi inguruk osatzen baitute Truisms (1977-1979) obra.

Sinatu gabe agertu ziren lelook hiriko hormetan, jendearen arreta esaldien esanahian pausa zedin, eta ez egilearengan. Jenny Holzer (1950, Ohio, AEB) artistaren lan ezagunenetakoa da Truisms, eta ordutik hona hainbat artelanetan baliatu ditu orain dela berrogei urte bildutako esaldietako batzuk. Garai hartan irakurri zituen filosofia eta literatura lanetatik kondentsatutako esaldiak dira gehienak, egia jakintzat jo daitezkeenak batzuk; hortik izenburua: Topikoak.

Esaldi guztiak izan daitezke, itxuraz, zuzenak, baten edo besteren begietara, bederen. Eta esaldien arteko kontraesanak, edo esaldi baten eta irakurtzen duenaren arteko kontraesanak, edo desberdintasun txikiak, kezkak, sortzen du hausnarketa. Izan ere hori da obraren helburuetako bat, Holzerren obran konstantea dena: eguneroko auziei buruz hausnarraraztea, horretarako modu publikoan erakutsitako esaldiak eta poemak baliatuz.

Hitzaren funtzioa
Idatzitako hitza, esaldia, bilakatu da Holzerren obraren ezaugarri erakusgarrienetako bat. Hitza bera nola eman izan da berrikuntzarako baliatu duen bidea. Hasieran hormetan jarritako kartelak izan baziren, informazio paneletara igaro zen gero, eta euskarriekin esperimentatzen jarraitu du geroztik: brontzezko eta zilarrezko plaka ofizial-itxurakoak, kamisetak, bereziki sortutako led panelak, granitozko bankuak, kondoi-bilgarriak, proiekzio erraldoiak...

Argazkia: Peru Iparragirre

Helarazten den mezuaren eta helarazteko moduaren inguruko kontzientzia erabatekoa da Holzerren artelanetan. Bere testuez gain besterenak ere erabiltzen ditu egun, eta batez ere poemetan topatzen du lanerako materiala, baina baita testigantzetan eta dokumentu ofizialetan ere. Edozein kasutan, kontenplaziorako eta hausnarketarako abiapuntu aproposak dira hautatzen dituen testuak. Gutxitan ematen du instrukziorik obraren inguruan, loturak egitea eta ondorioak ateratzea ikusleari utziz. Ez da zaila suertatzen granito gorrizko banku batean zizelkatutako hitzen aurrean pentsatzen jartzea, edo ziztuan etengabe igarotzen ari diren esaldi misteriotsuei beha geratzea, gogoari alderrai ibiltzen utziz.

Bilboko Guggenheimen inoiz sartu denak ziur aski erreparatu dio Holzerrek museoarentzat 1997an propio sortutako Installation for Bilbao (Bilborako instalazioa) lanari: led zutabe eskutada bat, bi aldetatik testua daramatenak, argi gorriz emanda aurretik, urdinez atzetik.

Artistaren eta Bilboko museoaren arteko harremana estua izan da urteotan zehar, eta bere beste obra batzuk ere ikus daitezke bertan: grabatutako granitozko bankuak, serie eta garai desberdinetakoak, eta Siriako gerra bizi izandakoen testigantzak erakusten dituen lau aurpegiko led panel bat. Halaber, 2019an egin zuten museoan Holzerren obraren erakusketa esanguratsua: Jenny Holzer. Zera deskribaezina izenekoa. Erakusketaren lehen egunetarako prestatu zuen Bilborako obra. Nazioarteko eta Euskal Herriko 19 poetaren testuak proiektatu zituen museoaren kanpoko hormetan.

Edertasuna garretan bezala
Guggenheimen aurten ikusgai jarri duten Like beauty in flames (Edertasuna garretan bezala) lana, ordea, berezia da besteen aldean. Izan ere, errealitate areagotuan soilik ikus daiteke, horretarako sortutako aplikazio baten bidez. Hiru piezak osatzen dute. Museoko atrioan ikus daiteke lehena. Atrioko hiru solairuetako puntuetan kokatuta lortu daiteke sarbidea. Eraikinaren kanpoaldetik ikus daiteke bestea: museoaren hormetan poema batzuen proiekzioa simulatzen du piezak. Azken piezari dagokionez, munduko edozein lekutan egonik ere ausaz agertzen diren esaldiak ikus daitezke norberak nahi duen paisaiaren gainean.

Atrioko piezari dagokionez, behin sarbidea eskuratuta atrioaren erdigunerantz begira jarri behar da telefonoa (edo aplikazioa instalatua duen gailua). Airean flotatzen agertzen da led panel artifizial bat, Holzerren obran ohikoak bilakatu diren panelen antzekoa, eta bertan irakur daitezke Truisms lanean berrogei urte atzera bildutako esaldietako batzuk euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Forma ezinezkoak hartzen ditu panel artifizialak, atrioan gora eta behera biraka, kiribilduz, infinitua ere irudikatuz une batean.

Argazkia: Peru Iparragirre

Errealitate areagotuko led zutabe birtuala, ordea, ez da panel materialak bezalakoa. Lekuari lotuta dago, besteen modura, baina ez dago eskuetan hartzeko aukerarik, edo haren aurrean lasai esertzeko modurik. Mugitzen ari da, ihes egiten duela dirudi. Zaildu egiten du horrek testuari erreparatzea, esaldiaren hizkuntza eta hitz solteak justu-justu harrapa daitezke. Atrioaren solairuetan gora eta behera ibilita zer pentsatua ematen du. Jende andana dabil museoan, baina inor gutxi ari da obrari telefonoaren pantailatxotik begira. Hor dago Like beauty in flames, baina ez dago, eta hitz dantzariei begira egonda ere ez dagoen zerbaiten traza hartzeko arriskua dago. Iradokitzailea da pieza, piezaren beraren izaerarengatik. Espazioa nola okupatzen duen artelanak, espaziorik okupatu gabe, sosegurako denborarik eman gabe. Garaikidea da bete-betean ikuslearen sentipena, eta mugikorraren bitartekaritzak ere berezi egiten du esperientzia, aldi berean posible egiten eta mugatzen, oztopatzen duelako hein batean.

Anna Swirszczynska poeta poloniarraren poema batetik hartutako esaldi batek ematen dio izenburua obrari: “Museoa sutan dago. Lastoa bezala / gizonen belaunaldiek ohoratutako edertasuna / erretzen ari da. / Ez du preziorik / gizon baten gorputzak bezala. // Gizon bat, museoa zaintzeko baizik / ez dena egon munduan / garaiz iritsi ahal izan da. // Bizirik ateratzen bada / hurrengo belaunaldiei / berretsiko die / nola edertasuna hiltzen ari zen edertasuna / garretan bezala”.

Beste bi piezak osatzen dute obra. Museoaren kanpoaldean kokatzen da bigarrena. 2019an egindako Bilborako proiekzioa oroitarazten du. Pantailatxoari begira proiekzio horren simulazio modukoa ikus daiteke museoaren inguruko puntu desberdinetatik. Bertan irakur daiteke Swirszczynskaren poema, eta museoaz beraz ere gogoetatzeko aukera ematen du horrek. Teknikoki onplexuagoa dirudi piezaren edukiak, ez da testua bakarrik, edo testuaren edukiontzi sinple bat edozein atze-planorekin bateragarria dena. Kasu honetan testua eta atze-planoa (museoaren eraikina) batera doaz. Horregatik, Guggenheimen gaueko irudi bat agertzen zaio erabiltzaileari telefonoan, eta bertan testuak proiektatuta. Sentsazio bitxia da dena dela. Aurrekoaren modura, ez da esperientzia erosoa. Arratsaldeko eguzki betean eskua altxatuta mantendu behar da telefonoa begien aurrean eduki eta pantailatxoan desfilatzen duten hitzak ikusi ahal izateko.

Hirugarren pieza edozein lekutatik ikus daiteke. Truisms obrako esaldiak ausaz agertzen dira pantailan erabiltzailea dagoen lekuan egonda ere; edonora eraman daiteke artelana, nolabait, sakelakoa baizik ez da behar. Esaldia aldatzeko botoia sakatu eta behin eta berriz agertzen da, beste batzuen artean, euskarazko esaldi bat: “Bere burua gainditzea da gizakiaren patua”. Norberak jartzen dion atze-planoaren arabera ironikoagoa edo zinikoagoa bilakatzen da. Badago beste bat ere, erdaraz agertzen dena: “Alienazioak eszentrikoak edo iraultzaileak sortzen ditu”.
 

Argazkia: Peru Iparragirre

Esaldi berriak bildumarako
Badira hilabete batzuk museo ingurua milaka papertxok janzten dutela. Papertxo karratuak zurian beltz hainbat lelo idatzita daramatzatenak. “Titanioaren eta artelanen ostean prekarietate laborala gordetzen da”, “Guggenheim entzun, garbikuntza pim pam pum”, “Guggenheim prekaritate laboralaren museoa da”...

Ezin da aipatu Bilboko Guggenheim bertako garbitzaileen greba aipatu gabe. Idazterako unean, 80 egunetik gora daramatzate greban. Papertxoez gain protestan ari diren langileak ere biltzen dira museoaren inguruan. Ekintza ikusgarriak antolatzen dituzte astero jendearen arreta titanio distiratsutik aldendu eta haien egoeraz ohartarazteko.

Museoaren garbiketa azpikontratatutako zerbitzua da eta 20 orduko lanaldiarengatik 600 euro inguruko soldatak dituzte langileek. Soldata arrakalaren aurka ari dira protestan, barrualdeko garbitzaileen sektorea feminizatua izanik sektore maskulinizatuagoa den kale-garbitzaileekiko urtean 8.000 euroko arrakala dagoela salatzen dute. Enpresak entzungor egiten die oraingoz, baina jarraitzen dute kaleak aldarriz betetzen, Holzerren lanekin elkarrizketan emaitza berezia ematen dutenak.  

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Artea
2024-04-21 | Reyes Ilintxeta
Elisabeth Pérez. Sorkuntzaren defendatzailea
"Adimen Artifiziala etorkizuneko tresna ei da, baina bere funtsa iraganeko sormen lanak lapurtzea da"

Martxoan Iruñean egin zen liburu denden kongresuan ezagutu nuen Elisabeth sortzaileen lana pasioz defendatzen Adimen Artifizial sortzailearen aurrean. Handik gutxira elkarrizketa egiteko gelditu ginen Bolognako Liburu Azokara eta Kolonbiara joan aurretik. Aitortzen dut... [+]


'Denbora geldirik dagoen lekua': Wiki Loves Monuments 2023 lehiaketaren irabazleak

2023ko Wiki Loves Monuments argazki lehiaketako hamabost irabazleak iragarri dituzte. Wikipediaren atzean dagoen Wikimedia Fundazioak urtero antolatzen du eta munduko argazki lehiaketa handiena da. Iaz 46 herrialdetako 4.700 argazkilarik parte hartu zuten, lizentzia libreak... [+]


Jone Erzilla
"Denok ditugu esperientzia estetikoak, baina oso zaila da hori museo batean gertatzea"

Denbora darama “ingurua intentsifikatzeko gai diren horiei” begira eta horiekin lan egiten saiatzen, horretarako gertu duenari arreta jarriz. Irudietatik, hitzetatik, argitik eta horiek espazioan agertzeko duten forma eta moduetatik egiten du lan, batez ere. Orain... [+]


Eguneraketa berriak daude