Entresaka

Jakin berri dut, egunerokoan logikoak egiten zaizkigun hainbat ekintza “arraro” bihurtzeak, objektuak erori egiten direla esate baterako, bultza gaitzakeela hauek era berri eta egokiagoan aztertzera, ezagutzera. Zalantza eta galdera gure sormena martxan jartzeko behar ditugun derrigorrezko tresnak ditugula, hain zuzen ere zalantza eta galdera gehiago sortu ahal izateko. Jakin-mina.

Ulertu ahal izan dut ere testu baten aurrean gaudenean hitz ugari –aparteko esanahirik ez dutelako edo– soberan ditugula testu horrek dioena ulertzeko, eta garrantzitsuak egiten zaizkigun hitzek erreakzioak sortzen dituztela gure garunetan. Eta neurozientziari lotutako jardunaldi hauetan ikasitakoa egunerokotasunari aplikatuz, konturatu naiz azken hogeita bost urteak eman ditudala kiroletan lanean eta entresaka egiterako orduan nire garunean arreta sortu duten uneak oso gutxi izan direla. Testu luzea bai, baina esanahi gutxikoa izan ote da, ba?

Txispazoa sortu zizkidatenen artean, ASPE sortu zenekoa gordea dut. Donostian ginen ETBko pare bat gorbatadun eta ni neu albistea zabaltzeko irrikitan. Hori gerta zedin, Augusto Ibañez Titin III.ak kontratua sinatu behar zuen, eta gainontzeko pilotariak Bilbo inguruan zain ziren, errioxarrak noiz sinatuko, eurak ere sinatu ahal izateko. Bestela, itxura onik ez.

Luis Benito Nalda pilotari ohia zuen aholkulari eta akuilulari Triciokoak, eta “txakur zaharrak” bazekien hogeita hamaika eskutik zituztela. Zer eskatu, huraxe emango zietela. Eta oso estu hartu zuen Augusto, kontratuan azken uneko aldaketak exijitu zitzan. “Bizitzan behin izaten dira horrelako maukak”, errepikatu zion denon aurrean behin eta berriz. “Gainontzekoez ez arduratu orain. Zuzenduko du okerra denborak”.

Baina Titinek hitza emana zien hurrengo urteetan lankide izango zituen haiei, eta hitza bete egin zuen enpresa berria sortuz eta bide batez kristoren “pelotazoa” jotzeko aukera bertan behera utziz. Ez ziren etxera nahi orduko iritsiko egun hartan pilotaria eta pilotari ohia! Donostia eta Errioxa batzuetan oso urrun geratzen dira.

Eta orain, Augustok galtza zuriak non dituen ez dakienean jada, distantziak ematen duen perspektibarekin, bere jatortasuna, artearekin gertatzen den legez, argiago interpretatzen dut.

Urrundu eta arreta sortzen didana argiago ikusi, okulistari bisitatxo bat egin beharko diot!

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-05-29 | Karmelo Landa
Setioa

Setio egoeran bizi gara euskaldunok eta katalanak Espainiako Estatuan, eta gainera ez dugu horren kontzientzia argirik, uste dut. Katalunian hori oso nabarmena izan da azken hauteskundeetan eta ondorengo egoeran.

Benetan aztertzeko modukoa da gertatu dena: Espainiako botere... [+]


Eguneraketa berriak daude