Elikaduraren kudeaketa, eraldaketa sozialerako tresna

  • Zenbat dira Euskal Herrian gose diren biztanleak? Nola kudeatu beharko genuke elikaduraren krisia? Zein ardura dute administrazio publikoak, ezkerreko mugimenduek, herritarrek honetan guztian? Elikadura burujabetza izan al daiteke soluzioa? Galdera horiei heldu zieten GITE-IPES elkarteak urrian Bilbon antolaturiko jardunaldietan. Hona ekitaldiak emandakoa.

Jateko eskubidea nazioarteko eskubide positiboa da, Nazio Batuen Erakundeak onartua eta tartean Espainiako eta Frantziako gobernuek sinatua. Eskubide transbertsala da: ekoizpenaz, banaketaz, enplegua eta jakiak lortzeko aukeraz… mintzo da, eta zera dio: “Elikagaien banaketa orekatua bermatuko duten neurriak hartzeko konpromisoa dute Estatu sinatzaileek, baita zuzenean esku hartzekoa ere, elikadura egokia lortzeko gai ez diren herritarrak eta taldeak daudenean”. Haatik, arlo honetan administrazioak funtzio utzikeria egiten duela eta elikadura krisiaren erantzukizuna zuzenean gobernuz kanpoko erakundeen eta herritarren solidaritatearen esku uzten duela iritzi dio Ramón González Parada soziologoak: “Horregatik harritzen nau sindikatuek, elikagai bankuek, Caritasek, alderdi politikoek… mahai gainean elikaduraren gaia jarri ez izanak, etxebizitza, hezkuntza edo osasuna bermatzeko eskubidearen alde egiten den borrokaren pare; ezkerrak bere estrategian barneratu beharko luke elikagaien gestioa”.

Izan ere, datozen urteetan premia dutenen artean elikagaiak banatzen jarraitu beharko dela aurreikusiz, banaketa horrek eraldaketa sozialerako tresna izan behar duela aldarrikatu du Gonzálezek. Gaur egun, beharra dutenei elikagaiak helarazteko dagoen moduak enpresa handiei egiten die mesede, horiekin hitzematen baititu administrazioak erosi beharreko jakiak. Eta kanpaina herritarrak ere (Kilo Operazioa eta halakoak) merkataritza gune handiekin adostu ohi dituzte elikagai bankuek. “Kontua da –dio soziologoak– arazoa sortu duten enpresa handiak eta agroindustria bera direla konponbidean aktiboki parte hartzen dutenak, euren interesen araberako irtenbideak bilatuz, Estatua ordezkatuz eta politikoki, ideologikoki eta ekonomikoki posizio indartsua berenganatuz. Horren aurrean, hartzaileek rol pasiboa utzi eta duten arazoa konpontzeko aktore izan behar dute, antolatu egin behar dira; denak, hartzaile eta banatzaile, arazo sozial bati aurre egiteko kolaboratzaile bilakatu behar dira”.

Caritas eta ezkerreko mugimenduak

Caritasen ilara egitea ez bestelako formulak bilatu behar direla azpimarratu du soziologoak, baina horretarako Caritasekin –elikagaien banatzaile nagusia izanik– hitz egin beharra dagoela dio: “Madrilen, ezkerreko taldeak hasi dira banaketaz arduratzen, eta Caritasen gauza berdina egiten dute, baina okerrago, ez daudelako hain ongi antolatuta. Zergatik lehiatu? Zergatik ez da saiatzen ezkerra Caritasekin hitz egiten? Egia da Elizak monopolizatzen duela erakundea, baina milioi bat herritar baldin badaude Caritasen jakiak eskatzen, goseak dagoen milioi hori baztertu egingo dugu Caritasen dagoelako? Jende horrengana gerturatu behar dugu. Egun batetik bestera ez dugu aldaketa lortuko, baina beste era batera lan egiten hasiz gero, eredu berria laster zabalduko da, denentzat hobea delako herritarrek beren pobrezia antolatzea, inguruan erostea, bertako merkatariek parte hartzea, boluntarioek aldaketa eta presio soziala eragitea…”.

Grezian Syriza koalizio ezkertiarrak bultzaturiko ekimena jarri du adibide: jakiak hartzetik kooperatibetan auto-antolatzera igaro dira herritarrak, karitatearen eskematik elkartasunera, “jendea biktimizatu beharrean, egoera horretatik ateratzeko baliabideak ematea baita bidea”. Administrazioaren ardurari dagokionez, beste adibide bat jarri du soziologoak, Espainiako Los Molinos herrikoa: beharra dutenentzat udalak diruz laguntzen dituen elikagai-txekeak hornitzaile sare lokalarekin negoziatu ditu; hala, dendariek merkeago saltzen dituzte oinarrizko produktuak txekearen truke, eta txekea udalak ordaintzen dio ondoren dendariari. Bertako ekoizle txikiak lagunduko dituen banaketa sistema hobesten da horrela, gertuko erosketak eta inguruko enplegua sustatuz. Hain juxtu, David Lopategi gizarte hezitzaile eta Bilboko zinegotziaren hitzetan, elikagaiak erosteko administrazioak inbertitzen duen dirua aintzat hartuta (catering-ak, diru-laguntza zuzenak, elikagai-txekeak…) eraldatzeko gaitasun handia du eskuartean botere publikoak: “Milioika euroz ari gara eta horiek bertako ekoizleetan, merkatari txikietan, kooperatibetan bukatzen badute, ondorioa izugarria da inguruko ekonomian. Adibidez, Bilboko Udalak diruz laguntzen dituen elikagai-txekeak BM, Carrefour eta antzerakoetan baino ezin badira erabili, zein ari da jasotzen administrazioak egin duen inbertsio zuzena? Zer elikadura mota ari da sustatzen eta zein ekoizle motaren mesedetan?”.

Egungo eragile nagusietakoa direnek ere, elikagai bankuek, beharrezkotzat jotzen dute aldaketa. Luis Crovetto Bizkaiko Elikagai Bankuko presidenteordearen esanetan, identitate arazo bat daukate, botatzear diren jakiak galdu ez daitezen jendartean banatzeko sortu baitziren elikagai bankuak, baina krisia medio elikagaien banaketan maiorista bihurtu dira. “Jaio ginen espiritutik aldendu gara; 2014an hilero 1.000 pertsona lagundu ditugu eta ahal duguna egiten dugu. Administrazioarekin harreman etengabea izan behar dugu, elkarri laguntzeko, eta udal ugarik hala egiten du, baina Bilbokoak adibidez ez: dirua jartzen du, baina ez dugu gizarte langileen kolaboraziorik. Administrazioak, hortaz, lagundu egin behar du, eta funtsean krisitik atera behar gaitu, gure ustez elikagai bankuok ez genukeelako existitu behar, beharrezko ez izatea gustatuko litzaiguke”.

http://www.argia.eus/fitx/irudiak/gose1.jpg

Elikadura burujabetza eta arduren banaketa

Kontraesana ikusten du Unai Aranguren Via Campesinako kideak: inoiz baino elikagai gehiago ekoizten dira munduan, baina gosea jasaten jarraitzen du jendeak. Zergatik? “Gure sistema ekonomikoan dena delako negozioa, baita elikadura ere, eta negozioa ez da jakiak ekoitzi eta herritarrak elikatzea, jaki horiek alde batetik bestera mugitzea baizik. Duela gutxi Errusiako blokeoaren aferak erakutsi du Espainiako Estatuko enpresa asko Errusiak fruta erostearen menpe daudela. Bertan ekoizten diren barazkiak ez dira bertan jaten, Errusian baizik, eta bertan jaten dena aldiz, Marokotik dator; eromena da. Hirietan, elikagaiek batez beste 5.000 kilometro egiten dituzte guk ahoratu aurretik. Eta gainera, ekoizle, garraiolari, banatzaile eta kontsumitzaileon artean, elikagaien herena zakarretara botatzen dugu”. 20-30 korporazio erraldoi dira munduko elikagaien %80 kontrolatzen dutenak eta botere publikoak ereduari eusten diola salatu du Arangurenek: Europar Batasuna eta AEB ezkutuan adosten ari diren merkataritza hitzarmen transatlantikoak adibidez –TTIP delakoak–, kontrolak gutxitu eta “AEBek bere elikagai hormonatuak Europara errazago ekartzea ahalbidetuko du”.

Politika horren aurrean, elikadura burujabetza aldarrikatu dute hizlariek. “Elikagaiak kanpotik datoz, horrela izatea nahi da gainera, hemen transformatu egiten dira, ikurrina eta txapela jarri eta bertakoak bailiran saltzen dira –kritikatu du nekazariak–. Hori norbaiten ardura da, administrazioa eta hainbat nekazari elkarte tartean. Nik galdetuko nieke administrazioari eta herritarrei ea zer ari diren egiten bertako elikagaiak, osasungarriak eta garaikoak kontsumitzeko. Bilbo da EAEn elikadura menpekotasun handiena duen hiria, baina Udalak ez du inongo mekanismorik jartzen nekazal lurrak babesteko, lur horiek herritarren eskura jartzeko, formakuntza sustatzeko edo inguruko produktuak herritarrengana iristea errazteko; alderantziz, behin eta berriz trabak jartzen ditu azoka, ekitaldi edo jangelaren bat antolatu nahi dugunean. Beldurra ematen dio ekoizpen txiki horren gainean (hain juxtu bertakoa, garaikoa eta kalitate handiena duena) kontrolik ez izateak”. Adibidea jarri du segidan: Zeberion ekoizturikoa ez da Bilbon kontsumitzen, sistema komertzialetik at geratzen delako. Txile, Brasil, AEB, Argentinako produktuak iristen dira Bilbora, baina Zeberiokoak ez. Administrazioa beste alde batera begira dagoela-eta, Arangurenek dio elikagaien banaketarako zubi berriak sortu behar dituztela herritarrek, balore jakinen inguruan: kontsumo taldeen bidez, merkatari txikiekin hitz eginez, kooperatiben bitartez, azoketan…

Xabier Aierdi Jaurlaritzako Gizarte Politikako aholkulariak zaila ikusten du elikadura burujabetza artikulatzea, traba administratiboetatik harago herritarren borondatea garrantzitsua baita: “Gure bizimoduak ere bagaramatza bertako ekoizle txikiak laguntzen ez dituen kontsumo eredura; horregatik, elikadura burujabetzaz mintzo garenean herri-estrategia bat behar dela uste dut. Donostiako Kontxan baserritarren esnea zuzenean erosteko makina jarri zuten eta bi hilabete iraun zituen. Kontsumo ohiturek zeresana dute, baita bizimodu aldaketak ere: dagoeneko ez zaio hainbeste denbora eskaintzen janaria prestatzeari, horrek jakien plastifikazioa ekarri du, prezio merkeak bilatzen ditugu… Geure ardurari ere erreparatu behar diogu, nola aldatu pentsatzen hasteko”.

Gizartea oro har oso anestesiatuta dagoela onartu du Via Campesinako kideak, baina atzean ez badago sektore jakin baten aldeko sustapen politika bat –“eta bistakoa da ez dagoela”–, sektore hori hil egingo dela nabarmendu du. Esaterako, eskoletako jangela publikoetan haurrek etxean baino okerrago jaten dutela dio, araudiak ez duelako bultzatzen eskoletako catering enpresek hemengo produktuak erostea. Hala, Larrabetzuko eskolan, gurasoek erabaki zuten jangela sistema publikotik ateratzea. Sistema pribatuarekin 4 euro ordaintzen dituzte eta inguruko baserri eta dendariei erosten diete. Sistema publikoan, guraso bakoitzak 4 euro ordainduko lituzke eta administrazioak beste 7, “eta 11 euroren truke ez lukete jakingo oso ongi zeini zer erosten dioten”. Eskola publikoetan catering enpresei erosi behar zaie janaria, baina Europako herrialde ugaritan catering enpresak derrigortuta daude produktuen %50 inguruko ekozleei erostera, azaldu du Arangurenek. “Zergatik ez dute hori egiten hemengo catering enpresek? Ez gaude euren kontra, enpresa horiek herriko ekonomiaren aldeko politikak izan ditzatela nahi dugu”.

http://www.argia.eus/fitx/irudiak/gose2.jpg

“Erabaki politikoek egiten dute ohitura”

Afera konplexua dela errepikatu du Aierdik, elikatzeko ohitura asko gizartearekin batera aldatu direlako. Gauzak birplanteatzen hasi gara, baina orain arteko garai oparoetan zein ohitura, zein bizi proiektu eta bizimodu eraman ditugu? Horiek aldatzeko prest al gaude?, galdetu du soziologo eta aholkulariak. Ipar Euskal Herrian osasun-erregistroa egin beharrik gabe etxeko produktuak saldu ahal izatea ez da ohitura, politika publikoak dira, nekazariak merkatura iritsi ahal izateko tresna, erantzun dio Arangurenek. Europan baldintzak malguagoak direla gaineratu du, artisau ekoizpena eta ekoizpen industriala dutelako, “baina guk ekoizpen industriala bakarrik daukagu. Hori ez dira ohiturak, hori erabaki politikoak dira, batzuen mesederako eta beste batzuen kalterako. Erabaki horiek egiten dute ohitura”. Bilboko Erriberako azoka Europako azoka estali handiena da, “potentzial handia du, baina bere gestioan ez dira nekazariak aintzat hartzen eta turistentzat izatea nahi dutenez, turismo arloko eragileak eta sukaldari ospetsuak dituzte kontuan. Ez da azokaren benetako funtzioa betetzen, herritarrak elikagaiez hornitzea. Baldintza oso txarretan ari direla lanean adierazi digu azokan postua duen hainbatek”.

Txokolatezko palmerak eta produktu bio, natural, organikoak

Elikadura burujabetzan aurrera egin nahi bada, jaten erakustea ezinbestekoa dela ohartarazi du Luis Crovetto elikagai bankuko kideak. Ikastetxeetan gosariak ematen hasi zirenean, inguruko gozo-dendak kexu agertu zirela kontatu du, txokolatezko palmerak saltzeari utzi ziotelako. Haur askori palmera erosten zieten gurasoek gosaltzeko. “Jateko kultura falta da eta jakin behar dugu zer jaten dugun, zer jan nahi dugun, zer den jaki osasuntsua eta ekologikoa… Ezagutzen ez badugu, ez dugu maitatuko, ezagutzen ez dena ezin delako maitatu. Ongi jatea ongi formatzetik dator”.

Autokritika ere egin du Aranguren nekazariak, kalitatezko markekin kontsumitzaileek duten nahasmena hizpide. “Erostera goazenean ez dakigu zer ari garen erosten: ekologikoa, agroekologikoa, biologikoa, naturala, organikoa, baserrikoa, bertakoa… Marka askoren esanahia lapurtu digute eta gainera ez dakit herritarrei laguntzen edo kontrakoa egiten ari garen; baserritarrak ondo egin nahi du eta bere produktua bereizi nahi du, baina kontsumitzaileari marka eta etiketa anabasa iristen zaio. Etiketatzea hobeto landu, sinplifikatu eta bide berean goazenon arteko akordioa lortu beharko dugu, merkatuan lekua egiteko borroka baita. Produktu, marka eta izendapen bakoitzaren atzean proiektu eraldatzaile bat dagoela jakin behar du erosleak”.

David Lopategik ikuspegi orokorragoa aldarrikatu du, elikadura burujabetza ez dadin izan lehenengo sektoreari baino eragiten ez dion gaia: “Elikadura burujabetzaz ari garenean sektore eta eremu guztiak ukitzen dituen paradigma eraldatzaileaz ari gara: politika soziala, fiskalitatea, lurraldearen antolamendua, hezkuntza… Administrazioak asko egin dezake, keinu txikien bitartez”. Aierdik jarri du azken puntua: “Bai, ongi dago sektorea bultzatzea, baina sektore hori eta ohitura horiek mantentzeko zenbat jende dago prest beste aldean?”.

Gizarte prestazioak %73rentzat

Pobrezia egoeran daudenen %72,9rengana iristen da Eusko Jaurlaritzak banatzen duen Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE). “Ongi dago, baina gainerako %27,1engana iritsi behar dugu –dio Xabier Aierdik–. Kezkatzekoa zera da, errenta hori pobrezia egoeran daudenen diru-sarreretatik %39 zela 2008an, eta orain aldiz, %50. Alegia, familia horrek zituen diru-sarrera guztien herena izatetik erdia izatera igaro da errenta, jende hori gero eta ahulago eta menpekoago bilakatuz. Joera mantentzen bada, batzuk gizarte laguntzetatik bizitzera eraman dezake egoerak”.

Etorkinak eta ama bakarrak, txiroenak

2.000 milioi laguni eragiten die malnutrizioak munduan eta 805 milioi inguruk gosea pasatzen du. Eusko Jaurlaritzak pobreziaz aurten egindako inkestaren arabera, EAEko biztanleen %6 inguru (130.000 bat lagun) pobrezian bizi da uneotan eta 250.000 herritarrek ez dute ongizaterik. Etxeen %13tan oinarrizko gastuak murriztu behar izan dituzte, %3k dio uneren batean elikadura arazo oso larriak izan dituela eta %1,2k gose pertzepzio erreala du (25.000 herritar). 2000. urteko datuetara gerturatzen gaitu azken inkesta honek, 2008an pobrezia %4,2ra jaitsi ostean berriz ere gorako joera hartu baitu: “Aurrera begira ere, adituek diote krisi industriala bortitza izango dela eta bigarren lan erreformak gogor joko dituela orain arte eraginik jasan ez duten zonaldeak, Arabako Lautada eta Gipuzkoako txoko ugari tartean”, azpimarratu du Xabier Aierdik. Nafarroan, Caritasek aurreratu berri duen txostenaren arabera, 95.000 lagun (biztanleen %14,8) pobrezia arriskuan bizi dira eta 20.000 herritar (%3,1) pobrezia larrian.

Datuek argi uzten dute batez ere behe mailako klaseak ari direla krisiaren ondorioak pairatzen: etorkinak eta ama bakarrak dira zigortuenak, eta bi profil berri ari dira hazten, 45 bat urteko gizonezkoa diru-ekarle nagusi duen familia batetik, eta lan merkatuan sartzeko eta gurasoen etxea uzteko zailtasun gero eta handiagoak dituzten 20-34 urte arteko gazteak bestetik.
 


ASTEKARIA
2014ko azaroaren 30a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Elikadura burujabetza
2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


2024-04-14 | Garazi Zabaleta
Jakiak ehuntzen
Zangoza inguruan tokiko elikadura sistema eraikitzen

Zergatik doa mundu guztia Iruñera erosketak egitera, gure eskualdean elikagai asko ekoizten bada? Zergatik da hain zaila bailara hauetako produktuak bailara hauetako dendetan topatzea?”, galdera horiei eta beste zenbaiti tiraka hasi ziren lanean Zangoza aldean duela... [+]


Porrotak, ikasketak, baso jangarriak

Bidaia hau hasi nuenean, ikuspuntu erromantikoz imajinatzen nituen baso jangarriak: zuhaitz artean ibili, fruitu goxoak dastatu, loreak usaindu... baina baso jangarriek badituzte arantza ugari ere, porrotak, erratak... Gaur, ikasketa politak eskaini dizkidaten porrot horietako... [+]


"Eskolan ortu xume bat lantzeak testuingurua ematen digu planetan ditugun arazoez aritzeko"

Gasteizko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako baratzeak ikertu ditu Iratz Pou EHUko ikasleak. Zenbat eskolek dute ortua? Nolako erabilera ematen diote, zein helburu eta asmorekin? Probetxu pedagogiko eta didaktikoa ateratzen al diote baratzeari? Pourekin eta Igone Palacios... [+]


2024-04-03 | Estitxu Eizagirre
Juanma Intxaurrandieta, ekonomia irakasle eta INTIAko kudeatzaile ohia
"Merkatu globalean elikagaien prezioa oso hauskorra da, zuzenean erosita egonkorragoa"

Elikagaien prezioak zergatik igo dira hainbeste? Nola ezartzen dira prezioak? Juanma Intxaurrandieta Nafarroako Unibertsitateko ekonomia irakaslea eta INTIAko kudeatzaile ohia da, egun erretiratua. Eli Pagolak Egonarria saioan egin dion elkarrizketan, hizkuntza arruntean eta... [+]


Eguneraketa berriak daude