"Emakumeentzako onena mamografiei ezetz esatea da"

  • Peter C. Gøtzsche Danimarkako ikerlari medikua da eta Kopenhageko Rigshospitalet klinikak sustatu duen Nordic Cochrane Center ezaguneko liderra. Bere liburu famatuena dena berrikitan argitaratu dute gaztelaniaz (Medicamentos que matan y crimen organizado) baina aurretik bere gidaritzapean Cochrane zentroak emakumeen bularreko minbiziaren artapen eskemak auzitan jartzen zituen The Lancet aldizkari zientifikoan plazaratu Is screening for breast cancer with mammography justifiable? (Justifikaziorik ba dauka bularreko minbizia mamografiz txekeatzeak?) informearekin. 2013ko udan Washingtonen burututako Selling Sickness (Gaixotasunak saltzen) biltzarrean emandako hitzaldiaren ondoren elkarrizketatu zuen Kim Witczak kazetariak.


2014ko urriaren 26an
Peter C. Gøtzsche Danimarkako ikerlari medikua.
Peter C. Gøtzsche Danimarkako ikerlari medikua.Nordic Cochrane Center

Laburbilduko diguzu mamografia bidezko txekeoei buruz esaten duzuna?

Gelditu egin behar direla. Biziak salbatzen dituela dioten hori ez da inoiz demostratu. Hilkortasun tasa orokorra berdina da, kantzerragatiko hilkortasuna berdina. Lortzen dutena da osasun onean dauden emakume asko kantzerrez gaixotzea batere beharrik gabe. Txekoek eragiten dute %50eko gehiegizko diagnostikoa, horregatik emakume batek uko egiten badie mamografia horiei kantzerra edukitzeko arriskua 1/3an gutxitzen du. [Txekeo horiek ez egitea] da emazteek egin dezaketen onena.

Hamalau urtez ikertu dugu kontua. Danimarkan behategi aproposa eduki dugu, agintariek erabaki baitzuten emazteen %20ari egitea txekeo horiek. Gainerako %80 emakumeek ez dute horrelako galbaheketa orokorrik eduki hamazazpi urtez. Horregatik munduan beste inon ez bezala kontrol talde [tratamendua hartzen ez duena, hartzen dutenekin alderatu ahal izateko] bat egon da Danimarkan.

Urte horietan ohartu gara bularreko minbiziagatiko kantzerraren hilkortasunak behera egin duela alde guztietan, eta are gehiago egin zuela behera inoiz mamografiaz txekeatu ez ziren emakume gazteen artean. Beraz, egoera ez dute hobetu txekeoek, tratamendu hobeek baizik.

Zerk erakarri zintuen txekeo mota hau ikertzera?

1999an Danimarkako Parlamentuak eztabaidatu zuenean txekeo hau ezartzea emakume guztiei, aurkeztu zen ikerlan bat Suedian 15 urtez egina erakutsiz emaitza berdinak zeuzkatela bai mamografiak egindako emakume taldeak eta bai egin ez zuenak. Horregatik Danimarkako Medikuen Elkarteak galdetu zien politikariei: nola ezarri dezakezue artatze orokor hori ez baldin badago garbi demostratua bere onura? Eta agintariek Nordic Cochran Centerri enkargatu zioten ordura arteko ikerlan guztiak berrikustea, neurri berriak on baino kalte gehiago egin zezakeelako.

Zer erantzuten diezu zuen ikerlanaren emaitzekin ados ez daudenei?

Nahiko erraza da, gure datuak oso oinarrituta daudelako. Esate baterako, Norvegian bularren txekeoon arduraduna zena ohartu zenean emaitzez, lanbidea utzi egin zuen. Zenbait kolegak salatu zuten zientzialari gisa oker jokatzen ari zelako, kolega horiek haserre baitzeuden emakume hark deskubritu zuelako jarduera alferrikakoa zela. Mamografien bidezko txekeo hauen ideia da minbiziak gutxitzea, eta hau ez bada gertatzen, ez dute balio. Hori bezain erraza da. Ez dut eztabaidarako lekurik ikusten gure emaitzekin.

Hartu itzazu mamografiak 15 urteko aldearekin ezarri dituzten herrialdeak eta konparatu, esaterako Holanda eta Belgika, Norbegia eta Suedia… eta ohartuko zara bularreko minbiziagatiko mortalitatea antzeko egutegian joan dela jaisten denetan. Nagusiki eraginkorragoak diren tratamenduak sortu direlako, ez du zerikusirik mamografiak hedatzearekin. Datuok oso konbintzenteak dira.

Zure iritzian… zer egin behar du pertsona batek gai honetan?

Emakumeak egin dezakeen onena da mamografiei ezetz esatea. Seguru dakigu  honek ez dakarkiola onurarik. Emakume batzuk bularreko minbiziz hilko direla ikustearekin batera, ikusi behar duzu beste emakume asko gehiegizko diagnostikoan eroriko direla, eta honek handitzen dizkizu bihotzeko atakeak edo birikako minbizia, esaterako, jasateko arriskuak. Ororen buru, ez dugu mamografia masiboen onurarik batere ikusten.     Txekeook berek eragiten dute minbizia, nolabait. Kantzer gaixoak sortzen dituzte, batzuetan arriskurik gabeko minbiziak detektatuz. Bestalde ikusten ditugu ere minbiziak berez desegiten direnak, batere tratamendurik gabe.

Liburu berri bat argitaratua duzu. Esango diguzu zerbait berataz?

Medikuek ematen dituzten botikez da. Aipatzen ditu botikak eta krimen antolatua, mediku salduak eta legeak egiten dituzten agintariak, beren egin beharra ondo betetzen ez dutenak. Ez gaituzte babesten botika arriskutsuetatik. Ondorioz, gure botikak ez dira seguruak. Ez naiz orijinala esango dudan honetan, baina demostratuta dago bihotzeko atakeen eta minbiziaren ondoren medikuek emandako botikak direla hilkortasunaren hirugarren arrazoi nagusia, AEBetan bezala Mendebaldeko Europan. Horrek erakusten digu zenbaterainoko ustelkeria dagoen osasungintzan eta agintarien kontrolik ezak eragin duela kasik tabakoarena bezain hilgarria bilakatu den epidemia hau. Botiken industriak egiten duenak antza du krimen antolatuak egiten duenarekin.

Nicole Delepine: "Tabu batez ari gara"

Nicole Delepine mediku pediatra eta onkologoa da. Bere azken liburua da Cancer, un fleau qui rapporte (Minbizia, dirua ematen duen izurritea). Erretretan sartu artean Garches klinika onkologikoaren zuzendari aritu da, sistema publikoan. Ondoko zatia berak ezarri berri du bere blogean, ohar honekin: “Liburuan idatzi nituen hitzok ez ditu inork gezurtatu; salatzen dute “arrosa koloreko urria” (Octobre rose) bezalako kanpainen manipulazioak, behin eta berriro errepikatzen dira kanpainok inolako lotsarik gabe, krisi aroan eta finantza publikoak ito larrian daudela. Borroka politiko ‘feminista’ omen dena, baina babestu nahi omen diren emakumeen kalterako doana. Baina bi mila milioi euro… horiek ezin dira galtzen utzi hain erraz”.

Heriotza tasak jatsi eta tratamendu goiztiarrago batez kalteak gutxitzea ideia ederra da. Zoritxarrez, kantzerren txekeoen onurek basamortuko espejismoen antza dute: hurbiltzen ari zarela uste duzunean berriro urrun ageri zaizu. Azken ikerketek erakusten dute kantzerraren galbaheketen onurak gehiago zor zaizkiela terapien aurrerapenei; hori esatea, ordea, benetako tabu bat da eta zientziazko eztabaida baten argudio objektiboak kutsatzen dituzte desinformazio kanpaina gogorrek, irizpide politikoek (“emakumeen borrokaren lorpena da”, “berdintasunezko osasungitzaren politika berriena da”…) baina baita ere finantzieroek, zeren eta gehiago baitira [Frantziako] gizarteak urtero gastatzen dituen 1.500 milioi euroen pagotxak bizimodua konpontzen dien jendeak (txekeoen burokrazia, subentzioetatik bizi diren gaixoen elkarteak, erradiologoak, zirujauak, anato-patologoak…) kantzerrak berak hiltzen dituenak baino.

Ezin onartuzkoa da erakunde independente batek ez kontrolatzea urtero galbaheketa kanpainok: emaitzak bularreko minbizien hilkortasunean, emaitzak hilkortasun orokorrean, diagnostiko faltsuen tasak, gehiegizko tratamenduenak, hauen alboko kalteenak… Finantza publikoak Kontuen Auzitegiak gainbegiratzen ditu. Finantzen ikuspegitik haiek bezain garestiak diren eta populazioarentzako hain zamatsuak izanik, zergatik ez da berdin egiten osasun publikoko proiektuekin? Bitartekorik onenak eduki behar ditugu, horretarako funtzio publikoaren kontabilitate arau berak bete araziz eta ez finantzatuz herritarrei benetako onurak ekartzen dizkieten proiektuak baizik.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude